476 Zenbakia 2009-03-06 / 2009-03-13

Gaiak

Independentziaz

SAN MIGUEL, Nekane



Virginian idatzitako Konstituziotik hasi, Frantzian 1789 urtean egindako Aldarrikapenetik segi, eta gaur egun indarrean diren konstituzio orotan, Zuzenbidezko Estatuaren oinarritzat eman ohi da Aginteen arteko banaketa. Españan 1978an onartu zenaren baitan ere bada aipamenik, hainbat adituek “aristotelikotzat” duten printzipioaren (“Despota-agintea ez dadin, are eta banatuago, hobe”) ondorio den Aginteen arteko banaketa horretaz. Ia inork ez du zalantzarik egiten aginte metaketa kaltegarria izaki, kontrol zorrotzek bakarrik egingo diotela aurre, eta Kontrolatzailea aginteduna ere izateaz gain, independentea eta gainontzeko botereen eraginetatik urrun behar duela, hori baita bide bakarra agintekerietatik salbu mantentzeko hiritargoa, eta, bai goian aipaturiko oinarrizko arau moduek, bai nazioartean sinaturiko hitzarmenetako edukiek, zuzen antolaturiko botere judiziala ematen dute horretarako berme. Epaileena botere izanik, beste aginte guztien (publiko zein pribatu; politiko zein ekonomiko, gehiengoaren izenean zein oligarkiko) aurrean jendeari beharrezko eta oinarrizko babesa emateko gai behar duela, batez ere botere horiek oinarrizko eskubideak suntsitzeko tentazioan erortzen direnean.

Ferrajoli Maisu handiak, bere lan gehienetan maiz errepikatzen digu epaileagoaren independentziak, inpartzialtasunaren ezinbesteko sostengu den neurrian, jenderen arteko berdintasuna bermatzen duela. Hainbat adituk, legeari (eta legeari besterik ez) lotzean datzala Epaileen independentzia diote, baina urrunago doa Irakasle italiarra: Epailea, ez indarrean dagoen legeari baino Konstituzio eta oinarrizko eskubideak arautzen duenari behar zaiola lotu gogorarazterakoan. Bide horretatik abiatu zitzaigun Lacasta Irakaslea, otsailaren 13an emaniko azalpenetan, epaileak zilegi ez den legearen aurrean izan dezaken papera eta jarreraz gogoetak egiterakoan., zuzenbide zilegiaren bidea ibil genezan gonbidapena luzatuz, aipaturiko ideiak hainbat kritika jaso izan arren, (“ordezko jurisprudentziaren” arriskuak nabarmen jarri ziren garaietan).

Erabakitzeko ematen zaion asunto bakoitzean, epailea “hirugarrena”, arrotza, kanpokoa... behar du inpartziala bada, eta horretarako inoren eraginik ezin izan. Parte ez izate horrek independentziarekin duen loturaren erakusletarikoa, “Niri ez dit inork inoiz esan zein nolako ebazpena eman behar dudan” moduko aipamen inozoa entzuten da maiz, betebehar horretan ari denaren independentzia ahultzeko tresnak, fin eta landuak ez balira moduan:

Argazkia: Bill in Ash Vegas.

http://www.flickr.com/photos/ashevillein/3156631009/

1.- Estatuaren egituran Aginte Judiziala eragile politikoa den neurrian, izan daiteke independente?

2.- Menpekotasun organiko edo eta administratiborik denean, baldintzatzen ote da epaile bakoitzaren ebazpenaren edukia?

3.- Aginte hau edo bestea kontrolatzen dutenek espero duen ebazpenik ez badute, epaile horren lanbide edo “karreran” ondoriorik?

4.- Hedabideek erakusten duten eragiteko gaitasunaren aurrean, nolako aukera du epaile batek bere ohorea mantentzeko, Hedabide Ahaltsu horiek espero edo “agintzen dutena betetzen” ez badu?

5.- Lanerako “uzten” dizkiguten baliabideen kudeaketak (zeinen esku, zenbatekoak, etab.) ba al du eraginik egunero jendeari eman behar zaion zerbitzuan?

6.- Zer esan poliziala judizialik ezean, eta Exekutiboaren menpe dagoen polizia baldin badugu ikerketetarako laguntzaile?

Abarra luzea da, eta ezin ahaztu, aipamenotan, besteak beste, epaileok gure lanean dugun erantzukizuna neurtzeko aurreikusten diren arauek zein oinarri duten, eta ustez gaizki egin izanaren ondorioz ezar diezaguketen zigorrak nola izapidetu eta erabakitzen diren. (Hainbat adibide penagarri gogoan!!).

Otsailaren 13ko jardunaldi horretan, independentzia eta inpartzialtasunean eragin zuzena duten baldintzen artean, goian aipatu gabe geratu den ondokoaz aritu zen Pérez Royo Irakaslea: Zein nolako epaileagoa dugu?, “nongo” jatorrikoa?, nola prestatu eta ailegatu da epaile izatera? Ez zuen ideologia edo partidu jakinei atxikimenduak duen garrantzia alboratu bere azterketan, ezta pentsamoldeek epailetzara ailegatzeko bideak diseinatzerakoan duten eragina ere. Horrek, halaber, guretariko bakoitzak nola ikusten duen bere burua baldintzatzen omen du eta, neurri berean, aritzeko modu baten aukerara eramaten gaitu. Azken baten, zioen, epaileak gizartearen isla direlako, gaur Españan bi partidu politiko nagusien arteko tentsioa erakusten da azaleratzen den liskar bakoitzean, ahaztu gabe, Maisuaren esanetan, PPk ez duela demokraziara jauzi eraginkorra eman oraindik ere.

Munduko Konstituzio guztiak Aginte Exekutiboak edo Gobernuek Epaileekiko duten harremanen inguruko mesfidantza agertu dute, eta aldarrikapen orokorretan epaileak aginte horien aurrean blindatu beharra funtsezko exijentzia bilakatu da, baina hori kontu bat da, eta oso bestelakoa, “Babesleak” beste Ahaltsuen aurrean ganoraz “babestea” .