53 Zenbakia 1999-11-05 / 1999-11-12

Gaiak

Xorroxin Irratia solas aitzaki

ALTZURI, Nerea

Xorroxin Irratia solas aitzaki Xorroxin Irratia solas aitzaki * Nerea Altzuri Bi hitzotan labur daiteke Xorroxin Irratiaren adina: hemezortzi urte. Baina urte andana horretan zintzinera eramandako urrats eta pausuak ez dira aipatzeko utz daitezkeen kontuak. Azken finean heldu ere bihurtu baita Xorroxin Irratia. Garai hartan, Erratzuko kideen bortz mila pezetako dirulaguntzarekin erosi ziren lehendabiziko tresnak, Erratzutik bertatik hitz andana bat aireratu asmoz. Baina denborarekin, gauzak landuz eta ahaleginak batuz, Elizondon hartu zuen leku tresneriak. Eguerdiko saioa finkatzea lortu zen. Entzuleen erantzuna ikusita, Baztan eta Malerrekan errepikagailuak paratu ziren, geroxeago Bortzirietara ere uhinak helarazi zituztelarik. Horrela, Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortzirietako hogeitahamazortzi herri ingurura Xorroxingo ahotsa iristea lortu da. Hasieratik gaur arte, beti helburu berbera mantendu du Xorroxin Irratiak. Eskualdeari zerbitzu sozial bat gehiago eskeintzea, funtsezko zerbitzua gainera, eremuaren ezaugarriak aintzat hartuz. Informazioa bide, heziketa osagarri eta kultur sustatzaile izan da bere abiapuntu eta ardatz. Horretaz gainera, erakunde eta talde ezberdinen eguneroko lanaren lagungarri bilakatu da irratia, hala nola: erakunde ofizial, kultur eta kirol zentru, ikasketa zentru eta abar. Komunikazio beharra eta hizkuntz ondarearen gorde nahiak bultzaturik, emanaldiak euskara hutsez egiten dihardu Xorroxin Irratiak. Euskara zonaldeko hizkuntza mintzatua izanik, bertako euskalki ezberdinen erabilera azpimagarria da, batuaren erabilera baztertu gabe. Eguneko hogeitalau orduetan dago Xorroxin Irratia emisioan. Astelehenetik ortziralera, goizeko zazpi t'erdietan Xorroxin Irratiaren programazioa ernatzen duena GOIZ ARGI saioa da. UR eta LUR saioa, berriz, goizeko bederatzi t'erdietatik hamarrak bitartean luzatzen da. ELKARREKIN LANEAN, berriz, eguerdira bitarte, eta azkenik, HERRIZ HERRI saioa eguerditik hasi eta arratsaldeko ordu biak jo bitartean.Arratsaldeari begira, bi irratsaio aireratzen dira Xorroxin Irratian. Zazpietatik hasi eta ordubeteko iraupena duen musika saioa lehena; eta ondotik, arratsaldeko zortzietatik arratseko hamarrak bitartean, KARAKOLA SEGI HOLA gazteentzako bereziki ihineratzen den saioa izan ohi da entzungai. Baina asteburu eta jaiegunetan, BIDE EGINEZ saioak kontu ezberdinak aireratzen ditu huts egin gabe. Gainerako orduak, egunekoak nahiz arratsekoak musikak inguratzen ditu. Irratsaio hauek guztiak eta irratiaren antolamenduari orokorrean aintzin egiteko, hamar laguneko lan taldea dago Xorroxin Irratian, bortz erratari, publizista bat, idazkaria eta hiru teknikari. Jaiotza Erratzun; zortzi urte berriz, Iruritako etxe partikular bat izan du leku Xorroxin Irratiak; eta Baztango Udalak egoitza utziz eta zortzi hilabete inguru moldaketa lanetan aritu ondotik, aurten urteberri egunarekin Elizondo estudio berria estreinatu du Xorroxin Irratiak. Kolorez jantzitako egoitza berriari esker, lan egiteko modua profesionalagoa bilakatu da: kontrol gela, mintzalekua, grabaketa tokia, publizitate eta idazkari gelak eta erredakzioa dira egoitza berriaren osagai nagusi. Aparailuetan ere berrikuntzarik izan du Xorroxin Irratiak, irrati hotsa, ahotsa, musika, isilune, isiltasun...irratsaio batean biran dabiltzan elementu hauek guztiak kalitaterik onenarekin uhineratzeko. Baina hemezortzi urte horietan, une guztiak ez dira arroxa kolorekoak izan Xorroxin Irratiarentzat. Nafar gobernuari irrati lizentziaren eskaera egin zitzaionetik, une ilunak, ezerosoak eta estuak izan dira etsipenaren seinale. Baina ez zuen etsitu ordea.1998. urteko uztailaren egun baten ernatzeak, hainbertze urtez borrokatutako gudaren bukaera suposatu zuen: lizentzia lortzeko gudan garaipena lortu zuen Xorroxin Irratiak, Nafar gonernuaren lizentzia jaso zuen irrati euskaldun bakarra izanik. Xorroxin Irratiari Lesakarako eskatutako lizentzia onartu zitzaion: orain hurrengo erronka, Lesakan estudio berri bat egokitzea da. Nerea AltzuriOrdoki, Xorroxin Irratiko kazetaria. "GOIZ ARGI" saioaren gidaria Euskonews & Media 53.zbk (1999 / 11 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria