524 Zenbakia 2010-03-12 / 2010-03-19

Gaiak

2.0 Kazetaritza: berriztatu, eraberritu edo hil!

PEREZ BARCENA, Ibon



Ingeleraz, Modernize or Die. Edo hori esaten dute behintzat egokitu ezin denaren biziraupena zaila dela baieztatzen dutenek.

Hedabideek azkar bereganatu dituzte teknologiak ekarri dituen aurrerapenak, eta guzti horrek komunikatzeko moduak baldintzatu ditu. Digitalizazioaren etorrerarekin, hedabide multimedia eta digitalei era askotako komunikazio-inguruneak sortzeko aukera (eta modua, zer esanik ez) agertu zaie. Horrek, neurrian neurriko komunikazio-dinamikak eta erabiltzaileen premiei eraginkortasunez erantzuten dieten guneak sortu ditu.

Paperezko medioek abantaila tradizionalak dauzkate, bai, baina sareko ikus-entzunezkoek onura gehiago aitortu diezaiokete hauei; egunerokoek eduki mimetikoak izan dituzte gaur arte eta egituraketa soila izan da (titularra, aurre-titularra, sarreratxoa eta gorputza argazki batekin zekarzkiena). Berezko ezaugarri gehiago erantsiz, egunkarien baliokide digitalek aurrekoen izaera mantentzen dute.

Webguneek irakurri, ikusi eta entzuteko adina teknologia biltzen dute gaur egun, eta denbora errealaren berehalakotasunean gainera. Kontra daukaten gauza bakarra, beharbada, erabiltzaile edo kontsumitzaileen denbora mugatua da, kasu askotan ez baitaukate mundua beren begien aurrean nola igarotzen den ikusteko ez ohiturarik, ezta astirik ere. Interneteko profesionalek ondo dakite hori, eta, horregatik, erakargarriak diren formulak bilatzen dabiltza, hain beharrezkoa den fideltasuna sortu aldera.

Argazkia: OK-59.

Hala ere, erakargarritasuna lortu aldera, kazetariak hedabidea bera ezagutu behar du eta haren jardunbidea ere bai, zer esanik ez. Komunikabideen ezaugarri nagusietako bat aldakortasuna dela jakin behar du XXI. mende hasierako komunikatzaileak, batik bat hedabideen benetako euskarriak (hitza, irudia, lengoaia, mezua, espazioa...) aldakorrak direlako, eta, horrez gain, berriztapen teknologikoen aurrean oso sentiberak direlako. Multimediaren aroan bizi gara, bai, eta azken finean multimedia euskarrietara egokitzen diren kalitatezko produktuak sortu behar ditu egungo kazetariak.

Informatzaile berria atezainaren lanak egitetik orkestra zuzendariarenak egitera igaro da eta horrezkero multimediaren komunikazio-egoeren eskakizunetara egokitu behar izan du (eta egokitzen du) euskara bera ere. Baina, sareak etengabeko berrikuntzak ezagutu ditu eta, ikus-entzunezkoen sorkuntzan aditua denak beste sail batzuekin elkarlanean aritu behar izaten du eta baliabideen nahiz produktuen optimizazioak bultzatzen ditu. Antzeko zerbait esaten digu Pilar Faneitek Euskonewsen orrialde honetan: “Interneten garapenak eta Sareko edukien gero eta eskari handiagoak, egoera berri bat sortu dute lan munduan. Gaur egun, kazetari elektronikoak, diseinatzaileak eta programatzaileak elkarren ondoan aritzen dira lanean, mundu guztiarengana iritsi aldera”.

Eta ez hori bakarrik. Hedabide multimedia eta digitalek kazetariei ez ezik euskal hiztunen komunitateari ere aukera berriak eskaintzen dizkiote elkarrekin harremanetan jartzeko, beraien artean komunikatzeko eta hizkuntzaren inguruan berezko unibertso kultural, sozial eta komunikatibo bat eraikitzeko.

Internetek jokoaren arauak zeharo aldatu ditu, eta hiritarrok, ‘zaharkitu’ deitu ez gaitzaten, nahita edo nahigabe, aldaketa horietara moldatzea besterik ez dugu. Horrelaxe da, bai eta horixe bera baieztatzen digu Mark Briggs kazetariak ere: “Aldaketa ezinbestekoa da; aurrerapena aukerakoa, eta iragana geroaren oraina da”.

Esanak esan, trena abiada bizian doa eta badirudi edizio idatzitik edizio digitalera ematen ari den pauso honek ez duela etenik izango! Etorkizuneko web orriaren bila

Argi geratu da Internet-aren eta batez ere World Wide Web-aren zabalkundea nahiko arrazoi direla kazetaritza berria sortzeko. Gure arteko komunikabideak berandu sartu dira sarean baina eta zaila da etorkizunean izango duten proiekzioa antzematea (batik bat joerak ere aldakorrak direlako).

Nire neuk, herrialde honetako beste hedabideen arteko lankidetza eta koordinazioa sustatu behar dituela eta, gure telebista eta irrati publikoaren prestakuntza zibernetikoari jarriko diot arreta.

Eitb.com euskal komunikabide digitalen aitzindaria dugu, korronte berrien lekukoa eta hedabideen erreferentzia. Bere sorreratik milaka dira egunero web orrialdera sartzen direnak. Multimediara begira aurrerapauso itzelak eman baditu ere, etorkizunean traba ugari gainditu beharko ditu (euskararen erabilera erdararen parekoa izatea, nabigazioa erraztea eta infografien erabilera areagotzea adibidez).

2008. urriaren 10ean, EiTB komunikazio taldeak hankaz gora jarri zuen Interneten duen presentzia. ‘Atari handia’ jaio zen, 24 ordutan zehar eduki xumeak baino askoz gehiago biltzen dituen (eta bilduko dituen) webgune interaktiboa. Eduki propioak indartzen saiatzen da eta horretarako baliabide ugari erabiltzen ditu. Horrez gainera, atari berriaren ezaugarri nagusiak hauexek dira: multimedia izaera, interaktibotasuna, unibertsaltasuna, berehalakotasuna, teknologikoki aurreratua izatea eta norberak pertsonalizatzeko aukera dagoela.

Erredakzioan bertan 40 pertsonak egiten dute lan egunero, elkarlanean, euskarazko, erdarazko, ingelesezko eta frantsesezko edukiak sortzen. Gutxi dira euskara hutsean aurkitu ditzakegun hedabideak eta are gutxiago euskara bera erabiliz informatzen diguten albiste agentziak. Horregatik, euskarazko berriak idaztean izaten dute erredaktoreek lan zama handiena.

Lankideen kopuruak handia ematen du. Lanerako orduan, baina, 40 pertsonako lantaldea txiki geratzen da. Honen baitan, askok eta askok orkestra kazetarien agerpena iragarri badute ere (Iban Arantzabal, Goiena Komunikazio Zerbitzuak. Ikus-entzunezkoen Zuzendaria), EiTBk taldekako produkzioan lan egitea erabaki du.

Inoiz ez da berandu eta apurka- apurka irrati-telebistek internetera begira jarri dituzte begiak. Orain, hasiera batean atzerakuntza izan zen horri aurre hartu behar zaio nolabait. Eitb.com-eko Lontzo Sainzek esaten duenez, Interneta euskarri bat izango bailitz ulertzen dugu baina hori baino gehiago da, “beste formatu batzuekin elkarlanean aritu daiteken unibertso multimedia bat”. Kulturak eskaintzen dizkigunak kontsultatu, errezeta gastronomikoak ikuskatu etab luze bat.

Lau kanal eskaintzen zizkigun lehen Euskal irrati Telebistaren webguneak eta orain kanal asko dira atari baten; momentuan momentuko, erabilera anitz aurkitu edo eman diezazkiokegu atariari.

Argazkia: OK-59.

Erabiltzaileek gustuko izaten dute hedabidean bertan parte hartzeko aukera izatea eta eitb.com-en zorte oneko dira behintzat. Foroetan idatzi, Twitter aplikazioarekin mezuak utzi, Facebook-arekin kontaktuak egin... zibernautak edozer egin dezake. Gainera, audientziak EiTB taldeko blogetara (ikusi eguraldiblog eta Zu kazetari blogak) argazkiak, bideoak eta testuak igo ditzake.

Euskal Irrati Telebista gero eta audiobisualagoa bilakatzen ari da eta horrek mesede egiten die taldearen irrati- telebistei. Bide horretan EiTBk kanal berri bat ireki du Youtuben. Google-len zerbitzuaren baliagarritasuna eztabaidagarria da oraindik, ordea. Youtube-ren bitartez, Euskal irrati-telebista bera promozionatu daiteke, baina audientziari begira ez dio webguneari bisitari gehiagorik ematen.

Efektu biral bat sortzeko edo, EiTBk Carlos Soberaren ‘Date el bote’ko hiruzpalau bideo igo zituen sarera. Barregarriak zirela eta sekulako arrakasta izan zuten eta ondorioz audientzia barri bat agertu zen: sarekoa eta internazionala.

Baina ez da dena ona eta ezta positiboa. EITB taldearen webguneak erronka handiei erantzun behar die oraindik orain. RTVEko webgunearekin gertatzen den bezala, hasierako orrialdeak sinplea izan beharra dauka (batik bat nabigazioa errazagoa izan dadin). Honela ez bada, eitb.com-eko bisitariei gertatzen zaiena gertatuko zaie, anabasan galdu egingo direla.

Eitb.com web orriaren kudeatzaileentzat edukien gestoreak dira erronka. Egindakoak kontrolatzeko hiru kudeatzaile izan nahi dituzte, hiru, telebista, irrati eta interneteko edukiak biltzeko. Bildutako guzti horrekin etxeko pertsona guztientzako balio duen “otzara” handi bat sortzea da helburu.

Diotenez, mundu osoa 6 pertsonen arteko harremanak lotzen du. Horixe berau da sare sozialen filosofia, irekiera eta zabalera. Jada ez da lagunen arteko sare sozial soila, bestelako informazioa jaso, bidali eta sareratzeko modu berria da. Eta eitb.com-ek bere erabiltzaileak identifikatu nahi ditu, ezagutu gustukotasunarekin eta hurbiltasunarekin lotutako informazio ulerterraza plazaratzeko.

Multimendia testuen estrategia linguistikoak: eitb.com webgunearen azterketa (PDF)