500 Zenbakia 2009-09-18 / 2009-09-25

Euskobooks

Aipamena. Hitz xuriak

Egilea: Antton Kazabon Argitaletxea: Desclée De Brouwer Orrialde kopurua: 64 ISBN: 978-84-3302-2523 Ezaugarriak: Ez da hitz xuririk Kazabonen poemotan, haurtzaroaren araztasuna baizik. Errugabetasunaren bariazioak balira bezala, xuritasun/ araztasun horien presentzia txirikordatzen da liburuan, hasieratik amaieraraino, izadia eta artea uztartuz, lientzo xuria eta izadiaren bariazio xuriak xuritasunaren sinfonia amaigabean antolatuz, lur elurtuetan bizi direnek hautematen dituzten xuri amaigabeak balira bezala. Bada hondar xuririk, bada olatuaren apar xuririk, bada ke xuri, bada eguzki xuri, bada urki xuri (urkiaren xuri zilarkara hori), bada sagar xuri... xuri dira harriak, elorri-loreak, ardiak, ilargiak, hodeiak, usoak, ur-jauziak, itsas txoriak, zaldiak... eta elurra, xuritan xuri. Eta maindireak, xirulak eta hainbat tresna. Xuriak kolore guztiak biltzen ditu bere baitan, izadi guztia biltzen du, poema guztiak biltzen ditu. Azken batean, xuritasuna esna egoteko modu bat baino ez da: begien xuriak esna, egun xurian. Haurtzaroko araztasuna, gardentasuna... mundua pixkanaka aurkituz, ezaguera argituz. Horixe da poemotako xuritasunaren muinetako bat. Maindiretik maindirera igarotzen da bizitza: sehaska xuritik, hil-ohe xuriz jantzira, eta bien bitartean bizitzak bere bidea egiten du, ilunpean arrasto xuriak utziz, Erpurutxok etxera itzultzeko bidean harrikoxkor xuriak uzten zituen bezalaxe. Ez da hitz xuririk Kazabonen poemotan, zinezko araztasuna baizik.

Juan Kruz Igerabide