340 Zenbakia 2006-03-24 / 2006-03-31

KOSMOpolita

Zulueta eta txinatarren trafikoa: Arabako markesak 1874an sinaturiko memoria baten inguruan

APAOLAZA, Urko

Historian Lizentziatua (Euskal Herriko Unibertsitatea)



Zulueta Kubako sakarokraziaren buru izan zen, batez ere 1850. hamarkadatik 1878an hil arte. Lur-jabe/merkatari erlazio antagonikoaren tartean dantzan aritu zen. Lurjabe izan zen (bere azukre-ola edo ingenioek 8.272 hektarea zituzten)1, baina aldi berean Londreseko bere senideekin esklabu merkataritzan leporaino sartuta zegoen. Kapitain Jenerala ausartu zen Zulueta denbora batez kartzelan sartzera, beltzen trafikoagatik, kontsul britaniarrak salatuta. Londresen ezezik, New Orleans-en bazuen bere bulegoa, sudistek eskaintzen zituzten baliabideak aprobetxatzeko. Horretaz gain Fernando Poo irla ginearra hornitzeko baimena zuen eta beltzak ekartzen zituen handik bueltan, esklabu2. Esklabu afrikarrak.

Politika arloan Zuluetak, Casino Español delakoan zuzenean parte hartu zuen, ideia kontserbatzaile eta intrantsigenteak defendatuz. Independentisten kontra gogor egin zuen Demajaguako oihua eta gero (euskal tertzio edo txapelgorrien antolatzaile izan zen). Kargu politiko asko izan zituen eta iraultzaileei aurrea egiteagatik Arabako markes eta Casa-Blancako bizkonde izendatu zuen Espainiako koroak3. Hiru aldiz ezkonduta, azkeneko bietan bere ilobekin, kubatar sakarokraten arteko endogamiaren erakusgarri dugu pertsonaia hau4. I. Txinatar “kolonizazioa”, esku beltzen ordezkatzaile?

Baina esklabu beltzak erruz inportatu eta afrikarren esklabutza gogor defendatu bazuen, nola da posible, Zulueta bera izatea txinatar “kolonizazioaren” bultzatzaile nagusienetakoa? Galdera horri erantzuteko, lehenik beharrezkoa da Kubako sistema ekonomikoaz gauza batzuk azaltzea.

Azukrea. XIX. mendeko ingenio berrien lorpen bakarra izan zen produkzioa handitzeko hainbat estruktura moldaketa egitea, baina trapitxeen teknika berdinarekin jarraitu zuten. Hori izan zen Kubako azukre industriaren galbidea5. Beraz, sistema berri baten aukera bakarra zen produkzioa haztea eta horretarako behar beharrezkoa zen lan eskua izatea. Mende erdian 350.000 esklabu baina gehiago eraman zituzten Kubara. Baina kontraesanak hor jarraitu zuen: alde batetik produktibitate eskasiak eraginda, eta bestetik esklabutza sistemak berak sortutakoa (esklabutza esku lan merkea lortzeko sistema azkar bat besterik ez zen, baina ekonomia kapitalistak zioen ez zela errentagarria6). 1820tik ingeles ontziek etengabe pertsegitu zituzten cliper negrero ilegalak7 eta esklabu trafikanteek estuasun handian ikusi zuten beren burua, 1830 eta 1840ko hamarkadetan batez ere. Sakarokratak beste giza merkatu batzuen bila hasi ziren, “kolono” merkeen bila, esklabutzaren “abolizio graduala” gauzatzeko8. Hor kokatu behar da Amerikako asiar kolonizazioaren jatorria.

Txinatarrek osatu zuten Kubako “soldatapeko” langile masa handia. XIX. mende erditik milaka txinatar kuli eraman zituzten Macao bezalako portuetatik Kubara. Kolono txinatarrek esklabuen egoera berdina pairatzen zuten: asiar hauei eginiko kontratuak ez ziren batere fidagarriak eta hein handi batean, beltzen esklabutza sistemaren logistika berbera erabili zuten. Egoera horren aurrean, txinatar askok beren buruaz beste egin zuten. Txina, Cantón-etik sartutako opioak galdu zuen, eta 1842an Hong-Kong eskuratzeaz gain, ingelesek lortu zuten Txinako hainbat portu merkatu librera irekitzea. Kuban ezagutzen den txinatarren lehenengo inportazioa 1847koa da, Zulueta y Cia. konpainiak kontrataturik Oquendo bergantinak 206 txinatar inportatu zituen Amoytik Habanara9, beste 6 bidean hil ziren. Egun gutxien buruan 365 txinatar gehiago iritsi ziren Habanara. Julian Zulueta Amondo, Londreseko senideekin tratuak egiten ikusiko dugu orduan10. 1852an 3.000 txinatar inportatu nahi zituzten eta txinatar horien erosle aurkitzen dugu berriro ere Julian Zulueta (150 txinatar), kasu honetan Miguel Aldamarekin batera (Bizkaitik Kubara euskaldunak eraman nahi zituen hura, afrikar esklabuen tankeran lan egiteko)11.

Zuluetak bere ingenioetan esklabu coolie asko jaso zituen hurrengo urteetan: Alava ingenioan 660 esklabu beltz eta 110 “kontratu” zituen txinatarrekin; Vizcaya-n 318 afrikar eta 25 txinatar; Habana-n 354 afrikar eta 43 txinatar eta España-n 530 esklabu beltz eta beste 86 hori12. Beraz, guztira 264 txinatar bere aginduetara. Txinatarrak lanean zuzenak eta zorrotzak izateko fama zuten, baina kritikak ere jaso zituzten, askoren ustez Asia ekialdean jaiotakoek ez zituzten baldintza fisiko eta moral egokiak Kuban lanean aritzeko13, eta askotan matxinatu ziren langilezain beltzen kontra14. Zuluetak txinatarrei buruz pentsatzen zuena garbi utzi zuen idatzi batean eta bere buruaz beste egitearen inguruan hauxe esan zuen: “Lehenengo bi urteetan ez dute beren zoriagatik etsipen handiegirik erakusten, askok beren buruaz beste egiteko joera izaten baitute eta urkatu egiten baitira, pentsatzen horrela beraien herrira doazela, eta horretarako ekipaia eta janaria prestatzen dute bidaia luze bat egingo balute bezala; lehenengo bi urteak pasatu eta gero pozik aurkitzen dira beraien zoriaz eta lana betetzen saiatzen dira, oso arraroa da orduan beren buruaz beste egitea edo ihes egiten saiatzea”15. Txinatarrek egindako lanaren inguruan ere idatzi zuen Zuluetak, zioenez: “esklabu beltz hoberenek bezain besteko lan eta lan orduak betetzen dituzte” eta gainera “bizkorragoak” omen ziren txinatar hauek arabarrarentzat. Baina esklabu beltzekin batera lan egiten zutela ere aitortzen du bere idatzietan eta ez zutela inolako lehentasunik hauen aurrean, irabazitako jornalarekin jantzi eta janari gehiago lortzeko ez bazen.16

Txinatar askok gerran zuzenean parte hartu zuten 1868az geroztik, independentziaren alde. Horregatik, autoritate penintsularrek txinatar inmigrazioa debekatzea proposatu zuten. 1874an Pekingo gobernuak hainbat begiztatzaile bidali zituen Kubara, tratu txarren salaketak egiaztatzeko eta gero bere portuak itxi zituen. Hortik gutxira Portugalek Macaoko kolonia ere itxi zuen txinatar kolonoen komertziora. 1877an sinaturiko hitzarmenak arazo diplomatikoa konpontzea lortu zuen.

II. Kubako asiar kolonizazioaren espediente orokorra eta Zuluetak 1874an sinaturiko txostena 17

Hamar urteko gerran Kubako txinatarren inguruan sortutako gatazka politiko eta diplomatikoek oihartzuna izan zuten, dudarik gabe, eta horren testigu dira Kubako asiar kolonizazioaren espediente orokor-ean jasotzen diren hamarnaka txosten, gutun eta dokumentu. Espediente handi honetan gehien interesatzen zaigun dokumentua da 1874an asiar kolonizazioari buruz Julian Zuluetak berak sinatu zuen memoria bat, Haziendadunen Elkartearen izenean. Memoria honek Kubako asiar kolonizazioaren ibilbidea azaltzen du, 1847an lehenengo txinatarrak eraman zirenetik 1874 arte. Horretaz gain, kolonizazioak haziendadunen ustez izan zituen arazoak eta zailtasunak ere azaltzen dira, hala nola, txinatarren erabilerak ekarri zituen onurak. Memoria honetan ikusi daiteke haziendadunen pentsamendua txinatar kolonizazioari dagokionez eta zein ikusmoldetik sustatu zuten kolonizazio hori.

Zuluetak memoria hasieran Txinako populazio handia nabarmentzeaz gain langile “industriosoenak” bertan zeudela esaten du ere. Bestetik hainbat datu ematen ditu Macao, Amoy, Canton edo Shaigon-etik zenbat kolono atera ziren 20 urtean, esaterako.

1850garren hamarkadako araudiari buruz Zuluetak esaten du ez zela hain txarra izan. Eskatzen du kolonizazioa ez epaitzeko salbuespena ziren gehiegikeria batzuekin. Hala ere aitortzen du norbanakoen abusuak ohikoak izan zirela. Baina bere ustez, kubatar gizarteak urtero milaka gizon “ignorante” jaso zituen eta “eskala moralera igo” zituen. Horren segidan indarrean zegoen araudiaren alde onak aipatzen ditu, kolonoen eskubide guztiak errespetatzen zirela esanez eta gorputz zigorrak galarazten zirela ere; gainera kolonoek beraien sorterrira itzultzeko eskubidea zuten Zuluetaren esanetan, eta patroiek horretarako erraztasunak emateko obligazioa zuten. Segidan 1860ko dekretu bat aipatzen du, honen bidez kolonoei galarazi zieten Kuban egotea kontraturik gabe.

Zuluetak hainbat arazo ikusten ditu asiar kolonizazioaren inguruan: Txinatar Inperioaren Gobernuak bertako portuak kolonoen kontratazioari ixtea, horren ondorioz kontratazioak Macaoko portutik egin behar izan baitzituzten (Portugalek portu hori itxi zuen arte, 1874ean). Zuluetak memorian dionez Kuantoon inguruko jendea (Macao eta Cantón probintzi horretan daude) ezagunak ziren lapurretatik bizi zirelako eta okupazio normal bezala omen zutelako “amarrua” eta jarraitzen du esaten “kolono hauen izaerak, beraien maltzurkeriak eta kontratuak sinatzeko fede txarrak fruitu garratzak eman dizkio Kubari”. Baina hor ez du bukatzen asiar kolono horiei buruzko iritzia: Zuluetaren ustez kolono hauen izaera iraultzaileak “drama izugarriak” sortarazi zituen itsasontzietan eta kolonizazioa desprestigiatu zuen. Azkenik, argumentuaren mamia azaltzen du “lan esku falta dagoela jakina izanik, gobernu txinatarrak langileen esportazioari inperioaren iparraldeko portuak irekiko balizkio, 1864an hitz hartu zen bezala, jatorrizko bi arazo larri desagertuko lirateke”.

Memoria honetan Julian Zuluetak, txinatarrek jasaten zituzten tratu txarrak ere nolabait aipatzen ditu; baina hala ere dio Kuban asiarren heriotza tasa ez zela beste atzerritarrena baina askoz handiagoa. Heriotza horren errua “zirkunstantzia klimatologikoei” egozten die eta baita opioa eta beste zenbait “biziori”. Jarraian hainbat datu estatistiko azaltzen dira memorian eta esaten da asko zirela kontratuak bukatzerakoan beren sorterrira itzultzen ziren txinatarrak. Hala ere, 25 urtetan inportatutako txinatarren erdia baina gutxiago omen zegoen irlan 1872an, memoriako estatistiken arabera. Zuluetak onartzen du txinatar profugo asko zeudela, delituengatik detenitutakoen tasa “arraza txuriarena eta afrikarrarena baina altuagoa” zela dio. Beste aitorpen bat ere egiten du Anuzitako esklabistak: txinatar emakume gutxi inportatu zirela dio (58.000tik 32 emakume soilik) nahiz eta bere ustetan “etxeko lanetan eskaera handia” izango luketen.

Beraz, datu estatistiko ezkorrak azaltzen dira memorian. Baina zein zen datu txar horien arrazoia Zuluetaren iritziz? Bere ustez araudia egokia zen kolonizazioari zegokionez eta bertan patroien “gehiegikeriak” eta kolonoen “fede txarra” eragozteko oinarriak bazeuden, baina “masonajeak” araudi hori saihesten zuela dio eta “txinatarrak nagikerian erori arazten” zituela. Gainera, azaltzen zuenez izaera nagi eta mendekari hori ez zen “kristautasunaren betiko egietan oinarritzen diren kontzientzietan azaltzen”, eta kolonoak.

Hori guztia dela-eta, memoria bukatzeko proposamen bat egiten du: armadoreak txinatarra libreki Kubara eramatea eta kontratua Kuban egitea, kolonoak bere jornalaren zati batekin ordainduko lizkioke armadoreari bidaiaren gastuak. Kontratazio eta emigrazio sistema libre hori martxan jartzeko beharrezkoa ikusten zuen arabarrak Txinako Inperioak bere portuak irekitzea. III. Ondorioak

Aurretik aipaturiko datu sorta horietatik ondorio batzuk ateratzearren, ziurtatu daiteke Zuluetak gogotik egin zuela lan txinatar kolonoak Kubara eramateko, eta kolono horietaz baliatu zela bere ingenioetan. Esan daiteke Julian Zulueta izan zela asiar kolonizazioa sustatu zutenen burua. Bere helburu bakarra zen esku lan merkea lortzea eta mentalitate kapitalista eta burgesarekin bilatu zuen esku lan merke hori, esklabu beltzak nahikoa ez, eta kolonoak bilatzeari ekin zion. Ikusteko dago Zuluetak kolonoekin esklabuak ordezkatu nahi ote zituen, esklabutza sistemaren kontradikzioaz jabetuta, edo lan esku merke gehiago bakarrik nahi ote zuen, esklabuez gain. Asiar kolonizazioari buruzko memoriaren helburua oso garbia da: Espainiar gobernua estutu nahi du, Txina presionatu dezan herrialde hartako iparraldeko portuak irekitzeko eta modu horretan kolono gehiago inportatu ahal izateko, sistema merke baten bidez. Modu berean, Arabako markesak, asiar kolonizazioak jasotako kritikei erantzuten die. Asiar kolonizazioa ez zegoen ondo ikusia, patroi eta merkatari askok egindako gehiegikeriak zirela eta. Horren aurrean Zuluetak urte haietan pisu handia zuten hainbat pentsakeretara errekurritzen du. Alde batetik arrazakeria: Zuluetak Kuantoong-eko txinatarren izaera aztertzen du, eta dio asiar kolonizazioaren arazoak txinatar horien izaeragatik jaso zirela, bertako klimak eraginda. Azken finean, arazoa txinatarrena omen zen eta soluzioa Txinak iparraldeko portuak irekitzea, hegoaldeko txinatar “lapur” eta “fede txarrekoak” inportatu behar ez izateko, eta bide batez, lan esku merkatu handi bat Kubako kainaberetako lan eskariari zabaltzeko. 1 ANAKABE, Karmelo: “Kubako Euskal Aztarnak”, Hermes, 4 zk. (2002), 66 or. 2 GARCIA, Dolores: Fernando Poo: Una aventura colonial española en la África occidental (1778-1900), Valentziako Unibertsitatea, Valentzia, 2004 (sareko edizioa). 3 AGIRREAZKUENAGA, Joseba: “Los Vascos y la Insurrección de Cuba en 1868”, Historia Cotemporánea, 2 zk. (1998), 151 or. 4 BAHAMONDE, Angel eta CAYUELA, Jose Gregorio: “La creación de nobleza en Cuba durante el siglo XIX”, Historia Social 10 zk. (1991 udazkena), 71 or. 5 MORENO FRAGINALS, Manuel: El Ingenio. Complejo económico social cubano del azucar, Crítica, Bartzelona, 2001, 67 or. 6 Ibidem (213-215 orr.) 7 Ibidem (228-232 orr.) 8 SCOTT, Rebecca: La emancipación de esclavos en Cuba. La transición al trabajo libre, 1860-1899, Fondo de Cultura Económica, Mexiko, 1989, 96-97 or. 9 Beste zenbait ikerketetan azaltzen denez, Jose Matia Calvo arabar merkatariaren konpainiak eraman zituen 206 txinatarrak Kubara, Oquendo ontzian, eta ez Zulueta & Cía konpainiak. Hori azaltzen dute Perez de la Rivak bere Historia para las gentes sin historia ikerlanean edo Tuñon de Larak Estudios sobre el siglo XIX obran. Ikusi ere: IBARZABAL, Xabier: “La ruta Cadiz-Manila de José Matía Calvo. Prólogo de la crisis de 1898”, RSVAP, 54 t. (1998), 88-89 orr. 10 PASTRANA, Juan Jimenez: Los chinos en la historia de Cuba, Ediciones de Ciencias Políticas, La Habana, 1983, 5 or. (edizio elektronikoa) 11 Ibidem. 12 BAHAMONDE, Angel eta CAYUELA, Jose Gregorio: “Entre España y el mercado mundial. El clan de los Zulueta (1823-1885), Hacer las Américas. Las élites conolniales españolas en el siglo XIX, Alianza Editorial, Madril, 1992, 267-273 orr. 13 PASTRANA, Ibidem. (16 or.) 14 CHOU, Diego L.: “Los Chinos en Hispanoamérica”, Cuaderno de Ciencias Sociales 124 zk. (2002) Costa Rica, 48-49 orr. 15 Biblioteka Nazionala (Madril), Manuscritos de América, 13.855 zk. in AGIRREAZKUENAGA, Ibidem (146 or.). 16 BN, Manuscritos de América, 13.854 zk, 44 orria (1872). 17 Artxibo Historiko Nazionala (Madril), Ultramar/87. 6 esp./20 blokea.