Europa eta Euskal Herria: argiak eta itzalak Europa eta Euskal Herria: argiak eta itzalak * Xabier Iriondo Europar batasunaren eraikuntzak, beste ondorio onuragarri batzuen artean, estatuen deszentralizazioa eta erregionalizazioa ekarri du, ezin bestean. Estatu nazioek beraien eskuduntzen eskuordetza bideari "down up" bidean ekitearekin batera, "up down" bidean ere ekin diote. Lehen begiradan kontrajarriak bailiran agertzen diren bi mugimendu hauek, bata bestearekin batera eta elkarturik etorri zaizkigu bigarren gerrate mundialaren ondoren, Europar eraikuntza medio. Erregionalizazio deszentralizazio bidean murgildu dira Frantzia, Italia, Espainia, Belgia, Austria, Alemania eta Britania Handia ere, neuri batetan. Danimarka, Irlanda, Holanda, Finlandia, Suedia, Grezia eta Portugal, ordea, ez dira oraindik bide horretatik abiatu, nahiz deszentralizazio mugimenduak somatzen diren, Europar Batasunaren eraikuntzak lagunduta. Dudarik gabe, Europar eraikuntzak ondorio politikoak izan ditu erregioengan ekonomikoez gain hauen eskakizunei marko berri bat emanez eta hauen nahiak indarberrituz, egoera berdinean aurkitzen diren beste lurraldeetako erregioekin akordio eta lankidetzak direla medio. Erregioen eskakizunek asko irabazi dute, bakardadean aurkitzen ez direla ohartu direnetik. Europar batasunak eszenario berri bat eta baliabide berriak eskaini ditu berezko izaera aldarrikatzeko (Kultura, hizkuntza) eta betidanik estatuaren eskuduntzapean egon den "nazioarteko politika" bati ekiteko (mugaz gaindiko harremanak, erregioen komitea). Zenbait adituren arabera, Europar batasunak eta erregionalismoak Estatuaren ahultasuna ekarriko dute ezin bestean, aro berri bati hasiera emanez, politika egiteko modu berri bati (Subsidiarietate printzipioa), zeinean Estatuak ezingo duen luzaroan bere ezinbestekotasuna mantendu, eta ahultzen joango den Europaren eta Erregioen mesedetan. Michael Keating ek dioskunaren arabera, bi ikuspuntutatik begiratu daiteke ezinbestekoa den prozesu hori.Batzuk, teknokratek, eskuduntzen banaketa efektiboago bat aldarrikatuz, ez dute Erregioen eta Europaren artean erdibideko maila baten beharrik ikusten. Besteek, erromantikoek, estatu artifizial eta zanpatzailearen desagerpena aldarrikatzen dute, naturalak diren komunitateetan oinarritutako Europa demokratiko eta anitzari bide emateko. Hori hala izango den ala ez den, denborak esango du, baina momentuz, Europar Batasunak Estatu nazioa ahuldu du, eta dudarik ez dago Europar batasunak erregioekiko ekarri duena onuragarria dela, baita esperantza sortzailea ere. Euskal Herrian, Europar Batasunaren eraikuntza proiektuak lurraldeen arteko lankidetza bideak ireki ditu, Frantziar errepublikako deszentralizazioari indar emanez eta mugaz gaindiko lankidetzak eta programa amankomunak ahalbideratuz. Luzaroan pentsaezinak ziren "nazioarteko harremanak" bideratu dira, ordezkaritza propioak zabaldu ere, ezaugarri edo arazo berdineko beste erregioekin programa amankomunak garatu dira (hizkuntza, nekazaritza) eta Euskal Herriaren nortasunaren internazionalizazioa ahalbideratu da, Euskal Herriak bere mezua bere kasa zabaldu ahal izan duelarik Europan barne. Baina bidea luzea da eta arazoak ez dira makalak. Subsidiarietate printzipioak argia badirudi ere Europar Batasuna, oraindik ere, Estatuek eraturiko erakundea da, bere eraikuntza eta bere biltzarra. Estatu Espainiarrak oraindik ere, nazioarteko harremanen esparruan kokatzen du Europar eraikuntzaren gaia, eta ondorioz, bere eskuduntzapean. Honek, erregioen parte hartzea guztiz alderatu ezpadu ere, estatuaren mediatizazioa ekarri du erregioen interesen defentsan. Baieztapenak paradoxikoa badirudi ere, hala izan da eta kostata lortutako zenbait eskuduntzen europeizazioak eskuduntza horien bir estatalizazioa ekarri du, estatuak baitira erregioenak diren eskuduntza horien ordezkari Europar Batasuneko organo erabakitzaileetan. Erregioen posizio konstituzionala ahuldu egin da Espainia Europar Batasunean sartuaz geroztik eta Estatuak EuroparBatasuneko organoetara egin behar izan dituen eskuduntza eskuordetzen ondorioz. Nabarmenki finantza arloan kontzertu ekonomikoa bera ere kolokan jarriz , arrantzan, nekazaritzan, industrian, garraioetan eta ingurugiroa bezalako arlo komunitarizatuetan. Europar gaietaz Erregioekin lankidetzeko eta erregioen parte hartzea sustatzeko zenbait organo sortu badira ere (Konferentziak, Batzarrak), hauen operatibotasunak eta orain arte emaniko emaitzek dudan jartzen dute Europar eraikuntza osoa Gakoa or dago. Bereak diren eskuduntzak ezin defendatu eta ordezkatu ditzake erregioak, bere parte hartzea ez dagoelako aurrikusia europar batasuneko organo erabakitzaileetan. Eta hori subsidiarietate printzipioaren urraketa nabarmena da, erabakitzailea ez baita eskuduntzen titularra eta hiritarrekiko gertuen dagoen erakundea, estatua baizik. Erregioen komitearen sorrera Maastricht eko Ituna dela medio aurrerapauso nabarmena bada ere erregioen parte hartze instituzionala bermatzeko, komite honen izaera aholku emaileak eta beronen eraketak erregio eta toki administrazioak bateratzen dituena ahuldu egiten dute erakunde honen garrantzia. Frantziar Errepublikari so eginez ordea, abiapuntua hain zen ahula ezen iparraldeak bere egoera hobetu egin duela esan beharra dugun Europar Batasunaren eraikuntza prozesuaren ondorioz. Nazio ikuspuntu batetik beraz, botila erdi hutsa edo erdi betea egon daiteke, nondik begiratzen dugunaren arabera. Europar batasunak, amaitzeko, argiak eta itzalak agertzen dizkigu erregioen irrikan. Erregioak gero eta garrantzitsuagoak ari dira suertatzen Europar eraikuntzaren prozesuan, baina oztopoak oraindik ere handiak dira esperantzarako atea irekia badago ere. Ikusiko dugu prozesu honek zer ematen duen baina, Herri baten nortasunaren aldarrikapenarentzat ezinbestekoa den eszenarioa dela dudarik ezin da izan eta inolaz ere kontutan eduki beharreko arloa burujabetasun bidean; tamalez gure politikarien artean nahiko ahaztua eta oso gutxi erabilia salbuespenaksalbuespen hauteskunde kanpainetatik kanpo. Xabier Iriondo Arana, legelaria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.