539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09
Donostiarra zara, sendi intelektual batean jaioa. Zure aita, Ignazio María, euskal idazlea genuen...
Aita ingeniaria zen, eta Gipuzkoako Diputazioan egin zuen lan, telefono sare probintzialaren modernizazioan, batez ere. Berari egokitu zitzaion automatizazioa martxan jartzea. Euskarari dagokionez ere esan daiteke aitak bultzatu egin zuela telefonariek euskaraz hitz egin zezaten, eta azterketak egiten zizkien hautagaiei. Ez zen euskaldun zaharra. Ama zumarragarra genuen, eta euskaraz ozta-ozta zekien... Baina seme-alaben aurrean beti euskaraz hitz egiten zuten eta euskara izan zen etxeko hizkuntza ofiziala.
Aitak, bere lan teknikoak ere euskaraz burutu zituen batzuetan...
Bat edo beste, bai. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Jose Ramon Montejo Garayk, elkarterako bere sarrera hitzaldia “Jakintza zabalkundea euskararen bidez. Ignazio Etxaide, euskara teknikoaren aitzindarietako bat. El euskera, lengua de transmisión del conocimiento científico: Ignacio Etxaide, uno de los precursores del euskera técnico” titulatu zuen.
Hamar seme alaba, denak euskaldunak... Jon modu berezian nabarmendu zen...
Jon hasi zen itzulpenak egiten, aitak bultzatuta. Oso biblioteka polita genuen etxean, eta haurrentzako liburu ugari ziren. “Las aventuras de Till Eulenspiegel” zen haietako bat eta aitak eskatu zion Joni euskaratzea. Eta argitaratzen zion, aitak berak ere idazten zuen “La Cruz” astekari integristan. Horrela hasi zen euskalgintzan. Mendira ateratzen zen maiz lagunekin, eta ongi kantatzen ez zuen arren euskal kantuez zaletu zitzaigun, eta behin abesti liburuxka batekin etxeratu zen. Hartan oinarritua nik pianoaz laguntzen nion abestiak ikasten, gero adiskideekin mendian kantatzeko. Aitak agindu zion, bestalde, etxeko bi txikioi euskara irakastea eta horrela eskolak ematen zizkigun. Hari zerbait ordaintzen zioten eta guri gozokiak erosten zizkiguten. Nik izan nuen, beraz, aukera euskal gramatika txikitatik ikasteko. Hori garai hartan ez zen normala, noski.
Non eman zenituen bestelako lehen ikasketak?
“Notre Dâme” ikastetxera joan nintzen, eta han frantsesez egin behar genuen.
Bukatu zenuen batxilergoa...
Ikastetxe hartan laugarren ikasturtera arte egiten ziren azterketak eta azken bi urteak Institutuan burutu behar izan genituen. Oso ikastetxe txikia zen eta gure kurtsoan hiru ikasle bakarrik ginen. Manuel Agud Querolekin harremanetan jarri ginen eta berarengana joaten nintzen grekoa ikastera.
Agudek, Juan Amoros filosofia irakasleak eta beste batzuek akademia moduko bat eratu zuten, Filosofia eta Letrak karrerarako ikasleak prestatzeko. Horrela hasi nintzen goi ikasketekin. Azterketak egitera Zaragozako Unibertsitatera joan behar genuen. Baina gero Bartzelonara igaro nintzen Filologia Erromanikoa ikastera.
Zure aitak, Jon anaiak, Agud irakasleak inguratua... Ez da harrigarria zuk karrera hori hautatzea...
Hala da! Hizkuntzak beti izan ditut atsegin. Literatura baino gehiago, hizkuntza bera gustatu zait. Hau da, hizkuntzaren estrukturarengatik interesatuagoa egon naiz edukierarengatik baino.
Bartzelonan amaitzen duzu karrera eta 1959an ateratzen zarenean, zuzenean lanera...
Lehenik, Donostian aritu nintzen, Zubieta liburudendan, ez bainuen hemendik irten nahi eta ikastetxeko lana ez zitzaidan larregi gustatzen. Lauzpabost urte eman nituen liburudendan, nahiz eta ni negozioetarako ez naizen oso trebe.
Baina tesia egiteko gogoa piztu zitzaidan. Nik aitaren bitartez Luis Mitxelena ezagutu nuen. Aita euskaltzainburua zen eta Mitxelenarekin harremanak zituen. Etxera zetorrenean mintzatzen ginen nire lanaz, eta hark animatu ninduen ikerketaren bat egitera. Eta eskatu zidan Madoz Geografian “oz”en bukatzen ziren nafar toponimoak biltzea. Bukatu nuen lehen lantxo hura eta Mitxelenak berak borobildu zuen emaitza eta aurkeztu zuen Pirinioetako hizkuntzen gaineko kongresu batera. Aurki hasi ginen nire tesiarekin, eta une haietan Mitxelena kezkatua zegoen euskararen jatorriaz eta hizkuntzaren beraren bilakaeraz eta nolabaiteko aurreneko batukeraz, Erdi Arora artekoaz. Lurralde hauetara heldu ziren tribuen hizkera desberdinak nolakoak izango ziren, erromatarrak hemendik joanda gero hizkuntzarekin zer gertatu zen, eta abar ikusteke zegoen. Oso garai ilunak ditugu haiek, oro har, eta –jakina- baita euskarari dagokionez ere. Egoera elebiduna Mitxelenak ez zuen zalantzan jartzen: erromanikoa, latinarekin, eta euskararen ahaideak izango ziren mintzaira desberdinekin. Zer nolako bilakaera gertatu zen orduan?
Uriel Weinreichek 1953an atera zuen bere “Languages in contact” liburua, eta Mitxelenak biziki estimatzen zuen haren teoria. Yiddish eta alemaneraren arteko erlazioa aztertu zuen lituaniarrak. Eta horretan oinarrituta, eskatu zidan aztertzea egungo euskaran argirik aurki ote nezakeen hizkuntzen arteko erlazioaz, berak Erdi Arora arteko euskararen bilakaeraz irizten zuenarekin nolabait alderatzearren. Egia esan, oso gutxi ulertzen nuen berak nahi zuenaz, baina aurrera egin nuen. Nik Euskal Herriko gaztelania ikertzea nahi zuen, eta horretarako Oriora jo nuen.
Mitxelenak utzi zidan Julio Urkijo Mintegian zeukaten magnetofoi izugarri handi bat eta inkestak egiteari ekin nion. Inork ez zidan esan nola burutu behar nituen, baina material ugari atera nuen. Mitxelenak berak gidatu ninduen ikerketa hartan eta tesina txiki bat egin nuen, lexikoari buruz. Jarraian, morfologia landuta, tesia bukatu nuen. Eta geratu zitzaidan pena da, lan osoa Mitxelenak zuzendu arren, arrazoi administratiboengatik ez zuela nire doktoregoko azterketaren epai mahaian parte hartu ahal izan. Hori 1967an gertatu zen.
Ordurako, dena den, zu bazinen irakasle...
Bai. Ni 1964an Iruñera joan nintzen, Nafarroako Unibertsitatera. Tesiarekin ari nintzela, ezagutu nuen Fernando Gonzalez Ollé hizkuntzalaria eta hark aurkeztu zidan Antonio Fontan. Garai hartan Fontan zen dekanoa Filosofia eta Letrak Fakultatean, eta hark katedra bat sortu zuen 1963an euskara eta euskal kulturaren ikerketarako eta Jose Miguel Barandiaranekin hasi zen eta ni 1964ko urrian sartu nintzen. Barandiaranek ematen zituen historiaurrea eta etnologiari buruzko ikasgaiak eta ni hasi nintzen euskararekin.
Aitzindaria zara Unibertsitatean eta euskararen gaineko ikerketa lanetan. Baina Nafarroatik salto egiten zenuen...
Euskara eta euskal kulturaren katedra ez zen, diogun, ofiziala. Hautazkotzat har genezake, eta gainera hara joaten ziren guztiak ez ziren Unibertsitateko ikasleak. Ez zen ordaintzen; Diputazioak ematen zuen dirulaguntzaren bat gastuetarako, baina horrela ez zegoen etorkizunik. Beste irteera bat bilatu behar nuen, eta filologia erromanikoaren barruan espainiera zen nire aukera. Irakasle laguntzaile bezala hasi nintzen Nafarroako Unibertsitatean bertan, hiru ikaslerekin, horietako bat Euskaltzaindiko kidea, Pedro Diez de Ulzurrun.
Baina aurrera nindoan arren, nik oposaketak egin behar nituen eta 1970ean atera nuen agregatutza bat Santiagoko Unibertsitatean eta bertan bost ikasturte eman nituen. Bitartean Iruñean segitzen zuten euskara eta euskal kulturarekin, matrikuladun kopuru handi bat –200 izateraino– lortuz. Besteak beste, Jose Basterretxea “Oskillaso” egon zen arduradun eta ni itzuli nintzenean talde bakar bat egin zen. Ordurako Nafarroan ikastolek bazuten beren presentzia eta beste giro bat zen. Unibertsitatean, berriz, lehen bezala jarraitzen zen, euskara eta Barandiaranen gaiak erakutsiz. Baina garbi zegoen gure helburua ez zela hizkuntza irakastea, baizik eta euskal linguistika egitea. Beraz, ohiko ikasle tipotik aldendu behar zela erabaki genuen, eta filologia karreraren barruan euskal linguistika emateari ekin genion. Oso interesgarria gertatu zen, filologia hispanikoa ikasten ari zirenentzat. Hizkuntzen estruktura desberdinen arteko konparaketa oso ongi zetorkien ikasleei. Eta horien artean interesa ere piztu zen, euskal filologia karrera egiteko, etorkizuna baitzuen arlo profesionalean. Egun, aldiz, hispanikoa zein euskal filologiak bide zailxeagoak ditu lan esparruan.
Ikasketa plangintzak aldatzen joan ziren eta gure saila ere egokitu behar izan genuen, eta une batean euskal ikasketen gaineko zikloak eratu genituen, eta ikasleak horrenbeste ordu egiten bazituen ziklo horietan bere espediente akademikorako balioa zuen. Hurrengo plangintza batek ikasleen klase orduak handitu egin zituen eta ikasturteko egunak, berriz, murriztu. Ikaslea ito egiten zen formula horrekin eta, beraz, gure aldetik hautazko ikasgai bezala sartu behar izan genuen ikasketa eskaintza eta euskal ikasketen diploma atera genuen ondorioz. Ez zen titulu ofiziala, baizik Unibertsitatearena. Tesina aurkeztu behar zuten, eta jendea oso gustura etortzen zen.
Euskal filologia karrera sortzea ez genuen logikoa ikusten, ikaslerik izango ez genuelako. Karrera guztietako ikasleak genituen, ordea, balizko interesatuak. Zientzietakoek, letretakoek... denek zuten aukera gure diplomarako. Ikasgai berriak sortu genituen. Administratiboki nahiko konplikatua zen, baina aurrera atera ginen.
Horren aurretik, dena den, Nafarroan lan sakona egin zenuen, euskararen presentziaz eta ikerkuntzan aritu zinen, jo eta ke...
Bai, hori ere Mitxelenaren ideia izan zen. Berak aipatu zidan Euskaltzaindian bazirela apunte batzuk, Azkuek egin araziko inkesta baten gain. Erabiliak izan ziren, oso modu azalekoaz, sakontasunik eman gabe. Eta atlas linguistiko modura erabil zitezkeela adierazi zidan Mitxelenak. Pasatu zizkidan kuadernotxoak eta nik buruturiko lana Euskaltzaindiak argitaratu zidan 1984an. Oso inkesta zabala zen, 270 herritan egina.
Gero, Iruñean lanean ari nintzela, Fontanek eskatu zidan ikerketaren bati ekitea. Eta Mitxelenaren aholkuari jarraikiz, nafar atlas linguistikoari heldu nion berriz ere. Vianako Printzea Erakundearen laguntzarekin abiatu nintzen eta ipini zidaten taxi baten bitartez herrietara ailegatzen nintzen, denetara hirurogeitik gora. Ahal izan nuen guztia grabatu nuen, baina argitaratzeko koskak izan ziren. Zeinu diakritikoak idazteko zailtasunak ziren... eta horrek oztopatu egin zuen argitarapena. Ordenadoreak hasi zirenean, gure Fakultatean ordenadore bat bakarrik genuen... eta, beraz, eskuz egin nuen datu bilketaren transkripzio osoa. Horrela Eusko Ikaskuntzan argitaratu nuen, 1989an.
Norbaitek esan du euskarari buruz gehien dakien pertsona zu zarela... Horrek ohoratu egiten zaitu, zalantzarik gabe. Nafarroako euskararen bilakaera ezagutzen duzu, nafar egoera linguistikoa ere bai, noski,... Nola ikusten duzu zure talaiatik Nafarroan euskararekin gertatzen ari dena?
Lehenik esan behar dut, ez naizela euskarari buruz gehien dakiena... nahiz eta horrela esan den. Agian, hori bai, Mitxelenaren ostean katedradun tituluarekin Unibertsitateetan aritu izanak eman zidan ospe hura... Baina hori horrela gertatu zelako da.
Nafarroari buruz? Oso lurralde desberdina da... zona diferenteekin. Inkestatu asko euskaldun sentitzen ziren, baina baziren euskaraz egin arren... euren buruak euskalduntzat hartzen ez zutenak ere, Pirinioetako zonaldean, batik bat. Nafarrak sentitzen ziren, eta kito. Hori 1968 aldean... Ordudanik sentimenduek norantz jo duten ez dakit...
Ibilbide guzti honetan, euskaltzain urgazlea, Ohorezko euskaltzaina, Jakiundeko akademikoa zara... Errekonozitua sentituko zara, ezta?
Ez nuen uste hori guztia etorriko zitzaidanik...
Ignazio Maria aita, harro egongo zen, alaba ikusita...
Ziur baietz,...
Unibertsitateko ardura utzita, zertan ari zara orain?
Josemaría Escrivá sortzailearen obrak euskaratzeko helburua dauka Nafarroako Unibertsitateak. Lehendik baziren batzuk gipuzkeraz jarrita baina euskara batuan ipintzea komenigarria zelakoan geunden... eta “Bidea”rekin hasi nintzen, artean Unibertsitatean lanean ari nintzela. Hamazortzi homiliaren bilduma bat ere euskaratu nuen eta argitaratuak daude. Orain beste hamazortzirekin ari naiz... Horrezaz gain, beste mila gauza txikirekin ere dihardut; ikerketarako girotik aldenduta... helburu apalagoetan ari naiz.
Eclesiastesekin amaituko dugu, beraz, garai apropos bat baita beti denerako...
Hala da...bai! Ana Etxaide Erromanikoan lizentziatua (Bartzelona, 1959) eta Doktorea (1967) da. Nafarroako Unibertsitatean Gaztelaniako irakasle laguntzailea eta alboko irakaslea izan zen 1964 eta 1970 bitartean. Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren irakasle izan zen (1964-1970) eta lehiaketa-oposizio bitartez Santiagoko Unibertsitatean Gaztelaniako alboko Irakasle plaza lortu zuen (1970-1975). Egun, Nafarroako Unibertsitatean Gaztelaniako eta Euskal Hizkuntzalaritzako eskolak ematen ditu Filologia Hispaniarra espezialitatean. 1981ean EHUko Hizkuntzalaritza Orokorreko Katedra lortu zuen lehiaketa bitartez. EHUn epe labur batez lan egin ondoren, berriz ere Iruñera bueltatu zen. Bigarren egonaldi honetan (1975-2002) Ana Etxaidek Gaztelania, Hizkuntzalaritza Orokorra, Euskal Hizkuntzalaritza eta hainbat doktoretza ikastaro eman zituen Iruñean. Etxaidek Hizkuntzalaritza Espainiarra eta Euskal Hizkuntzalaritzako doktore-tesiak zuzentzen ditu, baita Lizentziaturako eta Masterretako tesinak eta Ikerketa lanak ere. 1994an, fakultate ezberdinetako ikasleek parte hartu zuten Euskal Ikasketen Diploma abian jarri eta zuzendu zuen. 2002an Katedradun Emeritu izendatua izan zen. Nafarroako Unibertsitatean ondorengo kargu hauek izan ditu: Hizkuntzalaritza Orokorreko departamentuaren eta Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren zuzendaria, Filologiako Dekanorde-zuzendaria, Liburuzain Nagusia eta Nafarroako Unibertsitateko ordezkaria Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorrean. Ana Etxaide euskaltzain urgazle da 1982tik, Nafarroako Euskal Kontseiluko kide 1996-98an, Iruñeko Udaleko Batzorde Teknikoaren kide (1997), Eusko Ikaskuntzaren ordezkaria Colegio de Navarra Fundazioan (1998-2002) eta Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea.