285 Zenbakia 2005-01-21 / 2005-01-28

Artisautza

José Luis Aranburu. Erloju-Konpontzailea: Prozesua

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA IARTZA, Koro

PROZESUAK

Prozesu guztietan, ordulariak konpondu edo garbitu behar dituenean, lehen-lehenik aurrean duen pieza aztertzeari ekiten dio, arazoa zein den zehazteko.

Bezeroari aurrekontu bat prestatzen dio, eta, honek onespena emanez gero, aurrera jarraitzen du.

Konponketa lanak egiteko, beharrezko diren piezak desmuntatzen ditu, eta, bide batez, garbiketa orokor bat egiten du. Artisauaren lanabesak.

Gero, kaltetuta edo hautsita dauden piezak konpondu edo aldatzen ditu, eta berriz ere guztia muntatzeari ekiten dio. Lubrifikatzailea eman, doitu eta afinatu, eta prest egongo da erlojua.

Lanerako erabiltzen dituen tresnei dagokienez, hona hemen garrantzitsuenak: Erlojuak konpontzeko mahaia, besoak ipintzeko bi kokalekurekin eta argi ona emateko lanpara batekin. Aho eta neurri ugaritako bihurkinak. Aho eta neurri ugaritako pintzak. Bi lupa, 2 handipenetakoa bata, eta 5ekoa bestea.

Eta, horiez gain: Tornuzil bat. Hainbat otxabu. Ebakitzaile bat, funtsezkoa ordularien tapak ireki ahal izateko. Harizko tapa daukaten erlojuak irekitzeko giltza berezi unibertsala. Hainbat neurritako kurrikak. Aho ezberdinetako aliketak. Mailutxo bat. Igorkiak. Tas bat. Oliontzi bat eta makinarian olio tantak botatzeko piezatxoa. Piñoientzako gantz bereziko flasko bat. Multimetroak. Neurketa elektrikoak egiteko, amperemetroa, voltmetroa eta wattmetroa dauzkan tresna elektriko bat. Zurezko eraztunen sorta bat, lanean ari den bitartean erlojua eusteko. Ezpel eta ore biguneko txotxak. Lehenengoak harraskatzeko, eta bigarrena zikinkeria ateratzeko. Hautsik ez sartzeko kanpaia, erlojua konpontzen aritzean hauts gramo bakar bat ere ez sartzeko. Ordulariari putz egiteko gomazko kokospeko bat, zuzenean ahoarekin eginez gero listu pixka bat jaurti liteke eta. Piezak, garbitzeko, disolbatzailetan izateko bentzinontzi bat. Piezak bentzinontziak sartu behar direnerako saskitxoak. Ordulariak desmuntatzean pieza guztiak ondo sailkatuta izateko kaxatxo departamentudunak. Kristalak zizelkatzeko KRONOGLASS makina bat. José Luisen esanetan, ogibide honetan hiru koalitate nagusi behar dira: IKUSMENA, PULTSUA ETA PAZIENTZIA. Horiez gain, komenigarria da eskarmentua eta intuizioa izatea ere, diagnostikoa azkar eta zehaztasun osoz egin ahal izateko.