Egileak: Hainbat Argitaratzailea: Jakin Orrialde kopurua: 113 ISSN: 0211/495X Ezaugarriak: Honako hau bigarren aldiko 151. zenbakia da eta 2005. urteko azkena. Urteroko ohiturari jarraituz, urtean zehar kulturaren alorrean gertatutakoarenkin gatoz azken zenbaki honetako Gai nagusia sailean. Horretarako, urteko hiruzpalau gai hautatzea eta horiei buruz gogoeta eginez artikulu arin eta freskoak egitea proposatu diegu hainbat idazleri. Bederatziren erantzuna jaso dugu. Mila esker, beraz, guztioi. Alberto Barandiaran kazetariak Nafarroatik begirada bat botatzen die euskal kulturaren alorreko hainbat alderdiri; Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak aurten argitaratuko literatur lan batzuk hartzen ditu hizpide; Pantxoa Etchegoien EuskalKultur Erakundeko zuzendariak Ipar Euskal Herriko aurtengo hainbat kultur gertakizun aurkezten dizkigu; Tere Irastorzak, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, euskal literaturaren historiako zenbait pasarte eguneratzen dizkigu, eta baita euskal curriculumari buruzko gogoeta egin ere; Xabier Mendiguren Bereziartuk, Kontseiluko idazkari nagusiak, hizkuntza politikaren inguruko aurtengo auzi nagusiak aztertzen ditu; Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak zinema, literatura, internet, kultura eta politikari buruzko hainbat ohar eskaintzen dizkigu; Allande Sokarros kazetariak Zuberoako euskalgintza eta kulturgintzan jartzen du arreta; Andres Urrutia notario eta euskaltzainburuak euskarak Ipar Euskal Herrian eta Europan zuen ofizialtasun mailaz egiten du gogoeta, literaturari buruzko iruzkin batzuekin batera; eta, azkenik, Iñaki Zabaleta Urkiolak Euskal Autonomia Erkidegoko kultur eta hizkuntza politikaren analisi kritikoari heltzen dio batik bat. Gaiak saila dator ondoren, eta bertan bi artikulu: Beatriz Zabalondok, lehenengo artikuluan, euskal gazteek Euskal Telebistarekin duten harremanari buruz egindako azterketaren emaitzak laburbiltzen dizkigu. Zehatzago esateko, 13 eta 18 urte bitarteko nerabeek Euskal Telebistak ematen dituen produktu bikoiztuak nola jasotzen dituzten aztertzen du. Zabalondoren ikerketa gazteen eta adituen iritzian oinarritzen da: batetik, eztabaida-talde eta inkesten bidez jasotako gazteen iritzian eta, bestetik, bikoizketa eta telebistaren sektorean diharduten profesional eta adituenean. Bigarren artikuluan, bukatzeko, Ignazio Aiestaranek Jacques Derrida (1930-2004) pentsalaria ekartzen digu gogora. Filosofo frantses horrek, mugimendu dekonstrukzionistatik abiatuz, adiskidetasunaren eta abegiaren politika berria eratu zuen. Bere politika kosmopolitikoak (baztertu, etorkin, atzerriratu, herrigabe eta agiri gabekoentzako abegian oinarritua) eta nazioarteko politikaren, irailaren 11ren eta Irakeko gerraren aurrean hartu zuen jarrerak, besteak beste, globalizazio garaiaren ikur bihurtu dute Derrida.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.