504 Zenbakia 2009-10-16 / 2009-10-23

Euskobooks

Aipamena. Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak

Egileak: Esti Amorrortu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña Argitaratzailea: Eusko Jaurlaritza Orrialde kopurua: 327 ISBN: 978-84-457-2945-8 Ezaugarriak: Txosten honetan euskararekiko jarrera eta aurreiritziak aztertzen dira. Gizarte eleanitzean gaudela kontuan hartuz eta jarrera linguistikoen gaia fenomeno oso konplexua dela jakinik, batez ere arrakastaz euskaldundu ez diren euskal herritarren jarrerak dira aztergai direnak. Euskararen normalizazioari begira esku-hartze eraginkorra izan dadin, eragin nahi den taldea nolakoa den, eta bereziki gizartearen hizkuntza-egoera nola bizi duen jakin behar da aurretiaz. Badaude zantzuak pentsarazten dutenak euskararen inguruan garatu diren aurreiritzi eta jarrera oker edo kontrajarriek oztopatzen dutela talde batzuen euskarara hurbiltzea. Horregatik lan honen helburua zera da: batez ere arrakastaz euskaldundu ez diren euskal herritarren jarrerak zeintzuk diren eta elebitasunerako mesedegarri eta oztopatzaile diren aurreiritziak arakatzea, batetik, eta jarrerotan zein faktore sozialek eragiten duten antzematea, bestetik. Zehazki, zera jakin nahi da: zein giza talde egon daitezkeen prest euskarara hurbiltzeko eta zer egiteko prest dauden. Amarauna ikerketa-taldea aspalditik ari da hizkuntza eta gizartearen arteko harremanez ikerketa sakonak egiten. Jadanik 1997an UNESCO Etxeak eta Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Munduko Hizkuntzei buruzko txostena egiteari ekin zion, lau helburu nagusirekin (Martí eta beste 2005): munduko hizkuntzen hiztunei harrotasuna, autoestimua eta prestigioa emateko, beren ondare linguistikoa babesten jarrai dezaten; beste komunitate batzuetan emaitza onak izan dituzten esku-hartze, sentsibilizazio eta sustapen-ereduak eskaintzeko; hizkuntzen gaineko mehatxuak salatzeko eta haien kinka larriaz ohartarazteko; eta hizkuntzen homogeneizatze prozesua geratzeko eta alderantzizko joera har zezan ardura eta ahalmena dutenek egitasmo horretan ardura har zezaten. Lan hartan, munduko hizkuntza-ondasunari begira, bai norberaren bai besteen hizkuntzekiko jarrerek hiztunen portaeran zer-nolako garrantzia duten argi azaldu zen, baita saihestu beharreko jarrerak eta aurreiritziak zeintzuk ziren ere.