295 Zenbakia 2005-04-08 / 2005-04-15

Gaiak

Gazte Informazioaren Europako Gutunaz

JUANENA, Agurtzane

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako Teknikaria



Gazte Informazioaren Europako Gutuna (Eryica Gutuna), ez da sobera zabaldu hedabideetan; beraz, ezezaguna izango da artikulu honen irakurle askorentzat. Gazteen artean ere dezente izango dira dokumentuaren aipamenik inoiz aditu gabeak. Dokumentuaren sortzailea bera ere, Eryica http://www.eryica.org/webportal/ (European Youth Information and Counselling Agency, hau da, Gazteentzako Informazio eta Aholkularitzarako Europako Agentzia), aski ezezaguna izango den bezalaxe.

Berria delako ote da? Gazteria zerbitzuetara heldu den albisteak dio Gutuna 2004ko azaroan onartu dela, Bratislavan. Baina onartu berria den hau ez da Gutunaren lehen bertsioa, bigarrena baizik, bertsio gaurkotua. Eryica erakundea bera ere duela ia hogei urte sortu zen, Europako Batzordearen laguntzarekin, gazte informazio eta aholkularitzan zebiltzan Europako profesionalen koordinazio premiari erantzuteko xedez. Hauxe da webgunea: http://tinyurl.com/6fnnm.

Ez da nobedade kontua, beraz, oihartzun txikiaren motiboa. Motiboa honakoa izan daiteke: gaur egungo informazioaren esparru zabalean, gazte informazioaren alorra alor tipi eta apala baino ez dela. Hala ere, tipia eta apala izanagatik, oso alor garrantzitsua da, gure ustez. Garrantzi horren adierazle, hona hemen Atarikoak dioena:

“Gizarte konplexuetan, eta erronkak eta aukerak noiznahi eskaintzen dituen Europa integratu honetan ere, gazteentzat gero eta garrantzitsuagoa da informazioa eskuratzea eta informazio hori analizatu eta erabili ahal izatea. Eta eginkizun horretan gazte-informazioak asko lagundu diezaieke gazteei, haien nahiak betetzen eta gizartean parte hartzaile aktibo bihurtzen”.

Eta aurrerago:

“Demokrazia, giza eskubideak eta oinarrizko askatasuna benetan errespetatzeak berekin dakar ezinbestean gazteek informazio osoa, objektiboa, fidagarria eta ulergarria eskura izateko eskubidea, haien zalantzak eta beharrak argitze aldera”.

Eryica Gutuna, lehenengo eta behin, oinarrizko dokumentua da Europako gazte informazioko zerbitzuontzat, gure jarduera irizpideak adostu eta finkatzen baititu.

Beste aldetik, Eryica Gutunak gazte informazio zerbitzuak nolakoak izan behar duten aldarrikatzen du: besteak beste, espreski eta bereziki gazteengana zuzenduak.

Izan ere, denok onartuko dugu informazio eskaintza egundokoa dela gaur egungo sozietate aurreratuetan. Arazoa ez da, inondik ere, informazio urria izatea. Gure erronka beste hau da: nola gainditu informazio uholdeak gazteei eragin diezaiekeen “infoxikazio”a.

Aurrekoari loturik, nola lortu gazteak autonomoak izan daitezen informazioa bilatu eta aukeratzeko orduan; nola lagundu, bereziki, okerren dauden kolektiboei, premia handiena duten gazteei. Eta, bukatzeko, nola eskaini, denei, bizi proiektuak zehazten diren gaztaroko une erabakigarrietan, behar duten informazioa eta aholkularitza.

Horretarako sortu ziren duela ia hogei urte gazte informazioko lehen zerbitzu publikoak gure inguruan. Ordutik hona agertu diren gazte informazio zerbitzuak gogo handiz ari dira lanean, baina badute eragozpenik ere: borondate politiko nahikorik ez zenbait instituzioren aldetik, eta, horren ondorioz, baliabide eskasia.

Horiek gainditzeko premiazkoa dugu aginte publiko guztien inplikazio eta koordinazioa, batetik, eta, bestetik, sozietatearen sentsibilizazioa, zerbitzu horiek ezagutzeko eta erabilera areagotzeko.

Eryica gutuna irakurtzea modu egokia izan daiteke gaira hurbiltzen hasteko: http://tinyurl.com/6n9rt. Eta, gaztea baldin bazara (30 urtez beherakoa), gonbidatu nahi zaitugu gertuen daukazun informazio zentrora inguratzera, berau ezagutu eta erabiltzera.

Europa atengabe aipatzen diguten garai honetan, ea lortzen dugun, Eryica gutunaren irizpideak aintzat hartuta, gure gazteei kalitatezko informazioa eskaintzea.

Gazte informazioko zerbitzuen direktorioak Euskal Herrian: http://tinyurl.com/5aubp http://tinyurl.com/7xe2q http://tinyurl.com/3vptp http://tinyurl.com/5vecj