Elkarrizketa Joan Mari Torrealdai, soziologoa "Zentsurak basamortu kulturala ekarri zuen" * Ainhoa Irazu Joan Mari Torrealdai oso ezaguna da euskal kulturaren munduan. Kazetari zein soziologo honek liburu franko idatzi ditu. Berak argitaratutako artikuluen zerrenda ere, luzea da. Joan Mariri ez zaio meriturik falta. Hori dela eta, bere izena eman diote bere jaioterriko kultur etxe berriari. Iaz, Irun Hiria Saria jaso zuen "La censura de Franco y el tema vasco" saiakerarekin. Aurten, beste hiru liburu plazaratuko ditu: "Zentsura frankista eta euskal literatura", "Pequeña historia del libro vasco" eta "XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa izeneko bildumaren" IV. liburua . Bere aurreko lanetan legez, oraingo hauetan euskararen historia sozialean murgildu da. Gai horretan ikertzeko beharra sentitzen du Jakin aldizkariko zuzendaria den Foruar honek. Euskal kulturaz maiteminduta dago Torrealdai. Bere ametsa?: bere liburuak etorkizuneko belaunaldientzako lanerako tresna izan daitezen Zein da Joan Mari Torrealdai? Aurkeztu ezazu zeure burua. Forua Bizkaiko herrian jaioa naiz. 56 urte ditut. Kazetaritzan ibilia naiz baina nik soziologotzat jotzen dut neure burua. Beste batzuk, fikzioaren munduan ibiltzen dira. Ni, neu, errealitatearen azterketan murgildu ohi naiz. Foruan jaio eta gero Arantzazutik igaro nintzen. Ondoren, Europan ibili nintzen urte batzuetan. Egun, Usurbilen bizi naiz. Ezkonduta nago, eta bi seme alaba ditut. Jakin 1956an jaio zen Arantzazuko frantziskotarren ekimenez. Zein helbururekin sortu zen? Ikasle nintzela ezagutu nuen Jakin. Ordurako aspaldi sortua zegoen. Beraz, zegoen ekipoan, hau da, Joxe Azurmendi eta Joseba Intxaustirekin hasi nintzen Jakinen. Hasieratik, Jakinek kultura eta euskara ezkondu nahi izan ditu. Orain, hori ez da harrigarria baina garai horietan bai. Zeren garai hartan euskara euskarari buruz hitz egiteko eta poesia egiteko erabiltzen zen. Edonola ere, kultur gaiak zientzia, filosofia, teologia ez ziren euskaraz egiten, hori ezzen arrunta. Gure kezka beti izan da euskara eta kultura uztartzea, elkarrekin lotzea. Ahalegin horretan aitzindaria izan zen Jakin. Zuen bidean euskara batua sortzeko beharra ikusi zenuten. Hasieran Jakin ikasleen aldizkaria zen. Ez zeukan buru jakinik, ez eta ekipo iraunkorrik. Irakaskuntza gaiak jorratzen zituen, batik bat erlijiosoak. Garai hartan ez zen euskal unibertsitaterik. Orduko euskal unibertsitateak seminarioak ziren. Jakin Arantzazun jaio zen arren ez zen bakarrik bertako ikasleentzat egiten, beste seminariorentzat ere egiten zen. Beti eduki du elkarren arteko lana egiteko bokazio hori. Orduan, bat batean, euskara batuaren arazoa sortu zen. Batetik, euskara ez zegoen bakarrik lurralde bati lotua, baizik eta guztietara. Bestetik, hizkuntzaren maila bat behar zen. Hortik sortu zen euskara batuaren beharra, baina ez hori bakarrik, euskara batuarena ez baita bakarrik euskara batzea, hizkuntzaren maila ona lortzea ere bada. Kezka horrekin,1964an, Baionan Jakineko idazleen bilkura egin zen. Aldizkariak batasunaren arauak idatzi eta argitaratu zituen. 1967an Jakinen zuzendaritza hartu zenuen. Garai horretan aldaketa nabarmenak eman ziren aldizkariaren baitan. Espainiako eredutik aldentzea erabaki zenuten. Horrez gain, kazetariei dagokionean, profesionaltasunaren beharra ikusi zenuten. Zer bultzatu zintuen linea aldatze horretara? Aldizkariaren zuzendaritza hartu nuenean, Arantzazutik kanpo nengoen. Ordutik ekipo iraunkor batek egiten du aldizkaria. Lehendabiziko ekipoa Carlos Santamariak, Rikardo Arregik, Andoni Lekuonak, Piarres Xarritonek, Ibon Sarasolak... eta abarrek osatzen zuten. 1967an, Euskal Herria oso bizi zegoen. Hurrengo urtean 68ko maiatzaren iraultza eman zen.Borroka pil pilean zegoen: ideologikoa, soziala, politikoa. Guk aldizkari bat genuen baina horrekin zer egin ez genekien. Orduan, Karlos Santamaria eta Rikardo Arregiren gidaritzapean Esprit Frantziako aldizkariaren eredua hartu genuen. Aldaketa guzti horiek direla eta, seminarioko ikasleenaldizkaria izatetik aldizkari normalizatu bat izatera igaro zen, publiko orokorrarentzako,hain zuzen. Aldizkaria inguruneari estu lotuta egon da beti. Arantzazun zegoenean gai erlijiosoak jorratzen zituen. Bigarrengo fase horretan, gai kulturalak eta sozio politikoak, ideologikoak uztartzen genituen, hau da, giroak eskatzen zituen gaiak. Handik gutxira frankismoaren debekua etorri zen. Ondorioz, argitaletxea sortu genuen. Helburua zen aldizkariko sailak eta monografikoak liburu euskarrian kaleratzea. Urte batzuk beranduago, hiztegi teknikoekin hasi ginen. Horixe izan zen UZEIren hazia. Nolakoa da gaurko Jakin? Ekipo txikia dugu, Joxe Azurmendi, Joseba Intxausti, Koldo Agirrebalzategi eta laurok gaude . Horrez gain, hainbat kolaboratzaile ditugu. Aldizkaria bi hilero ateratzen da. Aldez aurretik planifikatzen dugu guztia. Tirada 3.100 alekoa da. 2.700 harpidedun inguru ditugu. Gainerakoa dendetan saltzen da. Formatuari dagokionean, aukera ezberdinak daude: monografikoak, zenbaki zentratuak non gai baten inguruko artikulu ezberdin aurki daitezkeen, eta azkenik, zenbaki sueltoak. Elkarrengandik loturik ez duten artikuluak joaten dira horretan. Gainera, badira beste sailak: gaiak, liburuak eta egunen gurpila izenekoa. Gaien aldetik, berriz, kultura, soziologia, politika, ideologia...ildo horri jarraitzen diogu. Aldizkari "generalista" da. Gaiak ez gaitu mugatzen baizik eta gai hori tratatzeko moduak. Jakinek bere bizitzan zenbait oztopo eta debeku jasan ditu. Zein arrazoi zeuden debeku horien atzetik? Frankismoan izan zen hori. Politikoki egoera zaila zen. Gu saiatzen ginen ikusten genuena esaten, eta hasieran utzi egin ziguten, bi urtez. Noski, gero aldizkaria ateratzeko eskubidea ukatu ziguten. Zergatik? Gure ibilbidea euskaltzalea, sozialista edo erregimenaren aurkakoa zelako. Gure adibidea azaltzeko, nire ikerketetan aurkitu esaldi bat erabil daiteke: "Darles cuerda para que ellos mismos se ahorquen". Kazetari izateaz gain, ikertzaile ere bazara. Ia beti euskararenhistoria sozialean jardun duzu. Nondik datorkizu behar hori? Gure belaunaldiak ez du euskara eskolatik jaso. Gure garaian debekatuta zegoen euskara. Ez hori bakarrik, gaien aldetik ere, debeku handia zegoen. Ni pixkanaka hasi nintzen ezagutzen euskal kultura eta historia. Konturatu nintzen horien inguruan oso gutxi nekiela. Beraz, lanean hasi nintzen. Nire lana horixe izan da, eduki badaukagun errealitatea, eduki badugun historia dibulgatzea. Horretarako aztertu behar izan dut. Edonola ere, ni ez naiz aztertzaile arrunta purua. Nik ikertzen dut gero ezagutzera emateko, hau da, dibulgatzailea naiz. Alde horretatik, tratatu ez diren gaietan murgildu izan zara, esaterako frankismoaren zentsuran. Nolakoa zen Frankoren garaiko zentsura? Frankismoaren garaian zentsura izugarria zegoen. Liburua publikatu aurretik kontrolpean egoten zen. 66an, Fragaren legearekin, aurretiko zentsuraren figura hori desagertu zen baina aurretiko kontrol horrek jarraitzen zuen, zentsura deritzen ez bazitzaion ere. Lege berriarekin bi aukera zeuden, publikatu aurretik borondatezko kontsulta egitea edo "deposito previo" delakoa. Azken horren bidez, liburua egin ondoren ikuskatzen zuten. Liburuak Madrilera edo hemengo delegazioetara bidaltzen ziren. Noski, hemengo delegazioetan hemengo jendea egoten zen, esaterako, Salsamendi, militar ohia. Zerk bultzatu zaitu zentsura ikertzera? Zentsura ikertzeko orduan motibazio batzuk izan ditut, bat zentsura jasan izanarena da. Bestetik, zentsurak ez du uzten pentsamendua bilakatzen, eztabaida debekatzen du. Guzti horrek bultzatu ninduen. Nik nire lanak burutzeko Alcalako artxibategia aztertu nuen.Zentsurak ondorio izugarriak izan ditu euskal kulturan. Zein ondorio izan dira horiek? Zentsurak izugarri mugatu du euskal produkzioa. Mugatze hori neurtzea oso zaila da. Ondorio horiek ez dira kuantifikatzen, ezinezkoa delako. Zentsuraren ondorio larri bat autozentsura da. Autozentsura ikaragarria egon da. Gu guztiok ezagutu dugu. Horrela idazleak zerbait idaztekoorduan pentsatu behar zuen idatzi behar zuena aurretik beste norbaitek onartu behar zuela, eta idatzitakoaren arabera, zigor bat jaso zezakeela. Hori dela eta, idazteko orduan, guk beti zentsuratzaile bat genuen aurrean. Autozentsurak ikaragarri mugatu ohi du idazlea. Orduan, frankismoaren garaian eztabaida politiko, ideologiko eta kulturala ezabatuta geratu ziren, ezin baitzen horiez hitz egin. Beraz, pobretze handia, basamortu kulturala ekarri zuen zentsurak. Hori 40 urtetan baino gehiago eman zen, ez bakarrik liburugintzan, baita komunikabideetan ere. Gero kontuan hartu behar da, euskarazko kulturak beste traba batzuk ere bazituela. Izan ere, edukiaz gain hizkuntza bera ere zentsuratu zen. Frankismoaren ondoren, desmemorizazio kolektiboa bultzatu zela aipatu zenuen behin. Zer esan nahi duzu honekin? Nire ustez, frankismoaren ondoren, "desmemoria" programatu bat bultzatu zen. Nik hori bizi izan dut, zentsuraren inguruko azterketa egitean. Gaia ikertzen hasi nintzenean konturatu nintzen bazela horren inguruko interes bat. Edonola ere, sozialistek boterea hartu zutenean, horiei ez zitzaien interesatzen gai horren inguruan ikerketarik egitea. Esaten ziguten etorkizunari begiratu behar geniola, ahazteko iragana. Hori guztia dela eta, ezin izan da alderdi beltzik sekula aipatu. Horixe izango litzateke "desmemoria" kolektiboa. Alde horretatik, uste dut nire lanek garrantzi handia dutela, izan ere, belaunaldi berriak dokumentatuta dauden liburu batzuk dituzte, fikzioa ez direnak. Beraz, memoria transmititu egingo da. Gaur egun egiten al da zentsura? Oro har, beti egiten da zentsura. Dena dela, oso zaila da zentsura eta linearen arteko ezberdintasuna egitea. Hau da, edozein mediok bere linea dauka. Hartara egokitu behar du profesionalak bere lana. Guzti horri zentsura deitzea? Hori oso zaila da. Nolanahi ere, argi dago zentsura ekonomiko bat badagoela. Hala ere, oso ezberdina da orain egon daitekeena, eta hemendik aurrera egongo dena, frankismoaren zentsurarekin. Orduan,aparatu bat zegoen, pentsamendua bideratzeko zuzenki destinatutako aparatu administratiboa. Egun, ez da horrelakorik. 1985ean, euskaraz egindako lehendabiziko tesina aurkeztu zenuen EHUn, "ETB eta euskaren arazoa" izenburukoa, hain zuzen ere. ETB hizkuntza normalizatzeko tresna bezala jaio zen. Bete al du bere helburua? Ez dut uste, ETBren bilakaera beste nonbaitetik joan da. Azken finean, telebista normalizatzerakoan erdarak garrantzi handiagoa hartu du. ETB 2k izan behar zuen ETB1en bultzatzaile eta osagarri. Aitzitik, garrantzia ETB 2k hartu du eta ETB1, amets txiki bat bezala geratu da. Hori premia politikoen ondorioa izan da. Guzti hori aldatzeko, telebista politikatik urrundu beharko litzateke. Horrek ez du esan nahi politikoki beste modu batera antolatu beharko litzatekeela. Gaien tratamenduaren aldetik eta hizkuntzaren tratamenduaren aldetik birbideratu litekeela uste dut. Ekoizpenari dagokionean, berriz, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira. Hala ere, EITBk apustu bat galdu duela uste dut. Ez da euskal antzerkiaren eta zinemaren koordinatzaile eta bultzatzaile izan. Ez da, beraz, euskal kultura uztartzeko topagune garrantzitsua. ETBren sorreran bi jarrera zeuden: euskaltzalea eta erdaltzalea. Azken horrek, funtzio pragmatikoa ukatzen zion euskarari, hau da, ez zion gaitasunik ematen komunikazio tresna izateko. Esperientziak ez al du alderantzizkoa erakutsi? Bai, frogatua dago euskarak bai komunikazioan eta baita beste alor guztietan ere, unibertsitatean, esaterako, bere bidea egin duela. Orduan, hizkuntza alderdi sinboliko, identifikatzaile bezala, hots, etniarekiko loturarako bakarrik geratzen zen. Beraz, euskara errelikiarekin identifikatzen zen. Hala ere, hori gainditutako fase bat da. Orain euskarekiko dauden arazoak beste maila batekoak dira. Dagoeneko euskarari ez zaio gaitasuna ukatzen. Egun indar erlazioko fasean gaude edo apustu handi baten atarian edo bideratzean. Zuk idatzitako "Euskararen liburu beltza" arrakastatsua izan da. Zeintzuk diraliburu horren nondik norakoak? Urtez urte, legearen aldetik, Euskararen kontra egin eta esan direnen zerrenda izango litzateke liburuaren mamia. Informazio hori pilula txikitan emana da. Ondo dokumentatutako liburua da, baina ez da ikerketa bat, lore sorta bat baizik. Bitxikeriak agertzen dira, esaterako autore batek dio euskara bakarrik emakumezkoentzako hizkuntza dela, konfesatzeko eta abar. Finean, liderrek eta kazetari garrantzitsuenek euskararekiko duten iritziak jasotzen ditu, kronologikoki. 1730 urteetatik hasi eta gaurdaino. Emazkiguzu beste adibide batzuk... Adibide bat emateagatik, "y que no se les permita hablar en vascuence sino en castellano y castigandoles como se merecen" esaldi horrek irekitzen du liburua. Garai bateko hezkuntza sisteman, ikasleak gazteleraz hitz egin zezaten, euskaraz hitz egiten zuenari maisuak eraztun bat ematen zion, zigor moduan. Horrela, milaka adibide dago. Aranda kondeak 1766an euskarazko liburuak ez kaleratzeko agindua eman zuen. Debeku hori dela eta, Kardaberaz ek ezin izan zuen Loiolako San Ignazioren bizitzaren inguruko liburua plazaratu. Modu horretan, beste liburu piloa debekatu ziren. Hortaz, beroi, beste zentsura mota izango litzateke. Batik bat saiakera landu duzu. Zure liburuen artean, baina, euskal kulturan itzal handiko bi pertsonen biografiak aurki daitezke, Martin Ugalderena eta Rikardo Arregirena, hain zuzen ere. Zeintzuk izan dira bi gizon hauen ekarpenak? Rikardo Arregi laguna izan nuen. Berari buruz lan dezente egin ditut. Rikardo oso pertsona garrantzitsua izan zen euskal kulturan zuen indarragatik. Lider naturala zen. Gauza asko egin zituen, Jakinen liburuak, alfabetatzea ere berak sortu zuen. Azken finean, mugimendu bat sortu zuen, halako indar pertsonala handia zuen. Intelektualki ere, oso indartsua zen. Oso gazte izanik hil zitzaigun, 26 urterekin. Gero Martin Ugalde, ezagunagoa da, bizitza luzeagoa du, 78 urte ditu orain. Bere ibilbidea oso arrakastatsua da. Gerra ondoko ibilbide klasikoa da berea. Gerratikihesi egin zuen, eta azkenean, familia osatzera Caracas era joan zen. Han profesionalki punta puntan ibili zen, bai idazle moduan eta baita kazetaritzan ere. Oso sari onak jaso zituen. Ugaldek behin erabaki zuen Euskal Herrira etortzera baina ez patxada hartzera lan egitera baizik. Zure lanarekin jarraituz, XX. Mendeko euskal liburuak katalogatu dituzu. Aro ezberdinak daude XX. Mendeko liburugintzan. Zeintzuk dira bakoitzaren ezaugarri nagusiak? Produkzioari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu, gerra bitartean goranzko joera egon zela. Gerrarekin ekoizpena erabat moztu zen. Kanpoan, diasporak gehiago ekoiztu zuen. Gero hemen, zerotik hasita Franco hil arte gora egin du produkzioak. Dena dela, hor egon zen 20 urteko hutsune bat. Azken fasean, kulturak berak bere azpiegiturak sortzen ditu argitaletxeak eta abar. Ekoizpenaren aldetik ez dauka zerikusirik oraingo produkzioak beste aroetan eman denarekin, askoz handiagoa da. Datu batzuk eman arren , mende hasieran bakarrik bertso liburuak, katekismoak eta abar kaleratzen ziren, gutxi gora behera 100 liburu izango ziren. 60ra arte, berriz, 50 liburu. Tarte horretan diasporak, hemendik kanpo nahikoa idatzi zuen. Euskal literaturako gizonak ihes egin behar izan zuten. Gero hemen azpiegitura guztiak deseginda geratu ziren. Hori eboluzio kuantitatiboa izango litzateke. Kualitatiboki, Franco bitartean, generoari dagokionean, antzerkia zegoen gailurrean. Horrek esan nahi du, sozializatzearen aldetik, euskara herrikoia zela eta ahozko tradizioa oso garrantzitsua zela. Franko garaian, poesia izan zen nagusi. Gaur egun, berriz, narratiba. Gaur egun zer nolako egoera bizi du euskal liburuak? Egoera iraunkor bat bizi duela esango nuke. Osasun ona du euskal liburuak. Azken finean, ez da ekoizpen bitxi eta berezia. Europan egiten den produkzioaren antzeko baremoak ditu eskalan, tamainan. Gero azpiegituren aldetik eta, osasuntsu gabiltza. Beraz, finkapen bat dagoela esan daiteke. Bestetik, aniztasuna ere, egon badago. Kalitateari dagokionean,bataz beste ona da. Badaude gero, erdipurdiko liburuak baina beste herrialdeetan bezalaxe. Edonola ere, sistemak berak ekoizten du hori. Hemengo edizio kapitalistaren mekanika da titulu asko kaleratu nahiz da bakoitza hainbeste saldu ez. Hori, nolanahi ere hizkuntza guztietan gertatzen da. Zer gertatzen da? Gauzak fokalizatzen badira, esaten bada hemen kalitate gutxiko liburu asko dagoela, egia da. Hala ere, beste herrialde bat fokalizatzen badugu ikusiko dugu han ere antzekoa gertatzen dela. Hortaz, ezin dugu isolatu gure ekoizpena beste herrialdeetako ekoizpenetatik. Beraz, salaketa horiek oso interesatuak direla esango nuke. Ez dira egiaren ispilu. Jakinen Ipar Euskal Herriko liburugintza ere aztertu duzu. Garai ona bizi al du bertako euskal kulturak? Egoera itxaropentsua da, baina, aldi berean ahula. Ahultasun hori egoera sozio ekonomikoaren ondorio zuzena da. Ekonomiak indar gutxi dauka, enpresen aldetik eta abar. Gero, biztanleria ere, txikia da, eta horren erreferentziak Parisen daude. Gauzak horrela, bertako idazleak eta kultur munduan dabiltzanak ahalegin txalogarria egiten ari dira. Urte batzuetatik hona, gainera, jauzi handia eman dute, bai kontzientzia hartzearen aldetik eta baita lan egitearen aldetik ere. Eta euskal kazetaritza zelan dago? Alor horretan kristoren lana egin da. Lur azpitik zerurainokoa jauzia eman da. Nik 80. hamarkadan nioen profesionalizatze bidetik jo behar genuela. Orduan horren beharra zegoen, izan ere, hizkuntza prestatu behar zen. Gure hizkuntza beste diskurtsibo bat zen. Egin gabe zegoen, jende preparaturik ez zegoen, tituludunik ez zegoen. Orain, berriz, hainbat komunikabide ditugu, zeintzuk normaltasun osoz lan egiten duten. Euskara hutsezko egunkaria ere badugu, Euskaldunon Egunkaria. Hori guztia, ezin pentsatua zen urte batzuk lehenago. Apustua egin genuen eta baita irabazi ere. Euskaldunon Egunkariaren sorkuntzan, buru belarri jardun zenuen lanean. Zein helbururekin sortu zen Euskaldunon Egunkaria? Euskara hutsezko egunkarinormalizatu bat egitea zen gure erronka, euskal herri osora iritsiko zena. Normalizatua izan behar zuen, atal guztiak izango zituena. Tratamendua ere, normala izan behar zuen. Azkenenean, euskarak presentzia bat eduki behar du alor guztietan. Gero, Euskaldunon Egunkariak nolabait esateko, benetako marko bat jarri behar zuen, hau da, euskal herriaren definizio bat aurreratu behar zuen. Hots, egunkari nazionala da, Euskal Herriko leku guztietara heltzen dena, eta Euskal Herriarekin lotura duten gai guztiak tratatzen dituena. Hori oso garrantzitsua da, zeren azken finean, gu guztiok erreferentziak kanpoan izan ditugu urte askotan. Zein oztopo aurkitu ditu bere bidean? Zailtasun handiak izan dira. Erakundeetatik gerra egin izan diotelako. Gu ez gauden tokian kokatu nahi izan gaituzte. Hau da, ezker abertzaleko proiektu bat bezala ulertzen zuten Euskaldunon Egunkaria. Denborak erakutsi du, ordea, proiektua bestelakoa zela. Euskaltzale guztion bilgunea da Euskaldunon Egunkaria, eta bertan gaudenok ez dugu sekula proiektu politiko bakar baten alde egin. Gertatzen dena da, egunkari hori, sortu dela sortu den lekutik, hau da, indar sozialetatik, herri ekimenetik. Eta hori batzuentzat susmagarria izan daiteke. Nolanahi ere, oztopoak jarri aurretik, agintariak benetako analisia egin beharko lukete. Edonola ere, oztopo gehienak gaindituta daude. Egoera normalizatu egin da. Horrez gain, Euskaldunon Egunkaria beste proiektu handiago batzuetan ere badabil, esaterako, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea egingo dugu. Hori esperientzia aitzindaria, berria, izango da euskal kulturgintzan. Bilgune handi bat izango da, kultur taldeentzat. JOAN MARI TORREALDAI (Forua, Bizkaia 1942) Joan Mari Torrealdai Nabea 1942ko azaroaren 24ean jaio zen Foruako Urberuaga auzoko Mosone baserrian. Lehen ikasketak Forua eskolan egin zituen. Ondoren, batxilergoa egitera Arantzazura jo zuen. 1960 1963 bitartean Filosofia ikasi zuen Oliten (Nafarroan). 1967an amaitu zuen apaiz karrera Arantzazun. ZarautzekoLanbide Eskolan urte batez eskola eman ostean, Frantziara joan zen, goi mailako ikasketak egitera. Toulouseko "Institut Catholique" ikastetxean Teologia Lizentziatura egin zuen (1972). Frantzian egonik, Pariseko "Institut d'Etudes Sociales" en Gizarte Zientzietako Lizentziatura lortu zuen (1975). Parisetik bueltan, Anaitasuna, hamabostekariaren zuzendari izan zen. Torrealdai Soziologiako Irakasle izan da Deustuko Unibertsitatean eta doktoratutzako ikastaroak eman ditu EHUn. Gaur egun Mondragon Unibertsitatean ematen du eskola. Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik Administrazio Kontseiluko kide eta Editorial Kontseiluko Zuzendaria da. 1977tik hona, Jakin aldizkariaren zuzendaria da. 1975etik, gainera, Euskaltzain urgazlea da. Bibliografia Torrealdaik liburu franko idatzi ditu. Honako hauek dira horietako batzuk: * Iraultzaz, Jakin, 1973 * El euskara y la cultura escrita, Siadeko, 1976 * Euskal idazleak gaur, Jakin, 1977 * Euskal liburu eta aldizkariak, Euskaltzaindia, 1978 * Liburuak eta batasuna, Euskaltzaindia, 1978 * Euskal Idazleak eta Euskara Batua, Euskaltzaindia, 1978 * Euskararen zapalkuntza, Jakin, 1982 * Euskara eta Euskal Telebista, Elkar, 1984 * Bertsolariei inkesta, Jakin, 1987 * Karlos Santamaria eta euskal kultura, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1994 * XX. Mendeko euskal liburuen katalogoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1993 1997 * Euskal kultura gaur. Liburuaren mundua, Jakin, 1997 * El libro negro del euskara, Ttarttalo, 1998 * Martin Ugalde: Andoaindik Hondarrabira Caracasetik barrena, Jakin, 1998 * La Censura de Franco y los escritores vascos del 98, Ttarttalo, 1998 * La Censura de Franco y el tema vasco, Fundación Kutxa, 1999 Sariak * Kirikiño Saria (1972), euskaraz egindako urteko kazetaritza lanik hoberenari * Tontorra Saria (1977), Gerediaga Elkarteak emana, liburugintzan eta kazetaritzan egindako lanagatik * Euskadi de plata Saria (1977), Euskal Kultura Gaur liburuarengatik * Euskadi de plata Saria (1978), El libro negro del Euskara, liburuarengatik* Irun Hiria Saria (1998), saiakeraren atalean, La censura de Franco y el tema vasco liburuari Argazkiak: Ainhoa Irazu
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.