416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23
H irurogei urte inguru eman dira Eusko Ikaskuntzan Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) komenientziaz pentsatzen hasi zenetik. Urte zailak ziren haiek Eusko Ikaskuntzarentzat, bazkideak sakabanatuta eta elkartearen kudeaketa ahalmena zeharo ezindua. Baina Eusko Ikaskuntzaren garaiko buruek garbi izan zuten euskarari bultzada berezia eman behar ziotela, etorkizuneko euskal belaunaldiek hizkuntzarekiko utzikeria sekula lepora ez ziezaieketen. Eta zituzten bitartekoak gutxi ziren arren, Eusko Ikaskuntzaren VII Kongresua 1948an eratu zela aprobetxatuz, Egunaren aldarrikapena egin zuten.
Aurten berriz ere ekiten dio Eusko Ikaskuntzak ENE-ren antolaketari, aurreko edizioetan erakutsitako asmo eta gogo berdintsuekin. Batez ere, azken hiru urteotan egundoko indarrarekin ari da, Egunaren helburuak bete daitezen. Internet erabili du, gehien bat, bitarteko nagusi gisa eta zenbait mezu desberdin goiburu bihurtuta, milioika pertsonarengana heldu da mundu osoan. Oraingo edizioan egin nahi duen moduan, eta horretarako apartako egitaraua borobildu du.
Iaz Benito Lertxundi izan zen ENE-ren dibulgaziorako pertsonaia zentrala, 2005ean Nestor Basterretxea izan genuen bezala. Oraingoan, Eusko Ikaskuntzako gazteen ekimenari esker, bertsolari gazteak izan dira ENE-ren emaitzarik onenerako aukeratutakoak. Hala, bost bertsolarirekin bideo berezia ekoiztu da, Internetetik eta telebistatik dibulgatzeko. Xabi Paia, Sustrai Kolina, Uxue Alberdi, Oihane Perea eta Etxabe ditugu bertsolari gazteak eta bideoa Euskal Herriko bost toki diferentetan filmatu da: Donostiako Haizearen Orrazia, Portugaleteko Zubi Esekia, Iruña-Veleia, Iruñeko Harresiak, eta Larralde.
Bertsolariek, euskara gaitzat hartuta, bina bertso bota dituzte, eta lau hizkuntzatara itzuli dira, euskaldun ez direnek ere Euskal Herritik gure hizkuntzaz gazteek duten iritzia ezagut dezaten. Azaroaren 15etik abenduaren 3ra arte ikusgai egongo da bideoa eta ikusleek euren mezuak gehitu ahal izango dituzte web orrian. Gogora daiteke, aurreko edizioetan milaka mezu jaso zirela euskararen alde kontinente guztietatik. Uxue Alberdi.
“Euskonews Gaztea” astekaria oinarria izango da, 2007ko ENE kanpainarako. Haren bitartez hedatuko da, gehien bat, Egunaren edukia, nahiz eta Eusko Ikaskuntza zabalik dagoen beste edozein euskaltzaleri kanpainaren aukera emateko. Modu horretan biderkatu egingo da eragina. “Euskonews Gaztea”-rekin batera, modu bereziz arituko da helburua garatzen Euskosare web orria. Munduko euskaldunen komunitateari eragitea du xedea Euskosarek eta lanabes ezin hobea da ENE-ren oihartzuna behar bezala hedatzeko. Internet ez ezik, prentsa idatzia, irratiak eta telebistak erabiliko dira, munduan zehar. Bost milioi pertsonarengana heldu nahi da.
ENE-ren aurtengo edukirik deigarriena bertsolari gazteekin burutukoa bada ere, badira beste eskaintza batzuk ere, Eusko Ikaskuntzak euskaltzaleen esku jarri nahi dituenak. Eta horietatik gehien nabarmentzen dena, 1571ko Joannes Leizarragaren “Iesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria” liburua irakurgai ipintzea da. Bestalde, ENE Sariaren bigarren edizioa da aurtengoa. Euskal Herritik kanpo euskararen suspertze lanetan gehien aritu den erakunde bat errekonozitzen da Sariarekin. Iaz Mar de La Platako “Artaburu” taldeak jaso zuen garaikurra. Abenduaren 3an ezagutaraziko da ENE Sariaren aurtengo irabazlearen izena.
Bestalde, Egunaren ospakizuna abenduaren 3an bada ere, aurtengo edizioaren prestaketan parte hartu duten gazteen nahiari jarraiki, ekitaldi berezia izango da abenduaren 8an, Durangoko Azokan. Bertan, Kafe Antzokiko aukera aprobetxatuz, bertsolariekin grabatutako bideoa ikusteaz gain, bertso saio bat egingo dute ENE-ren adierazpenari dimentsio berri bat emanez. Eusko Ikaskuntzak duela ia hirurogei urte sortutako ekimenari gogotsu heldu dio, beraz, 2007an ere. Dena den, egitarau osoa euskara lanabes bihurtuta urtean zehar Eusko Ikaskuntzak egiten duen lanaren erakuspen puntual soila da. Internet bihurtu da Eusko Ikaskuntzaren aliatua euskararen gaineko hedapenerako. Egunetik egunera begi bistako hazkundea ematen ari da saretik iristen zaizkion kontsultak eta edukien deskargak. Eusko Ikaskuntzan garbi dago, ENE ospatzea gure hizkuntzaren sendotasunerako interesgarria dela, baina ospe internazionala lortu aitzin euskarak nazio mailan lortu behar ditu begirunea, bultzada eta erabilpen orokorra. Bestela, “etxaferoen” politika antzua elikatzen ibiliko gara.