548 Zenbakia 2010-10-01 / 2010-10-08
Folklore Udal Akademia duela 20 urte hasi zen ekinean, eta, ordutik hona, koordinatzaile-lanak egin dituzu. Zer oroitzapen dituzu hastapenei buruz?
1989an, udal-akademia bat zegoen, Indarra dantza-taldeak kudeatzen zuena. Baina dantzak ez ezik, musikaren alorra ere jorratzea erabaki zuten. Horrela, 1990eko udan, zerbitzu horiek Kultura Sailak eskaini zituen, eta, gainera, barne-lehiaketa egitea erabaki zuen, Udal Bandako musikarien koordinatzaile-lanpostua betetzeko. Neuk eskuratu nuen. Uda hartan bertan, eskola hezurmamitzeko urratsak eta langileriaren ezaugarriak zehaztu ziren. Ondorioz, hainbat lanpostu sortu ziren: alboka, dantza, txistu, txalaparta... Irakasle horiekin hasi ginen lanean, baina, denboraren poderioz, beharren araberako moldaketak egin ondoren, kopurua handitu egin zen: gaur egun, 28 langile daude guztira. Ikasle kopurua ere handitu egin da, arian-arian: hasieran 130 ziren; aurten, ia 900, eta ezin ditugu gehiago hartu...
Eskola txiki geratu da, eta aspalditik ari gara entzuten handitzeko proiektu bat dagoela. Noizko aurreikusten da?
Akademia Lakua auzoko lursail batera eramateko asmoa dago. Arkitektura-proiektuaren aurreko premia-dokumentua helarazita dago, eta orain behin betiko proiektua idatzi behar da... Egungo zentroarekin eta plantillarekin ez dugu beste irtenbiderik, ezta plaza gehiago eskaintzerik ere. Beraz, aurtengo ikasturtean zehar, jarduera puntualak egiten eta informazioa ematen saiatuko gara. Era berean, musikaren eta dantzaren alorretan lan egiten duten beste talde batzuen beharrei erantzuten saiatuko gara, tailerren eta hitzaldien bidez. Hau da, jende gehiagorengana iristen eta gure hormen eremuak gehixeago zabaltzen ahaleginduko gara.
Bi hamarkada lanean eman ondoren, zer balorazio egiten du Musiketxeako koordinatzaileak orain arteko ibilbideari buruz?
Gure zentroan bi helburu orokor lortu nahi izan ditugu, hasieratik. Batetik, ez genuen ohiko eskolen tankerakoak izan nahi: ikasgela bat, irakasle izeneko gizon edo emakume bat eta ikasleak, beste ate batetik sartzen direnak. Batik bat, eskola praktikoa izatea zen gure asmoa; bete-betean uste genuen hori zela bide zuzena. Eskolatik kanpo atera behar genuen, dantza eta musika horrelakoak direlako eta ezin ditugulako lau hormaren barruan sartu. Lehenengo, gure langileak atera behar genituen kanpora, eta gero gure ikasleak. Izan ere, gure irakaskuntza-lana kalera eraman behar genuen, eskolara eta geletara mugatu beharren. Bestetik, dantza tradizionalei buruzko beste ikuspegi bat genuen, eta, denboran joanean, zuzen genbiltzala egiaztatu dugu. Gure ustez, kontua ez da arropa tipikoak janztea soinean, motots eta amantal edo txapel eta guzti, eta eszenatokian dantzan egitea, hiritarrek ikusteko eta entzuteko, besterik gabe. Aitzitik, dantza tradizionalak berreskuratzea zen gure helburua, jendeak erabil ditzan, ikustera mugatu beharrean. Hau da, hiritarrek dantzetan parte hartzea nahi dugu. Guztietan ezin dute parte hartu, noski, zenbait korporazio- edo errito-dantza oso jende zehatzak besterik ezin baititu egin. Bi helburuak lortu ditugula iruditzen zait.
“Dantza Plazan” ekimenaz ari zara, hein batean?
Bai, “Dantza Plazan” egitaraua dantzan egin nahi duten guztientzat da. Gasteizko plazetan jotzen dugu, jendeak lasai dantzan egin dezan: nahi dutenek, dakitenek, eta, batik bat, ez jakin arren, gogoko dutenek. “Dantza Plazan” ekimenak gure eskolako bi helburu nagusiak uztartu ditu, hasieratik. Geuk sortu genuen, baina gerora beste toki batzuetan ere berenganatu dute. Horrekin ez dut esan nahi kopiatu egin digutenik, aitzindariak izan garela baizik, ekimena egungo lanaren leiv motiv bihurtzea erabaki duen lehen zentroa... Ziur aski, lehenago edo geroago, beste nonbaiten hasiko ziren antolatzen, beharrezkoa zelako. Tapia eta Leturia, Patxi Borda, Patxi Perez eta Dantza Piko, Kresala dantza-talde donostiarra “Plaza Dantzan”... horrelako ekitaldiak ari dira eskaintzen. Hiri-erromeriak dira. Historian zehar, erromeriak landa-eremuetan egin dira beti, eta, orain, ohiko landa-bizimodua galtzeko zorian dagoela, betiko dantzak egungo garaietara eta hiriko bizimodura egokitu nahi izan ditugu... Helburu hori lortzen saiatu gara, eta lortu dugula uste dut, “Dantza Plazan” ekimenari esker.
Erromeriak topaguneak, harremanetarako eremuak, gorteiatzeko tokiak... izan dira betidanik. Zer ikusten duzue musikariok handik gainetik, “Dantza Plazan” saioetan jotzen ari zaretenean?
Ligatzea ez da dantzen helburu bakarra, baina, jakina, beti sortzen dira gorteiatzeko ahaleginak. Eszenatokitik argi eta garbi ikusten ditugu... Multzo bat beste batengana hurbiltzen eta, halako batean, denak batera dantzan... Izan ere, dantzak beti sustatu izan ditu ligatzeko aukerak.
Andre Maria Zuriaren jaietan, Olarizukoetan, San Prudentzioren omenekoetan eta Aihotz plazan, maiatzetik irailera bitarteko larunbatetan, “Dantza Plazan” ekimeneko emanaldietan fandangoa, arin-arina, Larrain dantza eta polkak jotzen dira, besteak beste. Jende asko aritzen da dantzan; plazak gainezka egoten dira. Kaleko dantza-egitaraua arrakasta biribila ari da lortzen, ezbairik gabe.
Aihotz plaza txiki geratu zitzaigun aspaldi eta “Dantza Plazan” beste nonbaitera eramateko aukera ari gara aztertzen. Toki handiagoa behar dugu, eta lur hobea, galtzada-harriak ez baitira oso egokiak dantzarako. Baina beldur gara beste toki batean ez ote den galduko xarma berezi hori... Aihotz plaza hain da txoko xarmangarria...
Hasieran, jendeari kostatu egiten zitzaion dantzatzea, asmatuko ez zutelakoan... Orain, gero eta gutxiago gertatzen da hori. Izan ere, lehen, trikitixa- edo aurresku-txapelketetako dantzari ia perfektuen eredua zen nagusi, eta, ondorioz, dantzan ez zekitenak beldurtu egiten ziren. Baina hori ez dugu eredutzat hartu behar; bakoitzak nahi duen bezala aritu behar du. Aihotz plazaren babespean, gehiago ausartzen gara, nonbait. Handik ez da igarotzen jende asko, nahiko ezkutuan dago... Bertan, errazagoa da gainerakoen aurrean biluztea, txoko babes horretan ez baitzaitu ia inork ikusten, eta, azkenean, gutxiago kostatzen zaizu dantzan hastea. Dena den, txiki geratu da. Gasteizko jaietan egunero jo genuen, eta ezinezkoa zen dantzatzea... Baina handik goitik (eszenatokitik), mila lagun baino gehiago dantzan ikusteak ematen dizun poza ikaragarria da. Horregatik, jotzea egokitu ala ez, eszenatokian egoten saiatzen naiz beti, gozamen ikaragarria delako.
Txistularia zara, eta Udal Txistulari Bandan jo duzu. Noiz eta nola hasi zinen txistua jotzen?
Udal Txistulari Banda akademiakoa da, eta bandako kideak akademiako perkusionista- eta txistulari-plazen titularrek dira. Nik, ordea, ez dut txistulari-plazarik, koordinatzaile nagusia bainaiz. Berez, txistua ez da nire lanpostuari lotutako zeregina, baina gogoko dudalako jotzen dut. Dena den, jadanik ez naiz bandako kidea. Zazpi urterekin hasi nintzen txistua jotzen, oparitu egin baitzidaten. Gero, hainbat dantza-taldetako dantzaria izan nintzen, eta, 14 urte nituela, nire taldean txistularirik ez zegoenez, orduko arduradunak, Ibon Azkarragak, txistua jotzeko eskatu zidan. Horrelaxe hasi nintzen, eta jarraitu egin nuen. Gero, udalak txistulari-plazak atera zituenean, aurkeztu egin nintzen. Txistulari-prestakuntza izatea beharrezkoa ez zen arren, goi-mailako txistu-ikasketak egin nituen, ezinbestekoa iruditzen zitzaidalako.
Ezagutu zenuen Luis Aranburu, musika-irakaslea, organista eta Gasteizko Kontserbatorioko lehen zuzendaria?
Oso berandu ezagutu nuen. Musika-hizkuntzako hiru ikasturte egin nituen, eta kontserbatoriora itzuli nintzenean, 25 urte nituela, erretiroa hartuta zegoen. Dena den, bi garaitan izan dut bertatik bertara. Haurra nintzela, amonak, noski, igandero eramaten ninduen mezatara. San Migel elizara joaten ginen, eta Aranburu jaunak jotzen zuen organoa. Berezitasun bat zuen: 60ko hamarkadaren bukaeran, euskal doinu tradizionalak jotzen zituen beti, elizako melodien artean. Oso ongi oroitzen nahiz horretaz. Ni txistua ari nintzen ikasten eta banekien doinu haiek herri-kanta euskaldunak zirela.
Gerora, Txistulari Elkarteko lehendakaria nintzela, Aranburu jaunari deitu nion Elkartearen urrezko domina ematea erabaki genuela jakinarazteko. Bere omeneko kontzertua emateko eta ondoren domina ezartzeko asmoa genuela azaldu nion. Horra zer erantzun zidan: “Ongi da, baina bazterrak harrotu gabe”. Esaldi horrek ezin hobeto erakusten du nolakoa zen Luis Aranburu. Edozein motatako laguntza edo mesedea eskatzen bazitzaion, beti egiten zuen, baina oso apala eta bihozbera zen.
Primitivo Onraita ere ezagutu zenuen, ezta?
Bai, Onraitak eta biok urtebete eta erdi egin genuen elkarrekin (barre egiten du). Ia ezinezkoa dirudi gogoratzea, baina egia da. Nire amonak jatetxea zuen, eta Onraita egunero joaten zen txistua jotzera. Nire oroitzapenak ez dira oso garbiak, jakina, baina urtebete eta erdi besterik ez nuela kontuan hartuta... Sinestezina dirudi, baina gogoan dut, gerora egiaztatu dudanez... Zehatz-mehatz ez oroitu arren, beti izan dut irudipen hori, alegia, amonaren jatetxean gizon nagusi bat txistua jotzen entzuten nuela. Esan dizudanez, zuzen nenbilela egiaztatu nuen gerora. Behin, jatetxean gizon hartaz hitz egiten ari zirela, “bai, hortxe esertzen zen” esan nuen; bete-betean asmatu nuen. Inork ez zidan inoiz ezer ere esan; beraz, ezin nuen lehendik jakin, baina, hain txikia nintzen arren, oroitzapenak nituen.
Gerora, Onraitaren semea eta biloba ezagutu ditut. Bilobarekin hainbat aldiz egin dugu lan. Txistulari Bandaren CDa eskaini genionean, aitonaren txistua, ia 300 urtekoa, eman zion gure akademiari. 1927an, Onraitak bere txistuaren historiari buruz idatzi zuen Txistulari Elkartearen lehen aldizkariarentzat. Ordurako, Onraitaren txistuak 250 urte zituela zioten. Behin, txistulari-bilera egin genuen Legution, eta txistua eramaten genuen, bitxikeria gisa. Primitivo Onraitaren, Udal Txistulari Bandaren sortzailearen, txistua! Gasteizen probatu genuen, eta soinua zoragarri zen benetan. Handik ordubetera, Legution ahalegindu ginenean, ez zegoen jotzerik! Jaka baten poltsikoan sartu ondoren, azkenean jotzea lortu genuen, baina ez Gasteizen bezala. Arrazoiak bilatzen hasi ginen: atmosfera- eta ingurumen-baldintzak, hezetasuna, tenperatura... Arrazoiak gorabehera, txistua Gasteiztik kanpo zegoen lehen aldia zen hura. Txistua etengabe jotzen dutenek ongi asko dakite soinua beti ez dela berdina. Beharbada, entzuleek ez dute alderik sumatuko, baina txistu bera Donostian eta Gasteizen, adibidez, ez da berdin entzuten.
Trikitixa, txalaparta, txistu, alboka, dantza eta gaita eskolak ematen dituzue akademian. Zer musika-tresnak du arrakastarik handiena ikasleen artean?
Trikitixak. Seguru aski, gehiago entzuten delako: ez bolumenaren ikuspegitik (ozentasunarengatik), diskoetan hedatuago dagoelako. Gainera, afinatuta egoten da, doinua atsegina da, botoi berari sakatu eta antzera entzuten da beti... Hori ez da gertatzen gaitarekin eta txistuarekin; nork jotzen duen, horrela entzuten da. Agian, txistua kalean ez da entzungo hain ozen, baina bere soinua oso jatorra da, peto-petoa. Funtzio jakin bat dagokio toki jakinetan eta behar-beharrezkoa da dantzarako. Musikari bakarrak melodia eta perkusioa uztartzen ditu. Gainera, txistularia, batetik, eta dantzen transmisioa eta errepertorioa, bestetik, elkarri tinko loturik daude, bakoitzak bere soinu eta ingurune bereizgarriak dituen arren. Eskolan, txistu- eta trikitixa-ikasle kopuruak berberak ditugu. Izan ere, musika-tresna jotzen irakasterakoan, erabilgarritasuna hartzen dugu oinarritzat.
Folklore Udal Akademiako koordinatzaile nagusia izatez gain, EAJ alderdiko batzarkidea zara. Politikan aritzea zeure hiriaz gozatzeko beste modu bat da?
Inoiz ere ez nuen imajinatuko politikaria izango nintzenik, baina, egun batean, deitu eta eskatu egin zidaten, eta argi daukat politika ezinbesteko gaitza dela. Edozergatik dela ere, elkarrekin bizitzea erabaki dugu, hiria, lurraldea, herrialdea... sortzea. Hori guztia norbaitek bideratu behar du, gidariak eta ordezkariak behar ditugu. Nahitaezko betebehartzat hartu behar genukeela uste dut. Hiritar guztiek, behin edo behin, kargu politikoren batean aritu behar luketela esan izan dut beti, ezinezkoa dela jakin arren. Beraz, guztion betebeharra denez, deitzen dizutenean... hor egon behar duzu. Baina nahi baino denbora gehiago daramat. Betidanik jakin dut, argi eta garbi, politika ez dela nire bizitza, ezta nire lanbidea ere... Eta inork ez luke lanbidetzat hartu behar. Mundu guztiak jardun beharko luke politikan, aldi batez, baina beste lanbide bat edukiz. Politika-karguetan denbora luzeegia ematea ez da ona, guztion erantzukizuna delako. Pedro Ignacio Elosegi Gonzalez de Gamarra (Vitoria-Gasteiz, 1960) Musikako goi-mailako irakaslea, txistu-espezialitatea, Donostia, 1992. Indara Kultur Elkarteko lehendakaria, 1983-1997. Euskal Herriko Txistulari Elkarteko lehendakaria, 1993-1995. Olabide ikastolako lehendakaria, 2006-2008. Vitoria-Gasteizko Folklore Udal Akademiako zuzendaria, 1990etik gaur egunera arte.