Euskonews Gaztea
Gaiak: Azoka Eguna Gernikan
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
1937ko apirilaren 26a, astelehena; azoka eguna Gernikan. Egun batzuk lehenago, martxoaren 31n, Durango bonbardatu zuen Francisco Franco jeneralaren armadak eta izua nagusi zen gernikarren artean. Urtebete lehenago Errepublikako Gobernuari faxistak oldartu zitzaien Gerra Zibilari hasiera emanez eta toki guztietan bezala, Gernikan ere giroa pixka bat nahasia zen. Heinkel 111 hegazkina, bonbardaketan parte hartu zutenetako bat.
Giro horretan jaso zuen Gernikak jaso zezakeen kolperik handiena. Izan ere, ordu gutxi baina luzeetan herria suntsituta geratu zen. Jende ugari zegoen egun horretan herrian; alde batetik azoka eguna zelako eta bestetik, errefuxiatu zibilak helduak zirelako Gernikara babes bila.
Arratsaldeko lauetan entzun ziren lehenengo hegazkinak Gernika gainetik pasatzen. Hasierako bonbak kanpoaldean bota zituzten, hala jendeak ezkutatzeko aukera izan zuen. Ondorengo erasoa herrian bertan izan zen, jendea babeslekuetan sartuta zegoela; hamar-hamabost minutuz iraun zuen erasoaldiak. Baina azkena izan zen latzena, hiru orduz etengabe aritu baitziren hegazkinak bonbak botatzen.
Amaieran, Gernika sutan geratu zen. Ia ez zen zutik eraikinik geratu, jendeak ez zuen non lo egin, ez zuten ondasunik, ez zuten ezer. Jende gehienak mendira jo zuen ihesean. Hala ere, eraikin gehienak suntsitu arren aipatu behar da herriko arma-fabrika, esaterako, zutik mantendu zela okupazioaren ondoren ere munizioa mantentzeko. Juntetxeak eta Gernikako Arbolak ere osorik jarraitu zuten. Erasotzaileak
Francoren armadak aginduta egin zen oldarraldia eta Alemaniako Cóndor Legioa eta Italiako aire-indarren artean burutu zen. Hiru hegazkin motekin egin zuten: Heinkel 111, Junker 52 eta Heinkel 51. Lehenengo biak bonbak jaurtikitzeko erabili ziren, azkena berriz, metrailaz eraso egiteko.
Taktikari dagokionez, oso pentsatuta zuten zer egin erasotzaileek. Lehenengo eta behin bonba birrintzaileak botatzen zituzten gauzak txikitzeko. Ondoren, sua pizten zuten bonbak iritsi ziren, hala infernua areagotuz. Gainera, ezkutalekuetan geratu ez eta herritik ihesean irteten zirenei metrailaz erasotzen zieten azkenik. Heinkel 51 hegazkin mota. Biktimak
Denetik entzun izan da biktimen kopuruari dagokionez. Bando bakoitzak bere bertsioa eskaintzen zuen eta gainera, herria deuseztatua zegoela-eta ihes egindako jendea kontutan hartuta, zaila zen zenbaketa egitea. Baina gutxi gorabehera 250-300 pertsonetakoa izan zen baja, eta ehunka zauritu egon ziren.
Bestalde, propaganda faxistak biktimak errudun bihurtu zituen; izan ere, beraiei egotzi zitzaien Gernikaren txikizioa. Horren arabera, Gernikan bizi ziren errepublikarrek erre zuten beraien herria Bilbora alde egin aurretik; eta behin eta berriz ukatu dute erantzukizun hori. Propaganda egiteko frogak manipulatu zituzten, esaterako, argazkiak. Berreraikitze lana
Hiria berreraikitzeko lanak ez ziren bat-batean egin. Bost urte iraun zuten lanek. Eta nor arduratu zen horretaz? Alde batetik faxistek atxilotutako preso politikoak, eta bestetik, kobratuz lan egiten zuten pertsonen esku egon zen. Hala ere, erregimen faxistaren aginduz egin zen birmoldaketak ez zuen lortu Gernika lehen zen bezalakora itzultzea. Alemaniarren erantzukizuna
Berrogeita hamabi urte pasa izan behar izan dira alemaniarrek gertakari izugarri horietan izan zuten parte hartzea onartzeko, 1989an gertatu zen. Herzog lehendakariak gutun bat bidali zien egun hartatik bizirik irten zirenei barkamena eskatzen. Hori adiskidantzarako lehen urrats bezala har daitekeela esan genezake.
