
Artisautza
Amalur. Taila eta torneaketa: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Egiten duten lanerako 4 gune dituzte tailerrean: Ebakitzeko lokala: zinta-zerra, disko-zerra edo trontzatzeko makina eta tupi-makina dituena. Pieza bereziak egiteko egur lehorra ere gordetzen dute bertan.
Torneaketako lokala: egurrarekin lan egiteko bi tornu elektriko dituena: bata, puntu artean 1.200 mm-koa, eta bestea, txikiagoa, pieza txikiagoak egiteko. Lokal horretan hauts-erauzgailua dute, aireztapen natural ona izateaz gain.
Tailako lokala: piezak oratzeko mahaiak edo tornuzilak dituena. Leihate handi bat du, beharrezko argi naturala sartzeko.
Tailako lokala: piezak oratzeko mahaiak edo tornuzilak dituena. Leihate handi bat du, beharrezko argi naturala sartzeko.
Kanpoaldeko gunea: teilatu garden bat du, eta haren azpian lan-mahai bat dute, kanpoan tailatu ahal izateko, eta lehortegi txiki bat, egurra lehortzeko.
Erakustokia: era guztietako piezak ditu erakusgai, saltzeko.
Lehen aipatu dugu artisauak egurrarekin “elkarrizketan” aritzen direla, eta horren adibide adierazgarri bat jarriko dugu. Batzuetan pieza hezea dagoenean torneatzen dute, oraindik egurra guztiz lehorra eta asentatua ez dagoenean. Kasu horietan, batzuetan gertatu ohi da egurra desitxuratzea eta forma eszentrikoak hartzea, eta ikusten dutenek forma horiek (torneatuak eta irregularrak) nola lortu dituzten galdetzen diete.
Lan bakoitzak prozesu desberdina dauka, oinarrizko teknikak egurraren torneaketa eta taila diren arren.
Laburki azalduko dugu enborretik tailaturiko kaikua lortzeko jarraitu beharreko bidea:
Lehenik, behin egurra aukeratu ostean, gutxi gora-behera nahi den neurrira ebakitzen da motozerra, zinta-zerra edo eskuzko zerra erabiliz.
Egur-pieza gertu dagoenean –baldarki biribilduriko egur zati bat da– tornuan jartzen da. Lehenik, kanpoaldea egiten da, bigarrenik barrualdea hustu egiten da, eta azkenik akabera ematen zaio. Horretarako ebaketa-erremintak nahitaezkoak dira: torneatzeko gubiak, beranak, trintxak, etab. Horiekin lanaren garapena egiaztatzen dute, eta akabera emateko, pieza mugimenduan dagoela, lixa erabiltzen da.
Behin tornuko lana amaitu ostean, tailako tailerrera joaten dira, eta bertan, diseinua pentsatu ondoren, lana burutzen dute, batez ere gubiak eta trintxak erabiliz. Prozesua amaitzeko, azken ukitua ematen zaio piezari, orokorrean beraiek fabrikaturiko oliozko bernizekin eta argizari naturalekin.
