416 Zenbakia 2007-11-16 / 2007-11-23

Euskobooks

Aipamena. Jainkorik bai ala ez?: Erlijioari buruz eztabaidan

Egileak: Joxe Arregi eta Edorta Jimenez Argitaletxea: Elkar Orrialde kopurua: 148 ISBN: 978-84-9783-512-1 Ezaugarriak: Ez da berez modako gaia: ez ditu iritzi-orriak betetzen egunkarietan, ezta irratietako tertulia-saioak ere; tabernako eztabaidetan ez da inor honetaz arituko, eta hala ere, ez da izango gizonik ez emakumerik, bizitzaren aldi batez bederen, auzi honetaz kezkatu eta sakon pentsatu ez duenik: ba al da Jainkorik? Zer zentzu du erlijioak? Hil eta gero zer...? Gai hauetaz eta berauekin loturiko beste zenbaitez solasaldi bat paratzea pentsatu genuen: jarrera bitatik abiatu eta eztabaidan aritzea, elkarren kontra baina elkarren errespetuan. Bakarrizketan nork bere usteari eusten dio, sendo eta zindo; elkarrizketan, berriz, norbere iritziak zalantzan jar ditzake besteak: pentsamendua zorroztu beharra ekartzen du horrek, polemikan gailendu nahian, eta adostasun-guneak bilatzea ere bai, komunikazioa alde bientzat aberasgarria izatekotan. Horixe zen apostua. Liburu honek ez du tesi jakinik, ez du inor ezertaz konbentzitzeko asmorik; irakurleari gogoeta-gaiak eta irizpideak eskaini nahi dizkiogu, batik bat, eta horrez gainera, gizarte hau sinestun nahiz sinesgabeek osatzen eta osatuko dugunez, bizikidetzan sakontzen eta oinarri partekatu batzuk ezartzen lagundu nahi luke. Lortu dugun edo ez, irakurleak berak esango du.