448 Zenbakia 2008-07-11 / 2008-07-18
I ragan egunetako albisteek diotenez, Euskaltzaindiak eta Nafar Gobernuko Euskarabidea Institutuak berriki sinatu akordioaren karietara, Axularren Gero liburuaren edizio berria argitaratzeko konpromisoa hartu dute erakundeok. Albisteen arabera, edizioak gaztelaniazko bertsioa ere izango du alboan.
Ezaguna da antzeko planteamenduarekin kaleratu zirela Villasantek, 1964an lehendabizi eta 1976an gero, argitaratu zituen edizioak ere (bosgarrena eta seigarrena, hurrenez hurren). Frantziskotarrak oraintsura arte eskuragarriago eta ezagunago izan den 1976ko edizioaren “Aitzinsolasa” delakoan zioenez, “egungo irakurleari zerbitzu egin nahiz, ortografia aldatu eta gaurkotu dugu neurri handi batean” (Villasante 1976, XXIV). Xede didaktikoa nagusi, beraz, haren edizioetan: ordura arte inor gutxiren eskuetara baino iristen ez zen Gero liburua irakurle ororen artean ezagutarazteko asmoa eta, aldi berean, modernotze-ahaleginetan zebilen euskal literaturan zutarri klasikoena erreferentzia eta “bazka” arrunt bilakatzekoa.
Ortografi irizpideak irizpide, Gero haiek biek gaztelaniazko itzulpena zeramaten lagun, 1964koak orrien beheko aldean, eta 1976koak orri bikoiti diren ezker aldekoetan. Eta edizio kritikoa izateko asmorik gabe egina zela iragartzen bazen ere, “testua Geroren lehenbiziko ediziotik hartzen” zuela (Villasante 1976, XXIV) zioen frantziskotarrak, “1643.ekotik, alegia” (idem)2. Alabaina, “bigarren edizioko aldaera batzuen berri ere ematen zaio irakurleari” erantsi zuen edizioaren prestatzaileak.
Sumatzekoa da ildo bertsutik abiatuko dela datorkeen edizioa ere. Nolanahi ere den, Villasantek gehiegi aintzatetsi ez bide zuen bigarren edizioa kontutan hartuz prestatu beharko litzateke berria ere, izatez, lehen edizioa behar bezala irakurtzeko eta ulertzeko material ugari eskaintzen baitu datarik gabeko bigarrenak.
1.- Lehen edizioa, 1643an Bordeleko G. Millangesen inprimategian argitaratu zena kanoniko bakartzat etsi da luzaroan, erreferentziazkoa, alegia. Villasantek ere, edizio kritikorik egitekoan, “lehen edizioaren testua dagoen-dagoenean” (Villasante 1976, XXIV or.) argitaratu behar zela uste baitzuen.
Princeps ediziotzat hartutako hura Axular bizi zelarik kaleratu zen. Alabaina, argitalpen gehienetan bezalatsu, hartan ere akats mordoa eginarazi zuten irarkolako iratxoek. Ohi ez bezala, akats haietako batzuk eskuz zuzendu ziren hainbat liburutan, inprimategitik atera aurretik. Zuzenketok, halere, ez ziren ale guztietan burutu (ikus Salaberri prentsan-a eta Salaberri 2008). Egunotara iritsi zaizkigun Geroen artean, esaterako, zuzendu gabekoak dira erdia baino gehiago.
Bigarren edizioa, ordea, izenburua aldatuta (Geroko Gero) eta datarik gabe argitaratu zen. Guztiarekin ere, lehenaren ospea errebindikatzen zuen beretzat, “bigarren edicionea” zela aitortzen baitzuen azal funtzioa egiten zuen orrialdean bertan. Are gehiago, bigarrena izateaz gainera “corrigetua, eta emendatua” zela iragartzen zuen. Gainera, azal gisako hartan adierazten zenez, lehen edizioa kaleratu zuen Bordeleko inprimategi berean, hots, “G. Milanges Erregueren Imprimatçaillea baithan” argitaratua da bigarrena ere.
Herri honek tradizionalki sinesgabe gutxi izan duen arren, Geroko Geroren edizio honekin salbuespen egin da eta, ondorioz, luze eztabaidatu izan da delako “informazio” horretaz. Jakina, bestelako albiste osagarriren faltan, arazoari eman izan zaizkion erantzunak ez dira beti gogoa asetzeko moduko gertatu, izan ere, ez konposaketak, ez tipografiak, ez aurreko edizioan jarri zen arretak berak ez dirudite etxe berekoen ezaugarri.
Kezka argitu gabeko horrek bultzatuta, Vinsonek Millangesenetik ez zela atera esatera ausartu zen eta, konparazio-lan desberdinak buruturik, ia ehun urte beranduago kokatu zuen argitalpen berriaren irteera. Eta beste argitaletxe batean, jakina. Kontuak, dena den, bestelako hipotesirik ere onartzen duela deritzogu, egia baita lehen edizioak izan zituen akatsak osatu nahi dituela bigarrenak eta, horrezaz gain, hainbat pasarte ere emendatzen duela (ikus Salaberri 2007). Hori bera aski izan liteke, ziur asko, bigarren edizioa horrenbeste ez atzeratzeko eta datatan (eta inprimategitan) besteren bat(zuk) hurbilago bilatzen hasteko (ikus Salaberri: prentsan-b).
2.- Gorago adierazi dugunaren harian, beraz, Axularren Gero liburuaren edizio berri batek ezinbestez izan behar lituzke kontuan 1643ko edizioa (lehena izateaz gainera, edizio kanonikoa eta autorea bizirik zegoela kaleratu zena baita) eta, halaber, datarik gabe agertu zen bigarrena ere, azken honetan testuratu baitziren lehen argitaraldiak izan zituen akats askoren zuzenketak.
Inoiz argitaratu den ediziorik akastunena ez bada ere, egia da era guztietako akatsez josia dela aipatu bigarren edizioa. Guztiarekin ere, akats-oihan horretan aski modu sistematikoan burutu zen lehen edizioan atzemandako huts gehienen zuzenketa3. Batetik, lehen edizioko ale zenbaitetan eskuz zuzendurik agertzen direnak4, eta, bestetik, edizio berria egin behar zutenerako-edo jasota zeuzkaten gainerako zuzenketak5, bigarren edizioak ia guztiak ematen ditu bestela –berriro diogu– desastroso samarra den datarik gabeko inprimaldian.
Esandakoaren adibide gisa, har dezagun, esaterako, 432. orrialdea6, besterik gabe, orrialde horretan ireki zaigu-eta liburua adibide bat eman behar genuela erabakitzean. Argi ikusten da bertan lehen edizioko sudurkari-markadun bokaleak (ê) en bilakatu direla bigarrenean (4, 5... 29. lerroetan); orobat, zeinu zenbaiten erabilera ere koherenteago eta besteekin egiten den erabilerarekin lotuago agertzen direla bigarrenean: anhitzetan > anhitcetan; Vrccabera eta Vrdeac > Urccabera eta Urdeac; oraiño > oraino, etab. Bestalde, akatsen zuzenketei dagokienez, lehen lerroan, lehen edizioko aleren baten gainean eskuz zuzendutako akatsa (dutuen; eskuz: dituen) ondo agertzen da bigarren edizioan (dituen). Ordea, lerro berean lehen edizioak ondo zekartzan bi hitz (escuen artean) gaizki ematen dira bigarrenean (esçuen artea). 26. lerroan, lehen edizioan ex bezala agertzen zena, bigarrenean zuzenduta agertzen da: ez. Modu berean, orrialde bereko 23. lerroko baccaric delakoa baccarric azaltzen da bigarrenean. Akatsak areagotzeko unean, halere, lehen edizioan bezala idatzi duen gaixtoac delako bat hurrengo lerroan (21. lerroan) gaiztoa bilakatzen du bigarren edizioak.
Baina orri guztietan grafia, ortografia edota tipografia akatsik badarama ere, badirudi inprimatzaileek arreta ezin handiagoa jarri zutela lehen edizioko aleren baten gainean zuzenketa gisa markatutakoak testuratzeko.
Harrigarriro, baina, ondo zegoen gainontzeko guztia akastun bilakatu zen, inor ohartu gabe. Nonbait ondo zegoen testua automatikoki eta akatsik gabe igaroko zelako usteak zapuztu zuen edizio berria.
Akatsak gorabehera, nolanahi ere, lehen edizioak agertzen dituen akatsen zuzenketen erreferentzia nagusia da bigarrena.
Edizio berriak “emendatzen” zituen testu-zatiei dagokienez, gauzak ez daude, ustez, hain garbi. Axularrek “trentena” idatzi eta argitarazi zuen tokian (246 or.), “Meça” hitza agertzea autorearena zein autorea ez zen pertsona “modernoago”-ren baten iradokizuna izan daiteke erraz asko7.
3.- Bestalde, badira Gero liburuan akatsak, ez beti grafia hutsari dagozkionak, edizio berri batek argitu eta “zuzendu” edo beharko lituzkeenak8. Batzuetan gaizki idatziak izan zirelako, bestetan inprenta akats suertatu zirelako, kontua da era guztietako hutsak aurki daitezkeela Geron barrena, bai lehen edizioan zein bigarrenean, garrantzi gutxien dutenak grafiko-ortografikoak direlarik.
Hona hemen horietako pare bat erakusgarri gisa9.
Bada, adibidez, oharretara eraman beharreko aditz formarik. Horrela, 421-422 orrialdeetan, “utci nahi badigu concientciari, bera da asco, errebelatcetic beguiratceco...” perpausak irabazi baino ez luke egingo “utci nahi badiogu concientciari, bera da asco...” bezala utziko balitz10. Jakina, testua egokiro ulertzea eragotzi dezaketen hutsak eta gabeziak ahaztu gabe, azalpenen bat beharko lukete, ziur asko, “Haur da eguia haur eçaguturic, erran çuen Salomonec...” (364 or.) bezalako perpausek11.
Edizio kritiko baterako utzi gabe, lexiko arloan ere bada oharreztatzerik. Garbi dago, esate baterako, conplecino bezala hartu izan den hitza (355 or.) alboan eskuz zuzendutako condicino delakoarekin ordeztua utzi behar dela. Orobat, hiztegietan gogora eta gogara adiera berarekin ematen badira ere, Axularrek bereizi egiten ditu biak normalean. Gogarak plazerarekin zerikusia duen bitartean (non mihi placent: “eztira ene gogarako”, 170 or.), gogora delakoak benetako nahiaren sena azpimarratzen du, gogo zuzenarena (Et ideo non secundum forensem abundantiam aestimandam esse beatitudinem singulorum [...]. Ezta ez erran behar nehor dela bere gogora, kanpoko bere gogarakgatik, aberatstasunakgatik [...]”, 442 or.).
Bestalde, ohiko hiztegietan bai, baina Villasanterenean12 jasoa ez den maitaro delakoak (359 or.) ez dirudi egokiegia garai hartako gizon-emakumeen arteko harremanetan erabilia izateko, ez behintzat Axularren ikuspegiaren eta lexikoaren arabera. Horrezaz gainera, txertatuta daraman perpausaren esanahiak ere esango genuke behartuta baino ez duela onartzen afektibotasun-adierazpen hori. Horri Axularren sinonimia-zaletasuna eransten bazaio, logikoagoa bide litzateke ingurune horretan “maizaro” hitza irakurtzea: “maizaro eta iarraiquiz içaiten dena” (gurea da letrakera etzana). Bigarren edizioak zuzentzen ez badu ere.
Orobat, balirudike bestelako doikuntzarik ere behar izatea perpaus horrek berak, izan ere, dagoen-dagoenean harturik, zerbaiten falta edo erakusten baitu. Honatx esaldia: “Nola guiçon ezconduac bethi ere baitu bere emaztea bere escuco (,) bereaz franquia, eta bertcerenaz escasia (,) eta escas den gauça maizaro eta iarraiquiz içaiten dena, desiratcen ago, eta goço ago iruditcen baita, halatan presuna ezcondua berea utciric, bertcerenera lehiatcen da, alda nahitcen da eta handic galtcen da” (359-360 or.; gureak dira letrakera etzana eta parentesien artean ezarritako komak). Bistan da semantikoki “maizaro eta jarraikiz izaten dena” nekez joan daitekeela “eskas den gauza”-ren aposizio gisara, ideia kontrajarriak baitira biak13. Perpausaren “doikuntza” (emendatzea, hobe), beraz, bi modutan buru liteke: edo aposizioa dirudiena mantendu nahi izanez gero, ezezko partikula tartekatuz: “eta escas den gauça(,) maizaro eta iarraiquiz içaiten ez dena, desiratcen ago, eta goço ago iruditcen baita”. Edo, semantikoki (eta ideologikoki) zuzenago lirudikeena14, komatxoa konparazio-partikula batez ordeztuz: “eta escas den gauça maizaro eta iarraiquiz içaiten dena baino desiratcen ago, eta goço ago iruditcen baita”.
Eta horrelakoekin zerrenda luzatzen segi genezake, baldin artikulu honek muga zehatzik ez balu.
Bada, beraz, eginkizunik Geroren edizio berria burutzeko orduan.
Lanak lan, irakurle berriak Gerozaletzeko balioko ahal du! Bibliografia
Axular, 1643, Guero bi partetan partitua eta berecia..., G. Milanges, Bordele. (Faksimiltzat argitaratua: Euskaltzaindia, Bilbo, 1988).
Axular, d./g., Gueroco Guero. Bigarren Edicionea corrigetua, eta emendatua (Eusko Legebiltzarreko Liburutegian dagoen bigarren edizioko alearen faksimila, Bilbo, 2006).
Axular, 1643: 1976, Gero (Después), Arantzazu (L. Villasantek prestatu edizio elebiduna).
Mitxelena, K., 1974, “De Lexicografía Vasca. A propósito de Axular-en Hiztegia del Padre Luis Villasante”, Fontes Linguae Vasconum 16, 103-121.
Salaberri, P., 2007, “Axularren Gero liburuaren bigarren argitalpena lehenaren argitan”, Egan 60, 173-200.
Salaberri, P., 2008, “Eskuzko zuzenketak Gero liburuaren lehen edizioan”, FLV 107, 45-61.
Salaberri, P., (prentsan-a), “Axularren Gero liburuaren lehen edizioa. Aleak, aldeak eta zuzenketak” (2007/10/11n Koldo Mitxelena Katedraren II. Biltzarrean aurkeztutako txostena).
Salaberri, P., (prentsan-b), “Aranbillagaren Imitazioa eta Geroren imitazioa”.
Villasante, L., 1973, Axular-en Hiztegia, Arantzazu. Villasante, L., 1976, “Seigarren edizioari Aitzinsolasa”, in Axular: Gero, Arantzazu, 1976, IX-XXXIV. 1 Zoriak nahi izan zuen Luis Villasanteren heriotzak Henrike, Angela eta hirurok -hirurok bakarrik- bil gintzan haren beila-kaperatxoan. Gau hits hartan, Arantzazuko Amak inoiz gehiago entzungo ez duen otoitzik egiazkoena eta hunkigarriena ehundu zen hiru sinesgabe haien bihotz isiletan. 2 Guztiarekin ere, huts eta akats frankorekin kaleratu ziren edizio biak (paperezko ediziorik ezean, ikus J. Lavinek Villasanteren seigarrenean oinarrituta prestatu zuen faksimil informatikoa: http://www.vc.ehu.es/gordailua eta http://klasikoak.armiarma.com/idazlanak/A/AxularGero.htm). 3 Argitaletxean, paradoxikoki, ez zuten arreta berdinarekin jokatu zuzen emanda zeuden hitz eta pasarteekin. 4 Eskuz zuzendutakoen zerrenda Salaberri 2008 delakoan. 5 Argitaletxekoen erabilerarako gordea zen aleren batean bilduak, agian. 6 Besterik adierazten ez bada, Gero liburutik hartutako aipamenak eta orrialdeak 1643ko edizioaren arabera emango dira. 7 Emendailuak eta, ikus Salaberri 2007. 8 Ez ditugu hona ekarriko ustezko arazoak, hala nola Villasantek bait-en erabilera dela eta, bere hiztegian aipatzen duena, hots, “a veces parece empleado en lugar del ba condicional” (87 or.). Izan ere, “Erran bailleza bezala” delakoaren ildokoak kenduta, eta hiztegigileari bere Geroren bertsioan oharkabean isuritako “ezpainitz” (301. orrialdeko ezpanintz) eta “ezpailitçaitçu” (305. orrialdeko ezpalitçaitçu) gisakoak, Axularrek ematen dituen “baldin... ba” ereduko perpausetan aditzek inoiz ez daramate “bait-“ hizkirik, ez eta horrela diruditenetan ere, alegia, “Baldin hirur beccatu suerte hauc considera baitçagu” (<" >< baditzagu, 189 or.; ikus, konparazioarako, “...baldin considera baditçagu...”, 484 or.), “Eta baldin on handiac ezpaitu” (<" >< ez baditu) edo “Baldin quen baitçatçu (<" >< baditzazu, 379 or.) moduko perpausetan. 9 Ez dira hemen errepikatuko Mitxelenak, 1973an Axularri egindako omenaldiaren kariaz, “De Lexicografía Vasca. A propósito de Axular-en Hiztegia del Padre Luis Villasante” izeneko artikuluan argitaratu zituen iradokizunak. Gogoratu, edonola ere, euskal lexikografiaren arazo zenbait planteatzeaz gainera, ez zuela errenteriarrak Villasantek eskainitako gaztelaniazko itzulpena iruzkintzeko aukerarik galdu. 10 Villasantek ere ohartarazia (1976, 474-475). 11 Villasantek esaldi oso bilakatu zituen “Haur da eguia”, batetik, eta gainerakoa, bestetik. Axularren estiloak, dena den, eta juntagailuaren bidez taxutzen zituen horrelako esaldiak: “Haur da eguia, eta eguia haur eçaguturic....”. Ikus, esaterako, 50 or. (“Haur da eguia, eta eguia haur guiristino...”), 199 or. (“Haur da eguia, eta eguia hunetan ezta dudarik”) eta 572 or. (“Haur da eguia, eta hauk dira...”). 12 Gero-ren seigarren edizioan eskaini zituen Axular-en Hiztegian “jasorik ez dauden itzuliken, hitz edo esaeren zerrenda” (Villasante 1976, XXVIII), “Aitzinsolasa” delakoaren barneko “Axular-en hiztegia-ren osagarriak” atalean hain zuzen (XXVIII-XXXIII orrialdeetan). 13 Gure ustez, gehiegi bihurritzen du Villasantek perpaus honen itzulpena: “y como la cosa que falta y se quiere con cariño e insistentemente, tanto más se apetece y se imagina ser más sabrosa”. 14 Arazo tipografiko gutxiago sortzen du ez partikula eransteak, baina nolabaiteko kondeszendentzia antzemango litzateke perpausean bekatuarekiko, haragi-kontutan “maizaro eta jarraikiz izaten ez dena” inoizka, bederen, bai izaten dela uler bailiteke...