401 Zenbakia 2007-06-29 / 2007-07-06

Euskobooks

Aipamena. Klima aldaketa

Egileak: Aitor Sáez de Cortázar eta Julen Rekondo Argitaratzailea: IHOBE Orrialde kopurua: 77 Ezaugarriak: Lurra orain dela 4.500 milioi urte sortu zen, eta ordutik klima etengabe aldatu da. Hala ere, azkenaldian, klima-aldaketak inoiz baino erritmo biziagoan ari dira gertatzen, eta fenomeno hori larritzeko modukoa da; izan ere, kliman aldaketak izan diren guztietan, aldaketa horrek ondorio zuzena izan du planetan. Nazioarteko komunitate zientifikoak aspaldi ohartarazi zuen klima-aldaketaren eta arazo horri lotutako arriskuen inguruan. Zientzialari horietako batzuek uste dute dagoeneko pairatzen ari garela aldaketa horrek sortutako eraginak. Haien iritziz, aldaketa horiek gizakien jarduerak eta, zehatzago, atmosferara isurtzen diren eta berotegi-efektua sortzen duten gasak gehitu izanak eragiten dituzte. Gainera, zientzialari horien ustez, oraingoz eragin horien zati txiki bat bakarrik nabaritzen dugu; izan ere, atmosferaren eta klimari lotutako prozesuen erreakzioa oso mantsoa da gizakien jarduerarekin alderatuta. Ondorioz, neurri zuzentzaileak garaiz onartzen ez badira klima-aldaketa ezingo dela kontrolatu ondoriozta dezakegu.