Euskonews Gaztea
Gaiak: Jean Etxepare
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Argentinako Mar Chiquitan jaio zen Jean Etxepare Bidegorri 1877.urtean; gurasoak euskaldunak zituen, baxenafarrak hain zuzen ere. Baina gazte zela (1883an) bueltatu ziren Euskal Herrira, Larresorora, eta bizitza gehiena eman zuen bertan.
Gurasoek aukeratu zuten bizileku berria, eta asmoa, beraien semea apaiztea zen. Hamabi urterekin horretan hasi arren, gazte hark ez zuen erlijioarekiko joera handirik erakutsi, eta hala, beste bide bat hartzea erabaki zuen. Bordeleko Unibertsitatera joan zen azkenean eta Filosofia eta Medikuntza ikasketak egin zituen bertan. Euskal gai bat aukeratu zuen bere tesirako; pilotaria eta bere osasunari buruzkoa izan zen.
Behin ikasketak amaituta Euskal Herrira itzuli zen, eta Alduden mediku lanetan jardun zuen. Nolanahi ere, idazle gisa trebatzeari ekin zion Euskalduna aldizkarian; 1902.urtea zen. Lumari eraginda, askotariko artikuluak plazaratzeko aukera eduki zuen eta politika edo literaturaren inguruan idazteaz gain, medikuntza eta zientzia ere hizpide izan zituen bere lanetan, besteak beste. Nafarroa Beherako euskalkia erabili zuen bere idazlanak egiteko.
Jeanek aurreneko liburuari Buruchkak izena jarri zion; 1910. urtean argitaratu zen eta ordura arte kaleratutako artikulu batzuk jaso zituen. Bere bigarren liburu sonatuak 1931. urtean ikusi zuen argia Beribilez izenarekin. Hau bidaia kronika bat izan zen; autoz Nafarroa Garaitik eta Gipuzkoatik egindakoaren berri ematen du bertan.
Bestalde, Eskualtzaleen Biltzarreko buru izan zen urte askotan zehar eta halaber, bere gain hartu zituen euskara sustatzeko hainbat eta hainbat ekimen. Gainera, 1919.urtean Euskaltzain urgazle izendapena jaso zuen bere ekarpen handiagatik.
Heriotzak Lapurdiko Kanbo herrian harrapatu zuen1935eko urtarrilaren 9an euskal idazle eta medikua.