505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30

Efemerideak

Efemeridea. Klaudio Otaegi 1836ko urriaren 30ean jaio zen



Klaudio Otaegi.

Gipuzkoar idazle eta itzultzailea (Zegama, 1836 - Hondarribia, 1890). Maisu ikasketak egin zituen Gasteizen, eta Hondarribian aritu zen eskola maisu 1858. urtetik aurrera. Bonaparte printzearen laguntzaile izan zen, eta Euskal Herriko bidaietan lagundu zion, 1866an batez ere. Haren aginduz itzuli zituen Gipuzkoako azpieuskalki ugaritara, Kristau Dotriñea eta Bibliako zati asko: San Joanen Ebanjelioa, San Markosena, Ruten eta Jonasen liburuak etab. Olerki ugari idatzi zuen Euskal-Erria aldizkarian batez ere, eta gazteleratik, frantsesetik eta ingelesetik itzuli zuen euskarara beste asko. L. L. Bonaparte printzea Otaegiren emaztearen ahizpa batekin ezkondu zen hiltzear zela. Gutun asko gordetzen dira bien artekoak. 1990ean Otaegiren Olerki guztien bilduma argitaratu zuen, Patri Urkizuk.