298 Zenbakia 2005-04-29 / 2005-05-06

Gaiak

Kulturgintza: gizarte-ideologietatik eta kontsumora

APODAKA, Eduardo

Filosofian lizentziatua, Soziologian doktorea, UPV-EHUko Gizarte Psikologia Saileko irakaslea

1.- Kultur ideologiak: postmodernismo baikorra eta diagnostiko kritikoa.

Kulturari buruzko gogoeta eta ikerketetan bi diskurtso nagusi agertzen dira gaur egun. Biak erabiltzen ditugu, arrunki biak nahasturik, nahiz eta bietatik munduan eta kulturan gertatzen ari denari oso modu diferentean iritzi. Gaur egun ezin da kulturari buruz hitz egin hibridazio, nomadismo, aniztasun, mestizaje hitzak aipatu barik. Postmodernismo baikorraren hitzak dira eta funtzio ideologiko zehatzak dituzte: pobreziak bultzatutako migrazioa, mundu zabaleko bidegabekeriak edo masa-kontsumoaren indar berdintzailea zuritzeko balio dute. Kapitalismo globalaren kultur logika omen da postmodernismoa.1

Aurrez aurre, kultura, boterea eta merkatuaren arteko loturak azaleratu nahi dituen analisi kritikoa dugu (kultur estudioak edo antropologia kritikoa, esaterako). Oro har, hauxe da kritikaren funtsa: merkatu globalak, ez giza garapenak edo askapenak, behar ditu milaka produktu berri, bereizi eta deigarri; merkatuak, ez munduko elkartasunak, behar ditu munduan zehar dabiltzan langile merkeak; merkatuak, ez kultur garapenak, behar ditu kultura arteko aldeak gutxitu eta mugak ezabatu. Analisi kritikoak ere funtzio ideologikoak ditu: eragile kolektiboen autonomia eta agentzia defendatu nahi ditu, kultur politikak eta kultur borrokak sustatu, mugak eta inposaketak agerian utzi...

Diskurtso biak denbora eta esperientzia deskonektatuen garaikoak direnez, asko dute komunean, baina lehenengoan diferentziaren goraipamena nagusi den bitartean, bigarrenean diferentziaren zama eta mugak argitu nahi dira.

Behin baino gehiagotan agerian jarri da kulturaren erabilera zein izan den Modernitatean. Ideologiek eta zientzia modernoek irakatsi ziguten goi-kulturaren eta herri-kulturaren balio eta erabilgarritasun politikoa, soziala eta psikikoa: kultura lortu eta eduki behar zen kapital bat zen; auto-estimua, gizartekidetza, herritartasuna eta herri-elkartasuna uztartzen zituen kapitala.2 Estatu modernoek kultura nazional bana behar zuten, nazioaren lurraldea bezain mugatu eta burujabea behar ere; goi-klaseek kultura bereizgarria behar zuten, herri-kulturatik bereizteko, boterea eta desberdintasuna legitimatzeko. Funtsean, bietan, kultura bereizkuntzarako tresna zen.3

Merkatu globalaren garaian, ordea, kulturaren eginkizuna beste bat omen da. Gaur, antza, ez da behar kultura nazional sendorik inongo mugak eta inongo boterea babesteko eta zuritzeko. Eta goi-kulturak behe-kulturaren mozkinak bere egiteko gose asegaitza du. Hortaz, “kultura arteko” mugak apurtu behar dira. Orain, bizi-estiloak saldu behar diren honetan, Estatuak ezin omen du kultur politikarik izan: kultura nazionala edo herri-kultura merkatuan lehiatu behar dira, botereak neutro behar du kultur arazoetan. Orain, mundu osoko kontsumitzaile homogeneoak sortu behar diren honetan, ezin da tematu nork berea defendatze itsuan, batez ere, bere hori txiki-txikia denean.

Baldintza hauekin, kultura merkatuaren logikaren mendean jarri zaigu, hots, kontsumoaren mendean. Hala bada, kontsumoaren arauak bete beharko dira kulturan ere: produktu berriak eta bereiziak ekoitzi beharko dira etengabe, gauza erakargarri eta deigarriak saldu beharko dira, arin eta arduragabeki pasa beharko dira gure eskuetatik... Kontsumoak markatu ditu gizarte-mugak eta gizarte-nortasunak: kontsumitu ahal duzuna balio duzu, kontsumitzen duzuna zara, horra hor, bizi-estiloen bereizkuntza. Baina, hala al da? Batzuen ustez merkatuaren logikak ez du erabat menperatu “bizitzaren eremua”, bertan kulturak badu berezkoari eusteko aukera; gainera, ez omen da eremu txarra, ezta ahula ere. Ez horren baikor, botere politiko demokratikoarekin federik dutenek estatuaren kultur politika defendatzen dute, merkatuaren eskuetan utziz gero, diote, kultura nazionalarenak egin du; are gehiago, herritar guztiak goi-kulturaren balioetan hezteko ahalegin zibilizatzaileari ere agur esan beharko diogu.

Labur esanda, modernitatean kultura identitatearen erresuma izan omen da, postmodernitatean diferentziarena da. Edo hobe esan, modernizazioan estatu-, klase- edo herri-kulturak identifikatu beharra zegoen, “banaka eta bereiz” eraiki beharra eta jendeak haiekin identifikatu beharra zuen norbait izatekotan. Gaur, berriz, kulturak nahastu behar dira, elkar kutsatu eta elkarri lotu, kulturetan bizi barik, “kulturartekotasunean” bizi behar dugu, hots, diferentziak bizi gaitu, diferentziaren nahiak. Diagnostiko kritikoak hainbat emendakin egin behar dio kulturartekoaren gorazarreari: kultur dibertsitaterik ez dago identitaterik gabe, diferentzia edo dibertsitateak identitatea behar du, eta askotan identitateen arteko desberdintasunak ere bai; kulturartekotasuna mundu-korporazio gutxi batzuek kudeatzen dute, masa-kontsumorako merkaturatzen dute “janzteko prest” dagoen dibertsitate faltsua (adibide ugari dugu: El Corte Ingles-eko Txina edo Indiari buruzko asteak, world music-en kontua...) Honenbestez, gaurko kulturgintzaren funtzioa ez da sistema homogeneo bat sortzea, ez da gizarte osora zabal daitekeen eredu bakarra sortzea. Gaur ez dago eredu nagusirik, bai ostera, ereduak antolatzen dituen logika orokorra: kontsumoa, Postmodernitatearen kultur logika nagusia.4

Kontsumoak maila eta estilo guztietako kultur produktuak eta jarduerak eskatzen ditu. Eskatuaz, gainera, produktu eta jarduera horiek legitimatzen ditu: lehengo kultura nazionala edo lehengo goi-kultura ez dira “kultura” moduan gaur legitimoak diren bakarrak. Osteratzean, hauek ere lehian aritu behar dira herri-kulturarekin, kultura popularrarekin, talde-kulturekin, masa-kulturekin eta abar.

Esan bezala, aniztasunaz, hautamenaz, askotasunaz edo mestizajeaz hitz egiten duten diskurtsoak nagusitzen ari dira. Baina, nork ordaindu behar du aniztasuna: mendebaldeko kontsumitzaile aberatsak, etorkizun hobe baten bila etxetik alde egin behar izan duenak, etxean bertan irautearekin nahikoa duen horrek? Kontsumoak gauza berriak eta originalak behar omen ditu, hau da, originalak zentzu bikoitzean: jatorrizkoak eta apartekoak. Horiek dira saltzeko behar diren ezaugarriak. Eta logika honek zerikusi gutxi du “gizatasunaren aberastasun konplexuarekin”. Globalizazioak dakarren berri on hau ospatu behar dugu edo kulturgintzaren kritika politikorako lekutxorik al dago oraindik?

Argi dago prozesu hauetan, alde guztiek dutela zer irabazi eta zer galdu: afrikar artisauak zerbait irabaziko du bere produktuak Europan salduz gero (nahiz eta bidezko salerosketa ez izan), guk ere kontsumitzaileak garen aldetik zerbait irabazten dugu Ikean altzariak erosita (nahiz eta munduko “kultur dibertsitateari” izugarrizko kaltea) egin. Neurri txikian denok irabazle, baina neurri handian zer ari den gertatzen ez dugu ikusten.

Diagnostiko kritikoak argi utzi nahi du kulturaren zeregin bereizlea, argi utzi nahi du kulturgintza gizarte-bereizkuntzarako tresna dela, boterea legitimatzeko diskurtsoa dela edota menderakuntzan duela bere jatorria. Baina kulturak dituen funtzio edo eginkizunak agerian jarrita ere, onartu beharra dago, ikuspegi postmoderno baikorrak dioen bezala, kulturak berezko bizia eta kemena duela, eta onartu beharra dago ikuspegi honek jendearen kulturgintza, hots, jendearen kultur jardun eragilea biziagotzeko bide eman dezakeela. Azken finean, kultur mugek, maite eta maite ez, mugatzen gaituzte. Hortaz, ondo dago jakitea zein den gaurko kulturgintzek eta kultur ideologiek duten erabilpen eta jatorri “ustela”, merkatuarena baita agintzen duen logika, baina kultur kritika ezin da hor geratu, hori jakinda, kulturak berezkoak dituen logika sortzaile eta bizigarria onartu behar ditu. Modu sinplean esanda, kultur ideologia menperatzaileei eginiko kritikak ezin du ordezkatu kulturgintzari buruzko azterketa kritikoa. 2.- Adio kulturari, abegi on kulturgintzari.

Kultura ulertzeko hiru ikusmolde nagusi eman dizkigute gizarte-zientziek. Batetik ikuspegi ilustratua: kultura gizakien sorkuntza gorena bide da, hau da, edozein giza jarduera bere mailarik gorenean. Bestetik ikuspegi antropologikoa: kultura jende talde bati dagokion mundu sinbolikoa da. Azkenik, ikuspegi soziosemiotiko edo sinbolikoa: kultura edozein giza ekintzaren alderdi adierazkorra da. Azken hau da gaur egun gehien erabiltzen dena, garai honetako kulturgintza azaltzeko eta ulertzeko baliagarriena omen. Hala bada, kultura edozein jardueraren alderdi adierazkor hori bada, kulturaz baino kulturgintzaz arituko beharko dugu. Kultura sistema edo produktu bat baino, ekintza eta ekoizpena baita.5

Beraz, kultura bizitzaren alderdi adierazkorra omen da. Edozein jarduera, edozein produktu, izan daiteke kultur ekintza eta kultur gaia. Kultura bizian zehar egindako guztiei darie, izan ere, zerbait baino hareago, egiteko eta egindakoa ikusteko era bat da. Munduari zentzua eta adierazkortasun berezia topatzeko nahitik sortua den izaera. Kultura izateko gaitasuna, ikusteko eta ulertzeko moduan dago. Hortaz, kultura ez da ez bizitzaren eremu isolatu bat, ez jarduera eta gai jakin batzuez hornitutako eremu bereizi bat.

Adierazkortasuna, bistan da, ez da ekintzaren edo gaiaren ezaugarri berezia. Ez horixe. Adierazkortasuna jendeak ezarri behar duen esanahian datza. Horregatik, berdin da zein den produktua eta zein den jarduera edo ekintza. Kulturgintza ez dago “adierazlean”, ezta adierazlearen ekoizpenean ere, kulturgintza adierazleei zentzua eta esanahia ematea baita, hots, adierazleei adiera bat edo beste ezartzea. Adierazte lan honen helburu nagusia bereiztea da, edo hobe esan, bereizkuntza lortzea. Kulturgintzaren bitartez jendeak bere burua bereizten du, besteengandik bereizi. Gizarte tradizionaletan, bereizkuntza ez omen da nahita bilatzen den zerbait, baina gizarte moderno eta postmodernoetan bereizkuntza gogotik bilatzen da. Bereizi beharra dago: norbait izatekotan, baliorik izatekotan, zentzurik izatekotan. Kulturgintzaren berezko helburua edo antolamendu politiko edo ekonomikoaren eskakizuna?

Kulturgintzak arauzko antolamendu berezia izan duela uste dute ikerlari askok, kultura biziaren jardueretan zuzenean topatu ahal dugun zentzu adierazkorrarekin parekatu baitute. Kulturgintzak, beraz, logika propioa du, biziari eragiten dioten beste esparru edo eremu batzuek ez duten logika. Merkatuak edo politikak edo komunikabideek bestelako logikak ezartzen dizkiote kulturgintzari eta honela desitxuratu egiten dute. Ondorioz, biziak berak ere zentzu adierazkorra galtzen omen du. Kultur kritika hau sobera ezaguna da, Habermas edo Bourdieu-ren lanetan aurki dezakegu halakorik. Baina, kulturari buruzko ikerketan gaur gairik interesgarriena ez da, hain zuzen, kulturaren berezko eta berariazko antolamendua, kapitala edo logika, biziaren esparruen arteko kutsadurak eta harremanak baizik.6 3.- Euskal kulturgintzaren haztegiak: eragileak sortu beharraz.

Kultura jarduera-zerrenda batekin berdintzea guztiz arrunta da: opera, antzerkia, zinema, literatura, pintura... Agenda ezaguna da hau. Begira iezaiezue bestela egunkarien kultur orriei edota egitasmo politikoei. Kultura mota hau, gutxi asko, kultura unibertsalaren kanonari dagokio, gizakien sormen gorenari omen. Hortxe, noiz edo noiz, euskal kulturak sartu-irtenak egiten ditu, badu zer eskaini. Baina argi dago ez dela hori euskal kulturaren joko-zelairik erosoena. Euskal kultura etnografoen herri-kulturetatik hurbilago omen dabil. Eta hala uste dute askok. Euskal kulturaren agenda, hainbat kultur mota izanik ere: gorena, herri-kultura edo kontsumo-kultura izanik ere, herri-kultura tradizional batekin identifikatzen da gehien (herri-kultura hau asmatu berri dugula, etengabe berrasmatzen ari garela esan beharrik ez dago). Askotan, euskal kulturak agenda horretatik ateratzen denean “euskal” hori galdu egiten du. Euskaltasuna ez galtzeko bidea, agenda horretatik abiatzea omen da. Hor dauden “adierazleetatik”, hots, produktuetatik, edo adierazteko estilotik abiatuz euskal kultura egiten dugu. Bada, euskal kultura agenda edo ondare-kapital horrekin identifikatzen da, esan nahi baita, euskal kultura ondare sinbolikoen bilduma jakin batekin berdintzen da. Euskal kultura hau euskal museoetan topatu ahal dugu. Euskal Museoak asko irakasten digu lehengo bizieraz, euskal nortasunaren diskurtsoa argitzeko behar-beharrezko dugu, baina ez gara museo horretan bizi. Museotik atera eta beste mundu bat topatzen dugu. Hau ez da metafora bat: Bilboko Zazpikaleko Museo Etnografikotik edo Baionako Euskal Museotik kalera ateratzen garenean, guztiz bestelakoa den mundu bat topatzen dugu.

Ikuspegi hau, jakina, partziala da, eta azkenaldion gainbeheran dabil, ez du kulturgintzan diharduen jende asko asetzen. Zergatik ezin izango dugu aurkitu euskaltasuna ondare sinboliko horien bildumatik kanpo? Museoko katalogoak eta produktuen bilduma hutsak gainditu nahi direnean “estiloarekin” berdindu ohi da euskal kulturgintza. Estiloa, hau da, mundua adierazteko era berezia, tradiziotik modernitatera ekarri ahal dugu, baserri girotik hirigunera, edozein jarduera, arte edo industriatan aplikatu ahal da. Estilo hori, unean uneko begirada, inoiz herri-begirada omen zena, gaur artegileak bere egin behar omen du, euskal artista izango bada.

Hala eta hargatik ere, estiloa nork bere egin behar duen izateko edo jarduteko era oro zabal eta oro-hartzailea bada, ez da elkargunerik izango, ez da hizkuntza edo kode komunik izango. Norberaren estiloak bereizgarri behar du garai honetan, are gehiago artean. Ederto dago, beraz, estilo hori tradizioa berresten bizi behar duten langintzetan, baina kodeak apurtuz berriak sortu behar direnean gaitza da estilo jakin bati begira egotea, batez ere, estilo hori zertan den argi ez badago. Zumetaren koadroak, esaterako, euskal koadroak al dira? Euskal egikera edo begirada bat aurki dezakegu margo horietan? Nork definitu behar du estilo hori? Definizio bakarra onartuko dugu? Behin definituta, betiko onartu behar al dugu?

Kontuak bestelakoak dira “euskal” barik “euskal herriko” jarriz gero. Euskal Herriko kultura hemen egiten den edozein izan daiteke. Euskal Herriko kulturgintzaren zati edo alderdi bat euskal kultura bide da, ez dago biak identifikatzerik. Euskal kultura Euskal Herriko kulturaren ontzian omen doa. Hau ondo badabil hori ere bai. Uste honetakoa dugu agintari asko: kultur agenda orokorra bultzatuz, hemengo agenda bereizgarriak ere aurrera egingo du. Hemengo kulturgintza, antza, aberatsa, askotarikoa, nabarra da. Euskal kultura, berriz, tradizioari loturik nahi dugu, tradizio hori minimoa izanda ere, “euskal” bereizgarria delako. Hau da gakoa, euskal kultura euskalduna bestetik bereizteko balio duen ondarea omen da. Euskal Herriko kulturgintzak, berriz, bereizteko indarra eta xedea izanda ere, ez du euskalduna bereizten; bestelako bereizkuntza du helburu: kultura-maila, bizi-estiloa, norberaren irudia, taldekidetzaren bat edo beste... zertzeko balio dezake, baina, oro har, ez da euskaltasuna gauzatzeko bide.

Euskal kulturgintzak euskaltasuna bereizteko balio duen edozein jardueraren alderdi adierazkorra bada ere, kontuan hartu behar dugu bereizgarritasuna ez dagoela jardueretan, baizik eta jendeak ematen dien zentzuan. Adibide zaharra: txapelak ez du inor euskaldun bihurtzen, baina txapelari eman zaion zentzua dela eta, txapela euskaltasunaren bereizgarria da; adibide berriago: telefoniako enpresa baten kolore laranja Tourren euskal zaleen kolore bilaka daiteke, enpresaren asmoak eta zaleen nahiak batera joan daitezke, biak ala biak bereizgarritasun bila: kanpoko edo barruko publikoen aurrean, enpresa-marka eta Euskal Herria bereizteko “aliantza”.

Dena den, zentzu emate hauek ez dira beti bide adostu eta baketsuetan egiten, aitzitik, maiz gatazketan eta borroketan gertatzen dira. Kultur “fronte” ugariko gizarteetan bizi gara.7 Kultur fronteak ez dira bakarrik borroka guneak, eguneroko bizitzan zentzua sortu, gauzatu eta nagusitzeko lan guneak dira, baina maiz gizakiari berez dagokion langintza hau gatazka bihurtzen da. Hortaz, kultur fronteak, errealitatea sortzeko, antolatzeko, bizitzeko eta sentitzeko dauden unibertsoen arteko mugalde eta topaguneak dira... Nor garen, gizartea zer den, nola antolatu behar diren giza harremanak, zertarako (helburuak), zergatik (balioak)... arazo hauek guztiak gune horietan definitzen eta gauzatzen dira. Beraz, hortxe ikusi ahal dugu agerian, kulturgintzaren balio, funtzio, eragile eta logika zeintzuk diren gizarte batean.

Arestian gaurko fronterik erabakigarriena aipatu dut: kontsumoa. Bertan, ingurumenarekin gertatzen den legez, kulturgintzan ere “globalki” pentsatu eta “lokalki” jokatu behar omen dugu. Garapen endogenoaren aldeko errezeta hau, berriz, gutxitan bete da. Gehienetan, ekintza lokalen eragileek “bertakotasuna” bezain desiragarriak ez diren ezaugarriak dituztelako. Adibide bat, Guggenheim museoak ez zion baimenik eman Bilboko kultur talde bati museoaren aurreko plazan “bertso bazkari” bat egiteko. Esan esango digute mestizajea eta hibridazioa oso onak direla, eta nire irudikoz goi-kultura unibertsalaren frankizia horren aurrean halako herri-kulturako ekitaldia collage ederra izan zitekeen. Baina, argi izan dezagun, eragile kolektiboen eskuetatik ihes egin ezean, herri-kultura nabar eta koskatsua ez da “legitimoa” merkatu horretan. Hartarako, (kultur) komisario batek antolatutako erakusketak: ibili ez dabiltzan motorrei buruzko erakusketa edo inongo herri-kultura izoztuaren gainekoa. Horiek bai, onargarriak.

Baina aurreko adibide horretan beste zerbait ikus dezakegu: euskal kultura, eta zer esanik ez Euskal Herriko kultura, ezin dugu batera hartu, ez da bloke bakar bat. Eta ez dago definitzeko, mugatzeko edo zertzeko irizpide bakarra. Euskal kulturaren eremuan ere aniztasuna omen da nagusi: lehian eta elkarren aurkan diharduten eragile, jarduera eta maila asko ari dira jokoan. Zer dago, ordea, jokoan? Alde batetik, euskal kulturaren eremuan nagusitasuna, bestetik, munduko kulturaren eremuan onargarritasuna.

Lehendabiziko joko horri gagozkiola, badirudi gaur egun ere, euskal kultura lehen aipatu dudan tradizioarekin identifikatzeko joera dugula, eragile “txikiekin” edo tokiari oso lotuta daudenekin. Euskal kultura, nonbait, hiperlokala da. Etxe-atariko kultura da: txikia, herrikoa, geurea, familiarra... Askok euskal kultura konplexuz beterik ikusi arren, jendeak, oro har, ederki gozatzen ditu bere kultur jarduerak, goitik jarduera horien gutxiespena heldu arte. Adibidetxo bat, Bilboko udalak erabaki du Bilbao hitza erabiltzea, Bilbo berba, antza, herri apalaren hitza izaki zatarra da... Herri-kulturarekiko erdeinu hau euskal kulturarekiko erdeinua da: ez da inongo kasualitatea erdarazko forma lehenestea. Holako iritziak eta sentimenduak zabalduz, nola lehiatu munduko kultur merkatuan, nola, gainera, mundu hori atarian ez ezik, etxe barruan ondo sarturik dugunean?

Bigarren joko-eremu horretan, bereizgarritasuna eta benetakotasuna omen dira arrakastarako gakoak.8 Antza, mundu merkatuetan euskal kulturak ez du indar bereizgarririk. Euskal kultura ez da mendebaldeko kulturaren adibide ñimiño bat baino. Askotan kontsolatzen gara txikitasuna aipatuz, baina ezin da euskal kulturaren salgarritasun eskasa bere merkatuaren txikiarekin zuritu, kontua “bereizgarritasuna” da, ez du mendebaldeko kulturan nabarmentzeko indarrik. Ez al du ezer berezi saltzeko? Agian, euskal nortasuna da euskal kulturaren bitartez saltzen dena, erosten duguna.

Baina, jakina, nortasunaz besterik ez badu nori interesatuko zaio? Guri? Azter dezagun gure bizimodua eta ikus dezagun zertan eta zenbat bereizten den munduko gure klasekideen bizimodutik. Bizitzaren zenbat egotzi ahal diogu euskal kulturari? Mendebaldeko klasekideekin kultur sistema komun bat dugu. Hartan euskal kultura “alderdi” bat baino ez da, bereziki adierazkorra omen: “gutasuna” eraikitzeko eta elkargo sozio-politikoa irudikatzeko behar dugulako. Elkarkidetza hurbil eta bero batean bizitzeko behar omen dugulako.

Baina, garai honetan, etxekonekoa lekutan bizi daiteke. Nire teilatupeko auzokideak, esaterako, Telecincon eta Antenatresen bizi dira gehien bat. Bilboko bazter-auzoetan, neska-mutilak Parisko edo Madrilgo aldiri apaletako gazteen antzera janzten dira, gustu eta nahi berdinak dituzte... Santu Tomas egunean, Korrika pasatzen denean, Ibilaldiaren egunean, Olentzeron edo eskolako orduetan, bestelako zerbait bizitzeko aukera daukate, hainbat “erritual” antolatu dugulako nor garen ez ahazteko eta batzen omen gaituen nortasun kultural eta politikoa biziberritzeko. Ez dut nik ukatuko “erritual” hauek (eta Euskal Herriko kulturgintza orokorraren beste askok) joera sozializidei aurre egiteko eta jendarteko elkartasuna eta atxikimendua lantzeko duten indar onuragarria, baina, “erritualak” bukatu eta eguneroko bizitzara itzuli behar dugunean, zenbatean geratzen zaigu euskal kultura?

Kontua da, gaur, jendeak ez duela lortzen bere “kultur kapitala” sistema koherente batzuetatik; kontsumo eta informazio gizartean sistema horiek birrindu eta nahastu egiten dira; eta ondorioz, jendeak handik eta hemendik hartuz bere “kapitala” osatu eta bizi egiten du. Tartean, euskal kulturgintzaren altzotik zerbait hartu eta zerbait biziberritu ere.

Jakina da, bestalde, hautamena ez dela librea; kontsumo merkatuek, erakunde politikoek eta abarrek bideratzen dute “kultur hautamena.” Egia esan, subjektuak kultur gaia edo jarduera hautatu baino, merkatuak eta erakundeek hautatzen dituzte euren gaiak eta jarduerak nori ezarriko dizkioten “askatasun osoaz.” Marketing-aren azken trikimailua eroslea, kontsumitzailea, pertsonalizatzea bide da (aldi berean, ekoizleak mundu zabaleko sare luze eta antzemanezinetan desagertzen ari dira). Horrela, audientzia, publikoa, erosleria, fidelizatu nahi dute, atxiki. Euskal kulturak ere, tokiko kulturgintza orok bezain beste, jende “fidela” behar du: eragile eta hartzaile, ekoizle eta erabiltzaile. Hartara, kutur azpiegitura trinkoak behar dira, ekoizpenerako eta eragintzarako “eskola”, haztegi eta mintegi zabalak eta askeak. Horretan ari gara? Horretara zuzentzen dira kultur politika publikoak?

Egia esan, erakundeak errez apuntatzen dira kultura ikuskizunaren truke egitera, errez esku pribatu luzeei herri-jarduera ororen ateak irekitzera. Eta gogoan eduki behar dugu zein den masa-kultura eta masa-ikuskizunaren funtsezko filosofia: masa, hots, izengabeko jendetzak pasibo behar du izan, aktiboak (eragileak) izendun artegileak eta markadun korporazio pribatuak izango dira. Masa-kontsumoan edo arte jasoan euskal kulturak bere lekua behar du, dudarik ez, baina ikusita eremu horietan dagoen mundu mailako lehia eta botere-kontzentrazioa, kultur politika horretara mugatuz gero, nondik aterako da euskal kulturgintza gauzatu eta gozatuko duen jendea? Ohar pare bat: saiatu naiz euskara ez aipatzen, izan ere, euskara euskal nortasunaren euskarririk sendoena da askoren ustez, eta ondorioz, euskal kulturaren irizpide nagusia. Bestaldetik, hizkuntzaren inguruan pizten dira portaera euskalfobiko gehienak. Hortaz, luze eta berariaz jorratzeko gaiak dira euskaltzaletasuna eta euskalfobia. Baina, gainera, euskararen eta euskal kulturaren periferia bitxi batetik hitz egiten dudanez, Bilbotik, nahita eman nahi nuen tokiari lotutako begirada bat. 1 Jameson, F., “Postmodernism or the Cultural Logic of Late Capitalism”, New Left Review, 1984, 146, 53-92. 2 Tesi ezagun honi buruz: Gellner, E., Cultura , identidad y política, Gedisa, Bartzelona, 1989; Anderson, N. H., Comunidades imaginadas, FCE, Mexiko, 1993. 3 Ikusi, besteak beste: Elias, N., El proceso de la civilización, FCE, Mexiko, 1987; edo bestela, Bourdieu-ren lanak, batik bat, La distinction, Minuit, Paris, 1979. 4 Ideia hauek, García Canclini antropologoaren lanetan dute oinarri: Consumidores y ciudadanos, Paidós, Bartzelona, 1995, Culturas híbridas, Paidós, Bartzelona, 2001. 5 Eagleton, T., La idea de cultura, Paidós, Bartzelona, 2001. 6 Bat egiten dut Garcia-Canclini-ren iritziarekin. Garcia Canclini, N., Diferentes, desiguales y desconectados, Gedisa, Bartzelona, 2004. 7 Gonzalez, J. A.: “Los frentes culturales: culturas, mapas, poderes y luchas por las definiciones legítimas de los sentidos sociales de la vida”, Estudios sobre culturas contemporáneas, 1987, 1(3), 5-44. 8 Boltanski, L.& Chiapello, E., El nuevo espíritudel capitalismo, Akal, Madril, 2002.