511 Zenbakia 2009-12-04 / 2009-12-11

KOSMOpolita

ENE sariaren irabazleari elkarrizketa: NABOko Izaskun Kortazar

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Izaskun Kortazar (Sondika, Bizkaia). NABOko euskara koordinatzailea

Izaskun Kortazar Errekatxo Bizkaitarra da eta 2003an maletak egin eta Sondikatik Atlantikoa zeharkatu eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen. Boisen –Idaho estatuko hiriburua- dauka bizilekua. NABOko euskara koordinatzailea lanetan dihardu azken urte eta erditik.

Eusko Ikaskuntzak 1949an ospatu zuen bere aurreneko Euskararen Eguna, eta ordutik, urteroko hitzordua bilakatu da; abenduaren 3an izaten da egun seinalatua. Hasieran ipinitako xedeetariko bat, euskaldunen bihotzetan norberaren mintzairaren amodioa piztea eta hitz egin eta umeei helaraztea izan zen, eta egun ere bizirik dirauen helburua da.

Gainera, erakundeak ENE Saria jarri zuen martxan 2006an, eta 2009ko edizio honetan NABO -Amerikako Estatu Batuetako euskal elkarteen erakundea- izan da saritua egiten duen lan handiagatik. Euskonews Gazteak Izaskun Kortazar NABOko euskara koordinatzailearekin hitz egiteko aukera eduki eta aprobetxatu egin dugu. Boisetik mundura, Euskonews Gaztearen bidez:

Argazkia: Izaskun Kortazar.

Lehenik eta behin Zorionak! Esaguzu, euskarekin erlazionatutako zer-nolako ekimenak burutzen dituzue?

Milesker! Ekimen ugari burutu ditugu euskarekin erlazionatuta. Orain arte egin duguna euskara klaseak zabaltzea izan da; hau da, irakasle berriak lortu ditugu AEBtako hainbat lekutan euskara irakasteko. Azken bi urteotan euskara klaseak sortu dira Mountain Home, Gooding (Idaho), Miami, New York, Chapell Hill (North Carolina), Bakersfield (California) eta Washington D.C.n.

Boisen eta Elkon euskara klase gehiago daude. Oraintxe 200 ikasle heldu dabiltza eta 150 BOGA sistemarekin hasi dira irailetik. Horretarako, irakasle batzuek ikastaro bat egin genuen. Ikasleak isolatuta ez sentitzeko eta euskara praktikatzeko, Moodlen bitartez EHko Ulibarri euskaltegiko ikasleekin mezuak trukatzen ditugu. Esperientzia hau laster AEBetako ikasle guztien artean zabalduko dugu.

Osorik irakuri Euskonews Gaztean