515 Zenbakia 2010-01-08 / 2010-01-15

Elkarrizketa

Eduardo Anitua. Medikuntza-doktorea: Zentro aitzindaria gara Europan, ahoko kirurgiaren eta inplantologiaren alorrean

VELEZ DE MENDIZABAL, Josune

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Eduardo Anitua Fundazioak prestakuntza eta ikerkuntza uztartzen ditu. Eduardo Anitua doktorea, Armentiako (Arabako) zentro aitzindariaren burua, mundu osoan da ezaguna ehunak birsortzeko tekniken ondorioz. Aipatutako zentroa, izan are, aitzindaria da biomedikuntzan eta bioteknologian. Urrian, nazioarteko itzal handiko profesionalak ekarri zituzten Vitoria-Gasteizera, Translaziozko Medikuntza Birsortzaileari buruzko Lehen Nazioarteko Sinposiora.

Duela gutxi, zeure izena daraman Prestakuntza eta Ikerkuntza Fundazioa aurkeztu duzue. Nola abiarazi zenuen proiektua? Zenbat denbora eskaini diozu?

Hainbat urte eman ditugu lanean, zientziari, hedapenari, prestakuntzari eta laguntzari lotutako xedeak barne hartzen dituen proiektu hori mamitzeko. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta biomedikuntzaren eta bioteknologiaren alor guztien artean ezagutzak trukatzea du helburu nagusia.

30 urte baino gehiago daramatzazu medikuntzaren eta ikerkuntzaren munduan. Zure ametsetako bat Fundazioa sortzea zen? Ametsa egia bihurtu da, beraz?

Ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alorrean horrenbeste urtetako ibilbidea egin ondoren, hurrengo urratsa Fundazioa sortzea zen, noski. Dena den, ibilbide hori ez dut burutu neuk bakarrik; zorionez, laguntzaile talde bikaina izan dut bidelagun, eta, beraz, guztion ametsa bete dela uste dut...

Fundazioa duela urtebete pasatxo sortu zenuten, eta badakit balorazio sakonak egiteko adina denbora ez dela igaro. Dena den, nolako harrera izan duzue?

Fundazioaren sorreraren berri duela gutxi eman dugun arren, azken hamarkadan buru-belarri aritu gara lanean, prestakuntza –eta hedapen– jarduerak gauzatzen, eta horrelaxe jardun dugu duela urtebete ireki genuen Ikerkuntza eta Prestakuntza Zentroarekin ere. Esan duzun moduan, oraindik denbora gutxi igaro da balorazioak egiteko, baina azken hamabi hilabeteotan gure zentrora zenbat profesional etorri diren eta zein gustura aritu diren ikusita, gure azken balantzea oso positiboa da.

Zein dira Zentroaren helburuak?

Zentroaren helburuen oinarrizko ardatz nagusiak bi dira: prestakuntza sustatzea eta ikerkuntza sustatzea. Ikerkuntzaren alorrean finkatu genituen estrategia-ildoei jarraituz, lehen mailako ikerkuntza –eta garapen– zentroa sortzea lortu dugu. Gainera, kontuan hartu behar da gure teknologia-garapen guztiak zientzialariei helarazten eta jakinarazten dizkiegula. Beraz, argitalpenak kaleratzen sekulako lana egiteaz gain (2008an, 20 artikulutik gora argitaratu genituen nazioartean, eta liburu bat kaleratu eta beste liburu batzuk prestatzen lagundu dugu), nazioarteko 20 biltzarretan baino gehiagotan aurkeztu ditugu txostenak, eta beste horrenbeste unibertsitatetan eman ditugu hitzaldiak. Orain, zentro berriko teknologiei esker, gure hedapen-lana erruz ugarituko da, eta espezialista eta profesionalengandik are hurbilago egongo gara. Teknologia horiei dagokienez, aipatzekoa da zentroak biomedikuntzako telebista-katea duela, besteak beste.

Zenbat profesional ari dira lanean gaur egun Eduardo Anitua Fundazioan? Zer egiten dute?

Une hauetan, lehen etapako kostuak murrizteko, BTIko kolaboratzaile askoren ahaleginari esker ari gara egiten aurrera. Epe laburrean, ikertzaileak eta medikuak ekarriko ditugu, Mikel Sanchez doktorearekin eta nirekin elkarlanean teknika horietako askori buruzko ikerkuntza –eta prestakuntza– proiektuak gauzatzeko, eta mediku taldeen artean eta gizartean hedatzeko.

Gainera, prestakuntza-zentroa denez, mundu osoko profesionalak etorriko dira, ustez... Zenbat mediku prestatu dituzue, orain arte? Nongoak ziren? Zergatik jo zuten zure Fundaziora? Zer ekarpen egin dizkie Armentiako zentroak?

Urtea bukatzeke dagoela, dagoeneko 1.000 bat profesionalek hartu dute parte gure prestakuntza-jardueretan: etengabeko prestakuntza-programetan, bi eguneko egonaldietan eta ikastaro monografikoetan. Mundu osoko (Alemaniako, AEBko, Mexikoko, Italiako, Japoniako...) profesionalak etorri dira, bai odontologiaren alorrekoak, bai medikuntzaren gainerako alorretakoak ere.

Ezagutzak eguneratu eta trukatu nahi dituzte, hitzaldien eta teoriaren bidez, batetik, eta elkarren arteko harremanen bidez, bestetik. Alderdi praktikoa garrantzitsua da –edo, agian, garrantzitsuena– gure ikastaro guztietan lantzen diren gaietan. Gainera, urte luzetako esperientziaren eta know-how edo jakintzen bermea eskaintzen diegu, teknologia mailarik handieneko instalazioez gain. Horiek guztiek balio erantsi handia ematen digute.

Non eta nola kokatu da Gasteiz, zentro berriari esker, munduko medikuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean?

Hirietan garatzen eta finkatzen diren proiektu berritzaile guztiak onak izaten dira beti, irudi aldetik. Gure hirian –eta urrutiago begiratuz, gure herrialdean– zoritxarrez ez dugu baliabide eta oinarri egokirik horrelako proiektuak aurrera eramateko. Zentroak piztuko duen jakin-minak eta erakarriko duen bisitari kopuruak hiria ezagutzera ematen lagunduko dutela uste dut, turismo-hiriburua ez ezik, berrikuntza-gunea ere badela jakin dadin. “PRGFren abantaila eta aukera terapeutikoak uste baino ugariagoak dira”

Zentro berria aitzindaria izan da medikuntza birsortzailea ikertzen eta erabiltzen. Ba al zegoen antzeko zentrorik Nafarroan, Araban, Gipuzkoan edo Bizkaian?

Ahoko kirurgiaren eta inplantologiaren alorrean aitzindariak izan gara nazioartean eta Europan. Gure ikerketak eta garapenak medikuntzaren beste hainbat alorretan ari dira erabiltzen, eta zenbait esparrutan ere ikerkuntza-ildo berriak urratzen hasi dira. Bistakoa da, beraz, oso potentzialtasun handia dutela.

PRGF sistema patentatu duzu. Nolako ekarpena egin dio teknika horrek ehun-birsorkuntzari? Zure fundazioaren lorpenik handiena izan da, orain arte? Zer emaitza ari zarete lortzen? Zer endekatze-gaixotasunetan erabil daiteke bereziki?

Oraindik ez gara bete-betean jabetu irekitako atea berriak eskaintzen dizkigun aukera guztiez. Ikertzaile talde asko lotu zaizkio guk irekitako bideari, eta teknikaren aplikazioak gero eta ugariagoak dira egunez egun. Orain arte inolako konponbiderik ez zuten gaitz batzuen kontrako tratamendua hobetzeko eta, kasu askotan, gaitz horiei aurrea hartzeko urratsak ari gara ematen.

Esan bezala, hizpide dugun teknologian aitzindariak gara. Zaharkitutako edo kaltetutako ehunak birsortzeko aukera ematen du, animalia-jatorriko proteinak edo teknika birkonbinatzaileen bidez lortutako bestelakoak erabili gabe. Aplikazio ugari ditu. Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgian eta inplantologian aspalditik erabiltzen da, eta beste alor batzuetan ere emaitza bikainak lortzen dira: dermatologian, kirurgia plastikoan eta traumatologian, besteak beste. Etengabe eboluzionatzen ari den proiektu “bizia” da gurea, eta aurrerapausoak ematea lortu dugu gaixo diabetikoen azaleko ultzeren tratamenduan, lesio baskularretan, aurpegia gaztetzeko tratamenduan eta beste hainbat alorretan, hala nola, oftalmologian, kirurgia orokorrean...

Teknika iraultzailea izan da, eta oso aurkikuntza garrantzitsua biomedikuntzarentzat. Hazkunde-faktoreen eta zelula amen erabilera hurrengo hamarkadako aurrerapausorik handiena izango da, ezbairik gabe. PRGFren abantailak eta aukera terapeutikoak uste baino ere ugariagoak direla kontuan hartuta, biomedikuntza-teknika horretatik abiatuz, egun puri-purian dauden modalitate terapeutiko batzuetan (adibidez, zelula amen teknologian edo ehun-ingeniaritza) aurrerapausoak ematea lortuko dute, agian.

Zertan zabiltzate une hauetan?

Endekatze-gaixotasunen kontrako tratamendu biologikoetan oinarritutako proiektu liluragarri batean gaude murgildurik.

Behin edo behin adierazi duzunez, orain arte ezezaguna izan den bide aitzindari bat urratu nahi duzue zuen klinikan, hau da, betidanik erabat bereizita egon diren bi esparru uztartu nahi dituzue: laborategiko ikerkuntza eta aplikazio teknikoak...

Medikuntza birsortzailea etengabe ari da eboluzionatzen. Azken 50 urteotan, ikerkuntzaren eta ezagutzaren alorrean izugarri aurreratu eta teknologia berri ugari garatu diren arren, bada konpondu gabeko arazo bat: horiek guztiak aplikatzerakoan, eraginkortasun eta segurtasun handiagoa lortzea eta ustekabeko ondoriorik ez eragitea. Aipatutako jakintza-alorrean benetan aurrera egiteko, ezinbestekoa da lotura-bide berriak aurkitzea jadanik finkatuta dauden alorren eta egun garatzen ari direnen artean. Diziplina anitzeko foroak sortu behar dira, profesionalek ezagutzak hedatzeko, bateratzeko eta trukatzeko aukera izan dezaten. Foro horien adibideak ditugu, besteak beste, zientzia-aldizkariak, mahai-inguruak eta, jakina, berriki egin dugun Translaziozko Medikuntza Birsortzaileari buruzko Sinposioa.

Zein dira zentroaren lan-ildo nagusiak epe laburrerako?

Hazkunde-faktoreak medikuntzaren hainbat alorretan erabiltzea, eta, era berean, artikulazioetako endekatze-gaixotasunetan, begi lehorretan...

Zuk zeuk adierazi zenuenez, egoerarik txarrenean dauden taldeei laguntzeko jarduerak sustatzeko asmoz sortu duzue Anitua Fundazioa. Zein dira talde horiek?

Jadanik erabiltzen hasia den medikuntza mota berri batez ari gara. Ildo horretan, teknika berriak egoerarik txarrenean dauden estatuko zein nazioarteko taldeei helaraztea da gure konpromisoetako bat. Dena den, oso teknika berritzaileak dira, urte askotako ikerkuntza-lanen emaitzak, eta, lehen adierazi dizudan bezala, jadanik hasi dira ezartzen, baina oraindik ez dira erabat hedatu. Gero eta gehiago erabiltzen diren arren, are denbora gehiago beharko da bigarren eta hirugarren mundura heltzeko. “Sinposioan, laborategian lortutako ezagutzak aplikazio klinikoen alorrera eraman dira”

Medikuntza Birsortzaileari buruzko Nazioarteko Lehen Sinposioan, nazioarteko txostengile ospetsuek hartu dute parte. Hainbat gai jorratu dira: besteak beste, zelula ametan oinarritutako ikerkuntza-teknikak. Eta bertaratutako profesionalei esker, alor horretan emandako aurrerapauso eta sortutako erronka berriak ezagutu dira. Zein dira, zehazki?

Lehenik eta behin, sinposio translazionala izan dela azpimarratu behar da. Horrela, terapia birsortzaile berriak gaixotasun edo gaixo talde jakin batzuekin erabiltzeko moduak aztertu eta laborategiko ezagutzak aplikazio klinikoetara hedatu dituen era horretako lehen sinposioa izan da.

Zelula amei buruzko ikerkuntzetan lortutako aurrerabide asko aurkeztu ziren. Egitaraua hainbat bloke handik osatzen zuten. Lehenbizi, zelula ama enbrionarioetan eta pluripotentzial induzituetan oinarritutako azken ikerkuntza-teknikak zehatz-mehatz berrikusi ziren. Halaber, birsorkuntza-teknologia endogeno berriak sakon aztertu ziren, odol-plasmaren eta plaketen bidez sortutako hazkunde-faktoreei erreparatuz bereziki. Era berean, ehunak birsortzeko teknikak transplanteetan (azalekoetan eta trakeakoetan, besteak beste) eta zenbait patologiatan (hala nola, gaixotasun kardiobaskularretan, neurodegeneratzaileetan eta arnasbideetako gaitzetan) izan ditzaketen erabilerak aztertu ziren.

Azkenik, Natividad Calventek, Terapia Aurreratuen eta Transplanteen Zuzendaritza Nagusiko area-buruak, aipatutako jarduerei buruzko araudia zertan den azaldu zuen.

Medikuntzako aurrerapenen berri eman zuen txostenetako bat Damián García Olmo doktorearena izan zen. Zelula amen inguruko entseguei buruz hitz egin zuen. Baina aurrerapen gehiago ere eman ziren ezagutzera...

Horien artean, Damián García Olmo doktoreak zuzendutako azterlana nabarmendu zen, esan duzun moduan. Azterlanaren emaitzak 2009ko bukaeran edo 2010eko hasieran argitaratuko diren arren, Sinposioan azaldu zituen. Zelula ametan oinarrituz, hainbat prozesuren zikatrizazioa hobetzea helburu izan duen munduko lehen entsegu klinikoa izan da. Zelula ametan oinarritutako entsegu kliniko bat osorik bukatzea lortu duen lehen ikertzaile taldea da. Gainera, gantz-ehunetatik lortutako zelula amak erabili dituzte, eta ikerketa gehienetan hezur-muinetik edo odoletik lortutakoak erabiltzen dira.

Juan Carlos Izpisúa ere gure artean izan genuen. Bartzelonako Medikuntza Birsortzaileko Zentroko eta Salk Institute-ren (AEB) Genetika Adierazpeneko Laborategiko zuzendaria da, eta gorputz-atal anputatuen birsorkuntza endogenoaren oinarriak aurkitu zituen, zebra-arrainei buruzko azterlan baten bidez. Aipatutako azterlana Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) zientzia-aldizkarian argitaratu dute orain dela gutxi. Aurkikuntza horri esker, birsorkuntza-gaitasun endogenorik ez duten animaliengan (gizakiarengan, esate baterako) enbrioi-garapenean zehar aktibatutako geneak berriz aktibatzerik ba al dagoen ikertzeko aukera egongo da.

Sinposioan, bestalde, CIEMATek (Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerkuntzen Zentroak) azal-kultiboen aplikazio teknikoetan ama zeluletan oinarrituz eman dituen aurrerapauso handiak ezagutu dira. Kultibo horiek erredura handietan azal autologoa sortzeko erabiltzen dira, eta ultzera kroniko eta diabetikoen tratamenduetan ere bai, emaileen zelulez baliatuta. CIEMATek alor horretan burututako azken ikerlanen xedea zelula ametan oinarritutako terapia eta gene-terapia bateratzea izan da, batik bat azaleko gaixotasun genetikoei aurre egiteko. Ildo horretan, epidermolisiari buruzko entsegu klinikoa abiarazi dute, azaleko gaixotasun arraroa eta oso larria baita, Jose Luis Jorcano doktoreak adierazi zuenez.

Nola joan da sinposioa? Nolako balorazioa egiten duzu?

Gogoeta-lanean murgildurik gaude oraindik, horrelako ekimenak bukatu ondoren komenigarria izaten baita. Dena den, gure balorazioa oso positiboa da, dudarik gabe. Sinposioan zehar, osasunaren eta gizartearen alorreko gaurkotasunez gaiak aztertu ziren, zorroztasun eta interes handiz. Zientzia-programan hizlari bikainek hartu zuten parte, eta bertaratutakoen erantzuna ezin hobea izan zen. Gainera, uste bezala joan zen dena, inolako gorabeherarik sortu gabe.

Profesionalentzako sinposioa izan da. Zer ondorio atera ohi dituzue mediku eta ikertzaileek horrelako nazioarteko topaguneei buruz? Baliagarriak al dira herrialde bakoitzeko teknikak eta lanak konparatzeko eta hobetzeko?

Lehenago adierazi dugun bezala, horrelako topaguneak baliagarriak eta ezinbestekoak dira, medikuntza-alor anitzetan urte luzez egindako ikerkuntzen bidez lortzen diren ezagutzak bateratzeko eta, diziplina anitzei buruzko ikuspegi orokorragoa izanik, aipatutako ezagutzen aplikazio klinikoa hobetzeko.

Lehen sinposioa zeuek antolatu duzue. Jarraipena emateko asmoa duzue?

Bi urtetik behin antolatzeko asmoa dugu. Ahoko Inplantologiari eta Medikuntza Birsortzaileari buruzko Sinposioak txandaka antolatuko ditugu. Izan ere, urteak daramatzagu lehenengoa antolatzen, eta 2010eko edizioa zortzigarrena izango da. Beraz, datorren urtean Ahoko Inplantologiari buruzko Sinposioa egingo dugu, Bilbon, eta 2011n Medikuntza Birsortzaileari buruzko Sinposioaren 2. edizioa, Gasteizen.

Hitzaldiak argitaratu egingo dituzue?

Sinposioko hitzaldiak hain interesgarriak zirenez, gida argitaratu genuen, hizlari bakoitzaren CV, hitzaldiaren laburpena eta argitalpen nagusiak ezagutzera emateko. Hitzaldietara bertaratu ziren guztiei eman genien gida.

Hala ere, kontuan hartu behar da aipatutako profesionalek artikulu ugari argitaratu dituztela zientzia-aldizkaririk prestigiotsuenetan, eta, beraz, nahi dituenak irakur ditzakeela. Eduardo Anitua Aldecoa Medikuntza –eta kirurgia– lizentziatura Salamancako Unibertsitatean (1973-1979). Medikuntza –eta kirurgia– doktoregoa Valentziako Unibertsitatean (2003). Salamancako Unibertsitate Ospitale Klinikoko Aurpegi-masailetako Kirurgia eta Estomatologia Zerbitzuko kolaboratzailea (1979-1981). Estomatologiako espezialitatea Euskal Herriko Unibertsitatean (1981-1983). Protesi –eta oklusio– diplomatura Pankey Institute-n (Florida-USA), Advanced Dental Education mailan (1987-1988). Kide aktiboa da odontologiako, inplantologiako eta ahoko kirurgiako estatuko eta nazioarteko izen handiko 20 zientzia-elkartetan baino gehiagotan. Espezialitateko teknika berritzaileei buruzko zazpi liburu argitaratu ditu hainbat hizkuntzatan, eta beste 4 libururen egilekidea izan da. Hirurogeita hamar artikulu baino gehiago idatzi ditu estatuko eta nazioarteko aldizkarietan (TRENDS, PPAD, JOMI, JOI, Clin.Oral Implant Research, Thrombosis and Haemostasis...). Bostehun ikastaro eta hitzaldi baino gehiago eman ditu inplanteen, protesien eta aho-estetikaren inguruan, estatuko eta nazioarteko biltzarretan (Europan, AEBn, Hego Amerikan, Asian). “Inplantologiako eta Aho Errehabilitazioko Etengabeko Prestakuntza” programaren zuzendaria da. Aipatutako programa Espainian (Gasteizen, Madrilen) eta munduko beste hainbat herrialdetan ari dira ematen: Portugalen (Lisboan eta Oporton), Mexikon (Monterreyn, Mexiko D.F.n, Leonen eta Guanajuaton), Indian (New Delhin eta Bonbain) Italian (Milanen) eta Iran (Teheranen). Biotechnology Institute I mas D, S.L. (1991 - 2006) erakundea da antolatzailea. 1991-1992 ikastaroan, Valentziako Unibertsitateko irakaslea izan zen: Prostodontziari eta Estomatologia Teknologiari buruzko Masterra eman zuen. Irakasle gonbidatua izan da Estatuko unibertsitate ugaritako odontologia-fakultateetan: Bartzelonakoan, Konplutentsekoan (Madrilen), Valentziakoan, Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean (UIC), Sevillakoan, Alfontso X.a Jakituna Unibertsitatekoan (Madril), Granadakoan eta Murtziakoan. Irakasle gonbidatua izan da, halaber, nazioarteko hainbat unibertsitatetako odontologia-fakultateetan. Halaxe jardun du AEBn (Pennsylvanian Tuftsen, Harvarden, New Orleans), Italian (Milanen), Portugalen (Oporton eta Lisboan), Mexikon (Unibertsitate Interkontinentalean), Kolonbian (Javeriana Unibertsitatean), Argentinako Errepublikan (Tucumanen eta Rosarion), Uruguain, Sao Paulon (Brasilen). BTI (Biotechnology Institute) institutuko zientzia-zuzendaria da. Alor pribatuan ari da lanean, Ahoko Inplantologian eta Errehabilitazioan, Gasteizen (Espainian). Eduardo Anitua Fundazioko lehendakaria da.