339 Zenbakia 2006-03-17 / 2006-03-24

Gaiak

Hizkuntzen etorkizuna

MARTÍ, Fèlix

Linguapax Institutua

KULTUR ANIZTASUNA GORAIPATZEA

K

Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com) ultur aniztasunaren ikuspegi berri eta baikor batekin hasi dugu XXI. mendea. Autore batzuek kultur harreman gatazkatsuen arriskuari buruz ohartarazi gaituzte, eta kultur tradizio nagusien arteko gerrak iragarri dituzte; baina beste askok kulturen arteko elkarbizitza baketsua aldarrikatzen dute. Lehen aldiz, munduan, kulturen pluraltasuna onartzeko moduan gaude, pluraltasun hori irizpide kolonialisten menpe jarri gabe. Datozen hamarkadetan, kulturen arteko akordioa areagotu eta elkarrekiko jardun begirunetsuak hedatzeko aukera egon daiteke; horrek kultur aniztasuna goraipatzea ekarriko luke. Etorkizuneko aukera hori gauzatuko balitz, hizkuntz aniztasuna –kultur aniztasunaren agerpen garrantzitsua– indartu ahal izango litzateke. Gainera, egun hizkuntzak oso azkar desagertzen dira –dozenaka hizkuntza urtean–, baina, etorkizunean, kopuru hori murriztu egingo litzateke. Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzak egoera larrian dauden kulturetako hizkuntzak dira. Hizkuntza eta kultura bereiztezinak dira, beraz. Horrenbestez, hizkuntz aniztasuna goraipatzeak kultur aniztasuna goraipatzea dakar.

Kultur eta hizkuntz komunitate guztiak askatasunean biziko diren etorkizun globala imajina dezakegu. Iraganean, sarriegi, komunitateak beren nahiak kontuan hartu ez dituzten interes politiko eta ekonomikoen menpe bizi izan dira. Datozen hamarkadetan, giza komunitate guztiak beraien historiaren subjektutzat aitortu behar dira, parte hartze demokratikoaren irizpide aurreratuen bidez, komunitate horiek errespetatzen dituzten egitura politikoetan integraturiko subjektutzat. Egitura politiko progresistak behar ditugu, estatuz azpiko mailan, estatu mailan, eskualde mailan eta mundu mailan hizkuntza eta kultura guztiak barne hartuko dituztenak. Espiritu demokratikoaren etengabeko aurrerapenek adierazten dute errealista dela pentsatzea gizateria kultur eta hizkuntz diskriminazioaren desagerpenerantz eboluzionatzen ari dela. Gaur egun, posible diren etorkizun guztietatik, hizkuntz aniztasuna bermatzen eta goraipatzen duen etorkizuna nagusitzeko zenbait neurri har daitezke. Mundu globalerako hizkuntz ereduak

Iraganean, hizkuntz aniztasuna babestuta egon da hizkuntz komunitateen isolamenduari esker, eta, horrenbestez, hizkuntz harreman urriei esker. Etorkizunari begira, badirudi isolamendua hautatzeak ez duela inolako zentzurik; hainbat hizkuntzatako hiztunen arteko harremanak ugaritu egingo dira, bai norbanakoen artean, bai kolektiboen artean. Egoera berri horretan, litekeena da hizkuntz komunitate ahulenak edo maila ertainekoak desagertzen hastea, botere demografiko, politiko, ekonomiko eta teknologiko handiagoko hizkuntzek horien lekua hartzean. Halaber, litekeena da hizkuntzen arteko harremanetarako eredu berriak ezartzea, hizkuntza ahulenaren desagerpena eragotziko dutenak. Eredu ekologikoek adierazten dutenez, hizkuntzen baterako existentzia posible da: baterako existentzia horretan, harremanetan dauden hizkuntzek funtzio desberdinak izango dituzte, eta ez da nahitaez ordezkapen prozesua gertatuko. Benetako erronka mundu globaleko hizkuntza guztien –hizkuntza handien, ertainen eta txikien– funtzio erlatiboen plangintza egitean datza.

Hizkuntz komunitate txikiek eta ertainek beraien etorkizunaren plangintza egin behar dute, aldi berean, gehien hedatutako hizkuntzak erabiliz –komunikaziorako eta ekonomi, gizarte eta kultur garapenerako duten erabilgarritasunagatik–. Hizkuntz aniztasun horrek guztiz bateragarria izan behar du komunitatearen hizkuntzaren erabilerarekin; izan ere, askotan, hizkuntza horrek nortasuna eta kultur identitatea zehazten ditu, baita pertsonen bizitza bideratzen duten mito eta balioak ere. Hizkuntz komunitate ahaltsuenek jabetu behar dute beren botere demografiko, politiko, ekonomiko edo teknologikoak ez dutela beren hizkuntza gainerako hizkuntzak baino hobea bihurtzen, eta, beraz, beste hizkuntzetara ireki behar dutela –beren inguruko komunitateen hizkuntzetara, batik bat–, horri esker, beste epistemologia eta balio batzuez aberastuko baitira. Eskualdeko eta munduko hizkuntza nagusiak berriro zehaztu behar dira, hizkuntza ertain eta txikiekiko begikotasuna aktiboki erakuts dezaten. Etorkizun baketsu eta errukitsuagoa eraiki daiteke elkarrekiko begikotasun harremanak ezartzen badira hizkuntz komunitateen artean nahiz hiztunen artean. Hizkuntzen elkarrekiko begikotasuna da hizkuntzei opa diezaiekegun etorkizunetako bat. Hezkuntza eleanitzaren hedapena

Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com) Gero eta adostasun gehiago dago hezkuntza eleanitzaren garrantziari buruz. Hizkuntz aniztasun aberatsa duten kontinente batzuetan, hezkuntza eleanitza aspaldiko tradizioa da: neska-mutilek, jaiotzen direnetik, hainbat hizkuntza entzuten dituzte familian eta gizarte inguruan, eta berehala ikasten dituzte hizkuntz kodeak eta horien komunikazio funtzioak. XXI. mendeko zereginetako bat hezkuntza eleanitza mundu osora hedatzea da. Hizkuntz komunitate batzuek ez diote hezkuntza eleanitzari batere garrantzirik eman izan, beren burua nagusitzat baitute, beren hizkuntzari loturiko politika edo kultur nagusitasunak edo abstrakzio filosofikoen, zientziaren eta teknologiaren aurrerapenak direla eta. Askotan, indar politikoek eremu urriko hizkuntzak zapaldu izan dituzte, maila gehiagoko hizkuntza baten eskurapena sustatzen ari zirelakoan. Gaur egun, lehentasunezko kultur helburutzat aitortzen da hizkuntza ahaltsuenetako hiztunek beste hizkuntza batzuk ikastea. Datozen hamarkadetan, analfabetismoa desagerrarazteaz gainera, hezkuntza elebakarra desagerrarazi behar dugu.

Hezkuntza eleanitzak gehien hedaturiko edo komunikabideetan gehien erabilitako hizkuntzen ezagutza maila hobetzea baino zerbait gehiago izan beharko du. Beraz, ez da nahikoa ikasketa plan elebidunetan eremu urriko hizkuntza baten irakaskuntza sartzea hizkuntza nagusi baten irakaskuntzarekin batera, ezta hizkuntza nagusi baten hiztunei beste hizkuntza nagusi bat irakastea ere. Datozen hamarkadetan, hiru hizkuntza edo gehiago irakatsiko dituzten hezkuntza eleanitz orokorren beharra egongo da: eremu urriko hizkuntza bat, eta eskualde eta mundu mailan komunikatzeko bi hizkuntza irakatsiko dira. Lehena, etxeko hizkuntza izango da, baina inguruko komunitateetako hizkuntzak irakasteari emango zaio garrantzia. Halaber, garrantzitsua da ezagutza pasiboaren eta aktiboaren artean eta ahozko eta idatzizko hizkuntzaren artean bereiztea. Hizkuntz talde bereko hizkuntzen artean, ezagutza pasiboa ahalegin handiegirik egin gabe lortzen da. Gauza bera gertatzen da ahozko hizkuntza ikastean ere, idatzizko hizkuntza baino azkarrago ikasten baita. Hizkuntz Eskubideen Hitzarmena

Hainbat gobernu erakunderen ekimenei jarraiki, zenbait proposamen prestatu dira hizkuntz eskubideak giza eskubidetzat aitortzeko eta horiek nazioartean babesteko. Ezagunena Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala da, Pen Club International eta CIEMENek sustatua, eta 1996an 61 GKEk eta 41 Pen zentrok hitzartua. UNESCOri eskatu zitzaion gai horretaz arduratzeko eta gobernu deklarazio bat idazteko; nazioarteko hitzarmen bat-edo, horren eraginkortasuna bermatzeko mekanismo juridikoak dituena. Oraindik lan asko dago egiteko, eta komeni da datozen urteotan prozesu horretan aurrerapenak egitea; izan ere, giza eskubideez gain, hizkuntz eskubide indibidualak eta kolektiboak ere urratzen ari dira zenbait erregimen politiko –batasuna kultur eta hizkuntz berdintasunarekin nahasten dutenak–, baita globalizazioaren aurrerapena ere –arrazoiketa ekonomikoa inposatzen du kultur eta gizarte garapenaren gainetik–. Komeni da hizkuntz komunitate ugarik dituzten eskubide eta askatasunak globalizatzea, Nazio Batuen sistemaren babespean.

Datozen hamarkadetan, migrazio mugimenduak areagotu egingo dira, ziur asko. Herrialde guztietan –eta, bereziki, metropoli handietan–, hainbat hizkuntz komunitatetako pertsonak batera bizitzean, aurrekaririk gabeko hizkuntz konplexutasuna egongo da. Hizkuntz konplexutasun handiko gizarteak kudeatzea erronka handia izango da gizateria osoarentzat. Hizkuntz eskubide indibidualak eta lurralde historiko bateko hizkuntz komunitateen hizkuntz eskubideak elkartzeko irizpideak hitzartzen ez badira, etorkinak hizkuntz eta kultur berdintasunaren ustekabeko eragile bihur daitezke. Beraz, hizkuntz aniztasuna babesteko arauak ezarri beharko dira erronka berri horiek kontuan hartuz. Nazioarteko hitzarmena izango den hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala izango da zentzuzko hizkuntz politikak ezartzeko erreferentzi esparrua. Bestalde, hitzarmenean zehaztutako nazioarteko gorputz teknikoak proposamenak edo bitartekotza eskaintzen ditu; izan ere, gatazkak sortuz gero, zaila da horiek tokian aurkitzea. Hitzarmenaren tresnei esker, gatazkak saihestu ahal izango lirateke edo horiek berehala baretu. Hizkuntzak eta komunikazioaren teknologia berriak

Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com) Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietako aurrerapen izugarriek ustekabeko erronkak jartzen dizkiote hizkuntz aniztasunari. Batetik, ikus dezakegu sektore honetan sorturiko merkataritza enpresa izugarriek hizkuntza nagusiak bakarrik erabiltzen dituztela. Bestetik, hizkuntz komunitate txiki eta ertainek teknologia berriak zentzuz erabil ditzakete beren beharrak asetzeko eta dituzten helburuak lortzeko. Komunitate horiek ziberespazioan egoteak ez du ekarriko, ziur asko, XV. mendean inprimategiaren hedapenak ekarritakoak adina arazo. Laster, hizkuntz komunitate guztiek Interneterako sarbidea izango dute: elektrizitate eta telefono zerbitzuak mundu osora heltzen direnean eta ahotsaren erabilerak hizkuntza idatziak bezainbeste aukera tekniko izaten dituenean, hain zuzen. Komunikazio teknologia batzuetan –esaterako, irratian eta telebistan–, ahozkotasuna askoz garrantzitsuagoa da hizkuntza idatzia baino.

Teknologia berriak hizkuntz eta kultur aniztasunaren zerbitzura jartzea bermatzeko politikak ezarri beharra daukagu. Datozen hamarkadetan, informazio publikotzat jotako informazio kopurua gehitu beharko da –copyright bidez erregulatutako informazioa eta, bereziki, horrelako mugapenik ez duena–. Bestalde, kultura guztietako ezagutzen eta ondarearen digitalizazioa sustatu behar da. Helburu horiek kontuan izanik, legegintza neurriak sartu beharko dira sareetan informazioaren zirkulazio libreaz gain, ondare publikorako on line sarbidea bermatzeko. Ziberespazioan hizkuntza txikiak eta ertainak egotea izango da tokiko, estatuz azpiko, estatuetako, eskualdeetako eta munduko agintarien erantzukizun berrietako bat. Erantzukizun hori bera hartu behar dute irabazi asmorik gabeko elkarteek. Komunikazio zientzialariek, berriz, itzulpen automatikoetarako teknologia berriak garatuko dituzte –ziberespazioko sareetan sartzeko ahozkotasuna oztopo izan ez dadin, batik bat–. Hizkuntzak, ekonomi garapenerako faktore

Hizkuntza guztiak erlaziona daitezke ekonomi, gizarte eta kultur garapeneko prozesuekin. Giza espeziearen historian zehar, ez da egon ekonomi aurrerapenaren monopolioa eduki duen hizkuntzarik. Hizkuntza asko bihurtu dira oparotasunaren faktore eta ikur. Gaur egun, hizkuntza sorta bat erabiltzen da komunikazio zientifiko unibertsalerako eta ekonomi jarduera globalerako. Baina orain, badakigu ekonomi garapena prozesu konplexua dela, eta eskala globalean erabakigarriak ez diruditen faktoreek ere esku hartzen dutela: jendearen gaitasunak, gizarte kohesioak, parte hartzeko prozedurek, balio moralek, abertzaletasunak, hezkuntzak eta kulturak. Bere hizkuntza duen komunitatea autoestimu handiko komunitatea izan daiteke, ingurune naturalarekin harmonian dagoena eta tokiko mailan, estatuz azpikoan, estatu mailan, eskualde mailan eta mundu mailan ekonomi espezializazio lehiakorra ahalbidetzeko hizkuntz tresnak dituena. Komunitate txiki eta espezializatuek garapen maila handiak lor ditzakete etorkizunean. Horrez gain, giza garapenak ekonomian oinarritutako garapen eredutik ingurune bakoitzera egokituriko garapen iraunkorretara iragaitea dakar. Hizkuntzek egokitzapen hori ahalbidetzen duten epistemologia eta balioak ematen dituzte.

Hizkuntz komunitate bakoitzak bere lekua aurkitu behar du ekonomi mundu globalean. Etorkizunari begira, hizkuntzak balio erantsitzat jo behar dira, baita garapenaren ikuspegitik ere. Jakina, hizkuntz komunitateek onartu behar dute komunitate horretako kideek beste hizkuntza batzuk ezagut ditzaketela; baina, bestalde, norberaren hizkuntza erabiltzeak eragiten duen atsegina ezagutuko dute –hizkuntza hori berariazko nortasunaren oinarri baita–, jatorrizkoa eta errepikaezina den ororen bila dabilen mundu honetan. Egun, turismo merkatuak originaltasunagatik eta diferentziagatik hautatzen ditu paisaiak eta kultur ondare fisikoa, eta, beraz, ez dirudi utopikoa pentsatzea etorkizunean hizkuntz bizipen bereziak ere balioetsiko dituela. Litekeena da hizkuntza propioak dituzten komunitateetarako bisitariek hizkuntzaren hastapenei buruzko irakaskuntza jaso nahi izatea, kultur unibertso sekretu eta ezezagunez gozatu ahal izateko. Bestalde, hizkuntz komunitateek beren hizkuntz ondare materiagabearen balio ekonomikoa ezagutuko dute. Kultur turismoak hainbat motatako hizkuntz ikaskuntzak barne hartuko ditu. Hizkuntz zientzia aurreratuak

Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com) Hizkuntz atlasak gero eta konplexuagoak dira. Hiri eta herrialdeetan hizkuntzen erabilera ulertzeko, ez da nahikoa biztanle erroldetan barne harturiko gaiak oinarritzat hartzea. Herrialde guztietan, lekualdatzeek eta migrazioek eragindako hizkuntz ukipenen kopurua gero eta handiago da. Maiz, esparru profesionaleko hizkuntz jardunak ez dira famili esparrukoen berdinak izaten. Herritarrek beren kultur bizitzako hainbat eremutan erabilitako hizkuntza ere ez da berdina izaten; izan ere, kultur industriek hizkuntzarik hedatuenak erabiltzen dituzte nagusiki, eta ez dira beti tradiziozko kulturen ohiko hizkuntzak izaten. Arrazoi horiek guztiak direla eta, soziolinguistek sistema eraginkorrak garatu beharko dituzte mundu osoko giza geografian hizkuntza erabilpenaren segimendua egiteko. Datozen hamarkadetan, komeni da soziolinguistika ikerketa zentro berriek, unibertsitate sareetan eta gainerako lekuetan, hizkuntz aniztasuna eta horren eboluzioa deskribatzeko beharrezko ahaleginak egitea. Etorkizunari begira, zehaztasun handiko soziolinguistika behar dugu.

Zientzialariek hizkuntzetan jarri izan duten arreta oso irregularra izan da. Hizkuntza batzuek tresna ugari dituzte: gramatikak, hiztegiak, literatur historia, eta beren lan adierazgarrien edizioak, paperean nahiz formatu digitalean. Beste hizkuntza batzuk pobreagoak dira tresna zientifiko horiei dagokienez, baina ez egitura gramatikalei, hitzei edo literaturari dagokionez. Datozen hamarkadetan, komeni da hizkuntz zientzialariek gutxien aztertutako hizkuntzetan jartzea arreta, hizkuntza guztien arteko zentzuzko oreka lortzeko. Bestalde, arreta berezia jarri behar litzateke ahozko hizkuntzetan, zientzi jarduerak hizkuntza horien tradizio bereziekin bat datozen ezagutza tresna egokiak sor ditzan. Datozen urteetan, garapenean kooperatzeko proiektuek kontuan hartu beharko lituzkete hizkuntz komunitateek beraiek adierazitako hizkuntz proiektuak. Hizkuntz komunitateetako kideen artean hizkuntz gaitasun zientifikoa sortuz bideratuko litzateke kooperazioaren helburu nagusietako bat. Hizkuntzak, gizateriaren ondarea

Munduko hizkuntza guztiak aztertzeari esker, informazioa eta ikuspegiak lortuko genituzke, hizkuntza bakoitzaren etorkizunerako estrategi aukera erabilgarriak diseinatzeko. Nazioarteko erakunde kontinentalek eta UNESCOk, oro har, berariazko sailak eduki behar lituzkete hizkuntz komunitateei beren estrategiak zehazten aholku emateko, baita agintari politikoei aholku emateko ere –hizkuntz politikako erantzukizunak dituzten mailetan–. Hizkuntza guztien sustapenerako zenbait neurri har daitezke; besteak beste, eskualde historikoetako hiztunek erabilitako hizkuntzak estatu bakoitzean hizkuntza ofizialtzat aitortzea. Onarpen hori egiteak ez du esan nahi administrazio gorputzetan eta bizitza publikoan oreka maila bera izango dutenik. Bestalde, sail teknikorik ez duten herrialdeetan, esanguratsua litzateke sail horiek ezartzea –ikerketa zentroekin elkarlanean, soziolinguistika lana areagotzeko–, baita hizkuntz komunitateei beren etorkizuna babesteko politika, lege, ekonomi eta komunikabide tresnak ematea ere.

UNESCOk hizkuntza bakoitza eta guztiak gizateriaren ondaretzat jotzea estimulu handia litzateke hizkuntza guztien duintasuna aitortzeko eta hizkuntza bakoitza, hizkuntza horren hiztunena izateaz gain, gizateria osoarena dela adierazteko. Deklarazio horri jarraiki, UNESCOk, aldizka, ebaluazio globalak egin beharko lituzke munduko hizkuntz aniztasunaren egoerari buruz, eta hizkuntz komunitate handien, ertainen eta txikien parte hartze eraginkorra izango luke. Horrez gain, onuragarria litzateke hizkuntz aniztasunari buruzko aldizkako argitalpenak egitea, ikerketa soziolinguistiko berrienetan egindako aurkikuntzak laburbilduz; bestalde, onuragarria litzateke hizkuntz politikei buruzko jardun onen aldizkako ikerketak argitaratzea ere. Zeregin horietarako, UNESCOk, etorkizunari begira, elkartze berriak egin beharko lituzke, hizkuntz zientzialarien unibertsitate sareekin, GKE espezializatuekin eta hizkuntz arloko UNESCO katedrekin. Bakearen aldeko hizkuntzak

Argazkia: Daniel Bayona (chilombiano@gmail.com) Gizaki gehien-gehienek nahi dute bakea munduan. Biolentzia darabiltenek ere bakea nahi dutela diote. Baina XXI. mendearen hasiera honetan, oraindik ere indarraren logikak biolentzia asko sorrarazten du, eta biolentzia horrek logikaren indarra erlatibizatzen du. XXI. mendean, hitzekiko, arrazoiketarekiko eta elkarrizketarekiko fedea areagotu eta biolentzia murriztuko delako itxaropena du jende askok. Hori egia bihurtzen bada, gizateriak hitzen kultura aske eta irekiak hautatu ahal izango ditu. Hizkuntzak aske bihurtzen dira, ezagutza objektiborako, zentzu kritikorako eta umore senerako –baita desio eta ametsen adierazpenerako ere– oztopo diren faktore baldintzatzaileak kentzen ditugunean. Egungo munduan, komunikabideen industriak, bere botere izugarriaren bidez, adierazpen askatasuna mugatzen du maiz; izan ere, objektibotzat jotako errealitate birtual deformatuak sortzen ditu, eta adostasun demokratikoarekin bat ez datozen ideiak, sentimenduak eta balioak hedatzen. Alde horretatik, esparru publikoko hitzek, askotan, dominaziorantz garamatzate, ez askatasunerantz. Biolentzia darabilten hitzak dira. Baina gizateriak bere burua komunikabideen manipulaziotik eta biolentzia darabilten hitzetatik askatzeko eskubidea dauka. Eta kultura askok hitzak desarmatzeko desioa agertu dute.

Hizkuntzak irekiak dira ezagutza monopolizatzen saiatzen ez direnean. Hizkuntza bakoitza errealitatearen interpretazioa da, baina horietako inork ez du errealitatearen dimentsio ugarien ikuspegi oso edo erabatekoa. Hizkuntz komunitate batek edo horko talde batek uste badu bere ezagutza, idatziak eta adierazpenak beste giza komunitate batzuenen gainetik daudela, intolerantzia eta biolentzia agertuko dira. Hizkuntzek ez dute indarrik eduki behar, beren arrazoiketatik sortutakoa izan ezik, edo beren natur eta gizarte inguruneetako erronkei aurre egiteko erabilgarritasunetik sortua izan ezik, edo edertasuna bere erregistro poetiko eta sinbolikoen bidez esploratzeko ahalmenetik sortua izan ezik. Indar hori ez da ohiko boterearen ezaugarri den indarra. XXI. mendeari begira, gehiagotasun konplexurik gabeko hiztunak behar ditugu, baita elkarrizketa eragingo duten hizkuntz jardunak ere –hizkuntz komunitate bereko hiztunen artean nahiz hizkuntz komunitate desberdinen artean–. Hizkuntzak, askatasun espirituz eta adimen irekiz erabiltzen direnean, bake eraikitzaileak izaten dira. XXI. mendean, hizkuntza guztiak bakerako hizkuntza bihurtuko dira. Hizkuntza berriei ongietorria Hizkuntzen bizitza hizkuntz komunitateen bizitzaren espresio zintzoa da. Giza espezieek espazioan eta denboran duten eboluzioak eragin egiten diote hizkuntzen bizitzari. Hizkuntz espezializazioari esker, giza komunitateak ingurune fisiko eta kulturalera egokitu dira. Hizkuntzak, abstrakziorako duten ahalmen zoragarriari esker, tresnarik erabakigarrienak izan dira ezagutzaren aurrerapenerako, printzipio etikoen adostasunerako –elkarbizitzarako oinarri gisa–, eta etorkizun desiragarriak imajinatzeko. Hizkuntza bakoitzak zeregin komun horretan lagun dezake. Hizkuntza asko desagertu dira giza komunitateak erronka berrien aurrean hizkuntz tresna berriak behar zituztelako. Egun erabiltzen diren hizkuntzak hizkuntza biziak dira, bizitzeko horien beharra duten giza komunitateak baitaude –hots, ulertzeko, erlazionatzeko, lan egiteko, maitasunaz hitz egiteko, galderak egiteko eta espresio ederrak sortzeko, gogoratzeko eta planak egiteko–. Komunitateek beraiek eragiten dute etengabe hizkuntzek eboluzionatzea. XXI. mendean, hainbat autokudeaketa moduren bidez, posible da hizkuntzaren boterea komunitate horiei itzultzea, eta, bereziki, hizkuntz errepresioa jasan dutenei. Ildo horiei jarraituz, posible litzateke hizkuntz aniztasuna babestea hizkuntza bizien eboluzioa oztopatu gabe. Egoera normaletan, asko hedatutako hizkuntza guztiek eboluzionatuko lukete, baita hizkuntza ertain eta txikiek ere; beraz, guztiak esparru eta erronka berrietara egokituko lirateke. Atsegin handia da norberaren hizkuntzaren hizkuntz sormenean parte hartzea. Agian, gure hizkuntzak beraiez gozatzen dugulako erabiltzen ditugula gogoratu behar genuke. Esaten eta idazten ditugun hitzak eskura ditugun bizitza, sormen eta poztasun esperientziak dira. XXI. mendean, eleaniztasuna hedatu behar litzateke, atsegin hutsagatik bakarrik.