
Artisautza
Santiago Oteiza. Kaikugilea: Sarrera
GARMENDIA IARTZA, Koro
Fitxa bakoitzaren hasiera-hasieran, sarrera edo aurkezpen moduko bat egiteko ohitura dut, artisauaren langintzari gainbegirada historiko bat botatzearren. Gaurkoan, kontuan izanik gure artisauak inguruotako artzainek erabiltzen zituzten zurezko elementuen gisakoak egiten dituela, beharrezkoa iruditu zait sarrera historiko honetan gure mendietako artzaintzari buruz lerro gutxi batzuk bederen idaztea.
Adituen esanetan, honako data hauetan etxekotu ziren abereak: Txakurra: Europan, K.a. 14.000 urtean. Txakurrak etxekotzearen inguruan Gipuzkoan daukagun lehen erreferentzia K.a. 16.250 urtekoa dugu. Ahuntza: K.a. 9.000 urtearen inguruan. Ardia: K.a. 8.600 urtearen inguruan, Mesopotamian, mufloia etxekotutakoan, ardia lortu zuten. Uroa: K.a. 7.000 urtearen inguruan etxekotu zen, eta horrela zezena eta behia lortu zituzten; basurdea etxekotutakoan, berriz, urdea lortu zuten. Zaldia: K.a. 5.800 urtearen inguruan. Astoa: Egipton, K.a. 3.500 urtearen inguruan. Espainian, La Hoyako (Araba) herrialde neolitikoan aurki ditzakegu arrastoak. Oiloa: Egipton, K.a. 3.500 urtearen inguruan. Eta katua ere bai, leku eta data berean. Untxia: monasterioetan ziurrenik, VI-X. mendeen artean.
Datu horiek aurrean izanik, honako galdera bota beharko genuke: abere horiek guztiak etxekotuta iritsi ziren hona, ala hemen etxekotu zituzten? Pentsatzekoa da etxekotuta iritsi zirela gure lurretara, baina ez daukagu susmo hori egiaztatzerik.
Dirudienez, gure arbasoak ehiztariak izan ziren lehenik, abeltzainak ondoren, eta nekazariak azkenik. Eta dirudienez diot, ikertzaile batzuen aburuz abeltzain baino lehen nekazari izan zirelako, edo bi gauzak batera beharbada. Edonola ere, kontua da gaur egungo artzainek 10.000 urteko esperientzia daukatela beren bizkarrean, eta denbora horretan guztian abereak hezten eta inguruko elementuak erabiltzen ikasi dutela, hala nola zura. Hauxe dugu, hain zuzen ere, Santiago Oteiza artisauak lantzen duen lehengaia.
