291 Zenbakia 2005-03-04 / 2005-03-11

Elkarrizketa

Joseba Azkarraga. Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburua: Laneko ezbeharren arazoa larria da, baina egin dezakegun gauza bakarra lanean jarraitzea eta eragile sozio-ekonomiko guztiei ahaleginak egin ditzatela eskatzea da

MORENO ZALDIBAR, Elena

GARMENDIA IARTZA, Koro



Sailburu zaituen Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren Plan Estrategiko nagusien artean, "Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2003-2006 Plan Zuzentzailea" azpimarratu beharra daukagu. Zein helburu dauzka Plan honek?

Plan Zuzentzailearen helburua, laneko arriskuak prebenitzera eta ezbeharren aurka borrokatzera zuzentzen diren ekintza guztiak ikuspegi orokor batetik modu koordinatuan aurreikustea da.

Plan honek laneko segurtasun eta osasunaren arloan prebentzioaren kultura bultzatzea du xede, oinarri-oinarrizko alderdia iruditzen baitzaigu, eta, horrez gain, sindikatu, enpresaburu taldeen eta bestelako eragileen indarrak batzea, betiere laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeari begira.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Plan Zuzentzailea Eusko Jaurlaritzak laneko segurtasun eta osasunaren arloan gauzatzen duen politikaren emaitza da, eta bere helburu nagusia laneko segurtasun eta osasunaren bidez Euskal Herriko lanaren zein langileen kalitatea hobetzea da.

Horrela, bada, gure asmoa euskal langile guztien lan baldintzak seguruak eta osasungarriak bihurtzea litzateke, eta prebentzioaren arloan dugun kultura eta bultzatzen ditugun ekintzak eredugarri izatea Europa guztian zehar.

Zeintzuk dira Euskal Herriko laneko ezbeharrei dagokienez daturik azpimarragarrienak?

2004. urtean, baja eragin zuten 48.365 lan istripu jazo ziren; 2003an, berriz, 53.821. Beraz, urtebetean %10,19an gutxitu zen gisa honetako istripuen kopurua.

Istripuen larritasunari behatuz gero, ostera, iazko urtearen amaieran 47.847 istripu arin erregistratu ziren -2003an 53.191-, 443 istripu larri -aurreko urtean, 525- eta 75 hilgarri -2003an 105-. Beraz, bi epealdiak parez pare jarriz gero, ikus dezakegu 2004. urtean %10,05ean gutxitu zirela istripu arinak, %15,62an istripu larriak, eta %28,57an hilgarriak.

Datu horiek inolako berezitasunik ba al dute espainiar Estatukoekin alderatuz gero?

Ezbeharren aldetik azken urteotan egoera hobera egiten ari dela azpimarratuko nuke. Dena den, inoiz ez dago datuak onak direla esaterik, istripu bakar bat gertatzen den bitartean lanean jarraitu beharra izango dugulako. Baina behintzat bide onetik goazela erakusten digute datuok.

Nolanahi ere, alderdik azpimarragarriena epe luzera begira beheranzko joera hartu izana iruditzen zait, azken lau urteotan etengabe txikitu baita istripuen indizea -mila langileko istripuen ratioa alegia-, zeina ezbeharren maila neurtzeko adierazlerik fidagarriena baiten. Iaz, 2004. urtean, zortzi puntutan jaitsi zen aipaturiko indizea. Baina gauza batek garbi geratu behar du: laneko osasun eta segurtasuna prebenitzeko daukagun zereginean ez da sekula garaipenak ospatzeko edo lasaitzeko tarterik egon, ez eta egongo ere. Arazo larria da aurrean daukaguna, eta horretarako egin dezakegun gauza bakarra lanean jarraitzea eta eragile guztion ahaleginak batzea da.

Zein egoeratan dago Euskal Herria Europar Batasunaren aldean?

Hemengo egoera, orokorrean, espainiar Estatukoa baino zertxobait hobea den arren, tamalez oraindik asko daukagu hobetzeke 15eko Europaren baitan ezbeharrei dagokienez. Horretarako, alde batetik lanaren kalitatea hobetu nahian gabiltza, laneko ingurua osasungarri eta seguruagoa izan dadin, betiere lanaren munduan izaten diren aldaketak eta arrisku berriak kontuan izanik, eta, bestetik, lan munduan kultura prebentiboa kontsolidatzeko ahaleginetan gabiltza.

Euskal Herrian ildo jakinen bati jarraitzen al diogu laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez?

Bai, Euskal Herrian politika zehatz bati heltzen diogu laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez. Izan ere, kontuan hartu behar ditugu enpresa txiki eta ertainek osatzen duten euskal enpresen sareak berezitasunak dituela, ez bakarrik sektore anitz biltzen dituelako, baizik eta, gainera, geografikoki ere oso bananduta daudelako jarduera ekonomikoak garatzen dituzten guneak. Ezaugarri hauek direla-eta, zaila gertatzen da laneko segurtasun eta osasunerako planak prestatu eta garatzea.

Enpresen sare honen ezaugarrien artean, bestetik, aipatu beharra dago enpresen kopurua asko ari dela handitzen, eta hauek, gainera, etengabe garatzen direla.

Euskal ekonomian, industriaren sektorea da oraindik nagusi, nahiz eta eraikuntzarena ere sektore enblematikoa dugun. Baina sektore bata zein bestea hain atomizatuta egoteak eragotzi egiten du arriskuen prebentzioa enpresen kudeaketan txertatzeko ahalegina.

Euskal ekonomia osatzen duten jarduerak sakabanatuta egotean, programa bereziak sortu behar izaten ditugu laneko arriskuak prebenitzeko politikak aplikatu ahal izateko, betiere euskal enpresen ezaugarriak eta dimentsioa kontuan izanik.

Oraingoz laneko gaixotasuntzat jotzen ez badira ere, gaur egun 40 milioi langile baino gehiagori eragiten die Europan mobbing-a, estresa, burn-out edo erabat erreta egotea bezalako arrisku psikosozialek. Zein jarrera du zuzentzen duzun Sailak errealitate psikosomatiko berri hauen aurrean? Zein neurri hartu dituzue egoera hauek prebenitu eta ekiditeko? Eta zein xederekin sortu da laneko jazarpen moralaren Euskal Behatokia?

Aurreko urtearen erdialdean aurkeztu genuen laneko jazarpen moralaren Euskal Behatokia, arrisku psikosozial berriekin lotuta dauden arazoak aztertzeko helburua duena, hala nola mobbing-a, burn-out profesionala, edo estresa. Eta, bere lanaren harian, txosten bat kaleratu zuen, “Jazarpen morala lantokietan: ulertu eta interbenitu” delakoa, zeina, izenak berak dioen bezala, arazoak ulertzeko eta behar diren bermeekin interbenitzeko abiapuntutzat har dezakegun.

Hala eta guztiz ere, mobbing-aren arazoa konpontzeko zailtasunak legerian dagoen hutsunean bakarrik ez, baizik eta, batez ere, aurre egiteko ezintasunean datza. Azken finean, teknika juridiko zein ez-juridiko egokiak erabiltzean dago gakoa.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saila, laneko arrisku berri honi aurre egiteko borondateari jarraiki, demandak ofizioz tarteratzen ari da laneko jurisdikzioaren aurrean. Bide batez, esan dezadan demanda horietako gehienek aurrera egiteko onespena jaso dutela.

Ezbehar gehien jasaten dituen sektoreetako bat eraikuntzarena dugu. Duela gutxi, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailak eta Confebaskek hitzarmen bat sinatu zenuten, Euskal Herrian eraikuntzaren arloan diharduten langileentzat ikasgela iraunkor bat sortzeko xedearekin. Nolako erantzuna jaso du ekimen garrantzitsu honek? Bete al dira zuen asmoak?

Hain zuzen ere maiatzean sinatu genuen hitzarmena CONFEBASKekin, elkarren artean eraikuntzaren arloan ari diren langile guztiak prebentzioaren arloan trebatuko dituen plan bat prestatzeko.

Geroztik, bi eredu lantzen aritu gara: bai ezagutzen eredua -ondorio kaltegarri gehienak eragiten dituzten zioetan oinarritzen dena-, bai eredu pedagogikoa, berritzailea oso, zeinaren helburua ez baiten ezagutzak transmititzera mugatzen, baizik eta, gainera, arriskuaren aurrean dauzkagun jarrerak aldatzera.

Bi ereduak diseinatutakoan, eta antolakuntza zein prozeduraren inguruko alderdi guztiak finkatu genituenean, “Ikasgela Iraunkorrean” parte hartuko duten irakasleak trebatzeari ekin genion. Eta ondoren, proba pilotu bat egin ostean, iazko urtearen azken hilabeteetan jarri genuen egitasmo trebatzaile hau abian.

Lan handia egin dugu Ikasgela Iraunkor hau lehenbailehen has zedin lanean, baina oraindik goizegi da bere emaitzak ebaluatzeko, lau hilabete besterik ez baitaramatza lanean.

Edonola ere, baiezta diezazuket bertatik igaro diren langile gehientsuenak oso pozik atera direla esperientziarekin.

Euskal Herriko enpresa sarerik ugari eta garrantzitsuena enpresa txiki eta ertainek osatzen duten arren, sarritan oso gutxi izaten dira legeriak laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez eskatzen dizkien betebeharrak. Horren isla dugu enpresa hauetan gertatu ohi diren ezbeharren kopuru handia. Nola dakusazue egoera hau Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailetik?

Ez da egia laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez legeriak enpresa txiki eta ertainei enpresa handiei baino betebehar gutxiago eskatzen dizkienik. Legeriak ez du arlo honetan inolako berezitasunik egiten enpresen tamainari begira.

Kontua da, lehentxeago aipatzen nizun bezala, enpresen dimentsioa txikiagoa izatean zailagoa bihurtzen dela beren kudeaketan arriskuak prebenitzeko planak txertatzea. Hain zuzen ere horregatik eskaintzen diete Plan Zuzentzaileak eta OSALANek zein Sailak berak horrenbesteko lehentasuna enpresa txiki eta ertainei.

Hori horrela, sostengua, diru-laguntzak zein bestelako zerbitzuak emateaz gain -hala nola, prebentziora zuzendutako figura mankomunatuen sustapena-, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea “Prebentziorako Plan” mota aurreratu bat prestatzen ari da, enpresa txiki eta ertainei beren kudeaketan laneko arriskuen prebentzioa txertatzen laguntzeko.

Euskal sindikatuak Administrazioaren, patronalaren, sindikatuen eta langileen arteko akordio bat aldarrikatzen dabiltza, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez laneko ezbeharren gaiari lehentasuna eman nahian. Zer irizten diozu sindikatuek laneko istripuen aurrean daukate jarrerari?

Guk beti esan izan dugu ezbeharrei aurre egiteko ezinbestekoa dela inplikatuta dauden eragile guztiek, behar bezala koordinatuta, elkarlanean jardutea.

Eta ikuspegi hori espresuki jasotzen du “Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2003-2006 Plan Zuzentzaileak”, zeinak, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeari begira, sindikatu eta enpresaburuen elkarteen indarrak batzearen alde egiten duen.

Aitortu beharra daukat gure herrialdeko harreman sozio-laboralen konplexutasunak nabarmen zailtzen duela adostasunera iristeko bidea, baina, edonola ere, horrek ez du sindikatu eta enpresarien artean sintonia lortzeko daukagun borondatea zapuztuko, ziur baikaude horixe dela ezbeharren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta Euskal Herriko langileen laneko baldintzak hobetzeko bide bakarra.

Zeintzuk dira laneko arriskuak prebenitzeari dagokionez gaur egun dauzkazuen erronka nagusiak?

Gure ekoizpen sarea etengabe ari denez aldatzen, behin eta berriro berrikusi eta egokitu behar izaten dugu prebentzioaren gaineko ikuspegia.

Teknologia berrien etorrerak, lan egiteko modu berriek, ekonomiaren tertziarizazioak, merkatu berrien irekierak eta immigrazioaren fenomenoak, besteak beste, eragin handia daukate laneko arriskuen prebentzioan. Lan munduko egoera berri hauek arrisku berriak sortzen dituzte langileentzat, eta erronka berriak enpresaburuentzat.

Testuinguru berri honetan, ahaleginak egin behar ditugu bai aldaketa horiek guztiek langileen osasun eta segurtasuna oker ez ditzaten, bai panorama berri hau lan baldintzak hobetzeko aukera gisa aprobetxa dezagun.

Gizartean prebentzioaren kultura txertatzeari begira, zer nolako ekimen jarri beharko lirateke abian unibertsitateetan, ikastetxeetan eta gizartean bertan?

Garbi dago laneko arriskuen prebentzioa gizarteari eta kulturari hertsiki lotuta dagoela. Honekin esan nahi dudana da gizarteak, oro har, ez duela bere ohiko eta eguneroko ohituretan segurtasunaren alderdia erabat txertatuta, eta, beraz, lantokietan ere ez.

Hori dela-eta, garrantzi itzela ematen diogu gizarte osoa kultura eta trebakuntza bezalako alderdietan prestatzeari, gizarteak lanean dauden arriskuen aurrean dauzkan balioak aldatzen saiatzeko.

Horregatik, gure arlo estrategikoetako bat gizartean prebentzioaren kultura txertatzera zuzenduta dago, eta nagusiki ikastola, ikastetxe, lanbide heziketako gune eta unibertsitateetan etorkizunerako prestatzen ari diren ikasleen artean.

Lan horri esker, hainbat unibertsitatetako ikasketa planetan eta lanbide heziketako titulazioetan laneko arriskuak prebenitzearen gaia lantzen hasi dira. Beste alde batetik, “Ikasgela mugikorra” delakoa jarri dugu abian, DBHko eta lanbide heziketako ikastetxe guztietan barna dabilen autobus bat, non ikasleak, jolas interaktibo batzuen bidez, prebentziora hurbil daitezkeen.

Horrez gain, prebentzioaren inguruko balioak hezkuntza sisteman txertatzera zuzendua dagoen esperientzia pilotu bat garatzen ari gara uneotan.

Zeure iritzian, lehen mailako arretako sendagileek are parte-hartze handiagoa eduki beharko lukete jatorria lanean daukaten gaixotasunak antzemateko orduan? Zer nolako lankidetza harremana daukazue zeure Sailaren eta Osasun Sailaren artean?

Lehenengo galderari dagokionez, erantzuna baiezkoa da, argi eta garbi. Horren harian, OSALANek urte batzuk daramatza OSAKIDETZAko lehen mailako arretako sendagileei laneko osasunari buruzko ezagutzak eguneratzeko ikastaroak emanez, ahal den heinean bederen lehen mailako osasun etxeetan artatzen diren hainbat patologia, jatorria lanean duten arren gaixotasun arrunt modura tratatzen direnak, ahalik eta lasterren antzematearren.

Eta, laneko osasunarekin lotuta dauden esparru guztiekin oro har gertatzen den bezala, honetan ere oso lotura estua daukagu Osasun Sailarekin.

Bideragarria izango al litzateke Euskal Herrian laneko arriskuak prebenitzearen inguruko egitasmoak sustatuko lituzkeen enpresen elkarte bat eratzea, industriaren arloan garatutako kluster ereduari jarraiki?

Inolako zalantzarik gabe, bai. Haatik, dagoeneko lanean ari gara arlo horretan, enpresen kudeaketan prebentzioa txertatzeko bidea eman baitezake, enpresa txiki eta ertainen kasuan bereziki.

Edonola ere, ez dira enpresen elkarteak sustapen lan hori egin dezaketen bakarrak; Administrazio Publikoak ere bere gain hartu beharko luke zeregin hori, enpresa pribatuei obra edo zerbitzuak kontratatzen dizkienean. Ideia horretan bertan oinarrituz, Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailaren ekimenez, Obra Publikoen Instituzioen arteko Batzordea eratu zen iazko uztailean. Batzorde honen helburua, Administrazio Publikoak eraikuntzaren arloan lanerako metodo eta modu seguru eta osasungarriagoak bultzatzeko motor gisa jardutea da.