Egilea: Ana Eizagirre Sagardia Argitaletxea: Utriusque Vasconiae Orrialde kopurua: 362 ISBN: 978-84-933270-4-0 Ezaugarriak: Euskal Herriko hezkuntzaren historiaren esparruan Ana Eizagirrek egin duen ikerketa-lana biltzen du liburuak. Zehazki, herri-xehearen baitan irakurketa eta idazketaren inguruan sortu eta garatu diren praktika kulturalen azterketa egin du, ikuspegi historiko eta pedagogikotik. Egutegiak eta hauen irakurketa ohiturak ezagutu nahi izan ditu. XIX. Mendearen bukaera aldera, eta XX. Mendearen lehenengo hamarkadetan Gipuzkoan sortu eta irakurri ziren euskarazko egutegiak aztertu ditu, euren bilakaera historikoa, eta edukiaren azterketa morfologikoa eginez. Garaian egin ziren saiakera desberdinen artean, irakurketa-eredua finkatu zuen egutegi bat identifikatu du: Euzkel-egutegiya (1909-1934), eta bere osagarri gisa argitaratu zen Euzkel-egutegi txikiya (1910-1920?). Irakurketa-eredua sortu zuen, izan zuen irakurleria ugariagatik eta iraupen luzeagatik. Horrenbestez, ondoren argitaratu ziren Argia egutegiaren, eta, baita, Arantzazuko egutegiaren, oinarria izan zen Euzkel-egutegiya, eta bere inguruan garaturiko irakurketa ohitura. Egutegiaren edukiaz egiten duen azterketatik, forma, hizkera/idazkera, eta edukiaren inguruko hainbat ondorio ateratzen du egileak: izaera entziklopedikoa zuen egutegia izanik, bere baitan bildu zuen euskaltzaletasunaren zeinu ziren ezaugarriak, hots, hizkuntza, eta eredu tradizionalarekin bat zetorren jokabide moral eta kultural multzoa. Guzti horien artean, hizkuntzak kontsiderazio nagusia hartu zuelarik, hizkuntz kontzientzian oinarritzen zen kultur identitatea bultzatu nahi izan zutela esan daiteke. Egutegia sortu zuten eragileen asmoa zen euskarazko irakurketa sustatzea, eta berau atsegin egitea. Halaber, egutegiko orrietan ikusten da, herritarrak alfabetatzeko eta herritarren izaera hezteko zuten borondatea. Ezaugarri horiez gain, herritarren artean izan zuen harrera eta sarbide ona ikusita, eskuliburu funtzioa bete zuela esatera dator egilea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.