457 Zenbakia 2008-10-17 / 2008-10-24

Gaiak

Kortak Legazpin: Antzinako lurralde-antolamenduaz

ZALDUA, Luis María



“Ayta jaunac eresten dau elia,

Ama andreac apaynquetan dau obia.”1

Korten eta saroien izaera hirutakoa da. Lehenik eta behin, abeltzaintzarako egokiak izateagatik aukeraturiko guneak dira. Bigarrenik, eremu berezi eta berezituak dira, baina, haatik, ez dira itxitako esparruak. Azkenik, arau edo eskubidetik ere badute, behinola hemengo lurralde-antolamenduaren oinarri izan ziren haiexetatik.

Antzina garrantzitsuak izan arren, egun gure ondarearen alderdi atzendua dira, ordea. Alderik alde, bazterrik bazter, saroien edo korten izena, izana eta izakia aspaldi samar itzali zen, baina horrek ez du esan nahi euren berririk ez dugunik, ezta gutxiagorik ere, non eta Legazpin gainera. Jakin ere badakigu garai batean berrogei kortatik gora zeudela egazpin,2 hau da, batez beste kilometro koadroko korta bat. Gaur, ordea, mendi-gailur batera igoz edo airetik ateratako argazkiei erreparatuz gero nekez ikusten da kortarik, ez dago eite biribila duen esparru handi askorik begibistan.

Jakina, ez gara gu izan Legazpiko kortei lotu gatzaizkien aurrenekoak. Hor daude, besteak beste, Lasa (1964 eta 1970), Ugarte (1976), Díaz de Durana (1998 eta 1998b), Aragón Ruano (2001 eta 2006) eta Ugarte Garridoren (1998 eta 2003) argitalpenak, gauza askotan hemen esandakoen iturburu direnak, baina Díez de Salazar (1985 eta 1993) eta Aierberen (1985 eta 1995) ekarpenak ere ezin dira ahantzi, traskribaturiko Erdi Aroko idazkunen bildumak oso baliabide estimagarria bihurtzen direlako gurea bezalako eginahaletan. Bejondeiela guztiei,3 euren ekimenarekin besteona erraztu dutelako, erruz erraztu ere.

Legazpiko korten garaia joan zen betiko, baina, zorionez, eta esan bezala, euren arrastoa ez da erabat desagertu. Adibidez, Ugarte Garridoren lanari esker, zortzi hausterretza edo kortarri ezagutzen dira gaurdaino, eta, hortaz, zortzi kortaren kokapen zehatza zein zen badakigu; bada zerbait. Baina antzinako korten arrastoa ez da hor ahitzen, idazki zaharrei esker badugulako beste korta askoren berri, eta gehienetan, gainera, onomastikari esker, haien kokapenari antzeman lekioke, gutxi gorabehera bederik.

Jarraitu aurretik, nahasketarik gerta ez dadin, argitu beharrean gaude korta diogunean saroi esan nahi dugula, eta alderantziz, bi hitzek izaki bera izendatzen baitute. Hitzak hizpidea ekarrita, argi dezagun, bide batez, Legazpi korta hitzaren isoglosaren mugan dagoela, hego sortaldeko alderdian egon ere, Zegaman saroi kausitzen delako, nahiz eta han ere korta ezaguna den.4

Orobat, hausterretza edo erdiko guneei bagagozkie, Legazpi mugan baitago: Altzania aldean eta zortzi marrako izarra duten kortarriak daude5 eta hemen, Oñatin bezala, laukoak.6 Zentzu horretan, azpimarratu behar da kortak multzoka egoten direla, eta ez bakarka. Hain zuzen, Legazpikoek ez dute uhartea osatzen, inguruko herrietan ere (Oñatin,7 bi Partzuergoetan, Zegaman, Zumarragan8 eta Gabirian) bazeudelako kortak.9

1. Legazpiko korten estreinako aztarna idatziak 1384koak dira, Seguran sartu zen urtekoak.10 15. gizaldiko agiri bati esker badakigu, ordea, lehenagotik bazirela kortak Legazpin. Oñatiko San Migel monasterioren zaindari zen Gebarako jaunari herritarrek eman zizkioten 17 kortez ari gara. 1433ko testuan jakitera ematen denez, zerrendatzen diren saroiak Segura izaten hasi aurretik eman zizkion Legazpik Gebararren jaunari eta Oñatiko monasterioari, hots, 1384 aurretik.

Urietagaña trikuharria.

Argazkia: Luis Mari Zaldua.

Ildo horretan, diogun, lehen berriak 1305. urtekoak diren arren, Oñatiko San Migel monasterioa 1190erako eraikita zegoela. Aierbek (1985: 518-524) dioenez Gebararren zaindaritza 13. gizaldian zehar gauzatu zen eta 1419. urtean monasterioa Gebara jaunaren jabetza zen dagoeneko.11 Ohar bedi San Migelen lurrak, Gebarako jaunak kudeatzen zituenak, Legazpiraino iristen zirela. Hortaz, atsotitzak dioen bezala, eliza zegienak aldarea, eta aldarea zegienak abadea.

San Miguel lehen gizaldi kristauetako adbokazioen artean omen dago. Are gehiago, 8. gizaldian, San Migel azaltzearekin batera, kristautasuna mendi garaienetaraino iritsi zela uste baitu gaurko zenbaitek, Jimeno Aranguren (2006: 291-293) kasu. Ez bedi ahantz, 10. gizaldian, errekonkistarekin batera, San Migelengan sinesmena biziberritu egin zela eta 12. gizaldia arte indartsu jarraitu zuela.12 Hortik darion ondorioa da Oñatiko monasterioaren hastapenak 12. gizaldiaren amaiera baino lehen atzera litezkeela. Sortu zen unetik San Migel monasterioak ekonomia-euskarria izan zuen, jakina, eta ez dugu behar baino gehiago esan uste Legazpiko kortaren batzuk lehen emate haren zati izan litezkeela diogunean. Guztiarekin, ziur dakiguna da 14. gizaldirako Legazpin kortak zeudela eta, ondorioz, estreinako testigantza hori berantiarra dela, Gipuzkoan saroien idatzizko lehen berriak 11. gizaldikoak direlako (Aralar, 1025. urtea; Heziza zaval, Hezi caray).”

Gatozen berriz 1433. urteko testura. San Migel monasterioak Legazpin zeuzkan saroietan bizi zirenek, Legazpiko auzokide legez, zergak ordain zitzaten nahi zuen Segurak. Esaten zuen, hori egin ezean, San Migel monasterioaren kortetan bizi zirenek ezingo zituztela aziendak larretu zilegimendietan. Izan ere, gainerako Legazpiarrek zergak ordaindu behar zizkioten horregatik Segurari. Ahaide nagusien eta hirien arteko tira-biraz gainera, garbi ikusten da hemen korten eta zilegimendien osagarritasuna, aurkia eta ifrentzua direla alegia.13

Azkenerako, kortetako biztanleek zergak ordaindu behar izan zizkioten Segurari. Gabonetan kitatzen ziren eta bi zerga mota zeuden, korta batzuetan, ortuaz gainera, gari-soroak eta sagastiak zituzten baserriak baitzeuden, eta besteetan baratza zutenak baino ez. Esan gabe doa, orduko urte osoko bizilekuak edo nekazalguneak zeudela saroi askotan. Lasaren (1970: 65) arabera, ordea, litekeena da urte batzuk lehenago etxolak baino ez izatea. Izan ere, 1433ko testuak dio Legazpiarrek kortak eliak bazka zitezen eman zizkiotela Gebararren monasterioari, baina ez, egiten ari zen moduan, baserriak eraikitzeko. Hortaz, garbi dago saroien erabilpena aldatzen ari zela aldi hartan. Baina, zer dela eta?

2. 15. gizaldian biztanleria hazi egin zen. Elikagaien beharra areagotu egin zen eta, ondorioz, ereindako esparruaren handitzearen eskutik, nekazaritzaren loraldia gertatu zen, larre, mendi eta basoen kalterako.14 Lurraren erabilpenagatik gatazka ekarri zuen horrek. Guztiok dakigunez, burdingintzarako lur onak dira Legazpikoak, baina nekazaritzarako, ostera, nahiko txarrak. Ildo horretan, 1412an Legazpiko olagizonek eta baserritarrek hitzarmena sinatu zuten.15 Nekazaritzarako lurrak mugatu zituzten eta badakigu oloa, garia, artatxikia, garagarra nahiz lihoa ereiten zirela.

Bistan da Legazpin ordu arte abeltzaintzarako erabilitako eremuak luberritzen hasiak zirela.16 Jokabide hori 15. gizaldia argitu orduko indartzen joan zen eta, horretarako, jauneriak baserritarrak eraman zituen saroietara, besteak beste, eta esan moduan, janari eza areagotu egin zelako, eta elikagai premia zegoelako. Bide beretik, jabe batzuk kortak ixten saiatu ziren Oñatin 15. mendean.17 Korta asko zuhaitzez bete zituzten eta beste batzuetan baserriak eraiki zituzten.

Beste nonbait esan dugunez, 1433ko auzian Legazpiarrek saroiak San Migel monasterioari abeltzaintzarako, eliak larretzeko, eman zizkiotela aldarrikatu arren, azkenean jauneriaren nahia bete egin zen eta baserritarrak kortetara joan ziren, baserriak eraikiz, baratza eta guzti, noski.

Díaz de Duranarekin (1998: 76-77) batera esan dezakegu garia, artatxikia eta barazkiak ereiteaz gainera, luberrien erabilpena sagasti, haritz eta gaztainondoetara bideratu zela, azken biak burdingintzari, armagintzari eta untzigintzari begira.18 Nolanahi ere den, 15. mendeko baserritarren berriok biztanleria barreiatuaren lekuko dira.

Beaingo hausterretza.

Argazkia: Luis Mari Zaldua.

Hitzak hizpidea ekarrita, zilegi bekigu Oiartzungo adibidea jartzea. Sel de pan de Olayz delako saroiaz ari gara, euskaraz Oguisaroe (1514) delakoa. Behinola “borda” izeneko eraikina zegoen han, abeltzainentzat; 15. gizaldiaren lehen erdian, ordea, baserri bihurtu zen eta jabeak hara joan ziren bizitzera, lurrak emankorragoak zirelako.19 Hortik izena, garia ereiteagatik, alegia.

15. gizaldiaren bigarren zatian, ahaide nagusiek indarra galdu ostean, Gipuzkoan gauzatzen doazen elite berriak saroiei begiratzen hasten dira, burdingintza, untzigintza eta nekazaritzarako batez ere.20 Legazpira etorriz, Elorregiko olagizonek 1524 aldera zituzten saroiak 15. gizaldiaren bigarren erdian eta 16. hasieran erosi zizkieten inguruko jauntxoei, Oñatiko Garibaitarrei eta. Ildo beretik, Legazpiko Zuazola kortaren zatiak 1478an erosi zizkieten Elorregiarrek Garibaiarrei, eta Udanako beste saroi bat ere bai.21

Olagizon eta baserritarren arteko liskarrek 16. gizaldiaren hasieran furi-furian jarraitzen zuten Legazpin. 1527an, auzia berriz ere Valladolideko Errege Kantzelaritzara iritsi zen, eta lekukoek nekazaritzaren aurrerapenaren berri ematen dute. Hori bai, guztia esate aldera, baserri berriak ez ziren beti kortetan eraiki, Legazpiko burdinolen esparruetan ere altxa baitziren, 1531. urtean adibidez.22 Zernahi gisaz, Ugarteren (1976: 452) oinatzetan, 15. gizaldian saroietan bizileku franko ezarri zirela irudi du. Ohar bedi, Arrola, Korostarratzu, Lakiriola, Urtaza, Zabaleta eta Zatui, konparaziora, kortetan sortu diren baserriak direla.

Amaitzeko, diogun 17. gizaldian korta itxiak eta etxez hornitutakoak zeudela Legazpin eta Oñatin. Legazpikoak Oñatiko Lazarraga jauregia eta Gabiriko Agirre jauregiarenak ziren. Lasak (1964: 171) ez daki zehatz-mehatz zenbat saroi zeuden Legazpin orduan, baina itxitako saroi asko aipatzen direla ohartzen du.23

3. Basoak atzera egin eta luberriak sortu ahala behikiak atzera egin zuen. Ez da harritzeko, behiak ongi moldatzen direlako basora, belarra, ezkurra, hostoak, garoa eta itzala ematen baitizkie. Nolanahi ere, 15. gizaldian, artean, behiak eta txerriak larretzen ziren batez ere mendian.24 Saroi bakoitzeko zenbat behi? Gure uste apalez, dozena bat edo bi, asko jota. Laburbilduz, garbi dagoena da Erdi Aroaren amaieran behikiak aparteko garrantzia zuela oraindik hemengo gizartean, ekonomiaren alorrean ez ezik, ohituren esparruan ere bai. Horren lekuko dira hain zuzen idazki honen burura ekarri ditugun Milia Lasturkoaren bertsoak.25

Legazpiko berri zuzenik ez dugu, baina Aragóni (2006: 41) esker badakigu 16. gizaldian (1555, 1562, 1563) Zumarragako saroietan etxolak austerriça-ren ondoan zeudela. Kortetan eliak gordetzen ziren (busto de vacas gehienetan), eta haien ardura maizter delakoarena izaten zen (mayoral), urtero herri-batzarrean aukeratzen zena.Maizterrak vaquero-ak izendatzen zituen azienda zaintzeko, eta haiek zakurrak izan behar zituzten. Etxoletako sua zaintzen zuten, azienda gauean saroietan sartu eta goizean larretzera eramaten zuten, mozo baten laguntzaz.

16. gizaldia arte behiak eta txerriak ziratekeen nagusi mendian, baina 17. gizaldiaren amaieratik aurrera artaldeak ugaritzen hasi bide ziren. 18. gizaldiaren erdia arte behikia gehiago zen oraindik, baina hortik aurrera ardia gailentzen joan zen, agidanez. Ordu arte haranaren barruan behetik gora egiten zen ibilbidea aldatu egin zen eta, haraneko larreak ardi guztientzak aski ez zirenez, artzain batzuk itsasoko larretokiak eta Probintziako hegoaldeko mendietakoak erabiltzen hasi ziren antza.26

Legazpin 1533ko ordenantzek diote de sol a sol ez bazen inguruko herrietako azienda ezin zela herriko mendietan larretu, eta Probintziatik kanpokoak inoiz ez. Orobat 1703ko ordenantzek. Horrenbestez, 12-14 kilometro baino urrutiagotik zetozen aziendek ezin zuten Legazpin larretu. Ohar bedi, Gipuzkoako sortaldean ez bezala, Legazpin Gipuzkoako 1547 ordenantza bete egiten zela.27 Hala, Gipuzkoako azienda nonahi larre zitekeeen, eguzkitik eguzkira, saroiak izanagatik; ez, ordea, mahasti, mintegi, sagasti, baratz eta ezkurdietan. Aragónek (2006: 61) dio arrunki bertako azienda gau eta egun ibiltzen zela mendian, kanpokoa ez bezala, eta uda eta negua haranean bertan ematen zituela, goitik behera eginez.28 Eredu horri trastermitantzia deitzen dio Oiartzungo ikerlariak. Izan ere, udako saroiak eta negukoak haran berean daude. Aldea, badenean, altueran baino gehiago, neurrietan dagoela dirudi.

Arratolako hausterretza.

Argazkia: Xabier Eskisabel.

4. Hausterretza edo kortarriez jardungo gara jarraian, hots, saroien erdiko guneez. 1433ko auziak ebazten du neurri jakinak zituztela Legazpiko kortek orduko, eta haiei eutsi behar zitzaiela.29 Ematen du saroiek lau baztermugarri zituztela kanpoko aldean, eta hortaz, erdiko gunearen gainean lau besoko gurutzea bide zutela. Baina bada pasarte horretan aurreko hori bezain garrantzitsua, edo garrantzitsuagoa, den datua; “austerraça” euskal izena eta aurretik duena, hots “foguera qu’es” zehaztapena.30 Dakigula, korten erdiko gunearen izenaz eta izakiaz ezagutzen den lehen testigantza idatzizkoa da, eta, gure iritzi apalez,31 garbi uzten du behinola zer ziren erdiko guneak, ‘errautsak zeuden tokiak’ (hausterre + tza).

Gatozen orain korten neurrietara. 15. gizaldian bitariko kortak zeudekeen Legazpin, 6 gorabilekoak (udakoak) eta 12 gorabilekoak32 (negukoak). Guztiok dakigunez, gorabila bat 13,72 metro dira eta, hala, 6 gorabileko kortek 82,32 metro lituzkete eta 12koek 164,64 metro. Argi dezagun gorabila batek 7 oin dituela arrunki, eta oin batek 0,28 metro. Haatik, 1433ko idazkunean aipatu gorabilek 10 codo zituzten, eta, dirudienez, codo bakoitzak 10 pulgada, azkenak izan ezik, hark, pulgada bat izan beharrean, lau behatz zituelako. Laburbilduz, Legazpiko udako korten erradioaren neurria 15. gizaldiaren hasieran 60 codo-koa zen. Galdera da codo horietako bakoitzak zenbat neurtzen zuen. Gure iritziz 9 oin zituzkeen, hots, 2,52 metro, nahiz eta testuan besterik iradokitzen den.33 Izan ere, gauza jakina da Legazpiko neguko kortek 151 metroko erradioa zutela, Oñatikoek bezala. Ildo horretan, Araba aldeari bagagozkio, badakigu Larreako kortek (Barrundia) 154 metroko erradioa dutela oraindik, Leispar-koa lekuko.34

Auzoez ari garenez, diogun 1761. urteko Oñatiko Ordenantzek saroien neurketa 9 oineko 60 pertika botata egin zedin agintzen zutela.35 Gaurko neurrietara ekarrita 151 metroko erradioa zuten Oñatiko kortek, hau da, 60 pertika x 9 oin x 0,28 cm edo, bestela esan, 60 x 2,52 m. Arregik (2001: 70) baieztatzen duenez, 150 metro pasatxoko erradioa dute han gaur egun, hau da, 7 bat hektareako azalera. Gehiago da: Oñatiko hausterretza gehienek gurutzea dute gainean eta batek bakarrik du zortzi adarreko izarra.

Gurera etorriz, 1749an Beain izeneko kortan egindako mugarriztatzeak Legazpin zituzten neurrien auzia erabat argitzen du. Hitzez hitz dakargu honera aditu batek aditzera eman zuena:36

“... que ha puestto en su centtro una / piedra cenizal que lebantta como dos pies de la / superficie de la tierra en sus quattro esquinas ha / puesto las quattro piedras nuebas que le hacen caja / a dicha piedra zenizal quedando dichas piedras an / tiguas en su ser y esttado donde estaban y dicha pie / dra nueba, zenizal pegante a la anttigua tiene / la distancia de un pie a la que se le hizo una / cruz en cima, y hauiendose informado dela / costumbre de la medida de los seles de estta villa / que pies tenia la perttica o bara le aseguraron / que dicha medida usada en dicha villa para la / medida de los seles se hallaua en la torre de / Elorregui de estta villa una raia que tiene seis / baras que componen diez y ocho pies y hauiendo / puestto una bara larga de los diez y ocho pies em / epezo a medir dicho sel tirando lineas desde dicha /... (...) ...en la medida acostumbrda en estta / dicha villa empezando desde la piedra zenizal / en treintta baras de la medida espresada...”.

Hori argiturik, eta 15. gizaldira itzuliz, atentzioa ematen du, 1433an, mugarriengatik sorturiko arazoak konpontzeko eskumena monasterioko abadearena izateak. Horrez gainera, saroiak bata bestearen gainean egon zitezkeen galdetzen zaio Probintziari, Erdalarasko kortaren arazoa argitze aldera, “Estellako San Juan” etxeraino iristen baitzen. Segurak eraikin hori beste saroi batean zegoela esaten zuen (monasterioarena ez zena?).

Nahiz eta Legazpin honen berririk ez dugun, atal hau amaitzeko zilegi bekigu Oñatin Lasak (1964: 163) bilduriko kontakizuna ahotan hartzea, korten nondik norakoa ulertzeko lagungarri delakoan baikaude. Agidanez, hazitako zezenaren jabeak San Joan gauez aberea zegoen tokia bereganatzeko eskubidea omen zuen. Zezena kortarrian (erdiko gunean) lotuta egoten omen zen inguruko behi guztientzat, eta horrek ematen omen zion, hain justu, jabego eskubidea zezenaren nagusiari.37

5. Arestian esan dugu Legazpin 40 kortatik gora zeudela behinola. Horien artean 1433ko testuan zerrendatzen diren 17ak daude,38 14 udarakoak eta 3 negukoak.39 Harreta pixka bat opa diona konturatuko da udarakoen eta negukoen artean aldea handi samarra dagoela. Halaber, atentzio ematen du San Migel monasterioaren kortaon erdia baino gehiago Korostiaga-Arrolamendi-Lakidiolamendi40 aldean egoteak,41 Legazpiko ifar-sartaldean hain zuzen. Ez bedi ahantz korta haietan baserri asko eraiki zirela, lehen aipaturiko Arrola, Korostarratzu, Lakiriola, Urtaza eta Zatui lekuko.

Oñatiko San Migel monasterioak 1433. urtean Legazpin zituen kortak

1. Elorregui, 2. Udanagoytia, 3. Ybarate, 4. Gorostarraçu, 5. Laquidiola, 6. Pagobacoyçaga, 7. Arrola, 8. Biçiola, 9. Arriçabala, 10. Olaverría, 11. Mayoyçurrarena, 12. Çatuyartebeetia, 13. Ançuolaras, 14. Oroyvia, 15. Erdalaras, 16. Urraça, 17. Areysgoyenaga.

Hauek dira, gehiago luzatu gabe, Legazpin idoro ditugun kortak, estreinako agerraldian dauden gisa, ondoan urtea eta iturria dituztela. Oso litekeena da gehiago izatea eta, bestalde, ez litzateke harritzeko hemen biltzen ditugunen artean aleren batzuk errepikatuta egotea:42

Ameztegui (1547; Ugarte Garrido, 2003: 6), Anteigoisena43 (1494; Lasa, 1970: 65), Ançuolaras (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Ançuolaras-gotya (1483; Aierbe, 1995: 126), Areysgoyenaga (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Arratola (1401; Ugarte Garrido, 2003: 10), Arriçabala (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Arrola (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Arrupe44 (1483; Aierbe, 1995: 124), Bederatziiturrieta 45 (1547; Ugarte Garrido, 2003: 15), Biain (1547; Ugarte Garrido 2003: 16), Biçiola (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Cortachipi (1556, LUA, C 166/13), Elorregui (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Eraunzabal (1843; Ugarte Garrido 2003: 22), Erdalaras (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Estrulaçia (1401, Aierbe, 1995: 29), Frantxikorta (1843; Ugarte, 1976: 470), Gorostarraçu (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Ybarate (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Illuntziaga (1401; Ugarte Garrido 2003: 29), Insusolaza (1520; Ugarte Garrido 2003: 29), Ireagoneta (2) (1814; LUA, C 865/13), Jandoain (1401; Ugarte, 1976: 468), Juanperezkorta (1547, Ugarte Garrido 2003: 32), Laquidiola (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Larrasoro (1483; Aierbe, 1995: 128), Mayoyçurrarena46 (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Olaverría (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Ollariaga (1507; Ugarte Garrido 2003: 44), Oroyvia (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Pagobacoyçaga (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Patrinasariz (1483; Aierbe, 1995: 128), Pikandiain (1430, Ugarte Garrido 2003: 47), Sarasola (1777; Ugarte Garrido 2003: 49), Tenuola (1483; Aierbe, 1995: 127), Trikuetxeta (1547; Ugarte Garrido 2003: 50), Udana (1483; Aierbe, 1995: 133, 135), Udanagoytia (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Uegoneta (1532; Ugarte Garrido 2003: 52), Urieta (1483; Ugarte Garrido 2003: 52), Urkidi (1614; Ugarte Garrido 2003: 52), Urraça (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Çabaleta o Cortamuno (1483; Aierbe, 1995: 127), Çatuyartebeetia (1433; Díez de Salazar, 1993: 208), Satuy (1580-1583; VETX, C 1138/5) eta Zuazola (1478; Díaz de Durana, 1998b: 31).

Jabeei doakienez, lehenik eta behin, gogora dezagun Gebararrenak eta San Migel monasterioarenak ziren 17 kortak behinola Legazpiarrenak izan zirela eta 1384ko idazkian ere horixe esaten dela, alegia, Legazpiarrek saroiak zeuzkatela. Bistan da eskuz aldatzen zirela kortak eta, horren lekuko, 1543an, Oñatiko konteak eta monasterioak 1433ko auzian ahotan hartzen diren 17 kortak udalari saldu zizkioten.47 Zernahi gisa, Oñatiko jaun horiek 17 korta baino gehiago zeuzkaten Legazpin, konparaziora, 15. gizaldiaren amaieran Gebararrek monasterioaren zenbait korta saldu baitzituzten.48 Bestalde, Anteigoisena korta San Migel Monasterioarena zen 1494an eta 1553 urtean Satuy korta eta hango etxea ere bai. Ildo beretik, 1556an Lope Zabalok Corta-chipi saldu zion herriari.

16. gizaldiko salmentekin jarraituz, María Martínez Elorregikoa alargunak 1556an Muña Zurraga korta saldu zuen, eta hurrengo urtean Arrizabalaga (Gorostiaga) izeneko bestea. Aurrenekoagatik Gaztelako 900 erreal eman zizkioten. Lasari (1964: 171) esker badakigu 17. gizaldiaren erdi aldera Oñatiko Lazarraga jauregiak eta Gabiriko Agirrekoak kortak zeuzkatela Legazpin. Beste lekukorik ez aipatzeko, zilegi bekigu gogoratzea 1749an Beain izeneko korta mugarriztatu zuela Legazpiko udalak.49 Horrez gainera, badakigu 1767-1772an Insusolaza korta Lazarragako jaunarena zela. Hortaz, herria (edo udala) eta jauneria izan dira (hala bertakoa, nola kanpokoa) Legazpiko korten jabe. Azkenik, hemengo berririk ez dugu, baina Oñatin, gaurdaino iraun duten korta gehienak Sotomayor-eko dukearenak dira, hots, Lazarragatarren oinordeenak.50

Arratolako hausterretza.

Argazkia: Xabier Eskisabel.

6. Toponimiaren laguntzaz, bizpahiru izan ezik, korten kokapenari antzeman lekioke eta, hemen ere, Ugarte Garridoren (2003) zordun aitortzea baino erremediorik ez dugu. Gainera, arestian esan bezala, bost hausterretza ere aurkitu ditu hark Legazpin eta horri eskerrak bost korten kokapen zehatza zein den badakigu. Orobat Oñatin dagoen Arratolako kortarriarekin, erdiko gunea han egonagatik, kortaren zati handia Legazpin dagoelako. Ez da harritzeko, korten ezaugarrietariko bat horixe baita, herrien arteko mugez gaindi egotea, hots, bi udalerriren arteko mugek ez eragitea. Alde horretatik megalitoekin dute antza kortek. Legazpin badira beste herri batzuekin mugan dauden saroi gehiago. Besteak beste, hauek ezagutzen ditugu, goian aipaturikoaz gainera: Pagobakoitzaga (Legazpi-Antzuola), Juanperezkorta (Legazpi-Antzuola), Estubiolatza (Legazpi-Gabiria), Trikuetxeta (Legazpi- Oñati), Frantxikorta (Legazpi-Oñati), Erdalarats (Legegazpia-Oñati), Jandoain (Legazpi-Oñati), Illuntziaga (Legazpi-Oñati) eta Intsuntsolatza (Legazpi-Zegama).

Galdera askoren artean batek kezkatzen gaitu: zer dela eta dira auzoak saroiak eta megalitoak? Legazpin zortzi megalito idoro dira gaurdaino, horietako bat Oñatiko mugan, baina badira beste hiru Legazpitik oso gertu, bi Antzuolan eta bestea Zerainen. Guztira hamabi megalito daude Satui-Arrolamendi (5) eta Brinkola-Zegama megalitotegietan (7), hau da, bost tumulu, sei trikuharri eta zista bat. Bost tumuluetatik lau Satui-Arolamendin daude.51 Bidenabar, ez bedi ahantz ez dela cromlech edo mairubaratzerik aurkitu Legazpin eta inguruetan, ezta menhir edo mugarriluzerik ere. Zentzu horretan, alde nabarmena dago Gipuzkoako ipar-sortaldearekin alderatuz gero.

Hauek dira hamabi megalitoak: Aizaleku (trikuharria), Amutxanda (trikuharria), Arratolagaña (trikuharria, Legazpi-Oñati), Arrolamendi I (tumulua), Arrolamendi II (tumulua, Antzuola), Arrolamendi III (tumulua, Antzuola), Irumugarrieta (tumulua), Irumugarrieta II (zista), Jentiletxe (tumulua, Legazpi-Oñati), Oamendi (trikuharria, Zerain), Urietagaña (trikuharria) eta Korostiaga52 (trikuharria).

Megalito horiek guztiak kortaren bat edo bat baino gehiago dituzte ondoan. Gehiago da: arreta pixka bat opa diona jabetuko da megalito batek baino gehiagok ondoko korten izen bera dutela (Arratola, Arrola, Urieta). Ez da harritzeko, Jose Migel Barandiaranek (1935: 397) aspaldi samar azpimarratu baitzuen gertutasun hori. Baina azter dezagun sakonago korten eta megalitoen hurbiltasuna Legazpin (ikus 1 koadroa).

1 Koadroa. Korten eta megalitoen arteko aldea Legazpin53

Horrenbestez, megalitoen erdia baino gehiago kortetatik 400 metro edo gutxiagora daude, eta bostetik lau 600 metro baino gertuago. Uste dugu, gainera, Zeraingo kortaren bat Irumugarrietako tumulu eta zistatik oraindaino zerrendatu ditugunak baino gertuago egon litekeela, baita Oamendiko trikuharritik ere.

Legazpiko batez besteko hori ez da harritzeko, gaur arte, hemendik kanpo ere idoro dugunarekin bat baitator. Zentzu horretan, elkarren ondoan egonagatik, ez dirudi Legazpin ere, korten barruan megalitorik dagoenik. Hala berean, megalitoak beti saroien gainean daude, eta ez azpian. Berriz diogu: uste dugu hori guztia ez dela halabeharrezkoa, Gipuzkoako beste eremu batzuetan orobat agitzen baita. Etsenplu bat ekarriko dugu diogunaren lekuko.

7. Legazpirekin alderaketa egiteko erabiliko dugun lurraldea Gipuzkoako Ipar-sortaldea da. Eremu hori Leitzaran eta Oria ibaiek mugatzen dute sartaldetik eta Bidasoak berriz, sortaldetik. Iparraldera Bizkaiko itsasoa dago eta hegoaldera (eta sortaldera) Nafarroa. 320 kilometro koadro ditu guztira54 eta hamalau herrik osatzen dute: Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Donostia, Hernani, Urnieta, Andoain, Astigarraga, Oiartzun, Pasaia, Lezo, Errenteriak, Hondarribia eta Irunek.

Han dauden saroi-multzo edo eliak zazpi dira55 eta, orotara, 184 saroi aurkitu ditugu orain arte haietan: Akola-Untzue (16), Jaizkibel (17), Oiartzun (49), Artikutza (2), Igeldo (18), Txoritokieta (6), Urritzaga-Aldura (16), Adarra-Mandoegi (58), Buruntza (2). Saroien batez bestekoa, hortaz, kilometro koadroko 0,57koa da.56 Azpimarratu beharra dago kokatu ditugun 91etatik 76 saroi 0-500 artean daudela.57 13 saroitan hausterretza aukitu dugu eta multzo guztiek dituzte megalitoetatik gertu dauden saroiak, Buruntzakoak izan ezik. Diogun, azkenik, saroiotako batzuen idatzizko lehen aipamenak 12. gizaldikoak direla.

Megalitoguneei doakienez, eremu horretan 70 daude egun.58 Bistan da, honenbestez, megalitogune ugari dituen lurraldea dela, Gipuzkoako beste eremu gehienekin alderatuz gero behinik behin. 2002ko Karta Arkeologikoaren arabera, tumuluak (4), trikuharriak (29), mairubaratzak edo harrespilak (30), zistak (2), menhirrak (2) daude hango megalitoguneen artean,59 batzuetan multzo megalitikoetan biltzen direnak (3). Megalitotegi gehienak 500 metro baino beherago daude60 (%65), baina 600-800 metro artean daudenek ere garrantzizko multzoa osatzen dute (%28).61 Irun, Lezo, Pasaia eta Lasarte-Orian ez da megalitogunerik aurkitu orain arte. Izan ere, hutsunea sumatzen da eremu horretan. Guztiarekin, megalitoguneen erdia baino gehiago Oiartzun-Hernani-Urnieta-Elduain ardatzean dago. Bidenabar, diogun Burdin Aroko herriska ere badela, Buruntza mendiaren gailurrean hain justu. Ez dago megalitorik ondoan.

37 dira megalitogunetatik bereziki gertu dauden saroiak, eta, orotara, nahiko hurbil dauden 55 saroi ezbedinekin lotu ahal izan ditugu 70 megalitoguneak.62 Megalitoguneen ondoan dauden saroien erreferentziak zehatzak dira hein handi batean.

Erdiko gune ezaguneko saroiak alboan dituzten 20 megalitoguneetatik saroi horietara dagoen distantziaren batez bestekoa 355 metrokoa da. Baserriak dituzten saroiak gertuen dauzkaten 33 megalitoguneetatik saroietara dagoen distantziaren batez bestekoa 733 metrokoa da, baina 8 alde batera utziz gero, 423 metrora murrizten da. Hirugarrenik, toponimoak lekukotzat dituzten saroiak ondoan dauzkaten 17 megalitoguneetatik saroi haietara dagoen distantziaren batez bestekoa 530 metrokoa da; dena dela 1 kenduta 459 metrora txikitzen da.63

Arratolako hausterretza.

Argazkia: Xabier Eskisabel.

Orotara, 70 megalitoguneetatik saroietara dagoen distantziaren batez bestekoa 539 metroko da, baina 9 megalito alde batera utziz gero (12,85%) 412 metrora jaisten da zifra hori. Gehiago da: megalitoguneen %30 saroietatik 0-300 metro artean dago eta hainbateko hori bikoiztu egiten da aldea 500 metrora zabaltzean, megalitogune guztien %60 saroietatik alde hori baino gertuago baitaude. Guztiarekin, megalitoguneen %81 saroietatik 0-700 metrora dago.64

Eta zein da hortik darion ondorioa? Gure uste apalez, megalitoetatik gertu dauden leku hoberenak saroiak izan direla askotan, besterik ez.65 Hoberenak norentzat, zertarako? Abeltzainentzat, azienda gordetzeko, zentzu zabalenean. Horrek ez du esan nahi saroiak megalitoen garaikideak direnik, ez, baina, haatik, ez dugu uste, megalitoak eraiki zituzten garaian, haietatik hurbilen zeuden abeltzaintza-toki onenak beste batzuk zirenik, hots, geroago saroi bihurtu ziren haiek berak ez zirenik. Hortaz, uste dugu saroi batzuk megalitoen garaiko abeltzaintzaguneen oinordeak direla, zenbait saroitan iraun dutela orduko gune batzuek. Horrek, bereizkuntza honetara garamatza: saroiak, proto-saroiak eta saroi-aurrekoak. Saroien arrastoa Erdi Aro Goiztiarraren amaieran hasten da eta proto-saroiena Erromatarren garaikoa izan liteke, nahiz eta hori oraindik behin betiko egiaztatzeko dagoen.66 Hirugarrenik, saroi-aurrekoak daude, denboraren buruan saroi bihurtu ziren historiaurreko abeltzaintza-guneak liratekeenak. Jakina, besterik da saroi guztiak saroi-aurrekoetan egotea, eta guk ez dugu uste horrela denik, esan nahi baita saroi asko eta asko ez direla saroi-aurrekoen ondorengoak, ezta proto-saroienak ere, Erdi Aroko bi aldien mugan finkaturiko guneak baizik.

8. Bistan da, beraz, hats handiko auzia den arren, oso gutxi dakigula oraindik saroien jatorriaz. Horregatik da hain garrantzitsua saroien azken aztarnak zaintzea, ahal izanez gero, berriak aurkituz. Gauza gordea urre gorri. Legazpira etorriz, eta beste nonbait esan dugunez, batek baino gehiagok kortak ikertu dituen arren, galdera mordoa dago oraindik argitzeko. Ondoko hauek erakusgarri batzuk baizik ez dira, sail luzeagoa ere ekar litekeelako: zenbat korta zeuden Legazpin? Eite berekoak al dira kortarri guztiak? Eta hausterretzak, nolakoak ziren egiazki Legazpin? Zein zen korten eta mendiko burdinolen arteko auzotasuna? Antzinako burdinolarik ba al da korten barruan?

Aurreko horiek gutxi ez eta, beste galdera batekin amaituko dugu. Legazpiko Santa Maria elizaren eta korten arteko loturaz da. Eliza, 15. gizaldirako eraikitakoa, 18. gizaldiaren hasieran berritu egin zuten, eta lan hori ordaintzeko garaian istiluak sortu ziren. Ingurumari horretan, auzira deitu zuten lekuko batek honakoa esan zuen, hitzez hitz:67 “Y que en tiempos antiguos y antes que huviese Yglesia en la dicha Villa de Legazpi el sitio a donde se halla fue sel de ganado de Segura. Y que despues de hauerse fabricado Yglesia...”. Testuak honela darrai: “Y que esto selo oyo dezir a Bartolome de Lezea su padre que murio veinteycinco años poco mas o menos, y a tiempo tendria sesenta y ocho, y aquel asi habia oydo dezir a otros mayores”. Ezinezkoa ez ezen, litekeena ere bada, zergatik ez. Baina, egia balitz, zein da Legazpiko eliza eraiki zen korta? Ahotan hartu ditugun korten artean al dago? Bistan da badugula zer ikasi oraindik antzinako lurralde antolamenduaz oro har, eta Legazpiko kortez bereziki. Eta zer da jakitea, nork bere burua ezagutzea baino?

Kortak Legazpin: Antzinako lurralde-antolamenduaz - Ikusi bideoa

9. Bibliografía

AGIRRE MAULEON, J & IBAÑEZ, A. (1995): “Gorostarbeko saroea (Urnieta)”, Arkeoikuska (1995), 211-214.

AGIRRE MAULEON, J., FLORES, M. & SAN JOSE, S. (1996): “Mendabioko saroea (Urnieta)”, Arkeoikuska (1996), 142-144.

AGUIRRE SORONDO, A. (1991): “Primeros datos de difuntos en Lazkao”, Lazkao 8.

AIERBE, M. R. (1985): Historia del Condado de Oñate y Señorío de los Guevara (s. XI-XVI), Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia.

——— (1995): Documentación medieval del Archivo Municipal de Legazpia (1290-1495), “Fuentes Documentales Medievales del País Vasco” bilduma 60, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

ALTUNA, J. & ARMENDARIZ, A. & DEL BARRIO, L. & ETXEBERRIA, F. & MARIEZKURRENA, K. & PEÑALVER, X. & ZUMALABE, F. (1990): Gipuzkoako Karta Arkeologikoa, Munibe aldizkariaren 7. eranskina.

ALTUNA, J. & DEL BARRIO, L. & MARIEZKURRENA, K. (2002): Gipukoako Karta Arkeologikoa. I eranskina (GKAI), Munibe aldizkariaren 15. eranskina.

ARAGÓN RUANO, A. (2001): El bosque guipuzcoano en la Edad Moderna, aprovechamiento, ordenamiento legal y conflictividad, Munibe 14. eranskina.

——— (2006): “Ganadería, trastermitancia y trashumancia en los territorios vascos en el tránsito del medievo a la modernidad (siglos XV y XVI)”, Cuadernos de Historia Moderna 31, 39-61.

ARREGI, M. (2001). “Kortak”, in Oñati oinez, Oñatiko Udala, Oñati.

BARANDIARAN. J. M. (1935). “Vida pastoral vasca. Albergues veraniegos. Transhumancia intrapirenaica”, Anales del Museo del pueblo español 1 (1-2), 88-97.

BARANDIARAN, F. (1955): “La vida pastoril en Brinkola y Telleriarte (Legazpia)”, Anuario de Eusko Folklore 15, 123-147.

DÍAZ DE DURANA, J. R. (1998a): “Transformaciones en la titularidad y aprovechamiento de los seles en Guipúzcoa (1450-1550)”, Zainak 17, 19-31.

——— (1998b) “Aproximación a las bases materiales del poder de los Parientes Mayores guipuzcoanos en el mundo rural: hombres, seles, molinos y patronatos”, in La Lucha de Bandos en el País Vasco: de los Parientes Mayores a la Hidalguía Universal. Guipúzcoa, de los bandos a la Provincia (siglos XIV a XVI), Díaz de Durana, J. R. argitaratzaile, Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzua, Bilbo.

DÍEZ DE SALAZAR, L. M. (1985): Colección diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo I (1290-1400), “Fuentes Documentales Medievales del País Vasco” bilduma 6, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

——— (1993): Colección diplomática del Concejo de Segura (Guipúzcoa) (1290-1500). Tomo II (1401-1450), “Fuentes Documentales Medievales del País Vasco” bilduma 47, Eusko Ikaskuntza, Donostia.

——— (1997): Ferrerías guipuzcoanas, Dr. Camino Institutua, Donostia. Aierbe M. R. argitaratzaile. ETNOGINTZA (1997): Segurako Mapa E. 1:7.500, Donostia, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila & Segurako Udala. Toponimia: J. J. Furundarena & L. M. Zaldua.

——— (1997): Zegamako Mapa E. 1:10.000, Donostia, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila & Zegamako Udala. Toponimia: J. J. Furundarena & L. M. Zaldua. GARMENDIA LARRAÑAGA, J. (1976): De Etnografía Vasca (cuatro ensayos), Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Donostia.

LASA, J. J. (1964): “Las luchas en torno a los seles y caseríos de Albitxuri”, in Homenaje a Don José M. Barandiarán, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, aurreneko liburukia, 157-188.

——— (1970): Legazpia, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia. MITXELENA, K. (1990 [1964]): Textos Arcaicos Vascos, Minotauro, Madril.

PERURENA, P. (1993): Euskarak Sorgindutako Numeroak, Kutxa fundazioa, Donostia.

——— (2007): Dakiguna ikasten, Alberdania, Irun.

UGARTE, F. M. (1976): “Los seles en el Valle de Oñate”, Boletín de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País 32, (3-4) 446-498.

UGARTE GARRIDO, J. L. (1998): Urretxu eta Zumarragako Toponimia, “Onomasticon Vasconiae” bilduma 18, Euskaltzaindia, Bilbo.

——— (2003): Legazpiko toponimia, Legazpiko Udala, Legazpi. 1: 12.500 mapaz hornituta dago.

———(2004): “Monumentu megalitikoak eta toponimia”, Munibe 56, 105-111.

ZALDUA, L. M. (1996): Saroeak Urnietan, Kulturnieta, Urnieta.

——— (2000): “Seles en Vasconia”, in Ganadería y pastoreo en Vasconia, “Atlas Etnográfico de Vasconia” bilduma 11, Etniker Euskalerria & Eusko Jaurlaritza, Bilbo.

——— (2007): Saroiak eta kortak, egileak berak argitaratua.

1 Milia Lasturkoaren bertsoak, 15. gizaldiaren lehen erdikoak.

2 Ugarte Garridok dio laurogei bat zirela.

3 Manu Arregi eta haren anaiari, Xabier Eskisabeli, Josu Garaialderi, Jon Lizasori, Xabier López de Munaini eta Jose Luis Ugarte Garridori eskerrak eman nahi dizkiegu euren lankidetzagatik.

4 Ildo horretan, Urbian Perusaroi nahiz Erdikosaroi toponimoak daude, Oltzan Saroizarra, eta Partzuergo txikian ere saroi dukegu Eriberrizarobea / Elurzurissaroa). Bestalde, Kortaegi eta Kortaberrirekin batera, Saroea eta Saroebide daude Seguran, eta Idiazabalen, korta agertuagatik (Kortazabal), saroi gailentzen da (Saroizarra...). Azkenik, Zumarraga eta Urretxun korta baizik ez da azaltzen. Arabari doakionez, Asparrenan Azkasaroi, Pisadasaroi, Saroizar eta Sarotxo ditugu Aratz-Umandia mendi-lerroan, Altzaniatik gertu. Donemiliagan, ostera, badaude Saroitxu eta Saroizar, bai, baina Laskorta-ren ondoan daude, Narbaxa-Axpurun hain justu. Bide beretik, Entzia-Iturrietan - gorta (Lexargorta) dugu eta Barrundian -korta (Monchencorta, Larrea). Ikus Zaldua (2006: 73-77).

5 Guk Otadimendi (Ugatzerreka), Larrebilgoikoa, Larrebilbekoa (Iramendi), Leotarangoikoa, Atxukoaldai, eta Talaigorrikoak ezagutzen ditugu.

6 Alkorta da salbuespena, Manu Arregik idoro dituen gainerako 27 kortarriek lau beso baitituzte gaineko aldean.

7 100 korta zerrendatzen ditu Ugartek (1976); 2001. urtean 40k gordetzen zuten forma biribila Arregik (2001: 70) dioenez.

8 Pagaola, Aseguinolaza, Zubiletagaina eta Zubiletagoitia saroiak aipatzen ditu (1563. urtean) Aragón Ruanok (2006: 42).

9 Oso litekeena da Zerain eta Mutiloan ere saroiak egotea.

10 Hitzez hitz dakargu Díez de Salazarrek (1985: 91) argitaraturiko 14. gizaldiko idazkunaren pasartea: “ pero ponemos que todos nuestros bienes asy montes / e tierras commo seles e aguas e prados e pastos e yerbas que finquen para nos libremente para fazer d’ellos lo que quisiéramos syn parte del dicho conçejo...”.

11 Aierbe (1985: 524).

12 Jimeno Aranguren (2006: 310).

13 Gauzak nola diren; mendi eta kortetan azienda larretzeagatik ezcurbeste delako txerria nahiz dardabey ehonteça izeneko txahala kentzen zizkieten Oñatiarrei Gebarako jaunek. Gai horri buruz gehiago nahi duenak ikus beza Aierbe (1985: 480-481).

14 Díaz de Durana (1998: 71-72).

15 Op. cit., 73.

16 Ugartek (1976: 453) dio 500 metrotik gora ezinezkoa dela neguko artzaintza eta F. Barandiaranek (1955: 123), bestetik, ereiteko eremua 450-500 metroko artean dagoela Legazpin.

17 Arregi (2001: 73).

18 Díaz de Durana (1998: 76-77).

19 Op. cit., 81.

20 Egoera horren ondorioz, Gipuzkoako hirietako ordenantzak basoa moztea eragozten hasi ziren 15. gizaldian, saroietan bereziki. Díaz de Durana (1998b: 25).

21 Op. cit., 30-31.

22 Díaz de Durana (1998:78, 82).

23 1655 aldera saroiak itxi, goldetu, erein eta arbolak landatzeko Lucas Balzátegui -k emandako arrazoiak biltzen dituen idazkuna darabil iturburutzat.

24 Aragón (2006: 43-44).

25 Hitzez hitz ekarriko dugu hona testu horri buruz Mitxelenak esandakoa (1990 [1964]: 78 ): “Es probable que el v. 6 sea uno de los más antiguos testimonios de la costumbre de llevar animales vivos a la puerta de la iglesia mientras se celebraban los oficios por el alma del difunto, a manera de ofrenda aunque —por lo menos más adelante— se rescataran luego por dinero”. Gehiago nahi duenak ikus beza, esaterako, Agirre (1991).

26 Aragón (2006: 43-44).

27 Op. cit., 47.

28 20. gizaldiaren erdi aldera Brinkola eta Telerriartekoek saroi izandako larretokietara zeramatzaten artaldeak. F. Barandiaran (1955: 132).

29 14. gizaldiko bi kontratuetakoak lirateke hain zuzen.

30 Hitzez hitz ekarriko dugu hona auzi horri buruz 1433ko idazkian jakitera ematen dena: “E que los dichos seles e / cada uno d’ellos sean medidos desde la foguera qu’es dicho “auste / rraça”, en derredor, tanto quanto alcançare a las quatro partes, / segund la dicha medida, no pasando el río mayor, e...”. Bidenabar, 1749an austarria forma baliatzen da dagoeneko, eta ez austerriça edo austerraça: “...no / ha enconttrado en dicho sel piedra cenizal ó central / llamada en idioma bascongado austarria ...”. LUA, C 158/16, Compromiso otorgado por esta villa [de Legazpia] y Juan Ascensio Echeverria y determinación arbitraria y amojonamiento de sel de Beain.

31 Ikus auzi honi buruz Perurenak (2007: 120-127) Dakiguna ikasten liburuan egindako ekarpen interesgarria.

32 Honatx hitzez hitz 1433ko testuak dioena: “...los seles de berano cada / uno de seis goravilles e cada gorabil de cada diez codos, e que / cada codo, desd’el primero fasta el postrimero, aya una pulgada, / e en fin del dézimo codo, en logar del xemendón nombrado en los / dichos contrabtos, aya una mano, sólo la palma de los cuatro dedos / syn el pulgar. E los seles de invierno, de cada doze goraviles, cada / gorabil de diez codos, cada codo con su pulgada, e el postrimero con / su mano de cuatro dedos, según dicho es.”

33 1433ko idazkuneko azalpena nahiko bitxia da. Haietako codo bakoitzak 0,25 bat metro zituela irudi du eta, hortaz, 10 codo-ko (2,5 metroko) 6 gorabila 15 metro baizik ez lirateke.

34 Josu Samaniegori zor diogun informazioa.

35 “ejecutase con un palo o vara de nueve pies de largo, midiendo desde el moj ón del centro a los extremos de la circunferencia sesenta palos, tirando superficialmente la medida en el suelo con el mismo palo o pertica...”. Lasa (1964: 162).

36 LUA, 158/16.

37 Cf. Arregi (2001).

38 Badira horiek baino lehen, 1401 urtean, agertzen diren beste hiru.

39 Ohar bedi 17 zenbaki primoa dela, hots, bere buruagatik (edo batengatik) baizik zati ezin litekeen horietakoa.

40 Ugarte Garridok (2003) darabilen Legazpiko lurralde antolaketa gurea egin dugu hemen.

41 Baserri gehienak Urolaren sartaldean (errekaren ondoan) daudela oroitarazten du F. Barandiaranek (1955: 123).

42 Alegia, bi izenek saroi berari aipu egitea. Bakarra da, halere, zalantza sortzen digun bikotea: Anteigoisena / Areysgoyenaga.

43 Anteisgoenaga izenaz ere aipatzen du Lasak (1964: 165).

44 Arrupecorrtaçabala toponimoa irakur daiteke orri berean.

45 Kortazar izena ere biltzen du.

46 1483ko Muynyçurraga izan liteke (Aierbe, 1995: 132).

47 Aragón Ruano (2001: 46).

48 Ugarte (1976: 463).

49 Korta “erdia” edo, gehinera, “hiru laurdena” zela zehazten da. LUA, 158/16.

50 Arregi (2001: 70).

51 Ikus Altuna & Apellaniz & Rodríguez Ondarra (1964).

52 Hilarriak taldeko Iñaki Gazteluk emandako informazioa. Litekeena da inguruan megalito gehiago egotea.

53 Megalitotik kortaren bazterreraino, 150 metroko erradioa oinarri harturik.

54 Gipuzkoaren %16,15a.

55 Guk, saroitegiak erabakitzerakoan, gertuan megalitotegirik baduten ere aintzat hartu dugu. Hauek dira zazpiak: Orio-Igeldo, Jaizkibel, Oiartzun, Urritzaga-Aldura, Txoritokieta-Santiagomendi, Akola-Untzue, Oindi-Mandoegi eta Buruntza.

56 Urumeako Zilegimendietan, berriz, 1,05ko da, 38 kilometro koadrotan 40 saroi baitaude.

57 500-800 metro artean, ostera, 15 baino ez daude. 12 dira 0-100 metro artean daudenak.

58 Gipuzkoan zerrendatu direnen % 28,2 dira. 2002ko Karta Arkeologikoan 276 megalitogune biltzen dira Gipuzkoan, baina horietatik 248 baino ezin ditugu aintzat hartu.

59 Datu horiek gehixeago zehatz litezke. Guztira 168 megalito daude gure lan-esparruan. Gehienak, mairubaratzak eta trikuharriak dira, %80 baino gehiago. Mugan dauden megalitoguneak 9 dira; horietako bi Gipuzkoa-Nafarroetako mugan daude.

60 Aipagarria da 200-400 metro artean dagoen multzoa (%50).

61 800 metro gainetik megalitogune bakarra dago (832 m) eta 100 metrotik behera ez da megalitogunerik aurkitu orain artean.

62 Bost megalitoguneko lau saroi ezberdin daude ondoan, hortaz.

63 Megalitoguneetatik bigarren aukera moduan gertuen dauden saroien batez bestekoak hauek dira: artamugarria dutenak 17 dira eta batezbestekoa 549 metrokoa da; baserria dutenak 33 dira, eta batezbestekoa 1006 metrokoa da. Toponimoa dutenak, azkenik, 20 dira, eta batezbestekoa 1079 metrokoa da.

64 Megalitoguneen %87 saroietatik 0-900 metro artean daude. Megalitoguneen gainerantzeko %13a saroietatik 1800-2300 artean dago. Hain justu, megalitoguneen %11,5 saroietatik 1800-1900 metro artean dago.

65 Ugartek (1976: 452) “aldeko mikroklimaz” hitz egiten du.

66 Gorostarbe eta Mendabioko datazioez ari gara. Ikus Agirre Mauleon et al. (1995 eta 1996) nahiz Zaldua (1996).

67 Xabier Lopez de Munain artxibozainari zor diogun informazioa. Honatx iturburuaren zeinadura: 1703 .-1707. urtea, Legazpi. “Sobre la contribucion que el concejo de Legazpia solicita a Juan Antonio de Arteaga para la reparacion de la iglesia parroquial de Santa María de dicha villa. Juan antonio de Arteaga, caballero de la Orden de Santiago, patrono de la iglesia parroquial de Santa María de la villa de Legazpia contra el concejo de Legazpia”. Archivo Histórico Nacional (Madril). Agrupación de Fondos Consejos Suprimidos. Consejo y Cámara de Castilla. Consejo de Castilla. Salas de Justicia. Escribanía de Cámara de Ayala. 35161 paper-sorta, 3. txostena. 5 pieza / 347orri.