28 Zenbakia 1999-04-09 / 1999-04-16

Gaiak

Euroa eta euskaldunak

ARRIETA, Juan José

Euroa eta euskaldunak Euroa eta euskaldunak * Juan Jose Arrieta Europako Moneta Batasuneko Estatu gehienetan Euroa moneta bakar gisa sartzea, seguruenik XX. mendeko albisterik garrantzitsuena izango da. Izan ere, horrek arlo makroekonomikoan izango dituen eraginak apartekoak dira: Estatu Batuen atzetik eta Japoniaren aurretik, munduko bigarren ekonomia eta moneta eremu komuna sortzeko aukera ematen du. Merkataritza eta finantza trukaketak behin betiko sustatzen ditu, bai euroaren esparruan bai esparru horretatik kanpo. Euroa Estatu Batuetako dolarraren dibisa alternatiboa bihurtzen du. Gertakari horrek zera dakarkie jatorrizko monetak alde batera utziko dituzten Estatuei, Espainiari eta Frantziari kasu: Oinarrizko subiranotasun elementu bat lagatzea ("moneta jaulkipena") goragoko maila batean konpartitzeko. Zehazki, eremu mediterraniarreko herrialdeek (Espainiak, esaterako euren artean) historikoki askotan erabili dituzten debaluazio "lehiakorrak" egiteko aukerari uko egitea. Ekonomi eta moneta eremu zabalago batean parte hartzeko aukera, hau da, aurrekontu defiziten kontrola, inflazio preziorik eza eta arian ariango harmonizazio fiskala nagusi diren testuinguruan mugitzekoa. Estatu edo nazioen ekonomiaren oinarri diren produkzio sektoreei, enpresei, Euroa sartzeak funtsean honako hauek dakarzkie: Lehiakortasuna handitzea. Hori muturrera eramanda, enpresak lekuz aldatzea ere eragin dezake, horrek dakartzan ondorioekin, kasuen arabera positiboak edo negatiboak. Epe laburrera, produkzio sektore bakoitzak bere errealitateari egin beharko dio aurre. Adibidez: * Hainbat sektoreri, Euskal Herrian oso sustraiturik dauden Automobilgintzarako osagaien edo Makina erremintaren sektoreei esate baterako, aukera berriak eskaintzen dizkie. * Finantza sektorean (Banka eta Aseguruak) kontzentrazio prozesua emango da Europan jarduteko asmoa duten Entitateen artean, baina horrek ez du bezero partikularren eta Enpresa Txiki eta Ertainen "eremu" merkatuak egoten jarraitzeagalaraziko. * "Subsidiodun" sektore jakinek (meatzaritza, itsasuntzigintza, esneki produkzioa eta abar) gero eta zailtasun handiagoak izango dituzte irauteko eta garatzeko. Historikoki, euskaldunok aspaldi aspalditik produktuak ingurukoekin trukatzeko ohitura duen komunitatea osatzen dugu. Trukaketa hori egiteko hainbat arrazoi daude: errendimendu zaileko nekazaritza, Europarekiko kokapen geografiko egokia, industri kontzentrazio handia eta abar. Horrek guztiak gure ekonomia oso irekia izatea ekarri du; izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoari buruzko 1995eko datuen arabera, gure kanpo eskariaren % 30 inportatzen dugu eta produzitzen dugunaren % 31 esportatzen dugu. Inportazio esportazio horietatik % 85 Euroaren esparruan kokatzen dira. Ikuspegi horretatik, Euroaren esparruaren barruan egotea ia behar bat da, horrek dakartzan aukera eta mehatxu guztiekin. Euskal Herriko produkzioari dagokionez, esan daiteke industri sektoreari behintzat mehatxu baino aukera gehiago eskaintzen dizkiola, are gehiago enpresa kapitalizazioan, I+Gan eta abarretan azken urteetan egin den ahaleginaren ostean. Zerbitzuen sektorearen egoera, ostera, oso ezberdina da jarduera segmentuen arabera, baina seguruenik lehiakortasuna handitu egingo da eta hori positiboa da hiritarrentzat epe ertain eta luzera begira. Balorazio orokor positibo hori errealitate bihurtzeko hainbat alderdi ulertu behar ditugu: Enpresa bakoitza (eta pertsona bakoitza) lehiakorra izateko beharra; izan ere, behartuta dago bere jarduera babes "sarerik" gabe egitera, ez baitu debaluazio lehiakorrik egiteko aukerarik izango. Enpresen arteko elkarlanaren beharra, internazionalizazioari aurre egiteko (gure artean ia ez da ematen alderdi hau). "Giza kapitalean" inbertitzearen garrantzia, goi mailako prestakuntza profesionala eta etengabeko prestakuntza sustatuz. Administrazio estatalari edo autonomikoari eskatzen zaizkion dirulaguntzak gutxitzea. Interes handiko puntu gisa eleaniztasunaren beharra, bereziki ingelesean oinarritua("Eurolandia"ko benetako "lingua franca" den aldetik), baina euskararen sustapena eta nazioartean garrantzia duten beste hizkuntza batzuk (gaztelania, frantsesa) ahaztu gabe. Kontsumitzaile gisa, euskaldunok gardentasun eta askatasun handiagoa izango dugu. Langile gisa gero eta lehiakortasun handiagoaren erronkei aurre egin behar diegu (etengabeko prestakuntza, malgutasuna, helbidez aldatzeko prest egotea eta abar). Hiritar gisa, kultura, finantzaketa, ... aukera handiagoak izango ditugu; gainera ez da ahaztu behar Euroak, herrialdeak hurbilduz, mugen arteko kooperazio eta harreman aukerak sustatuko dituela. Azken finean, Euroaren ezarpenak hainbat aldaketa ekarriko ditu eta Euskaldunok Herrialdetasuna berresteko eta gure ongizate material eta kulturala handitzeko aukera izango dugu, baldin eta gai bagara: Gure sendotasunak, ahultasunak, aukerak eta mehatxuak egoki aztertu eta horren arabera jokatzeko. Lehiakortasun erronka berriei gure nortasunari uko egin gabe aurre egiteko. Pertsona, enpresa, erakunde eta herrialdeen artean kolaboratu eta kooperatzeko, partikularismo antzuak alde batera utzita. Laburbilduz, "Lehiakortasuna Ongizatea" eta "Euskal Herriaren berrespena Internazionalizazioa" ondo uztartzen baditugu. Hausnarketa hauetan zehar ez da komentariorik egin "aldaketa fisikoak" ekarri daitezken zailtasunei buruz, (hau da 2002.urtean euroak pezeta eta liberak ordeskatzen dituen unean) eta hori ez dulako zailtasun berezirik ekarriko. Enpresa handiek, eta zehazki Kreditu Entitateek, dagoeneko eginda dute aldaketa hori. Enpresa Txiki eta Ertainak, autonomoak eta abar bere garaian egokituko dira, beharrezko aholkularitza jasota eta zailtasun berezirik gabe. Hiritarrok, pertsonok, zailtasun are txikiagoak izango ditugu egokitzeko gaiari Bizkaiko Busturialdeko amama batek hartu duen lasaitasunaz heltzen badiogu, zera baitzioen: "Bardin izango da eurotan zein hogerlekotan kontatzea". Juan Jose Arrieta, Euskadiko Kutxako Zuzendari Nagusia