
Efemerideak
Efemeridea. 1937ko apirilaren 26an Gernika herria bonbardatua izan zen, aurten 70. urteurrena ospatzen delarik
1936 ko gerra hasi ondoren, Gernikako Batzarretxean bildu zen lehenengo Eusko Jaurlaritza. Berehala etorri zen erantzun militarra: Mola jeneralak, Francoren onespenarekin, bere militarrek, italiarrek eta Alemaniako buruzagi naziek elkar hartuta, Gernikako hiria deuseztea erabaki zuten eta horretarako astelehena, 1937ko apirilaren 26a, feria eguna alegia, aukeratu zuten herria bonbardeatu eta erabat suntxitzeko. Arratsaldean hasi zen bonbardeaketa (metraila, bonba astunak eta suzko bonbak) eta bi ordu eta erdiren buruan eman zioten amaiera Legion Condor hegazkin talde naziak eta hegazkin italiarrek eraso hari: han eta hemen ageri ziren gorpu, hilak, zibilak gehienak, (Gernikan ez zegoen militar edo gudari multzo aipagarririk garai hartan) etxe eta eraikuntza guztiak lur jota zeuden (Juntetxea eta Arbola, hala ere, ez zituzten ukitu) eta han biztu zen suak egin zuen gainerako triskantza. Mila hildakotik gora (Eusko Jaurlaritzaren garai hartako bertako barne txosten baten arabera 1600 hildako eta 800 zauritu larri) eragin zuen Gernikako bonbardeaketa gisa horretako lehen ekintza izan zen munduko historian. Harrezkero giza basakeriak eragin ditzaketen eta inondik inora saihestu behar diren ekintza lazgarrien sinbolo bihurtu da Gernika. Frankistek ez zuten sekula egia onartu nahi izan eta Eusko Jaurlaritzari egotzi zioten Gernikako hondamendiaren errua. Nazi alemaniarrek ordea, argi erakutsi zuten Gernikakoa bonbardeaketa saio zabal bat izan zela, frankisten eta nazien artean prestaturiko erasoa (Nutenberg-eko epaiketa, 1945). 1940. urtean 3381 biztanle zituen Gernikak, 1930ean baino 1841 gutxiago (%36). Aldakuntza handiak izan ditu gero eta garrantzi handiagoa hartu baitu bertako industriak.