563 Zenbakia 2011-01-21 / 2011-01-28
Bergara guztiok inoiz amestu dugun aitona da. Adinagatik jakintsua, espirituz gaztea, zilar-koloreko xerloek urdindua eta ondo irabazitako zimurrek urratua, zaldun-gorpuzkera eta ezohiko portaeraduna. Neguko gau hotzetako aitona kontalaria eta estropezu-adineko euskarri irmoa.
Bergara ileordeko eta sudur-hautseko irakasle jakintsua zen jada, Gipuzkoako gizonek artean txapela janzten eta suspertzeko sagardoa edo txakolina edaten zutenean. Kontu horiek Peñafloridaren eta bere zalduntxoen garaikoak dira, Alexandria eskolatu hartako patroi haiek, jesuiten apaizgaitegi zaharrean finkatuta, meridianoa neurtu, wolframioa aurkitu eta platinoa ikertu zutenekoak, baita kimika-zientzia modernoaren oinarriak finkatu eta hemen zein itsasoz haraindiko lurretan ideia aurrerakoiak hedatu zituztenekoak ere.
Aurrekari horiek gaur egun ere, hiru mende geroago, suma daitezke Bergararen aiurri finean. Eta hori ez da gertatzen burutsu-itxurak egiten dituelako edo beste herri batzuekiko harremanetan hantuste agertzen delako, ez, giroan hauteman daitekeen nolabaiteko berezko dotoreziagatik baizik, berezi eta xarmagarri bihurtzen baitu.
Ilustrazioa: Josemari Alemán.
Hala ere, argiari eta adimenari egindako gurtza ez da oztopo, inondik inora, jaietako asaskaldietan burrunbatsuenekin lehiatzeko eta garaitzeko. Alderdi horretan kontraesan nabaria du bere buruarekin; izan ere, bere Unibertsitatean, ate barruan ikasleek azterketak egiteaz bat, kanpoan jaiak izaten dira: azken azterketak Mendekoste eta San Martzialetan, eta iraileko errekuperazioak San Martin Agirrekoaren jaietan.
Bere plazako bekoki zabaletik orrazten dituen ile zurien eta luzatzen dituen zimurren kopuru bakoitia da Bergara. Goenkale, Artekale eta Barrenkale. Goikoa, erdikoa eta behekoa. Meharrak, bihurri samarrak eta paraleloak, antzina harresiz inguratutako errektangelu bati dagokion legez.
Lehenengoa guztietan zaharrena eta txikiena dugu, baina muga horiek orekatzeko bestelako erakargarriak eskaintzen ditu atze-oihal gisa: parrokiako dorrea eta arku plateresko bikaina. Lau mende baino gehiago igaro dira leku bakarti horretan Hirutasun Guztiz Santuko moja klaratarrak —edo “moja zaharrak”, herriak amultsuki deitu ohi zien bezala— klausuran itxi zirenetik, Fernando Katolikoaren idazkari pertsonal eta Gipuzkoako lehen Santiagoko Zaldun Andrés de Ondarza bergararrak gonbidatuta.
Artekalek Bergarako estreinako herritarren lehentasunak bereganatu zituen. Hala, hiria 1268an sortu eta berehala handitu behar izan zuten. Kale horretan bizi ziren Acedo-Loyolatarrak, beren jauregi sendo laukizuzenean. Orobat, aspaldi-aspaldiko hiru etxebizitza-eraikin daude, gaur egungo 10, 12 eta 15 zenbakietan.
Azkenik, Barrenkale, Bergarako kutuna. Fin eta dotore, mendeen igaroari so egiten dio, halako graziaz, non kale horretan beti igandea dela baitirudi. Kalean barrena ibiltzean, arnasa galtzen dugu atez ate sigi-saga, baita balkoiz balkoi ere, usoen moduan hegaz egiterik bagenu. Arrese, Izaguirre-Moya, Aróstegui, Gamarra... Bergarako seiehungarren eta zazpiehungarren urteetako abizenak dira. Horiek guztiek betiereko lorratza utzi zuten Barrenkaleko beste hainbeste oinetxetan, zimur noble horretako izkina bakoitza armarriz eta erremate bakoitza zizelkatu bikainez beteta.
Barrenkale korritu ondoren, Bergarak definizio errazari ihes egin ziola etortzen zaigu burura. Pio Baroja urrunegi heldu zen (“herri apaingarria, zabala, ospetsua eta triste samarra”) eta Jovelanos motz geratu zen (“etxe handiak ditu, haietako batzuk antzinakoak eta miresgarriak”). Eder eta soila da, alaitasun patxadatsua du, eta beroa ere izan daiteke haren harrien taupadak entzuten dituenarentzat. Zer gehiago...?
Inoiz amestu dugun aitona. Zaildua eta gaztea, bizkorra eta zimurtua, hainbeste ergelkeriaz gogaitua eta bizitzaren filosofo samarra. Aitona alegiagilea (Apaizgaitegiko urrezko urteetako erretorikaren maisua zen Samaniegoren epigonoa), esperientzia berrietarako beti irekita dagoena.
Zaharra berri bihurtzen da Bergarako San Pedro elizako kanpandorrearen gainean eguna argitzen duen bakoitzean.