547 Zenbakia 2010-09-24 / 2010-10-01

Elkarrizketa

Blanca Gómez de Segura. Euskal Buztingintza Museoko zuzendaria: Buztingileok jakinduria bat berreskuratzen ari gara

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Ofizioak arte bihurtu daitezke, eta hortik bide eman dakioke artisautzari. Euskal Herrian hedatua egon da eltzegileekin eta —orohar— buztinaren tratamenduarekin erlazionatua zegoen ofizioa. Euskal ondarearen zati garrantzitsu bat dugu zeramikaren arloa. Eta egun, modernitatearen izenean, gure hiri eta herrietako paisaia arruntetik ofizioa desagertu denean, azaleratu egin da zeramika popularrerako berezko zaletasuna, eta afizioa bilakatu da.

Egon al da inoiz hain prestigiatua herri zeramika?

Suposatzen dut, duela mende batzuk hau derrigorrezko ofizio bat zela. Beste bestelakoa zen, produktuak beharrezkoak baitziren bizitza arrunterako. Jendea ez zen geratzen pentsatzera zer nolako lan mota zen. Gaur egun premiazko ontziak egiten ez ditugunez gero, iritsi da sasoi bat horretaz ohartzeko. Ofizio tradizionalak bere inguruan zer daukan ikusteko garaia heldu da, bere historia eta abar. Agian horrexegatik diozu buztingintza prestigiatua dagoela...

Herri buztingintzaren —zeramikaren— museoan gaude... Esango al zeniguke zer den herri zeramika?

Zeramika kultura guztietan egin da, eta modu denetan oinarrizkoa da buztina. Buztin erreta da zeramika. Eta denetan, nahiz eta katilu bat egin, toki guztietan desberdina da ontzia. Horregatik, bai esan daiteke euskal zeramikak bere ezaugarriak dituela eta, noski, bere desberdintasunak beste zeramiketarako.

Eta euskal zeramikaren nolakotasunak, zeintzuk dira?

Oso apala da. Buztin gorria da euskal zeramika bereizten duena, burdina duen buztina, hain zuzen. Esmalte zuriaz zati bat estalita, oso elegante geratzen da. Apaltasuna baina berezko garbitasunarekin moldatua da gure zeramika gehien nabarmentzen dena.

Mapa geografiko bat egin al daiteke euskal buztingintzarekin?

Bai. Hori Enrike Ibabek egin zuen aspaldi. Naturak berak markatzen du non dauden kokatuta eltzegintzaren zentroak. Buztinaren arabera. Eta Araba berezia izan zen eta da horretarako. Gipuzkoan joz gero, adibidez, sedimentu gutxiago dugu. Beraz, Araban hainbeste buztina denez normala da hemen aktibitate gehiago izatea, eta XX. mendearen bigarren aldira arte lan asko egin da. Itxi zuten azken eltze-ola izan zen Narbaxakoa, 1970 inguruan.

Topikoa irudi daitekeen arren, egia da afizioa ofizio bihurtu zenuela, ezta. Zorte?

Hori ez da zortea. Ez dakit existitzen ote den zortea... baina edozein kasutan ez badiozu laguntzen lanarekin, alperrik gabiltza. Guk ekinaren ekinez lortu dugu burua aurrera ateratzea. Ni langabezian nengoen eta ikusi nuen hau posible zela. Buru belarri sartuta ibili naiz lanean...

Markinatik Olleriasera... salto nabarmena...

Ni hemendik oso gertu sortu nintzen. Aita basozaina zen, eta Zubizabalen jaio nintzen, baso etxean. Ubidera joaten nintzen eskolara txikitan, baina aurki aldatu ginen Markinara eta askotan diot ni markinarra naizela, bertan hazi bainintzen. Baina bizitzak buelta asko ematen ditu, eta orain ia-ia nire jaioterrira itzuli naiz, arbasoetara.

Argazkia: Jose Mari Ruiz de Viñaspre

Zure arbasoetarikoren bat eltzegile al zen?

Inondik ere! Ni hona etorri nintzen, Jose Ortiz de Zarate azken buztingilea hemen zegoelako. Eta sasoi hartan erromantizismozko punturen batetik ikusten genuen ofizio hau galtzeko zorian zegoela, eta horrexegatik nago hemen. Joserengana ikasteko asmotan etorri nintzen eta hemen segitzen dut. Lehengo buztingileak ere ni bezala hasten ziren, aprendiz, eta urte mordoa ematen zuten harik eta ofizioa ongi ikasi arte. Jose oso ona zen bere ofizioan baina ez zeukan eskarmenturik irakasle bezala. Eta pedagogo izatea beste gauza da. Lortu behar izan genuen metodologia bat, eta orain esan dezaket bospasei urtetan lor daitekeela buztingile izatea.

Egon zen garai bat Arabako eltzegile batzuek klaseak ematen zituztela Gasteizko Arte eta Ofizioetako Eskolan...

Hala da. Narbaxako azken eltzeola itxita gero, Gasteizko Eskolan hasi zen irakasten Federiko Garmendia.

Izan dira euskal zeramikaren historian benetako sendi sagak ezta?

Bai. Joxe Lopez de Zarate ere saga bateko kidea zen, baina ondorengoek ez zuten jarraitu ofizioan. Federiko Garmendia, ordea, nire modura aprendiz gisa hasi zen kanpoan, bere sendian ez baitzegoen halakorik.

Eta egon dira ere, nolabait esatearren, teknologiaren oinarriak toki batetik beste batera joan direnak. Eta sagak dibertsifikatu egin dira eremu geografiko zabalago batean...

Normala da. Bizkaia eta Gipuzkoa aldera atera izan dira historian zehar arabar eltzegile asko, euren tailerrak jartzera. Adibidez, Enrike Ibabek bere “Cerámica popular vasca” liburuan dioenez, Elosutik hemeretzi eltzegile aldendu ziren herritik beste norabait negozioarekin segitzeko.

Artisautza, oro har, arte al da?

Gaur egun hitz egin daiteke horrezaz arazorik gabe. Duela hogeita hamabi urte hasi nintzenean, jendeak galdetzen zidan ia ongi hausnartua neukan erabakia. Nik banekien zer nahi nuen, bai. Beste batzuek —Angel Garraza, kasu— bazekiten bezala. Zeuk nahi dituzun itxura desberdinetako piezak egiteko aukera ematen dizu buztin zati batek, eta bakoitzari zure ukitua eman diezaiokezu. Pertsona bakoitzak bere bidea har dezake ofizio honetan ere. Dena den, arte egin daitekeela garbi utzita, orain gu —buztingileok— jakinduria bat berreskuratzen ari gara, milaka urte daukan jakinduria, hain zuzen. Eta hori polita da. “Zeramikaren etorkizuna lanbidearekin baino gehiago pertsonekin dago lotuta”

Zeramikariarena benetako lanbidea izan da euskal herrietan. Gizarte modernoan lanbide tradizional ugari lurperatu dira, baina zeramikariarenak interesa berreskuratu du. Egunetik egunera emakume eta gizon gehiago erakartzen ditu, buztinarekin eta horrek ematen dituen aukerekin lotutako adierazpen artistikoa den aldetik. Halere, lanbide zahar horren jarraipena ez dago ziurtatuta.

Euskal zeramikagintza zuzenean gizonezkoekin egon da lotuta. Ba al dakizu emakumerik bazen lanbide honetan?

Dokumentuei erreparatuz gero, ez da emakumezkorik aritu zeramikagintzan. Izan ere, alabak baino ez zituzten eltzegileen negozioak ez zuen jarraipenik izaten. Iberiar penintsulako beste herrialde batzuetan, berriz, aritu izan dira emakumezkoak. Eskuzko tornuarekin, torneta izenekoarekin, lan egin izan dute. Dena den, horretan abeltzaintzan, nekazaritzan eta antzekoetan bezala gertatu dela uste dut. Gizonezko beste emakumezko edo gehiago aritu arren, titularra gizonezkoa izan da beti. Eltzegintzan ere horixe bera gertatu zen. Orain, zorionez dena aldatu da.

Ikerketaren arloan ere beste horrenbeste gertatu da, ezta? Zeramikaren ikerketan zenbait izen ezagun ditugu: Leandro Silvan, Enrique Ibabe, Juan Garmendia Larrañaga. Eta une honetan Blanca Gómez de Segura ere badugu...

Aipatu dituzun ikertzaileei esker, euskal zeramikagintza ezagutzen dugu, apur bat bada ere. Nik hogeita hamarretik gora urte daramatzat guzti horretan, eta hamazazpi Museoan. Urtero EHUko arkeologiako eta historiako lehen eta laugarren ikasturteko ikasleak pasatzen dira hemendik. Berriro diot ikertzen jarraitu beharra dagoela arlo honetan. Eta, egia esan, ikusten ari dira emaitzak. Jose luis Solaunek doktorego-tesi bikaina irakurri zuen: “La cerámica medieval en la Edad Media”, eta beste batzuk bidean dira. Mundu akademikoa hurbildu zaigu azkenean, nahiz eta oraintsura arte gurea arte txikitzat jo den. Denbora gutxian, Enrique Ibabek 1980an lehen aldiz bere lana argitaratu eta 1995ean berrargitaratu zuen arte, eltzegile guztiak desagertuta zeuden. Ez genuen bere ezagutzak pasaraziko zizkigun inortxo. Beste horrenbeste gertatzen zaigu landa-eremuko arkeologiarekin, ez baita gorde iraganean egon ziren teilagintzaren edo eltzegintzen memoriarik. Kasu batzuetan garaiz ari gara heltzen, baina beste batzuetan ez dugu ikerketarako erreferentziarik: galduta daude denak. Halere, ez dut galdu esperantza. Ikerketaren esparruan hobetzen jarraituko dugula uste dut.

Museoan hamazazpi urte daramatzazula esan duzu. Baina... nola bururatu zitzaizun?

Euskal Herrian, halako batean, museoen aldeko ilusio izugarria sortu zen. Araban, esaterako, gureaz gain, beste zortzi museo sortu ziren. Lanbideak, etnografia, historia... hortxe zeuden eta, bat-batean, horien garrantziaz jabetu ginen, nahiz eta ez genuen oso garbi turismoaren balio ekonomikoa. Beraz, esan dudanez, museo txikiok ireki ziren, ilusio handiz gainera. Gurea ametsa zen. Nik orain gauden etxe hau ezagutzen nuen, Jose Ortiz de Zarateren lantegi zaharra, erabat hondatuta zegoena. Markinan bizi ginen, eta hango gure etxea, bizitzeko ondo zegoena, saldu eta hondakinetan zegoen hau erosi genuen. Guk baino ez genuen ikusten azken helburua. Eta zorionez ondo atera zaigu apustua. Halere, esan beharra dago, hamazazpi urte hauetan, batek ez beste museo guztiek ateak itxi dituztela. Ahalegin izugarria egin dugu baina merezi izan du, izan ere garbi dut, guk ez bagenu egin Museo hau, ez zela existituko. Proiektu handien meritua ez da martxan jartzea, denboran zehar iraunaraztea baizik. Eta, azkenean, nire bizitzeko modua da, bideragarritasun-bideak etengabe bilatzera behartzen nauena.

Argazkia: Jose Mari Ruiz de Viñaspre

Zure esperientzian oinarrituta, zein dira euskal zeramikagintzaren ezaugarriak?

Euskal zeramikagintzak buztin gorria, esmalte zuria eta pieza xume erabilgarriak ditu ezaugarri nagusi. Piezarik herrikoienetako bat katilua da, edateko ontzi txikia. Beste bat txakolinaren pitxerra da. Lerrozuzenaren forma du, gure zeramikagintzak bere-berea duena, sagardo-pitxerra, beste herrialde batzuetan bezalaxe, biribilagoa baita. Azkenik, pegarra dago, emakumezkoek ura buru gainean etxeratzeko erabiltzen zutena. Ipar eta Hego Euskal Herrian erabiltzen zen, baina Iparraldekoa ez zen esmaltatzen. Pegar bizkaitarra ere esaten zitzaion.

Mando taldeek mendeetan zehar garraiatu dute ateratzen zen produkzioa, gure bideetan barrena saltokietara eramateko. Nola egiten da gaur egun?

Hala da, produzitzen zen tokitik kontsumitzen zen ingurura, azken kontsumitzailearengana, eramaten zen zuzenean. Orain, normalean bezeroa produkziogunera etortzen da. Urteetan zehar, ezagutzera emateko, azoketara joan izan gara. Azken aldian, eltzegileok ekintzak antolatzen ditugu, gure produktuak erakusteko. Kanpora atera izan gara, baina ez dugu bitartekorik gastu handiei aurre egiteko. Nik esango nuke euskal zeramikariok toki baten beharrean gaudela, non saldu edukitzeko. Edonola ere, imajinazioa behar da.

Saltzeko behar den imajinazio hori da, hain zuzen, zeramikari bakoitzak bere lanean jartzen duena. Diozuenez, beste zeramikari batzuek egindako forma bereko milaka piezaren artean, zuen eskuetatik duela urte asko irtendako ale bat bereizteko gai omen zarete. Egia al da diozuena?

Bai, hala da. Are gehiago, nik nireak eta José Ortiz de Zaraterenak ezagutuko nituzke, eta baita Ollerietako eltzegile zaharrek egindakoak ere. Lantegi bakoitzak bere-berea zen marka zuen. Jakina, azken ehun urteen inguruan egindako piezak ezagutuko nituzke. Beste garai batzuetakoak bereizteko, dagokien unibertsitate-ikerketetan oinarritu beharra dago, jakina. Nire kasuan, harritu egiten naiz nire bilakaera ikusita, piezak lantzeko modua nola aldatu dudan ikusita, hain justu.

Hortaz eta honetaz ari garela, esmaltea ere hemen egiten zen?

Bai, bai. Silize-harea Araba eta Nafarroa artean dagoen Bernedoko mendatetik ekarri eta eho egiten zen. Harea galdatzeko, plomuzko tutuen zatiak botatzen zitzaizkion. Eztainua Ingalaterratik ekartzen zen.

Nola ikusten duzu zeramikagintza epe ertainean?

Etorkizunik ikusiko ez banio, ez nintzateke hemen egongo. Etorkizuna lanbidearekin baino gehiago pertsonekin dago lotuta beti. Sektore honetan gauden guztiok eltzegile batengandik ikasi genuen. Gaur ezin dugu ziur esan gutako bakoitzak lekuko bat utziko dugunik, gure lanari norbaitek jarraipena emango dionik. Oraindik ezin dugu hori egin. Lagundu egin behar digute, profesionalak prestatzeko. Europan badago hartzeko moduko eredurik. Egoki ditzagun gurera! Blanca Gómez de Segura (Zeanuri, 1952) Blanca Zeanurin jaio zen (Bizkaia), 1952an, baina markinarra da bihotzez, bertan igaro baitzituen haurtzaro eta gaztaroa. Teknikari administratibo eta delineatzaile ikasketak egin zituen arren, 1978an zeramikarantz zuzendu zuen bere prestaketa profesionala. Madrilen aritu zen lehendabizi, eta Ondarroako Kresala eskolan ondoren. 1979tik 1986ra bitartean, zeramikan espezializatutako eskolak jaso zituen Madrilen, Bartzelonan, La Bisbalen (Girona), eta Sargadelosen (Galizia). 1979an Markinako Arte Eskola taldeko kidea da. 1982tik 1987ra bitartean, zeramika eskolak eman zituen Arte Eskolan, eta programa didaktikoak landu zituen Lea-Artibai eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxeetarako. Arte Eskolan emandako urte haietan, Blancak, zeramika ikastaroak eman ez ezik, espezializazio ikastaroak jaso ere egiten zituen, bere ezagutzak handitzeko asmoz. Horrela ezagutu zuen Olleriasko azken buztinlaria. Euskal zeramika tradizionalaren aztarnak ikertzeko asmotan zebilela, beka bat eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Ollerias herrira jo zuen, Jose Ortiz de Zarate buztinlaria ezagutzera. Une hartatik aurrera, oso garbi ikusi zuen bere lanbidean buztingintzaren ildoa hartuko zuela. 1987tik 1993ra bitartean, Joseren tailerrean aritu zen lanean. 1993an, zaharberritu egin zuen Jose Ortiz de Zarateren antzinako tailerra, eta euskal buztingintzaren museo-tailer bihurtu zuen sendiarekin batera.