30 Zenbakia 1999-04-23 / 1999-04-30

Gaiak

Natura argazkitan

ELOSEGI, Arturo

Natura argazkitan Natura argazkitan * Arturo Elosegi Irudiaren gizartean bizi gara. Irudietan agertzen ez dena ez da existitzen: argazki odoltsurik gabe ez dago hilketarik, bideo irudirik gabe ez da Martitzera espaziuntzirik iritsi, telebistarik gabe ez da futbol partidurik jokatu. Zientzian ere (eta ez soilik zientziaren dibulgazioan) irudiek gero eta garrantzi handiagoa dute. Eta zer esanik ez, natur zientzietan: irudiak (batez ere argazkiak) lanabes garrantzitsua izateaz gain, gure lana hedatzeko ezinbesteko bilakatu dira. Landarediaren azterketa egiteko argazki aereoak funtsezkoak dira; ingurunearen kudeaketarako satelite irudiak eta Informazio Sistema Geografikoak egunero erabiltzen dira; ikerketa histologiakoetan gero eta hedatuagoak daude irudi tratamendurako sistema automatikoak; eta klasikoenak diren arloetan ere, hala nola animalia izuak zentsatzeko, argazkien bidez egiten da lan. Eta noski, lanaren emaitzak hedatzeko garaian, irudiak ezinbestekoak dira: kongresuetan, txostenetan, argitalpen zientifikoetan, testuliburuetan, argazkia nonahi ageri da. Izan ere, atzerritar bati bere ikerketa area deskribatzen saiatu denak ezin hobeki ikusten baitu esaera zaharrarenegia, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela, alegia. Zientzialari eta argazkigile (baina ez argazkilari) izanik, Natura Argazkitan izenburupean artikulu bat idatz dezadan eskatu didate. Nire helburua ez da, ordea, inori argazkigintzan irakastea, horretan irakasteko baino zer ikasi gehiago baitut. Aitzitik, natur zientziatan argazkiek (eta beste motatako irudiek) bete dezaketen papera eztabaidatu nahi nuke. Irudigintza arrunta irizpide estetikoen menpe dago, eta neurri txikiagoan bada ere, hauek badute bere garrantzia zientzian. Esate baterako, kongresuen helburu nagusia jendearen arteko harremanak erraztea izanik, komunikazio zientifikoak horretara bideratu behar dira: gure lana ezagutarazteko testu labur eta errazak, eta titulu erakargarriak behar ditugu, baina baita ere irudi ikusgarriak,hitzaldi sorta aspergarri baten erdian entzulearen arreta piztuko dutenak. Baina estetikak ez gaitzake helburu nagusitik aldendu, hots, informazio zehatz eta zuzena ematetik (nahiz eta argazkigintza informatizatuak mota guztietako trukuak egiteko aukera ematen digun). Hortaz, natur argazkilari zientifikoak kazetariaren hurbilketa jarraitu behar du: bere irudien helburu nagusia gertatzen dena ahalik eta modu argienean azaltzea izan behar du, ez irudi ederrak lortzea. Noski, hau esatea egitea baino errazagoa da, argazki soil batek ideia abstraktu bat azal dezan teknika eta begi oso ona behar baita. Hemen zientzialariak ez du ahaztu behar argazkilari zaharren araua: zenbat eta sinpleagoa izan irudi baten mezua, orduan eta aiseago ulertzen da, eta orduan eta gehiago erakartzen du. Beraz, ahal dela askoz etekingarriagoa da inpaktu bisual handiko hiruzpalau argazki segidan jartzea, eta ez haien elementu guztiak bilduko dituen irudi korapilatsu bakarra. Honek guztiz baldintzatzen ditu erabiliko diren materiala eta teknikak, noski. Hortaz, funtsezkoa da aldez aurretik jakitea ze ideia zabaldu nahi dugun, eta ideia hori ze elementuren bidez azaltzen ahal den, ez besterik gabe mendira joan eta argazkiak atera (nahiz eta hau guztiok egiten dugun). Bestalde, kamara beti soinean daraman horietakoa izanik, zera ikasi dut: horrela argazki on batzuk lortzen direla, baina mendian lanean ari zaren bitartean egindakoak ia beti oso txarrak direla. Beraz, askoz hobe izaten da aldizka egunen bat argazkiak egiten "galtzea", beste asmorik gabe, eta lagintzen ari zinela, korrika eta presaka atereaz joan zaren argazkietan konfidantza gehiegi ez izatea. Beste modu batean esateko, bere funtzioa bete dezaten, argazkiak "egin" behar dira, eta ez "atera". Argazkilariei ikasi beharreko beste arau bat zera da: argazkiak ateratzea ez da objektuak irudikatzea, argia harrapatzea baizik. Adibidez, baso desberdinak ikertzen ari denak, bere emaitzak hitzaldi batetan azaltzeko, baso hauek zertan bereiztendiren pentsatu behar du, eta zein elementuk azpimarra dezaketen bereizketa hori: bata bestea baino konplexuagoa da? malkarragoa? hezeagoa? Behin gakoa bilatuta, hori hobekien isla dezakeen ikuspuntua (kamera, objektiboa, angelua...) aukeratu behar du, baina horrez gain, urtaro egokia, eguraldi aproposa, eta hartara hobekien doitzen den pelikula, esaterako. Ez baita berdina egun euritsu batetan ateratakoak ematen duen ideia, edo eguzki galdatan egindakoak. Gure ideia isla dezakeen argirik egokiena bilatu, eta gure materiala horren arabera aukeratu beharko dugu, beraz. Fotografian sakontzeak beste gauza bat irakasten du: argazkia ez da "objektiboa", ez da naturaren isla zehatza. Argazkian sartzen ditugun elementuen arabera, kanpoan uzten ditugunen arabera, erabiltzen den optika, argiztapen sistema, pelikula eta gainontzeko faktore materialen arabera, guztiz aldatzen da argazkiak islatzen duena. Begira dezala bestela edonork bere herriko postalak zeinen politak diren, eta saia dadila horietako bat ateratzen. Laster konturatuko da zenbat elementu itsusi alboratu dituen argazkilariak, egin nahi zuen irudia honda ez ziezaioten, eta nola aukeratu behar izan dituen perspektiba eta egun egokienak. Argazkilaritza zientifikora eramanda, honek argi uzten digu argazkiak buruarekin egiten direla, eta ez kamerarekin. Agian norbaitek pentsa dezake aukeraketa hau zientzialari batentzako gehiegizkoa dela, objektibotasuna eta inpartzialtasuna zalantzan jartzen baititu. Baina zientzia osoak du arazo berbera, gure behaketak aldez aurretik ditugun ideien menpekoak baitira, eta proposatzen diren ikerketak eta jarraitzen diren ildoak aukeraketa guztiz subjektiboen menpe baitaude. Zientziaren filosofoek asko eztabaidatu dute honi buruz, baina ez diote inongo konponbiderik aurkitu. Besterik gabe, onartu beharra dugu, zientzia ez da ekintza objektibo hutsa. Guzti honek ez gaitu kezkatu behar. Zientzia liluragarria da, eta jakin nahia da gizakiak duen berezitasunik handiena. Natura ere liluragarriada, eta natur zientziek liluragarria den zerbaiti buruz lan eginez gure jakin mina piska bat baretzeko (inoiz ez asetzeko) aukera ematen digute. Gainera, hori irudiekin uztartzeko aukera dugu (matematikariek baino handiagoa, bederen), eta konbinaketa horrek (jakiteak eta irudiaren lilurak) gu, primate bisual eta komunikatzaile konpultsibook, ia beste deusek baino gehiago betetzen gaitu. Bide horretan luzaroan segitu ahalko dugu! Arturo Elosegi, Biologian Doktorea eta UPV/EHUko Ekologia irakaslea Copyright © Eusko Ikaskuntza