Elkarrizketa Mikel Laboa, kantaria "Gizakiak oso problematikoak gara" * Oskia Yaben Donostiako Alde Zaharrean jaio zen euskal kantari honek, ez ditu elkarrizketak gehiegi maite. Bere burua hizlari txartzat badu ere, gurekin luze aritu zen kantagintzari, euskarari eta diktadura garaiko kontuei buruz hizketan. Hasieran medikuntzako ikasketak burutu zituen arren, lanbide hori alde batera utzi eta nahiago izan du kantuan aritzea. Adin ezberdineko euskaltzaleek eskertzen diote egin zuen aukeraketa hori, bera baita askoren hitzetan, euskal musikan maisu. 1962. urtean izan zen, Zaragozako Argensola antzokian euskaraz publikoaren aurrean abestu zenuen lehen aldia. Baina, zerk bultzatu zuen Mikel Laboa kantatzera? Bai, horrela izan zen. Kantaldia euskal ikasle batzuek antolatu zuten. Garai hartan, Donostian bi urte gaixorik egon ondoren, Zaragozara abiatu nintzen medikuntzako ikasketak amaitzeko. Dena den, non edo nola hasi nintzen erantzutea zaila da. Etxean Eguberritan familia artean, koro txiki bat osatzen genuen. Aitak, Paisai Donibaneko Konstantzia Musika Bandan, fliskornoa (tronpeta antzekoa) jotzen zuen eta ama berari ere, abestea asko gustatzen zitzaion. Nire koinatuak, Juan José Lasak, kitarra jotzen zuen eta hark animatu ninduen ni ere kitarra hartu eta kanta nezan. 1934. urtean jaio eta errealitate politiko benetan gogorra agerian zen Euskal Herriko kaleetan. Frankoren diktadurarekin batera, zentsurak zuzenean jo zintuen; nola bizi zenuen egoera hura? Zensurakin abestea debekatzen ziguten, eta abestien letrekin ere sekulako arazoak zeuden. Nik iparraldean grabatu nituen diskoak; hemen Bertold Brecht en hitzak edo "Egun da Santi Mamiñe" bezalako abestiak grabatzeko aukerarik ez genuen, eta horregatik joaten ginen Baionako Goiztiri argitaletxera diskoak grabatzeko. Bertan, 1964. urtean, izan zen nire lehen euskal diskoaren grabaketa. Garai hartan ezin genuen abestu eta behin oroitzen naiz Irunera kantatzera joateko eskatu zigutela. Konbento batean teatroa zegoeneta hango apezpikuordearen baimena genuelakoan joan ginen hara abestera. Bigarren kantuan "grisak" etorri eta komisaldegian amaitu genuen, han hiru ordu eduki gintuztelarik. Hori zen pixka bat frankismo eta zentsuraren egoera. 1964 1965 urteetan Mikel Laboa Bartzelonara doa. Nolako giroa aurkitu zenuen Kataluniako hiriburuan garai horretan? Bartzelonan "Nova Cançó" izeneko mugimendua ezagutu nuen; bertan Pi de la Serra, Joan Manuel Serrat zebiltzan. Pentsatu nuen posible zela Euskal Herrian holako zerbait antolatzea. Horretarako Lurdes Iriondo eta Benito Lertxundirekin harremanetan jarri nintzen. Euskal ikasle talde bat zegoen eta Jorge Oteiza hitzaldi batzuk ematera ere agertu zen; hari joan nintzaion kontseilu eske, berak Katalunian eta kultur esparruan nik baino esperientzia gehiago baitzuen. Oteiza, Azkuek idatzitako istorio batean oinarritu zen sortu nahi genuen talde berriari izena jartzeko: honen ondorioa, "Ez dok amairu" izena izan zen, hain zuzen ere. Orain dela urte mordoxka bat, Kortatu taldeak egindako "Ehun ginen" bertsioaren grabaketan parte hartu zenuen. Ferminek oso "rockeroa" zinela esan zuen garai hartan. Zure burua "rockerotzat" izan al duzu noizbait? Nik beti egin dut musika ezberdinak entzuteko ahalegina; bai klasikoa, bai rock eta baita Jazz a ere.Gure garaian Folk musika asko entzuten genuen; rock a geroago etorri zen. Oroitzen naiz Rory Gallagherren rock kontzertu batera joan nintzela Anoetako polikiroldegian eta oso deigarria izan zen zuzenean hura ikustea, oso tipo bizia baitzen.Gero talde gehiago entzun ditut: AC/DC, Lou Reed... Nik musika denak ditut gustuko, eta iruditzen zait informazio asko eduki behar dugula alde guztietatik. Mozart pixka bat entzutea, gero Dut taldea... Adibidez, Johann Sebastian Bach en Pasioak San Mateo eta San Juan bertsioak aipatuko nituzke ere, oso interesgarria baitira. Anoetako belodromoak edo herri txiki bateko plazak eskaintzen duen giroen artean, non sentitzen zara erosoago? Hori jaialdiaren arabera izatenda. Bakoitzak bere xarma du. Niri, herri txiki batera kantatzera joateko eskatzen badidate, oso gustora joaten naiz, eta badauzkat esperientzia oso onak. Amaiurren adibidez, oso Ikimilikik polita eman genuen. Gipuzkoa aldeko herri txiki ugaritan ere abestu dut. Zizurkilen adibidez, eszenarioa aire librean zen eta entsaioan jarri genuen Johann Sebastian Bach en musika; behi pila bat zeuden larrean, eta denak hurbildu egin ziren altabozetara. Gero musikoa hasi zen abesti moderno bat jotzen, eta behi guztiek korrika ihesi egin zuten. Behi haiek behi klasikoak zirela komentatu genuen. Bakoitzak badu bere erakargarritasuna; ni oroitzen naiz "24 orduak euskaraz" Anoetako belodromoan, zoragarria izan zela; hangoa izan zen esperientzia benetan handia. Euskaraz kantatzen hasi baino lehen, Atahualpa Yupanqui eta Violeta Parra musikari hegoamerikarren doinuak zenituen gogoko; Atahualpa berarekin ere Donibane Lohitzunen noizbait abesten azaldu zinen. Interprete hauek zer nolako harremana izan dute zurekin? Orain dela ia 50 urte, irratian ez zen "La vaca lechera" edo "Se va el Caimán" bezalako abestiak entzuten ziren.1955. urtean lagun batek Bordeletik "Atahualpa Yupanqui" ren diskoa ekarri zidan eta niretzat hori golpe handia izan zen. Donibanen berarekin jo nuen orain dela 15 bat urte eta harremana oso ona izan zen, bezperatik joan eta elkarrekin ibili baikinen kontzertu aurretik. Dena den, Donostiara lehenengo aldiz etorri zenean ezagutu nuen eta nik bere kantak abesten nituela esplikatu nion.Ongi konpondu ginen elkarrekin. Mikel Laboak sarritan jo izan du herri poesiara. Aukera handiak eskaini al dizkizu euskal poesiak? Bai, zalantzarik gabe. Gu jotzen hasi orduko, gerra zibilaren eraginaren ondorioz, euskal kulturaren errealitatea beherakadan zen eta hemengo poetak eta intelektualak exilioan zeuden. Informazio gutxi genuen, debekaturik baitzegoen. 60. hamarkadan abesten hasi orduko izan genuen Axular edo Etxepareren berri, adibidez. Ordurarteko Koro Easo eta Orfeoiak ezagutzenbagenituen ere, kanta tradizionalak ezezagunak ziren guretzako. "Ez dok amairu" taldearen barruan nengoela, Aresti eta Artze bezalako euskal poetak musikatzen hasi nintzen. Nik kanta herrikoiak jasotzearen aukera aprobetxatzea gustuko izan dut. Nire abesti batzuk, adibidez, Baztanen bildutakoak dira. Pertsonaia ospetsu guztioi bezalaxe, pelikula eskaintzarik egin al dizute? Bai, uste dut Lertxundik eskatu zidala bere pelikula batean parte hartzeko. Bideo bat egin zidaten kantagintzari buruz eta baita pelikula bat ere. Azken hau oso gutxi ikusi da. "Gauzak ongi esplikatzen jakingo banu ez nuke kantatuko". Holako esaldirik esan al du Mikel Laboak noizbait? Oraintxe bertan gogoratzen ez dudan emakume dantzari famatu batek esandako esaldia da, horrelako zerbait esan baitzuen:"nik hitz egiten ondo jakingo banu, ez nuke dantzatuko..". Guretzat, abokatuek, adibidez, oso ederki hitz egiten dute. Literaturagileek, Atxaga eta kasu, badute mintzatzeko ohitura eta oso hizlari onak izaten dira. Nik badut oso lagun on bat, J. Luis Zumeta margolaria, eta berari ere ez zaio mintzatzea gehiegi gustatzen, ez baikara oso trebeak. Nik esango nuke abeslari eta margolarien mundukook ez dugula idazleek duten hitz egiteko erraztasunik. Xabier Lete behar bada trebeagoa dugu baina hura idazlea da, abeslariaz aparte. Mintzatzea, egia esateko, ez da nirea. (nolakotasuna) Orain Zumeta aipatzen duzula, zein lotura dago euskal margolari hau, Artze eta Laboaren artean? "Ez dok amairu" taldearen sorrerarekin, Artzekin harremanetan ere hasi nintzen. Zehazki Lurdesekin Sistiaga margolariaren etxera joan ginenean ezagutu nuen J.A. Artze. Era berean, Artze eta Zumeta oso lagunak izan dira betidanik eta ni Usurbilera joaten hasi eta segituan estutu ziren Zumeta eta nire arteko harremanak. Horiek orain dela 30 urtetako kontuak dira. Nik Zumeta ezagutu eta denbora gutxira, nire diskoren azalak egiten hasi zen. Eta noski, Zumetaren pintura hurbildik ezagutu dut, oso lagunak baikara. Hirurak elkarrekinIkimilikiliklik en lana gauzatu zenuten. Aldaketa izan al zen zure beste lanekin konparatuz? Bai, nik uste Ikimilikiliklik Euskal Herrian nahikoa salto kualitatiboa izan zela. Kanpoaldean, Venezia, Paris eta baita Madrilen ere ibili ginen, Artze anaiak eta Jose Mari Zabalakin ere bai. Muntaia egiteko ideia Joxean Artzerena izan zen; berak olerki batzuk egin eta Zumetaren marrazkiak sartuz, soinu eta irudi biziekin jolasten, oso momentu eder batzuk bazituen. Teknologiaren garapena, Internet... hitz hauekin, zer datorkizu burura? Euskal kulturaren hedapenerako garrantzitsutzat jo daitezke? Ni ez noa inolaz ere teknologiaren aurka, aurrerapenen aurka joatea tontakeria bat da. Aurrerapen guztiak garrantzitsuak dira eta Internetak ere bere inportantzia badu. Ni zientziaren alde nago, ekosistemari adibidez, kalte egiten ez badio. Teknologiako tresna hauek ongi erabiltzen jakin behar da, gaizki erabiltzea benetan peligrosoa baita. Medio hauek jendea artistikoki eta kulturalki formatzeko erabili behar dira, ez soilik betiko lehiaketak eta kalitate gutxiko espektakuloak emateko. Adibidez, gaur egun badago audientziaren mania hori; programa interesanteak kentzen dituzte audientzia gutxi izateagatik. Kalitateari baino, kantitateari ematen zaio garrantzia eta ni ez nago horrekin ados. "Bai Euskarari" lemapean Anoetan ezezik Iruñeako Gayarre Antzokian Korrikako ekitaldi kulturalean ere parte hartu zenuen. Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna? Iruñean euskara berreskuratu zenuen urte haiekin alderatuz, aurrerapausorik eman al da? Ni Gayarren hasi nintzen garai haiekin konparatuz, gaur egungo egoera askoz hobeagoa da. Guk ez genuke inoiz imajinatuko hemengo unibertsitateetan euskaraz ikasteko aukera egongo zenik.Literatura aldetik ere, aldaketa positiboak egon dira eta euskal idazle ugari sortu da. Atxagaren obrak, adibidez, ez dakit zenbat hizkuntzetara itzuli dituzte. Beste idazle onak badaude ere. Aurrerapen handia eman bada ere, euskararen erabilera kalean da benetako arazoa.Hor dago kakoa; jende askok euskara badaki eta ez du hitz egiten. Donostian bertan, eskerrak probintziako jendea etortzen dela eta euskara gehiago entzuterik badugula.. Nik uste lan handia egin dela, Nafarroan adibidez, ikastola ugari sortu dira eta hori lehen sinesgaitza zen. Iruñean ere euskaldun berri ugari dago. Jende gaztea koadrilan dagoenean, denek euskaraz jakinda ere, erdarara jotzen dute... Kalean gure hizkuntza mintzatu behar dugu, bestela ez dago zeregiterik. Batek euskararik ez jakitea nahikoa da denok erdaraz mintzatzen hasteko, eta hori aldatu behar dugu. Produkzio berriak ateratzen diren arren, une honetako larritasuna garbi dago; diskoetxeak larritasunean, abeslariak kexu, jaialdi falta. Euskal Kantagintzaren etorkizuna nola ikusten duzu? Ez da bereziki momentu hain txarra, garai okerragoak ere bizi izan ditugu. Distribuzioan, agian, arazo handiagoa egon daiteke; lanak kanpoaldean ezagutarazteko ematen diren pausoak mantso doaz, baina horretan ari dira lanean, ez bakarrik estatu mailan ezagutzeko, baizik eta baita estatutik kanpo ere. Orain abeslari berri ugari sortzen ari dira, eta talde berri asko dago Euskal Herrian; jende gaztea animatzea oso garrantzitsua da. Euskal kantagintzaren etorkizuna oso ederki ikusten dut, baikorra izateko arrazoirik badago. Zer eskatzen dio Mikel Laboak bizitzari? Bakoitzak zerbait egiteko gaitasun bat dugu, eta nik hori eskatzen diot bizitzari; egiten dudan hori ongi egitea, alegia. Berdin dio kalegarbitzaile edo abokatu, injeniero edo kantaria izan; kontua, egiten duzuna ongi egitea da. Ni agian medikuntzara dedikatu izan banintz, orain diru gehiago edukiko nukeen, baina kantagintzara dedikatu naiz. Gizasemeak oso problematikoak gara eta nahi duzuna modu egokian burutzea, ez da bat ere erraza izaten. MIKEL LABOA (Donostia, 1934) *Diskografia* Lau herri kanta EP, Goiztiri (Bayona), 1964 Ursuako Kantak, Goiztiri (Bayona), 1966 Bertold Brecht, Goiztiri (Bayona), 1969 Haika Mutil EP, Herri Gogoa (Donostia), 1969 EuskalKanta Berria Bilduma, Elkar Bat Hiru LP bikoitza, Herri Gogoa, 1974, Elkarrek berrargitaratua Lau Bost LP bikoitza, Xoxoa, 1980, Elkarrek berrargitaratua 6 (Sei) LP, Elkar, 1985 Lekeitioak LP bikoitza, Elkar, 1988 12 (Hamabi) LP, Elkar, 1989 14 (Hamalau) LP, Elkar, 1994 Mikel Laboa Zuzenean LP, Elkar, 1997 Argazkiak: Oskia Yaben, Auñamendi Entziklopedia, Irutxulo Aldizkaria eta Mikel Laboa
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.