552 Zenbakia 2010-10-29 / 2010-11-05

Efemerideak

Efemeridea. Julio Urkijo Ibarra deustuarra 1950eko urriaren 30ean hil zen Donostian



Julio Urkijo Ibarra.

Euskal idazle bizkaitarra (Bilbo, 1871 - Donostia, 1950). Familia aberatsekoa, bere patrimonioa euskal literatura zaharra berreskuratzen eta argitara ematen erabili zuen. Berak abiarazi zuen, RIEV aldizkariaren bidez, euskal filologia modernoa, zientzi mailara igoz. Zuzenbidean lizentziatua zen eta euskaltzale sutsua. Euskara ikertzeari eta euskaraz argitaratutako guztia biltzeari ekin zion; munduko euskarazko liburutegirik garrantzitsuena osatu zuen. Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkaria sortu zuen 1907an eta bertako jakintsuez gain (A. Kanpion, K. Etxegarai), zientzialari ingeles, frantses, errusiar, alemaniar, suitzar etab.en kolaborazioa izan zuen. Ikerketa-lanak liburu askotan argitaratu zituen, gaztelaniaz betiere: Obras Vascongadas del doctor labortano Johannes d’Etcheberry; El cura Santa Cruz; De Lingüística y Etnografía vasca; Una fuente del Gero; La literatura poética vasca; Los estudios vascos en el pasado, el presente y el porvenir. Madrilgo Historiako Erret Akademiako kidea (1909) eta Euskaltzaindiko kide sortzailea izan zen (1918); 1927an, Azkuerekin batera, Real Academia de la Lengua Española-ko kide izendatu zuten. Gainera, Bonn-eko Unibertsitateko honoris causa doktorea eta RSBAPeko lehendakaria izan zen. Politikan, gorteetako diputatua izan zen (1903-31). Gerra Zibilaren garaian (1936-37) ezkutuan egon zen.