313 Zenbakia 2005-09-09 / 2005-09-16

Artisautza

Les Inclusions d´ Ainoa. Metakrilatoa: Historia

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

HISTORIA

1862. urtean sortu zuen Alexander Parks kimikari ingelesak parkesina izenez bataiatu zuen lehendabiziko plastikoa. Oso material gogorra zen, eta nitrozelulosari esker lortzen den boli edo marfilaren antzeko ehundura zeukan. Handik zazpi urtera, John Wesley Hyatt-ek, billarreko bolak marfilaren ordez beste lehengairen batekin egin nahian, zeluloide izeneko produktu bat asmatu zuen.

Hurrengo urteetan, aurrerakuntza gehiago emango ziren: 1897an galalita aurkitu zuten; 1904 eta 1909 artean, lehendabiziko termoplastikoak; 1924an, industrialki ekoiztutako binilozko azetatoa; 1928an, beira akrilikoa edo plexiglasa. Baina 1933tik aurrera hasiko ziren, polietilenoa aurkitutakoan, plastikozko elementuak industrialki ekoizten: polietilenoak, polipropilenoak, poliamidak, poliuretanoak, poliazetilenoen erretxinak, beira akrilikoa, poliestirenoak, polibinilo kloruroak, poliesterrak, etab. Poli delakoa (metal metakrilatoa), batzuek PMMA deitzen dutena, plastiko garden bat da, eta kasu askotan beiraren ordez erabiltzen da: leihoetan, koadroen kristaletan, altzarietan, errotulazioetan, etab. Gure kasuan, baita artisautzako elementuak sortzeko ere.