Euskonews Gaztea
Gaiak: Garbuno, baserri zaharrena
ARBELAITZ, Imanol ARISTIZABAL, Ekaitz CHAVARRI, Josu MORENO, Ugaitz
Batxilergoko ikasleak
Baserriak Garbuno izena du eta garai batean dorretxea izan zen. Oiartzungo baserri zaharrena da nahiz eta jende askok, nahastuta, Garbunotik ehun metro eskasera dagoen Iturriozko dorretxea zaharragoa dela uste duen. Garbuno urteen poderioz aldatzen joan da eta gaur egun, oso ezaguna den Zuberoa jatetxea da. Oiartzun herriko hegoaldean dagoen eta Iturriotz izena duen auzo batean kokaturik dago. Oiartzun ibaitik hogei metro ingurura.
Garbuno Oiartzunen eraiki zen lehenengo etxea da eta honen ondoren bailaran eraiki zen hurrengo etxea bertatik zortzi kilometrora eraiki zen, Arditurriko meategi inguruan. Gaur egun etxe batetik beste batera zortzi kilometroko distantzia egotea asko dela iruditzen bazaigu ere, Oiartzunen bigarren etxea hau eraiki zenean Garbunon bizi zen emakumeak etxe berria, bertakoekin lagun onak izan ahal izateko gertuegi eraiki zutela esan zuen.
Arbelaitztarrena izan aurretik, baserria Londaiztarrena zen. Londaiztarrak jabeak zirenean Garbuno dorretxea zen, baina Enrique IV.a errege zen garaian, XV.mendean hain zuzen ere, erregeak dorretxe guztiak moztea agindu zuen eta hau ere, gainontzeko guztien antzera, moztu egin zuten. Honen ondorioz, gaur egun Garbunok beste baserrien antzera, teilazko teilatua du.
Urteak aurrera joan hala Londaiztarren jabetza izatetik, Arbelaitztarren jabetza izatera pasatu zen baserria eta gaur egun ere hala da eta hainbat eta hainbat generazio igaro ondoren, duela laurogei urte gutxi gorabehera Garbuno sagardotegi bihurtu zuten. Hala ere, ez zituzten behi, txerri eta oiloak kendu, sagardotegitik etekin handirik ateratzen ez zutenez, hauek baitziren familiaren diru eta elikadura iturri nagusiak. Etxeak hiru solairu zituen: Beheko solairuan ukuilua, sagardotegia eta taberna zeuden. Bigarrenean berriz, sendiaren logelak eta egongela zeuden, eta azken solairuan, ganbaran, usoak eta bildutako uzta zituzten.
Arbelaiztarrak poliki-poliki gero eta janari hobea prestatzen hasi ziren eta segituan etorri zen esfortzu guztiaren ordaina: 1988an Michelin gida ospetsuko izar bat lortu zuten, honekin mundu mailan askoz ere ezagunagoa bilakatu zen jatetxea eta ospe kutsu bat hartu zuen jatetxeak. 1992an, bigarren izarra lortu zen eta fama handiagotu, batez ere Espainian.