292 Zenbakia 2005-03-11 / 2005-03-18
Pillitene edo Pirittene izeneko baserrian jaioa, Oiartzungo Altzibar auzoan. 13 urterekin morroi joan zen baserri batera, gero harrobi batean lan egin zuen eta ondoren Pasaiako Luzuriaga enpresan, bertan 32 urte igaro zituelarik. 1985ean bere lehen liburua argitaratu zuen, Oroipen-kutxa, bere oroimenak bilduz, bere gaztetako Oiartzun gogoratuz.
1987 eta 1990 bitartean "El Diario Vasco"-n, senda-belarrei buruz idatzi zuen. 1990 urtean zendu zen urdaileko gaitz batek jota. Urte berean Sendoa argitaletxeak Senda-belarrak liburua plazaratu zuen, bertan bere ezagutza guztiak bilduz. Ostolaizi senda belarrekiko zaletasuna inguruneagatik zuen interesagatik zetorkion eta baita ere bere aitona medikuarengandik. Bertsoak ere lagunartean botatzen zituen.