556 Zenbakia 2010-11-26 / 2010-12-03

Elkarrizketa

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Adostutako orduan deitu diogu telefonoz. Lucíak lasai, presarik gabe, eta adeitasunez erantzun digu Munichetik, bertako Operan ballet-dantzari nagusia baita. Bizitzan ez da oso ohikoa nahia eta talentua edo berezko dohaina gizaki batengan hain umetatik uztartzea. Lucíarekin hitz egiten ari garela, jaio aurretik jadanik dantzaria izatea erabaki zuela iruditzen zaigu.

Zumaian jaio zinen, neguan, 75eko martxoaren bukaeran, dantzaria izateko grinak jota...

(Irribarre egiten du) Nik udaberriaren hasieratzat joko nuke. Egia esan, ez dut gogoratzen noiz piztu zitzaidan dantzaria izateko gogoa. Betidanik izan dut barrenean, ez dut uste inoiz beste zerbait izateko gogorik izan dudanik.

Argazkia: David Allen.

Haurtzaroan zehar, inguruko norbaitek ez zizun kutsatu oso txikitatik dantzarekiko maitasuna?

Ezta gutxiago ere. Nire familiako inork ere ez du izan loturarik artearekin, eta are gutxiago dantzarekin...

Orduan, nolatan sortu zitzaizun dantzaria izateko gogoa?

Umetan ez nuen esaten dantzaria izan nahi nuela, “dantzaria izango naiz” baizik. Ziurtasun osoa izan dut betidanik. Amak kontatzen duenez, txikitan, negarrez hasten nintzenean, bitxiontzi zahar batek besterik ez ninduen lasaitzen. Irekitakoan, musika jotzen eta barruko neskatxa dantzaria biraka hasten zen, iman-sistema baten bidez. Bitxiontzia ohe gainean ezartzen zidaten, eta orduak ematen nituen dantzariari begira. Egia esan, ez dakit nola ernaldu zen nigan dantzarako zaletasuna, garai hartan telebistaz ere ez baitzegoen ballet-emanaldirik ikusteko aukerarik. Dantza zeharo eskuraezina zen niretzat. Inortxok ere ez daki nondik datorkidan zaletasuna, baina betidanik barrenean izan dudala uste dut. Dantzatzeko beharra nuen, neure burua dantzan besterik ez nuen irudikatzen.

Baina Zumaiako ikastolan hasi berria zen bost urteko neskatila bat zinen...

Ordurako, Zarautzera edo edonora eramateko eskatzen nion amari, balletean aritzeko. Aldizkarietan Grace Kelly printzesa Montecarloko eskolan ikusten nuenean, hara joan nahi nuela esaten nion amari, eta “bai, bai, bai... egunen batean, neskatila horiengana eramango zaitut” erantzuten zidan barrez. Nik, sutan, “adarra jotzen ari zara, ez didazu sinesten...” eransten nuen. Horrelaxe ibili ginen, Zumaian lehen dantza-akademia pribatua ireki eta balleta ikasten hasi nintzen arte. Izena eman zuen lehen ikaslea izan nintzen.

Beraz, zenbat urterekin hasi zinen benetan?

Nahiko berandu; bederatzi urterekin. Maite izeneko neska gazte bat zen gure irakaslea. Astean eskola bat ematen zigun, eta nire jarrerak atentzioa eman zion hasieratik. Maiteri esker, handik bi urtera, Tarragonara eraman ninduten ikastaro bat egitera, ama konbentzitu ondoren. Amari denek esaten zioten polita nintzela, zerbait berezia nuela... Baietz erantzuten zien, Zumaian agian polita izango nintzela, baina hori ez zela hain zaila, neskatila asko ez zeudelako... Alderdi horretan, eszeptiko samarra zen ama, eta dantzaria izateko asmoa ez zitzaion oso serioa iruditzen. Dena den, dantzatzeko irrikatzen nengoenez, Tarragonara joaten uztea erabaki zuen, beste neskak ni baino hobeak zirela ikusi eta nire ametsak zapuztu egingo zirelakoan.

Argazkia: Wilfried Hösl.

Oso jarrera “gipuzkoarra” da hori...

(Barre egiten du) Bai. Ama oso errealista zen, eta jarrera txoriburuak edo inoiz ere lortuko ez nituen ametsak uxatu egin nahi zizkidan. Orduan, oporretan Tarragonara joan zen, eta harri eta zur geratu zen, denek nirekin eginahalak egiten zituztela ikusi eta dantzarako berezko dohaina nuela entzun zuenean. Ni pozarren nengoen han, egunero dantza-eskolak hartzen, baina ama behea jota geratu zela uste dut, habea erori baitzitzaion.

Orduantxe ikusi zuen dantzaria izango zinela, benetan.

Tira, egoeraz jabetu zen, behintzat. Han denek esaten zioten bere erantzukizuna zela, eta dantzari on guztien atzean bete-betean babestu dituzten ama ulerkorrak daudela. Egia esan, amak ez zuen halakorik espero, eta ez zekien nola hartu. Kontuan izan Zumaiako neskatxa bat besterik ez nintzela.

Ba al duzu anai-arrebarik?

Bai, ahizpa bat, ni baino bi urte zaharragoa.

Beraz, hamaika urteko alaba txikiak berezko dohaina zuen... Zer egin zuen amak?

Bueno, Tarragonan geundela, Bartzelonako Lizeora eramateko esan zioten, eta ezezko biribila eman zien... Beraz, gaia aztertu ondoren, Mentxu Medelen akademian (Donostian) ikasteko aukera proposatu zioten.

Orduan, Thalía akademian sartu eta buru-belarri ekin zenion dantzari-ibilbideari.

Bai, hantxe hasi zen dena. Izugarrizko zortea izan zen Mentxuren eskuetan erortzea. Emakume zoragarria da, dantza izugarri maite du, eta amari erabateko segurtasuna eman zion, oso profesionala eta zentzuduna zela ikusi baitzuen. Lanean, burua eta bihotza uztartzen zituen. Arian-arian, aurrera egin genuen. Hasieran, astean bi egunetan joaten nintzen Mentxurengana, baina gero, gutxika, ordu kopurua ugaritu egin genuen, eta, azkenean, egunero joaten nintzen Zumaiatik Donostiara.

Argazkia: Wilfried Hösl.

Baina oso gaztea zinen...

Bai. Zumaiar askok ama erotuta zegoela pentsatzen zuten. Baina amak, ni lasaitzeko, azpeitiarra dela eta jendearen esanak bost axola zaizkiola esaten zidan. Handik bi urtera, Mentxuk zekien guztia irakatsi zidala eta aurrera jarraitu behar nuela esan zion. Amarentzat oso gogorra izan zen, alaba txikia bainintzen, eta oso amultsua. “Lucíak zerbait berezia du...” esaten zion Mentxuk “...eta kanpora joan behar du, berehala”. Amak ez zuen nahi, hamabost, hamasei... urtera arte hementxe ikasten baitzuten denek. Madrilera joateko berebiziko jauzia eman eta ahalegin handia egin behar zen, baina gogotik prestatu nintzen bi beka lortzeko: bata Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta bestea Eusko Jaurlaritzarena. Eta biak lortu nituen.

Nola prestatu zinen?

Hamahiru urterekin Donostiara joan nintzen, akademiaren ondoan bizi zen emakume baten etxera. Ikasleak hartzera ohituta zegoen. Astea Donostian igaro eta asteburuan etxera itzultzen nintzen. Gogoan dut bakarrik igaro nuen lehen igandea: lehen eskola-egunaren bezpera. Amak Donostiara eraman ninduen eta gelan bakarrik geratu nintzen. Egunik gogorrena izan zen, argi eta garbi ikusi nuelako dantzan aritzeko dena utzi beharko nuela: etxea, familia, Zumaia eta nire ingurune guztia. Bat-batean jabetu nintzen horretaz. Hamahiru urterekin eskola berri batean hasi nintzen, inor ere ezagutu gabe... Nagusitu egin nintzen, behingoan, eta aurrerantzean bizitza osoa bakarrik emango nuela ikusi nuen. Ordu gogorrak izan ziren, negar eta negar aritu nintzen. Biharamunean, ama etorri zen (astelehen arratsaldea nirekin igaro nahi izan zuen) eta hitz hauek esan zizkidan: “Zeure erabakia da. Merezi du?” Baietz erantzun nion, eta horra zer gaineratu zidan: “Segi aurrera, baina behin edo behin gehiago ezin duzula ikusten baduzu, itzuli eta kito, ezertaz ere damutu gabe eta azalpenik eman gabe”. Oso gogorra izan zen niretzat, baina banekien zerbait lortzeko zerbait ordaindu behar duzula. Neuk aukeratu nuen. Etxekoentzat, ordea, zailagoa eta gogorragoa izan zen, egoera hura beren borondatez kanpokoa zelako.

Ondorioz, Madrilera joan eta Víctor Ullateren konpainian sartu zinen...

Niretzat ez zen izan gauza berria; ordurako banekien zer zen bakarrik egotea. Baina zoriontsua nintzen, egun osoa ematen nuelako dantzan. Egia esan, oso azkar gertatu zen dena, iritsi eta urtebetera konpainiarekin dantzan hasi bainintzen.

Argazkia: Gert Wegeilt.

Víctor Ullateren konpainiaren ardatzak zorroztasuna, diziplina eta seriotasuna omen dira. Ahalegin berezia egin behar izan zenuen moldatzeko?

Ez. Zumaian barrari heldu nion lehen egunetik dantza seriotasunez hartu nuen, adin horretako haur batengan oso ohikoa ez izan arren. Hasieratik, “lanean” ari nintzela iruditzen zitzaidan. Thalian, Mentxuren akademian, ikasturte amaierako jai batzuetan barran berotze-ariketak egiten genituen gurasoen aurrean, dantzan hasi aurretik. Barran geundela, neskatila gehienak gurasoei agurtzen, irribarre egiten... aritzen ziren; nik begiratu ere ez nien egiten. Amak, zenbaitetan, hauxe esaten zidan (pixka bat minduta): “Aizu, neska guztiak gurasoei agurtzen ari dira, eta zuk begiratu ere ez diguzu egiten”. Eta “lanean ari nintzela” erantzuten nion. Víctor Ullateren zorroztasunak eta diziplina gogorrak ez zidaten inolako kalterik egin; aitzitik, oraindik tinko eusten diet. Are gehiago, gaur egun, nire laugarren konpainian nagoela, ariketa bat klase bakar batean ez ikastea onartezina iruditzen zait, ikasten ez baduzu, gainerako taldekideak atzeratu egiten direlako. Horrelakoetan, betiko aitzakiak entzuten dira: “nekatuta nago”, “atzo dantzan aritu nintzen...” Niretzat pentsaezina da hori, eta inoiz ere ez didate leporatu behar izan.

Egia esan, kanpotik ikusita, dantzaren munduak oso latza eta gogorra dirudi. Zure gorputza lan-tresna eta bizitzeko euskarria da, aldi berean. Nola bideratzen da hori?

Zentzu horretan, bokazio argia izan behar duzula uste dut. Nik ez dut erretzen, ez du edaten, eta goizaldera arte kalean ibiltzea ere ez dut oso gogoko. Gauez kalean banabil, ez dut ongi pasatzen, hurrengo eguna alferrik galduko dudala pentsatzen dudalako. Ez dakit, ez zait kostatzen dantzaria izatea. Eszenatokian ematen ditudan orduak ere kontuan hartuta, hiru dantzariren lanaldia egiten dut. Hau da, nire konpainian bi lagunen lana egiten dut, eta egun libreetan biretan, emanaldietan, bidaietan... ibiltzen naiz. Adibidez, irailean egun libre bakar bat izan dut. Lanak indarra ematen dit, sofan etzanda egotea dantzan aritzea baino nekagarriagoa da niretzat. Nekatu egiten naiz, noski, baina hori normala da nire bizitzan. Beti nekatuta egotea normala da! (dio, barrez).

Nola bateratzen dituzu lana eta bizitza pertsonala?

Senarra ere dantzaria da, zorionez, eta ongi ulertzen nau. Imajinatu bikotea dantza-mundukoa ez dela eta hauxe esaten diozula: “Ah, bai, maitea! Hilabete honetan egun libre bakarra dut; beraz, zure asmo guztiak bertan behera utzi beharko dituzu”. Zentzu horretan, biok dantzariak (eta bikotekideak) garenez, kanpoan igarotzen ditugun asteburuak abentura txikiak dira guretzat: asteburu honetan Greziara, datorren asteburuan Parisera, hurrengoan Ukrainara... Gainera, emanaldien eta entseguen bitartean, ordu libre asko izaten ditugu. Bestalde, senarrarekin batera lan egitearen beste abantaila bat, zeharo ezohikoa, hauxe da: esperientzia eder asko elkarrekin bizitzea.

Argazkia: Charles Tandy.

Eta seme-alabak zer?

Ama izateko asmoa dut.

Baina haur bati ezin diozu esan “hilean egun bat bakarrik igaro dezakezu amarekin”.

(Barre egiten du) Tira, hogei urte daramatzat dantzan. Denboraren poderioz, lehentasunak aldatu egiten dira. Hasieran, dena da berria: emanaldi batera joatea, konpainia baten gonbidapena jasotzea eta gainerako gauza guztiak. Orian, hogeita hamabost urte ditut, eta bide luzea egin dut. Beraz, gauza gutxi dira berriak niretzat. Bizitza pribatuan gehiago murgiltzeko gogoa dut. Gainera, oso errealista naiz eta badakit lanbide honetan ez dela kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik. Apurka, balantza orekatzen hasi beharko dut, gutxiago dantzatzen eta gehiago bizitzen, dantzariok ezin baitugu ekinean jarraitu 60 urtera arte. Bestalde, nire erloju biologikoaren tiki-taka ere hor dago... Esanak esan, dantzan jarraituko dut, noski, adierazteko modu bat baita niretzat.

Etorkizunaz hitz egiten ari garenez, zer iritzi duzu mendebaldeko egungo gazteriari buruz?

Denetik dago, bizitzaren esparru guztietan bezala, baina gure garaitik hona mentalitatea errotik aldatu dela uste dut. Gaur egun, gazteek dena erraz eta “oraintxe bertan” lortu nahi dutela iruditzen zait, dena errazago eman behar zaiela. Hainbat konpainiatan eta herrialdetan aritu naiz lanean, eta denboran zehar lan-ikuspegia aldatu egin dut, argi neukalako aldatzea aberasgarria dela. Horri guztiari esker, naizen modukoa naiz orain. Gaur egun, konformismo handiegia dago, aurrera egitera bultzatzen gaituen “sugarra” nahiko itzalita dago.

Dantzatzea beharrezkoa da gizakientzat?

Zer esango dizut bat... Baietz uste dut. Niretzat, behintzat, bizimodu pasiboa izatea pentsaezina da, izugarri aktiboa bainaiz. Ibilgailuen baterien antzekoa naiz: zenbat eta gehiago lan egin, are energia handiagoa sortzen zait.

Ezagutzen al duzu kulturak dantzetan oinarrituz aztertzen dituen jakintzagairik?

Zerbait egin beharko litzatekeela uste dut, herrialde guztien historian dantza, hitza edo edozein arte mota bezala, adierazteko modu bat izan dela kontuan hartuta. Dantza, izan ere, sentipenak kanporatzeko, barrena arintzeko, zirrara sortzeko eta ospatzeko erabili izan da beti. Historiaurretik hasita, gizakiak, zerbait adierazteko, gorputza mugitu du, erritmoei, zaratei zein musikari jarraiki. Dantzak denboran zehar izandako bilakaerak kulturei buruzko gako ugari uzten ditu agerian... Herriko jendea eta aristokratak ez ziren berdin mugitzen, talde bakoitzak bere mugimendu bereizgarriak baitzituen, baina denek kanta zezaketen eta denek egin zezaketen dantzan.

Argazkia: Charles Tandy.

Ba al dago desagertutako koreografiak zehatz-mehatz berreskuratzerik? Dantza bat une jakin batean nola egiten zuten jakin dezakegu?

Bai, horixe, testu idatzi jakin batzuk interpretatuz, nahiko kode konplexuen bidez. Adibidez, “Kortsarioaren” azken bertsioan, jatorrizko koreografian oinarritu ginen. Testu bakar batean zegoen jasota: Bostongo museoko liburu batean, alegia. Dena den, kode horiek oso jende gutxik ulertzen ditu.

Badu zentzurik jatorrizko koreografiei bere horretan eusteak?

Gai eztabaidagarria da. Ni gauzak moldatzearen alde nago, gaur egun ez delako dantzan egiten duela ehun urte bezala, ezta duela berrogeita hamar urte bezala ere... Gauzak garai hartan bezala eginez gero, zeharo barregarri geratuko ginateke, egungo testuingurua guztiz bestelakoa baita. Jatorrizko pausoei eustea ongi dago, baina eguneratu egin behar dira. Demagun, adibidez, zinema mutuaren garaiko istorio batean oinarritutako filma egin nahi dugula, eta aktoreei ehun urte lehenagoko antzezpen moduak erabiltzeko eskatzen diegula, baina hitz eginez, noski. Emaitza zeharo bitxia izango litzateke, eta aktoreen lana neurriz kanpokoa, pantomimak egiten ari balira bezala... Beren lana ikusleentzat sinesgarria izatea da egungo aktoreen helburua. Dantzarekin beste horrenbeste gertatzen da. Aspaldiko koreografiak egin daitezke, baina moldatuta, egungo mugitzeko moduekin eta jendearen erreakzioekin bat etor daitezen.

Dantzaz ari zarenean, herri-dantzen eta balletaren arteko bereizketarik egiten duzu?

Herri-dantza asko dantza klasikoetan oinarritzen dira. Euskal dantzetan, adibidez, balleteko pausoen kopurua oso handia da, eta ballet klasikoa sortu baino askoz ere lehenagokoak dira. Herri-dantzak inoiz ere ez dira gutxietsi behar, funtsean balletaren oinarri berberak dituztelako, azaleratzeko moduak eta egoerak desberdinak diren arren. Lucía Lacarra (Zumaia, 1975) 1989an, Lucía Lacarra Víctor Ullateren Eskolan eta konpainian (1989-1994) sartu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka bati esker. Ordura arte, “Thalian”, Mentxu Medelen estudioan, aritu zen trebatzen. Handik lau urtera, Marseillako Balleteko dantzari nagusi izendatu zuten (1994-1997). Roland Petiten esanera jardun zuen bertan. Ondoren, Atlantikoa zeharkatu eta San Frantziskoko Balletean aritu zen dantzan (1997-2002), eta han ere taldeko izar nagusia izan zen. Gaur egun, Municheko Operako Balletean dihardu. Mailarik goreneko lan-ibilbide horretan zehar, dantza-munduko saririk garrantzitsuenak eskuratu ditu: besteak beste, Urteko Artistarik Onenaren “Danza&Danza” Saria (1995), “Positano” Saria, Venezian (1995), “Isadora Duncan” (1999), “Nijinsky” Saria, Monakon (2002), “Benois de la Danse”, Moskun (2003), “Sabino Arana” (2004) eta Dantzako Sari Nazionala (2005). 2007an, Urte Berriko Vienako Kontzertuan parte hartu zuen lehen dantzari espainiarra izan zen. Zubin Mehtaren zuzendaritzapean dantzatu zuen. 2008an, ‘Bayerisches Kämmertanzerin’ (Bavariako Ganberarako Dantzari) izendatu zuten. 2009an, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak Ibilbide Artistikoaren Saria eman zion. Duela gutxi, “Dance Open” Sari Handia (2010) jaso du San Petersburgon, Natalia Makarovaren eskutik.