338 Zenbakia 2006-03-10 / 2006-03-17

Gaiak

Xakea, teknologia eta tranpak

PLAZA JAIO, Gotzon



Xakea oso kirol bitxia da. Egia esan, batzuentzat ez da kiroltzat hartu behar ere “beste” arlo edo esparruetan kokatu behar baita. Dena dela, kirola edo ez kirola, guztiz erakargarria da eta munduan zehar milioika zaletu sakabanatutik aurkituko ditugu.

Xakearen elementurik nabarmenetakoen artean (eta badaude nabarmenak eta aipagarriak direnak) bere baitan lantzen duen kalkulu esparrua da. Denok jakin badakigu, xake partida bateko taulak 64 karratu dituela, zuriak eta beltzak. Partidako piezak hortik zehar mugituko dira eta hemen sartzen da jokoan konbinaketaren mundu matematikoa. Xake partida baten, helburua aurkakoaren erregea menperatzea izanik, gure piezak helburu hori lortzearren handik eta hemendik saiatuko dira eta gauza bera egingo du gure aurkakoak. Baina jokalari onak, aurkakoa nondik nora etorriko den, nondik saiatuko den, nondik erasoko duen aurreikusiko du. Piezen posizioak adieraziko dio nondik etorriko den hurrengo mugimendua eta are gehiago, bigarren, hirugarren edo laugarren mugimendua zer nolakoa izango den ere argi izango du jokalari trebeak. Argazkia: Belén (info@nacuweb.com)

Zertan datza aurreikusteko trebezia hau? Urteetako saio, partida eta ikerketek euren ondorioa ekarri dute: aukera guztiak arakatuz, konbinaketa guztiak aztertuz eta mugimendu baten ondorioz egin ditzakegunekin gauza bera eginez, zuhaitz antzerako irudia lortuko dugu eta aurkakoaren halako mugimenduari beste nolako erantzuna emateko prest egongo gara.

Honez gain, jokalari trebea izateko beste hainbat gauza kontutan izatekoak ditugu: norberaren indarra eta kemena, behar den momentuan eraso edo defendatzeko, barne intuizioa, estrategia, sikologia batez ere aurkakoaren pertsonalitatea aztertzeko eta bere ahuleziak gure alde bihurtzeko eta nola ez, imajinazioa edo batzuk aipatzen duten “genialitatea”, behintzat halako ikutturen bat.

Ikusten dugunez, jokoaren atal batek (ez naiz ausartzen atal nagusiena denik esatera) konbinaketekin zer ikusi estua du eta hortik dator xakeak teknologiarekiko duen lotura hori. Gaur egunean ezagutzen den teknologiaren oinarrian (oso oinarrian) dauden aztarnak ikus ditzakegu joko honi uztartuta. Hor daude adibide gisa XVIII eta XIX garren mendeetan Europa zaharreko errege eta printzeen gorteetan plazaratzen ziren “xake jokalari automatak”. Nahiz eta kasu batzutan iruzur hutsak izan (tramankuluaren azpian jokalari bat zegoelako), beste batzutan bazegoen halako teknologiaren lehenengo urratsak. Baina zalantza gabe, benetako iraultza ordenagailu modernoen garapenaren eskutik etorri da.

Egungo ordenagailuen gaitasunen artean kalkulu ahalmena aipatu behar da. Horri esker, xake jokoaren “sekretuak” erabat argitaratuak izan dira, orain bai posiblea dela posizio batetik hasi eta zer nolako jokoa egingo den aztertzea. Ordenagailua ez da nekatzen ezta erratzen ere; beraz, emango digun mugimendua ziurtzat har dezakegu. Jakina, ordenagailua tramankulu elektronikoa baino ez da eta bere ondorioak atera ahal izateko datuak edo sarrerako informazioa behar du alde batetik. Eta bestalde datuok aztertu, ahal den konbinaketa gehienetan, eta hortik ondorioak atera. Ordenagailuak ez du “pentsatzen”; datuak aztertu eta behartuta dagoen programaren arabera emaitzak emango dizkigu. Besterik ez, baina hau ez da gutxi, ez alajaina.

Esparru eta sail guztietan nabaria izan da baina xake munduari bereziki so egiten badiogu, alde batetik ordenagailuen hardwarea hobetuz joan den heinean softwareak ere hobekuntza ikaragarriak izan ditu. Historia egin dezagun.

Bereziki xake jokorako prestaturiko hardwarea 1976 urtean garatu zen lehen aldiz. Helburua: posizio bat hartu eta handik aurrera zegozkion mugimenduak (konbinaketak) kalkulatzea zen. Joe Condon eta Ken Thompson-ek garatu zuten hard hau BELL xake programarako eta garai hartarako nahikoa zen, segundoko 200 posizio bilatzen zituelako.

Bigarren urrats batean, aukera guzti hauen tartean egokiena seinalatzea zegoen, ebaluazio funtzio izenaz ezaguna dena. 1978 urtean BELL programaren bigarren bertsioak 5.000 posizio segundoko aztertzen zituen eta zerrenda honetatik egokiena aukeratu ere. Argazkia: Jason Webber (jasonmarkwebber@gmail.com)

Bi urte geroxeago, hirugarren bertsioak 120.000 posizio aztertzen zituen segundoko eta ebaluazio funtzioa gehiago garatu zen. Horrela, 1983garren urtean Linz hirian jokaturiko mundu txapelketa lortu zuen eta Estatu Batuetako Xake Federakuntzako Maisu titulua ere.

1985garren urtean, HITECH programa garatu zen. Honekin, abiadura handiz aztertzen ziren posizioak, 200.000 segunduko.

1986garren urtean “Deep Thought” programa garatu zen, BELL eta HITECH-ek erakusten zituzten bideak jarraituz. Honekin, 700.000 posizioraino heltzen ziran bilaketak. Makina honek 1987 eta 1988ko ACM txapelketak irabaztea lortu zuen.

Azkenik, 1993 urtean “Deep Blue” garatu zen: orain arte ezagutzen dugun xake makinarik ahalmentsuena, 2.000.000 posizio aztertzeko gai dena.

Eta teknologia hauek garatzen ziren momentu berberetan, gizakion nortasuna ageri zen erabat: hau da, nork irabaziko zukeen halako txapelketa batean, gizakiak ala gizakiak sortutako makinak ? Lehia aspaldikoa zen baina teknologia beti galtzaile atera zen 1996 urterarte. Otsailaren 17an, “Deep Blue” makinak lehen aldiz munduko txapeldun bat garaitu zuen, Garry Kasparov. Baina lehiak aurrera egin zuen eta azkenean Kasparov-ek hiru partida irabazi eta beste bitan parra egin zuen. Beraz, Kasparov-ek irabazi zion 4-2 teknologiari. Hala eta guztiz, “Deep Blue” honek hobekuntzak izan zituen eta hurrengo urtean Kasparov menderatu zuen 3,5 – 2,5eko puntuaketaz.

Gaur egun ere halako lehiak egiten dira (azkenengoa oraintsu Bilbon egin dena, 8-4 menderatu zituzten ordenagailuek munduko hiru txapeldun ohiak, Ruslan Ponomáriov ukraniarra, Rustam Kasimyánov uzbekiarra eta Alexánder Jálifman errusiarra) baina ez dago argiegi bere helburua: akaso gizakion nagusitasuna berriz plazaratu edota nagusitasun hau egon badagoela azpimarratu? Ez duela zentzurik uste dut eta gaur ez bada, bihar teknologia garaile aterako da halako saioetatik. Eta zer? Honek gure gizakitasuna gutxiagotu egingo digu? Hala balitz, estimazio eskasean dugula esango nuke.

Baina teknologia ez da bakarrik gizakion neurriak zehazteko, baditu bere alde aprobetxagarriak. Pentsa dezagun xake jokalari baten bizitzan: batzuek, halako pertsona bat, halako ahalmenaz hornitua jaio egiten dela esango digute. Beste batzuek, jaio bai baina gero xakean landu beharreko bizitza baten aurrean gaudela esango digute. Eta batez ere lan egiteko prozesu honetan xake programa informatikoak, hau da teknologia, benetan lagungarria eta estimagarria izan dituztela munduko jokalari eta entrenatzaileek. Ordenagailua laguntzaile gisa hartuz, analisiak, estrategiak, erasoak eta defentsak eskuragai ditugu. Azken urteotako (edo mendeetako) partidarik garrantzitsuenak (kasu batzutan 500.000 partida), mugimendurik ausartenak, berrienak, posizio arazoei eman zaizkien irtenbide guztiak, estatistikak eta hainbat eta hainbat informazio. Hortik, benetako jokalari trebeak edo bere entrenatzaileak emaitzak aterako ditu norberaren jokoa hobetzeko hemengo edo hango aldetik.

Bestalde, azken urteotako xake programek maila handia lortu dute. Hedatuena, “Fritz” 9 garren bertsioa da, baina beste batzuek ere “Hydra”, “Junior” edota “Shredder” maila dexentea erakusten dute eta agian gizakia mailarekin konparatuz, munduko hamar jokalaririk onenen multzoko parean egongo lirateke.

Baina honekin batera beste galdera batera ere heltzen gara. Jokalari baten hobekuntza honek badu amaierarik? Beste era batetara galdetuz, jokalariak beti irabazi behar ditu bere partidak? “Citius-altius-fortius” “arinago-altuago-indartsuago” hori da bai joko olinpikoen leloa eta horixe da sarritan ikuslegoak, kirol taldeak edota enpresa babesleak (eta norberaren buruak) eskatzen dutena, gero eta helburu handiagoak baina sarritan mugak non dauden ikusi gabe. Helburua aurrekoa gainditzea baldin bada eta horretarako zertxobait “hartu” behar baldin bada, ba horixe, hartu eta kitto. Dopping-a, kirol modernoan dagoen izurritea dela diote guztiek. Eta halakorik ba omen da xakearen munduan?

Azken berriek baiezkoa esaten digute baina berezitasun batzurekin. Hemen, jokalariak ez du legez kanpoko ezer hartzen baina bere emaitza tranpaz betea dago eta horretarako teknologia lagungarri dauka eta berak ezin duena, lehentxoago aipatutako programa informatikoek egingo dute bere izenean. Hau da, xake jokalaria zelan edo halan, ordenagailu baten laguntza jasoko du eta xake programak esango dio zein mugimendu edo zein estrategia erabili behar duen momentu bakoitzean. Teorian bai, baina errealitatera eramanez, nola lor dezake halakorik? Teknologia hor dago eta adibidez, xake txapelketa batean ikuslegoaren artean dagoen lagunak telefono mugikorraz esan diezaioke xake jokalari bati zein izan behar duen hurrengo mugimendua. Honek, jokalariak, belarrian mikro bat itsatsita izango du eta inor ez da ezertaz konturatuko.

Badaude arlo honetan kasu bitxiak eta orain emango dugu beraien berri.

- Nice-ko txapelketa, Frantzia: Renato Scarenzio 64 urtetako italiarra gabardina jantzita zuen, jokatzen ari zen bitartean. Jakina, bakoitzak bere berezitasunak eta nabarmenkeriak ditu eta kitto. Baina kasu honetan gabardinapean itsuentzako miniordenagailu bat zuen eta honen “zuzenbideak” jarraituz aurrera eramaten zituen bere partidak. Argazkia: Michael Connors (http://www.mconnors.com)

- Es Vermar, Mallorca: Gabriel Pons 67 urtetako Mallorca-ko txapelduna. Bizitza guztian jokalaria baina nahiko arrunta. Jubilatu ondoren, ikaragarrizko aurrerapenak egin ditu eta “maisu nagusi” batzuk gainditu zituen. Arrazoia? Bere esanetan “Fritz” programarekin egunero hiru orduz saiatzen zelako. Baina urrian Oleg Korneiev errusiar maisu nagusiari irabazi ondoren susmoak piztu egin ziran: Pons jaunaren mugimenduak “Fritz” programak eta antzerako beste batzuk ematen zituztenekin konparatu eta %90an berdinak ziran.

Hilabete geroxeago, Calviá-n (Mallorcan) jokatzen zen txapelketako antolatzaileek begi bistan izan zuten Pons jauna eta bere jokoa. Horrela, eskua poltsikora sarritan sartzen zuela ikusi zuten eta baita egiten zituen mugimendu asko “Fritz” programak ematen zituen berberak zirela ere baieztatu zuten. Antolatzaileek pentsatu zutena? Pons jaunak poltsikoan ordenagailu txiki bat zeramala, bertan posizioak erregistratzen zituela eta erantzuna belarrian zuen mikro batetara heltzen zitzaiola. Dena argitzeko erregistro pertsonala egiteko baimena eskatu zioten jokalariari baina honen ezetza jaso ondoren, hantxe bertan txapelketatik baztertua izan zen.

- Pasa den urtean, San Luis hirian (Argentinan) jokatu zen munduko txapelketa eta irabazlea Veselin Topalov izan zen. Txapelketa horretan metal detektoreak prestatu ziran halakorik gerta ez zedin baina bertako partaide baten esanetan, Rustam Kasimyánov, detektore horiek ez ziren baliagarriak izan zeren eta armak bilatzeko konfiguratuta eta kalibratuta zeuden eta ez miniordenagailuak.

Teknologia lagungarri eta teknologia etsai. Hori dela eta, txapelketa batzutan, alde batetik, telefono mugikorrak eramatea debekatuta dago: argi dago kontzentrazio momentu batetan ikusle baten telefonoak ezin duela bere txirrintxi lazgarria airean zabaldu. Eta bestalde, komunikazio “ez-legezkoak” murriztu egiten dira. Dena den, seguruena zera da, uhin “ezabatzaileak” erabiltzea. Halako teknologiak erabiliz, jokalari eta laguntzailearen arteko komunikazioak moztu egiten dira. Uhin “ezabatzaile” batek potentzia oso txikiko irrati uhinak hedatzen ditu. Horrela, telefono mugikorrak “aztoratu” egiten dituzte eta telefonook ez daudela inolako antenari konektatuta sinistarazi egiten die. Halako elementuak gero eta ugariagoak dira eta hiru erabilera mota dituzte. Lehenengo erabilera, isiltze lanetan: antzokian, zineman, liburutegian, biltzarretan, hitzaldietan eta abar isiltasuna eskatzen da. Bigarren erabilera, telefonoek ixurtzen duten erradiazioarekin lotuta dago: ospitaletan edota hegazkinetan, arriskutsua izan liteke telefonoen erradiazioa bertan dagoen tresneria dela eta. Eta hirugarren erabilera, segurtasunaren esparruan kokatzen da. Espioitza lanak burutzeko edo gure kasuan, xake jokalariari tranpak aurrera eramateko aukera emango dion elementuaren lana ezabatzeko lagungarri izan liteke. Baita ere pentsa dezagun gaurko gazteek teknologiarekin duten hartu-eman estuei esker, zer egingo luketen azterketa gelan sartuko balira mikroa belarrian eta laguna kanpoaldean mugikorra eskuetan eta galderei erantzuna emanez. Akabo txuleta klasikoa, gora teknologia baina hau beste istorio bat da.