418 Zenbakia 2007-11-30 / 2007-12-07

Gaiak

Bisita eta jardueren egitaraua

IRAZABAL BASABE, Leire

Euskal Herria Museoko teknikaria



Museoa birmoldatu eta gero, lehenengo Gernika-Lumo inguruko biztanleengana jo dugu; museoaren baliabidea ezagutarazi gura izan diegu kultur ohitura handirik ez duen herriari, museoak aisialdi eta dibertimendurako gunetzat ez dituen herriari. Museoak eskola dakarkie gogora, aztertuta sentitzen dira batean zein bestean, erakusten zaiena ezagutzen ez badute, ezjakin sentiarazten diete, eta Euskal Herria Museoak inguruko herritarren kontzepzio hori aldarazi gura du, museoa beren bizimodura urreratuz, eguneroko bihurtuz. 1. Zer egin da?

Berrinauguratu ondoren bisita eta jarduera didaktikoen egitaraua diseinatu genuen, hasteko. 2006ko irailean egitaraua zehaztuta geneukan, eta urte bereko urrian abiarazteko moduan, osatuta, ia-ia.

Egitarauak eskaintza hau egiten zuen: Bisita gidatuak edozein jende talderentzat. Museoko aretoei buruzko material pedagogiko idatzia. Tailerrak eskolaumeentzat, aste barruan. Tailerrak familientzat asteburuetan eta Gabonetako eta Aste Santuko oporretan. Bisita gidatua Euskal Herria Museoan.

Lehenik eta behin, museoak zer eskaintzen zuen eta gai bakoitza nori zuzen geniezaiokeen aztertu genuen. Etorkizunerako beharko genukeen bisitariekin hastea erabaki genuen, umeekin, alegia. Haur barik, etorkizuneko bisitari horiek barik, ez dago museorik. Bigarren solairua aukeratu genuen eurentzat, espazio dinamikoa eta gaien aldetik ulergarriagoa zelakoan. Jolaserako eta, aldi berean, hezteko jarduera diseinatu genuen, non aretoak ikustea eta jolasak tartekatu genituen. Izen erraza baina zehatza ipini genion “Euskal Kultura Jokoa”.

Lehenengo jarduera pedagogikoa diseinatu eta prestatu ondoren, garrantzi handia eman genion Euskal Herria Museoak halako jarduketarik aurkezten zuen estreinako aldia zelako. Gure ahalegina ikastegirik gertuenetara bideratzea erabaki genuen, Urdaibai aldekoetara, hain zuzen. Horretarako ikastegietara joan ginen, banan-banan, gure hezkuntza eskaintzaren berri labur azaltzera.

Egitarauan bisita gidatuak sartzen ziren, eta museoaren areto orriak edo materialak ere prestatu genituen, museoa beren kontura ikustera joatea gurago zuten taldeentzat. Baina ahaleginik handiena “Euskal Kultura Jokoa” jarduketan egin genuen.

6 eta 12 urte arteko adineko neska-mutilentzako tailer hau egin dugun lehena izan da, baina apurka-apurka eskaintza museoak jorratzen dituen beste gai batzuetara zabaltzen ari gara.

Inguruko ikastegiek oso ondo hartu dute gure ekimen hau. Irakasle batzuek museoa eta lorategiak curriculumaren diseinuarekin lotzeko gaiak eta jarduketak ere proposatu dizkigute, berbarako, kultura eta agenda 21 bateratzea. Horrek baiesten digu museoak oso baliabide erakargarria izan daitezkeela araututako hezkuntza formalarentzat, eta irakasleek halako baliabideak preziatu eta erabiltzen dituztela. Euskal Kultura Jokoa tailerra museoaren lorategian.

Ikastegi eta talde desberdinek hain ondo hartu gintuztenez, eta eskaria zegoela ikusita, 2007-2008 ikasturte honetan segitu dugu bisita gidatuak egiten, material pedagogikoa prestatu eta banatzen, eta eskoletarako eta familientzako tailerrei beste bi jarduketa gehiago erantsi dizkiegu:

1. “Gure Basoak Historian Zehar”, lehen hezkuntza osora zuzenduta. Europako Herrien parkean jarduketak egiten dira.

2. “Altxorrak eta Kartografía” , bigarren hezkuntzakoentzat

Bestalde, inguruneko jendearengana ondo heldu garela eta loturak sortu ditugula ezin hobeto nabari dugu ekarpen, dohaintza, gordailu eta abar asko jaso dugulako, eskuzabaltasunez, Euskal Herria Museoa eraikitzen laguntzeko. Azken batean, Euskal Herria Museoa, bere funts eta jarduerekin, ingurukoentzako erreferentziazko kultur gunea izan gura du.