517 Zenbakia 2010-01-22 / 2010-01-29

Euskobooks

Aipamena. Gogo basatiak. Zer duten animaliek benetan buruan

Egileak: Marc D. Hauser Argitaletxea: UPV/EHU, 2008 Orrialde kopurua: 484 ISBN: 978-84-9860-074-2 Ezaugarriak: Zer pentsatzen dute animaliek? Zer sentitzen dute? Ba ote dute emoziorik? Haserrea, oinazea, errukia sentitzeko gai al dira? Galdera horien erantzunak eskaintzen dizkizu liburu honek, psikologian, biologia ebolutiboan, neurozientzietan eta zientzia kognitiboan egindako aurkikuntzetan sendo oinarrituta. Zientzia-zabalkundeko liburu gehienek animaliak mutur biotariko batean irudikatzen dituzte: edo antropomorfismoan, animalia-itxurako gizakiak balira bezala, edo inolako sentipenik ez duten izaki mekaniko gisan. Hauser, aditu ospetsua da animalien kognizioaren gaian, eta hainbat alorretako emaitzak darabiltza animalien pentsamendua aztertu eta aurkezteko, aurretiazko ustekizunik gabe. Liburu honek argituko dizu nola moldatu dituen hautespen naturalak animalien gogoak: zenbatzen ote duten, nola aurkitzen duten etxerako bidea gauez, zergatik ez duten hitz egiten, errurik sentitzeko gai ote diren, sexua gozatzen ote duten, eta zergatik diren emozio batzuk unibertsalak eta beste batzuk bereziak. animaliak ez dira sentipenik gabeko automatak, ez eta gizakion isla hutsa ere; izaki beregainak dira, izadiaren indar konplexuek gidatzen eta moldatzen dituzte haien burutazio eta gogoak, gureak bezala. Prosa argi, bizi eta dotorea darabil Hauser-ek; David Premack aditu ezagunak ederki laburbiltzen duen moduan, hauxe da emaitza: «bidaia bikain bat animalien gogoetan zehar». Marc D. Hauser: Psikologo eta biologo eboluzionista, Harvard unibertsitateko irakasle katedraduna da Psikologian eta Neurozientzia programan, eta Primateen Neurozientzia-laborategiko zuzendaria. Ikertzaile ezaguna eta itzaltsua da hauser psikologia ebolutiboan, eta baita neurozientzietan ere, hainbat eta hainbat argitalpen espezializaturen egilea. Punta-puntako ikerkuntzaz gain, zientzia-alor hauetan egindako aurkikuntzak idazkera argi eta erakargarriaz zabaltzen ditu jendartean. Honela, Gogo basatiak: zer duten animaliek benetan buruan liburuaz gain, The evolution of Communication (1997), eta Moral Minds: How Nature Designed Our universal sense of right and Wrong (2006) liburu ezagunen egilea da.