558 Zenbakia 2010-12-10 / 2010-12-17
Euskal Herrian gaur egun bada lan-alorreko organizazio eta enpresa multzo handi bat, euskara beren eguneroko lanean, irudian eta sistematikan integratzeko bidea egiten ari dena, horretarako prozesu planifikatuak erabiliz. Bide honi ekin zioten aurreneko erakundeak 1990eko hamarkadaren hasieran abiatu ziren, zenbait enpresatako arduradun eta langileen ekimenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza instituzionalarekin, aholkularitzen laguntza teknikoarekin eta gizarte mugimendu eta sindikatuen bultzadarekin. Haiei jarraiki, gero eta gehiago izan dira geroztik bide horri ekin dioten erakundeak.
Urte guzti hauetan asko aurreratu da erakundeetan hizkuntzaren aldaketarako interbentzio-programen diseinuen eta metodologien alorrean. Erreferente teknikoak sortu dira, plangintzaren metodologiak sakondu dira, formazioa antolatu da eta materialak argitaratu dira. Baina oraindik ugari dira antzematen diren hutsuneak eta gehiago sakondu beharreko aspektuak: filosofikoak, metodologikoak, teknikoak, gizakien eremukoak...
Bada, bereziki eta lan honen egilearen ustez, erakunde mailan normalkuntza prozesu bati ekiten zaion unean antzematen den hutsune handi bat: plangintzaren prozesu teknikorako garatu diren eredu metodologikoez eta zertifikazioetarako garatu diren ebaluazio sistemez harago, normalkuntzarako eraldaketaren gertaera bere konplexutasun osoan enfokatzeko eta kudeatzeko pertsonekin, ezagutzarekin, kulturarekin edota antzekoekin zerikusia duten beste hainbat aspektu kontuan hartu eta barnebilduko lituzkeen erreferentziazko eredu global baten premia antzematen da.
Ikerketa lan honek antzemandako hutsune horri erantzuteko urrats berri bat eman eta ekarpena egin nahi izan du. Kezka eta interes horietatik abiatuta, ikerlanaren lehen xedea kontuan hartu beharreko aspektu horiek zehazki zeintzuk diren identifikatzea izan da. Eta horrek, ikerlanaren norabidea egituratu duen abiapuntuzko galdera gakoa finkatzea ekarri du: zeintzuk dira organizazioetan hizkuntza-normalizaziorako eraldaketara aplikatutako interbentzioaren ingeniaritza batean, eta erreferentziazko esku-hartze eredu bati begira, kontuan hartu beharreko aspektu edo elementuak?
Argazkia: lotyloty.
Bigarren xedea, berriz, identifikatutako aspektu horiek jasoz, hizkuntza-normalizazioa erakundeetan kudeatzeko erreferentziazko eredu bat osatzea izan da. Ereduak kontzeptualizaziorako ezagutzazko erreferente teorikoak eta aplikaziorako metodologiazko erreferente praktikoak eskainiko dituen modelo sistematizatua osatu nahi izan du.
Xede horiek egituratu dituzte, beraz, ikerlanaren helburu nagusia, organizazioetan normalkuntzarako hizkuntza-aldaketa prozesuak kudeatzeko erreferentziazko eredu bat garatzea jomuga izan duena, eta bere helburu zehatzak, ereduaren atal gakoak identifikatzea, horien zentzua azaltzea, tresna metodologikoekin hornitzea, oinarrizko erreferentzia teorikoak eskaintzea, ereduaren irakurketa eta egokitzapen berezituak azaltzea, eta gerorako ikergai izan daitezkeenak identifikatzea bilatu dutenak.
Nagusiki metodologia kualitatiboan oinarritu den ikerketa hau hiru fasetan garatu da: 1) ekintza burutzearen fasea, 2) ekintza berreraikitzearen fasea, eta 3) ekintza berrietan aplikatzeko eredu formala formulatzearen fasea.
Fase horietan zehar, bata bestearen ondoren mailakatutako lau analisi prozesu garatu dira. Lehen fasean esku-hartzearen landa-lana burutu da (LAB sindikatuan 10 urtez bideratutako esperientzia abiapuntutzat hartuta), ekintza-ikerkuntzaren metodologia aplikatuz. Bigarren fasean gauzatutako esperientziaren sistematizazioa eta sistematizazioan oinarritutako kontzeptualizazio teorikoa burutu dira, esperientzien sistematizazioa eta funtsatutako teoria eredu metodologikoak aplikatuz. Hirugarren fasean, azkenik, kontzeptualizazio teorikoan oinarrituta interbentzio-eredu formal baten diseinurako modelizazioa egin da, sistemen enfokea aplikatuz. Horren guztiaren emaitza, egituratu den ENEKuS (Euskararen Normalizazioa Erakundeetan Kudeatzeko Sistema) Eredua izan da.
Tesian proposatzen den ENEKuS ereduaren modelizazioa bi eskema teorikoen erkaketan oinarrituz kontzeptualizatu da: 1) landa-lanean gauzatutako esperientziaren kontzeptualizaziotik eratorritako eskema teorikoa, eta 2) EFQM bikaintasunerako eredua sostengatzen duten Bikaintasunaren Funtsezko Kontzeptuen eskema teorikoa. Horrela, erkaketa horretan bi eskemen arteko erlazioak marraztu ostean, ENEKuS eredua oinarritzen duten funtsezko indar-ideiak zehaztu dira.
1. Irudia: ENEKuS ereduaren funtsezko Indar-ideien Mapa
ENEKuS ereduaren funtsezko indar-ideien mapak hizkuntza prozesu jakin baten kudeaketa optimizatzeko kontuan hartu behar diren indar-ideiak azaltzen ditu eta prozesu hori optimo izateko nola irakurri behar den adierazten du.
Funtsezko indar-ideien mapa horretan jasotako funtsezko printzipioak abiapuntu, ENEKuS erreferentziazko eredua egituratu eta irudikatu da, bi ardatz-lerrotan banatutako eta elkarren artean lotutako bederatzi akzio-gunez osaturiko diagrama baten bidez. Akzio-gune horiek, berriz, normalizazio prozesuen optimizaziorako indar-ideietan oinarrituta eraiki diren eta eraldaketa-interbentzioa egituratzerakoan kontuan hartu behar diren jarduketarako erreferentziazko aspektu edota espazio gisa ulertzen dira, eta honako hauek dira: Politikak, balioen kudeaketa eta gizarte erantzukizuna, Lidergoa, Estrategia eta plangintza, Hedapena talde operatibo autonomoetan, Aldaketarako ekinbideak, Adierazle sistema, Auto-ebaluaketa, Ezagutzaren kudeaketa, eta, Organizazioaren kulturaren egokitzapena.
2. Irudia: ENEKuS ereduaren egitura eta irudikapen grafikoa
Hori horrela, diagraman irudikatutako ENEKuS erreferentziazko eredua interpretatzeko egingo litzatekeen irakurketa honako hau da:
Erakundeak bere politiketan eta balioetan euskararekiko duen gizarte erantzukizuna bereganatzen du eta normalizaziorako estrategiak eta plangintza sustatzen dituzten lidergoak garatzen ditu.
Politika eta estrategia horiek, etengabeko hobekuntzaren metodologiarekin lan egiten duten talde operatibo autonomoen bidez hedatzen dira, erakundearen aldaketarako ekinbideak bideratuz.
Aldaketarako ekinbide horien emaitzak adierazle-sistema baten bidez jasotzen eta neurtzen dira eta, berrikuntzarako ezagutzak landuz, premia berrietara egokitzen dira.
Aldaketak organizazioaren kultur portaeren eta egituren egokitzapenen bidez gauzatzen dira eta auto-ebaluaketaren bitartez baloratzen dira sistema osoaren ebaluazio eta berrikuspena eginez.
Ereduaren diseinuaren garapen teknikoan akzio-gune horietako bakoitzak berezko lanketa teoriko-metodologikoa izan du. Horrela, akzio-gune bakoitzean landutako aspektuaren kontzeptualizaziorako erreferente teorikoak eskaini eta gaiari buruzko autore, kontzeptu, ikuspegi, erreferentzia eta eredu teoriko nagusiak jaso dira.
Halaber, akzio-gune bakoitzaren garapenerako erreferente praktikoak eskaini dira. Erreferente praktiko horiek akzio-gune bakoitzean estrategia metodologikoak garatzeko sortu eta diseinatu diren azpi-eredu operatiboetan gauzatu dira. Azpi-eredu horietan, modelizazioarekin batera, sekuentzia metodologikoak, lanabes teknikoak eta erreferentziazko adibide praktikoak eskaini dira, akzio-gune horretan garatu beharreko estrategia metodologikoak modelizatu eta operatibizatu asmoz.
4. Irudia: ENEKus eredu globalaren eredu operatiboak
ENEKuS euskararen normalizazioa erakundeetan kudeatzeko sistemaren eredua osatzen duten azpi-eredu operatiboak honako hauek dira:
1. Akzio-gunean: n-EGE, normalizaziorako erakundeen gizarte erantzukizuna
2. Akzio-gunean: n-LiKo, normalizaziorako lidergo komunitatearen eredua
3. Akzio-gunean: n-PlaniS, normalizaziorako plangintzaren sistema eredua
4. Akzio-gunean: n-TOpA, normalizaziorako talde operatibo autonomoak
5. Akzio-gunean: n-PEsA, normalizaziorako planetan esku-hartze analitikoa
6. Akzio-gunean: n-AdIS, normalizazioaren adierazpen indizeen sistema
7. Akzio-gunean: n-EgAS, normalizaziorako egitasmoen eutoebaluaketarako sistema
8. Akzio-gunean: n-EzaKre, normalizaziorako ezagutzaren kreaziorako eredua
9. Akzio-gunean: n-EKErE, normalizaziorako erakundeen kultur eraldaketaren eskema
Horrela, eta modulazio horren bitartez, ENEKuS ereduak organizazioen errealitate ezberdinei eta konplexuei eman nahi izan die erantzuna eta, zentzu horretan, situazio anitzetan soluzio egokituak sortzeko eta zenbait interbentzio-praktika eraikitzeko eta kudeatzeko erreferentziazko sistema gisa planteatu nahi izan da. Geroak esango du.
2010eko apirilaren 28an UPV/EHUn defendatutako eta bikain cum laude notarekin kalifikatutako tesiaren laburpena.
Tesiaren zuzendariak: Felix Basurko Motriko eta Iñaki Pikabea Torrano doktoreak.