391 Zenbakia 2007-04-20 / 2007-04-27

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Luis Iriondo. Gernikako Bonbardaketaren lekukoa: Bondardaketa ostean ez zen ezer geratzen eta ez nuen nora joan, ez etxerik ez eta ezertxo ere; korrika hasi nintzen mendirantz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Bizkaitarra da Luis, Gernikarra hain zuzen ere. 14 urte zituen Gernikako Bonbardaketa gertatu zenean eta egun hartako oso oroitzapen garbiak ditu. Gaurkoan pasarte batzuk ekarri nahi izan ditugu irakurleentzat, garai hartako nerabe batek egun gordina nola bizi izan zuen jakiteko.

Beti bizi izan zara Gernikan?

Ia nire bizitza guztian bizi izan naiz Gernikan, garai hartan izan ezik. Gertaera horiek pasa eta zortzi urtetara itzuli nintzen Gernikara bizitzera. Aurretik bisitak egin nituen, baina ez zegoen non bizi, urte askotan zehar ez zegoen non bizi herrian, eta kanpoan egon ginen gehienok. Poliki-poliki hasi zen berreraikitzen, eta orduan etorri ahal izan ginen.

Non harrapatu zintuen egun horrek?

Azoka eguna zen eta bertan nintzen; han harrapatu ninduen lehenengo erasoaldiak. Besotik heldu ninduten eta ?paseoa? deitzen genuen toki batera eraman ninduten. Han tunel txiki batzuk zeuden lur azpian eta babeslekuan sartu ninduten. Luis Bakearen Museoan.

Apirilaren 26a gogorarazten badizut, zer nolako oroitzapenak datozkizu burura?

Ikasle izateri utzi nion eguna izan zen. Institutuan ari nintzen, batxilergoko hirugarren urtean. Eta egun horretatik aurrera ezin izan nuen gehiago ikasi, herritik joan behar izan genuelako.

Nolako momentuak bizi izan ziren?

Bi bonbardaketa izan ziren; lehenengoa oso motza (10-15 minutu), bigarrena luzeegia (hiru ordu). Aurrenekoan babesleku barru-barruan egon nintzen (bultzatuta sartu ninduten hara) eta momentu hori oso txarra izan zen. Aire falta nabaritzen nuen, tokiak ez zuen altuera askorik eta jende ugari geunden barruan. Ez aireztapen onik, ez argirik... ezin arnasa hartu! Gainera goiko aldera bonbaren bat jausiko ote zen pentsatzen nuen eta bizirik lurperatuta hiltzeko beldur nintzen. Zortea izan genuen, motza izan zelako.

Amaitzerakoan kalera irten ginen, eta babeslekutik pausu batzuk urrundu ostean, berriz ere alarma entzun genuen eta itzuli behar izan genuen toki hartara. Nik gainerako jendea sartzea itxaron nuen eta azkena sartu nintzen. Horren gaizki pasatu nuen lehenengo aldian, nahiago nuela metrailaz hil bizirik lurperatua hiltzea baino. Sarreran geratu nintzen, eta arnasa lasai hartzeko gai izan nintzen orduan.

Kontatu, arren, babeslekuko momentua.

Nire aurrean hondarrez betetako zaku ilara bat nuen eta han egon nintzen erasoak iraun zuen hiru ordu luzeetan. Noizean behin, leherketen ondorioz haize bero bolada sartzen zen. Eta han jarraitzen genuen, errezatzeko ahaleginetan, nahiz eta askotan ezin, leherketek mozten zuten-eta.

Eta handik irteterakoan, zer aurkitu zenuen?

Herri guztia sutan zegoen. Ez zen ezer geratzen eta ez nuen nora joan, ez etxerik eta ez ezertxo ere. Beraz korrika hasi nintzen mendirantz, Lumora igotzen den bidetik. Momentu horretan gogoratu nintzen lehenengoz familiaz, ordura arte ezin izan nuen. Jende ugarirekin egin nuen topo bidean, eta lagun batekin mendira igo eta gaua iritsi zen. Handik ikusi genuen herria nola ari zen erretzen.

Ez genuen lo egiteko tokirik, Lumora igo ginen eta plaza aldameneko etxe batean argia zegoela ikusi genuen eta gerturatu egin ginen. Han zegoen emakume batek ezagutu egin ninduen. Es el hijo de la mueblera esan zuen. Baso bat esne eta zaku bat eman ziguten eta kortan egin genuen lo. Gauerdian esnatu nintzen, zerbait arraroa sentitu nuelako. Kortako ateak plazara ematen zuen, atea ireki eta nire amaren silueta ikusi nuen, niri deika.

Zer egin zenuten orduan?

Lehenengo eta behin elkar besarkatu genuen. Ondoren, etxe horren ondoan zain genuen auto bat Bilbora eramateko. Ertzain batek aurkitu zigun ibilgailua. Ama eta hiru seme-alaba joan ginen eta beste bizipen batzuk izan genituen. Luisek pintura eskolak ematen ditu Kultur Etxean.

Eta nora joan zineten?

Lehenengo Bilbon egon ginen, handik Santanderrera egin behar izan genuen ihes, eta ondoren Frantziara. Azkenean Euskal Herrira itzuli behar izan genuen aita eta anai bat bertan zeudelako. Bilbon bizi izan ginen orduan denbora batez, ikasten bukatu nuen arte.

Nola gainditzen dira horrelako uneak?

Pertsona bakoitza desberdina da, batzuk gogorragoak dira beste batzuk baino. Nik nahiko ondo eraman nuen. Baina nire anai bat, esaterako, beldurtu egiten zen ohiko gauzekin. Esaterako, trumoi hotsa entzutean urduri jartzen zen edota Frantzian izan ginenean hegazkin bat pasatzen bazen lurrera botatzen zen beldurtuta. Ez duzu ahazten, baina ez ninduen bereziki markatu.

Biktimen kopuruari dagokionez, denetik entzun da.

Bai. Frantzian egon nintzenean, Humanit? aldizkarian 3.000 hildako izan zirela irakurri nuen. Hasieran sinetsi egin nuen, baina gero konturatu nintzen ez zela horrela. Jende asko bizi zen orduan Gernikan (5.000 bat) baina larregizkoa izango zen 3.000 pertsona izatea. Orduko bertsioak 120 izan zirela esan zuen. Nire ustez, 200 eta 300 artean izan ziren.

Gehiago izan zitezkeen. Baina zorionez, ez zen horrela izan.

Faktore batek lagundu zuen horretan. Bonbak herritik kanpora bota zituzten lehendabizi eta horrek ia jende guztia gordetzeko aukera eman zuen.

Uste al duzu gaur eguneko gazteek nahikoa dakitela egun horri buruz?

Nire ustez etxean hitz egiten diete horri buruz, baina gazte askok paso egiten dute. Agian askotan entzun dutelako berdina eta gainera urte asko pasa dira ordutik. Hala ere nik hitz egin dut Eskola Profesionaleko ikasleen aurrean eta harritu egin ninduen beraien jakin-minak, eta baita zer nolako galderak egiten zizkidaten ere. Asko poztu nintzen.

Badakigu artea gustuko duzula. Goazen Picassoren koadrora. Ze sentsazio sortzen dizu?

Egia esan behar badut, lehenengo aldiz ikusi nuenean (Parisen) ez nuen Gernikarekin identifikatu. Zergatik? Elementu batzuk ez zirelako hemengoak, Gernikakoak. Esaterako, asto pila bat zeuden Gernikan, baina zaldiak... Eta berdin zezenarekin. Behiak ziren ugari.

Hala ere, bere garrantzia aitortu behar zaio koadroari. Izena eman dio herriari, gertaerari. Gainera, Picasso oso margolari ona izan zen. Eta horregatik ekarri beharko litzateke koadroa Gernikara, hemen egon beharko lukeelako, gure historiaren parte delako. Inor ez zaigu kontsolatzera etorri, eta nire ustez egin zutenaren konpentsazio gisa ekarri beharko lukete artelana hona. Hemen izango luke benetako esanahia. Museoan jarriko nuke.

Opera baterako testua idatzi zenuela entzun dut...

Bai, Bonbardaketaren 50. urtemugarako idatzi nuen, Bilboko lehiaketa baterako. Gernikako bonbardaketa zen gaia. Musika Donostiako Maestro Escuderok jarri zion. Opera kontzertu bat bezala jo zen lehen aldiz Bilboko Arriaga antzokian.

Eskerrik asko Luis, eta hurrengora arte.

Luis Iriondo Aurtenetxea (Gernika, 1922) Luis Iriondo gernikarrak primeren gogoratzen du Gernikaren Bonbardaketa eguna. Nerabea zen orduan eta bizirik irten zen, bere familiako kide guztiak bezalaxe. Zortea izan zuen. Gerrak bultzatuta alde egin behar izan zuen eta besteak beste Bilbon eta Frantzian bizi izan zen. Gernikan bizi da gaur egun eta bere zaletasuna den pinturari oso lotuta dago, irakasle dihardu eta Gernikako Arteskolan. Bere sorkuntzan parte hartu zuen gainera.