465 Zenbakia 2008-12-12 / 2008-12-19

Gaiak

Ikastolen mugimendua (1960-1975)

ARANA, Erkuden



Gaur egun hain arrunt bilakatu zaigun ikastolak, non ditu bere sustraiak? zelango eraldaketak ekarri zituen euskal hezkuntzan?... Mordoa dira geure buruari ikastolaz hausnartzean formulatu ahal dizkiogun galderak. Hurrengo lerroetan, ikastolen sorreraren aintzindariez, mugimendua beraren sorreraz eta honen lehen zabalkundeaz, baita ostean etorri zen ikastolen instituzionaltze prozesuaz arituko gara, era laburrean bada ere.

XIX. mendea iritsi arte, Euskal Herrian ezin da esan eskola egiturarik zegoenik, lurralde zatiketa eta ezalfabetasuna nabarmena zen oso; XIX. mendearen erdialdetik gainera, estatu zentralistak bereganatu zituen hezkuntza eskubide guztiak, maisu-maestrak estatuaren menpe geldituz eta erdal hizkuntzari lehentasuna emanez.

Bada, euskal hizkuntza eta hezkuntzaren defentsarako nolabaiteko kultur mugimendua abian zen jada; hizkuntza eta hezkuntza eztabaida gune bihurtu ziren; Eusko Ikaskuntzaren Lehenengo Batzarrean, 1918an, hezkuntza sistema guztia kritikatua izan zen.

Elebitasun kontzepziotik abiatuta, euskal eskola saiakera ezberdinak egin ziren; Bizkaiko auzo eskolak (20. eta 30. hamarkadetan), R.M. Azkueren Bilboko Ikastetxea (1896), M. Muñoaren Donostiako Ikastetxea (1914), herrietako euskal eskolak (20. eta 30. hamarkadetan), jeltzaleek proposatutako Euzko Ikastola Batza (1932).

Argazkia: busymommy.

http://www.flickr.com/photos/busymommy/1338562634/

Gerraostean inposatutako erregimenak, bere ideologiaren eraikuntzari makurtutako hezkuntza sistema ezarri zuen. Donostian, Elbira Zipitriaren eskutik, euskal eskola saio berria aurkituko dugu. 1946an, etxe-eskola izenaz ezagutua. Elbira Zipitriak bere etxeko gelan antolatu zuen eskola, isilean ekinez euskarazko irakaskuntzari; euskal andereño gazteen prestakuntza lanetan ere aritu zen, etxe-eskola gehiagoren lana abian jarriz. Esperientzia aberats honi 1968. urtean eman zitzaion bukaera.

60. eko hamarkadan euskal gizarteak ekonomi, politika eta giza aldaketa ugari bizi izan zituen, modernatze prozesu horren barne euskararen modernatze beharra ere bazegoen, berritze horretan kokatu behar ditugu 60.eko hamarkadan sortzen diren ikastolak eta eskola ideologia berria. Beraz, ikastolak hartu zituen nortasun eta norabidea, euskal errealitate sozio-politikoarekin harreman zuzenean ulertu behar dugu.

Hamarkadaren hasieran leku batzuetan ikastola txiki batzuk hasi ziren martxan: Bilbo (1958); Hernani, Pasaia, Andoain (1961) ; Elgoibar, Irun, Deustu (1962); Orereta, Lazkao, Algorta, Gasteiz, (1963)... 1962an Iruñean lehenengo ikastola saio egin eta segituan poliziak itxi zuen 1964an berriro sortuz.

Hasiera batean ez zegoen indar bateragilerik; gurasoak ikastolen motor eta sostengu bihurtu ziren, ugariak zirelarik elkarlanean saihestu beharreko oztopoak (finantziabideak, azpiegiturak,...). Gurasoen juntak ezarri ziren, ikastolak ondoko herrietara zabaltzearen helburuak zehaztuz eta lanari ekinez. Beraz, ikastolen lehenengo zabalkunde honetan, mugikortasuna ezaugarri nabarmena dugu. Maila ofizialetik ukatuak ziren arren, ikastolak herri bakoitzaren euskal guneak bilakatzen joan ziren, sektore anitzen oniritzia eta elkartasuna bereganatuz.

Hezkuntzarako irakasle euskaldun berria hezi beharra ere bazegoen, andereño arituekin praktiken bidez, Andereñoen Erresidentziak eskaini zuen formazio osagarriaren bidez, ikastaroen bitartez. Emakumezkoen lana funtsezkoa bilakatu zen hezkuntza eraikuntza jaioberrian.

Argazkia: atomicjeep.

http://www.flickr.com/photos/atomicjeep/84547026/

Laburbilduz, hauetxek ditugu 60.eko hamarkadan hezkuntza eredu berriak bereganatu zituen ezaugarriak: hizkuntzaren funtsezko garrantzia, laguntza ekonomikorik eza, izaera herrikoia, afektibotasuna, partaidetza, mugimenduaren tamaina, maila pedagogikoan emandako berrikuntzak, irakasleen formazioa, eta abar.

Ikastolen mugimenduak gero eta zabalkunde handiagoa zuen, Euskal Herriko herrialde guztietara hedatuz; 1969. urtean Ipar Euskal Herriko lehen ikastola sortu zen. Gipuzkoan eta Bizkaian, lehenengoan arinago eta motelago bestean, hamarkada osoan ikastolak herriz herri zabaltzen joan baziren, Nafarroan eta Araban hiriburuetara mugatuta zeuden, data hauetatik aurrera hirietatik herrietara ugaritzen hasi zirelarik.

Hirietako zein herrietako ikastolak inongo baimenik edo izaera legalik barik eratu ziren, eta egoera horretan iraun zuten urteetan zehar. 70. hamarkadak, ikastolen mugimenduari bere ekimenak eta praktikak “normaldu” eta arautu beharra ekarri zion. Eliza instituzionaltze prozesu honetan ikastolei laguntzeko prest agertu zen, horrela Gipuzkokako Ikastolen Federazioa sortuz.

1970.eko Hezkuntza Legeak aldaketa aipagarriak ekarri zituen; ikastolen mugimenduan gatazka eta krisialdia nabaria izan zen, batik bat hurrengo ardatzen ingurukoa: ikastolen konfesionaltasuna eta gurasoen eskubideak, euskara batua ala euskalkiak, ikastolen izaera apolitikoa ala kokatua eta ikastolen burgeskeria.

Krisia gainditzean, izaera legala eskuratzeak, egitura finko eta sendoagoa ahalbideratuko dio ikastolari, bai azpiegiturari dagokionean (eraikin berriak,...) bai eskola antolamenduari dagokionean (titulazioak, funtzioen banaketa,...).

Euskonews 62. zenbakian argitaratutako artikulua.