
Efemerideak
Efemeridea. Juan Crisóstomo Arriaga, euskal musikagile ospetsua, Bilbon jaio zen 1806ko urtarrilaren 27an
Musikarako dohain bereziz hornitua, hogei urte eskas zuela tuberkulosiak moztu zion onez hasitako ibilbidea. Hamaika urtez lehen lana burutu zuen, Nada y Mucho okteto saioa eta hamalau zituela, bi ekitaldiko opera: Los esclavos felices. 1822an, hamasei urterekin, Parisa joan zen musika ezagupenak sakontzera. Kontserbatorioan garaiko irakaslerik ospetsuenekin ihardun zuen: biolin eta konposizio irakasle Ballot izan zuen, eta Fetis belgiarra armonian eskolen arduradun, honek bere eskolen errepikatzaile izendatu zuelarik. Gero Berliozen irakaslea izan zen Reicha maisua ere ezagutu eta haren estimua berenganatu zuen. Parisen konposatu zituenen artean dago agian Arriagaren lanik garrantzitsuena: hari tresnetarako Hiru kuartetoak deritzana alegia. Geroago Re minorreko Sinfonia eta pianorako Tres Estudios o Caprichos burutu zituen. Ahotsetarako lanak ere ondu zituen: Erminia, Medea, Edipo, All´Aurora eta Agar. Konposizio lanak, eskolak eta joaldiek ahuldurik, gaixotu egin zen eta 1826ko urtarrilaren 16an gaitzak eraman zuen.