326 Zenbakia 2005-12-09 / 2005-12-16

Efemerideak

Efemeridea. Joanes Oxalde Etxezuri 1897 urteko abenduaren 13an hil zen

Joanes Oxalde. Nafarroa Behereko bertsolaria (Bidarrai, 1814 - Bidarrai, 1897). Guarda eta postaria izan zen bizibidez. Aiherran bizi izan zen. Herriz herri bertso kantari ibili bazen ere, ia ez da haren bat-bateko bertsorik gorde. Bertso jarri ugari gorde dira, hala ere. Oxalderen bertso jarriak behin baino gehiagotan izan ziren sarituak Lore-Jokoetan: Soldado ondoan (Sara, 1868); Kilo-egilearen kantuak (Sara, 1878); Beranteko urrikiak (Maule, 1880); Madalen Larralde (Donibane-Garazi, 1894). Argentinan ere ibili zen, Gualegay izeneko herrian. Aipatutakoez gainera, hauek dira Oxalderen bertso sail ezagunenak: Zahar gazten arteko parabola, Iruñeko ferietan, Lurreko ene bizia, Ezpeleta herrian, eta, batez ere, Otxalde eta Etxahun. Oxobik haren bizia liburuxka batean kontatu zuen, eta Eskualtzaleen Biltzarrak argitara eman zuen liburua 1949an, Oxalde (1814-1897).