272 Zenbakia 2004-10-15 / 2004-10-22

Elkarrizketa

Agustín Azkarate Garai-Olaun. Arkeologian katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean: Vitoria/Gasteizko hirigune historikoaren etsairik handiena gasteiztarra bera da

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Kazetariok, elkarrizketa bat egin ostean, solasaldiaren muina eta azala bereizteari ekin behar izaten diogu. Lan zail eta astuna. Baina ez zaigu horrelakorik gertatu elkarrizketa honen kasuan, Agustín Azkarateren hitzek hasiera-hasieratik erabat harrapatzen baitute solaskidea. Zuek ere erraz murgilduko zarete elkarrizketa honetan, eta datu berri interesgarri ugari jasoko dituzue Vitoria/Gasteizen eta Euskal Herriaren jatorriaren inguruan.

Zure ibilbide profesionala ikusita, bokaziozko arkeologoa zarela esan dezakegu.

Nik ez dut uste bokazioa existitzen denik. Azken batean bizitzako inguruabarrak dira alde batera edo bestera eramaten zaituztenak. Ni, behintzat, ez naiz hiru urte neuzkanetik arkeologo izan nahi nuela esaten aritu.

Zaragozan Historia ikasketak egin nituen, eta, denboraldi bat Parisen eman nuen. Gero, etxera itzuli nintzenean, nire euskara berreskuratu eta hobetzea erabaki nuenez, ikastoletan ibili nintzen, eta Mondragon Unibertsitatean sei urtez. Oso esperientzia interesgarria izan zen, oso oroitzapen politak dauzkat. Hantxe ikasi nuen zer zen laneko diziplina.

Noiz sartu zinen Euskal Herriko Unibertsitatean?

1985ean. Unibertsitateak ikerketa lanak baliabide, denbora eta askatasun handiagoarekin egiteko aukera ematen dit. Nire ustez, Euskal Herriko Unibertsitateak inoiz egin duen gauzarik interesgarriena Arkeologia Saila sortu izana da, Vitoria/Gasteiza etorri nintzenean ez baitzegoen horrelakorik. Sail honek nazioarteko ospea du, eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiarekin batera dihardu. Denborarekin indar handia izango du Sail honek. Oraingoz, sendotasun hori lortzeko behar dituen oinarriak ezarri dizkiogu. Agustín Azkarate. Argazkia: Quintas Fotógrafos

Euskal Herriko Unibertsitateak egiten duen lanaren defendatzaile sutsua zaitugu.

Bere alde egiten dut Euskal Herriko ikerketa zentro nagusia delako, beste edozein baino garrantzitsuagoa, nahiz eta, tamalez, datu hori gehiegitan ahanzten den. Euskal Herrian egiten diren ikerketen %90 EHUk sustatzen du. Ikuspegi kritikoagoa hartuz, berriz, esan beharra dago EHUn, sarritan, oinarrizko ikerketari ematen zaiola lehentasuna, ikerketa aplikatuari beharrean; alegia, ikerketek askotan gehiago begiratzen dietela interes pertsonalei, gizartearen beharrei baino. Zentzu horretan, autismo punttu bat sumatzen diot unibertsitateari, gizartearen zerbitzura egon beharko lukeelako, eta are gehiago publikoa izanik. Ezin ditugu diru-laguntza publikoak katedradun izateagatik besterik gabe jaso; diru-laguntza horiek justifikatu egin behar ditugu, azalpenak eman behar ditugu, eta, jakina, lortutako emaitzak erakutsi. Esaterako, arkeologo bat gauza da aztarnategi bat salbatzearren kateatzeko, eta, aldiz, baliozko eraikin bat eraitsi behar dutenean hatz bat ere mugitu gabe gelditzeko. Nire ustez hortxe dago arkeologiaren akatsik handienetakoa, kontuan izanik diziplina hau aplika dakiekeela bai zorupeari, bai eraikin historikoei.

Dirudienez, une jakin batean galdera batzuk luzatu dizkiozu zure buruari. Esaterako: zertan gabiltza unibertsitatean antzinaroa ikertzen, hemendik ehun metrora dagoen elizan astakeriak egiten ari direnean?

Hain zuzen ere. Arkeologiaren autismo horrek krisi pertsonal batean murgildu ninduen 80ko hamarkadaren amaieran. Galdera asko egiten nizkion nire buruari. 90eko hasieran erabaki nuen birplanteatu egin behar nuela Arkeologia Sailak hartu beharreko norabidea. Zorupeko aztarnategiak nahiko ondo babestuta daudela iruditzen zait, errespetatu egiten dira, besteak beste arkeologo asko aritzen direlako horrelakoetan lanean. Baina eraikinak ez ditugu neurri berdinean babesten, batez ere eraikuntza enpresek eta hirigintzak sekulako presioa egiten dutelako. Horregatik, babesgabezia hori konpontzeko ahaleginak egiten ari gara, metodologia berriak sortu nahian. Gu arkeologian oinarritzen gara arkitektura ikertzeko, irizpide arkeologikoak erabiltzen ditugu. “Arkitekturaren arkeologia” deitzen diogu.

Oso ezagun bihurtu duzue Vitoria/Gasteizko Andre Mariaren katedraleko arkitekturaren arkeologia bederen. Dena den, katedralaren kasuarekin jarraitu baino lehen, esango al zeniguke zeintzuk diren Arkitekturaren arkeologia delakoaren helburuak?

Lehenengo helburua da lanean aritzeko moduari buruzko protokolo bateratuak sortzea. Milanera joan eta bihotzekoa izaten baduzu, artatuko zaituen kardiologoak Municheko, Lisboako edo Bilboko kardiologoak erabiliko lukeen protokolo berbera aplikatuko dizu.

Bigarren helburua, eraikinetan parte hartzen duten diziplina guztien arteko elkarlana sustatzea da (arkeologia, arkitektura, zaharberritzea, geologia, informatika, errealitate birtuala, etab.). Horretarako, diziplina bakoitzak albo batean utzi beharko ditu bere helburu partikularrak, eta diziplina guztientzat komunak direnak bultzatu.

Hirugarren xedea, ikerketa proiektuak unibertsitatearen bidez artikulatzea da, interes pertsonalei erantzun beharrean gizartearen beharrei erantzuteko.

Argazkia: Quintas Fotógrafos. Santa Maria Katedrala Fundazioak utzitakoa. Eta laugarren eta azken helburua, ezagutzak gizarteratzea da, oso larria iruditzen baitzait ikerketen emaitzak aldizkari zientifiko gutxi batzuetara mugatzea. Batzuetan gure lankideengan bakarrik pentsatzen argitaratzen ditugu emaitzak, ahaztu egiten dugu ikerketak diru publikoari esker egin ditugula. Emaitza horiek gizarteari ere erakutsi behar dizkiogu, modu ulergarrian, eta, ahal izanez gero, modu ludikoan. Hiritarrei gure ikerketa lanak erakutsi behar dizkiegu ez ikerketak amaitzean bakarrik, baizik eta prozesu guztian zehar: 4.000 milioi pezetak zertan gastatuko ditugun azaldu, gure xedeak zeintzuk diren adierazi, etab. Hori eginez gero, askoz ere lotura handiagoa izango genuke gizartearekin, ez baitugu ahaztu behar azken batean hiritarrak direla zergak ordaintzen dituztenak, eta diru horri esker egin ditzakegula ikerketak. Ingurukei muzin egiten zien ikertzailearen irudia zaharkitua dago dagoeneko.

Zein eraikinetan aplikatu zenuten lehen aldiz metodologia berri hau?

Gobiarango (Araba) San Román de Tobillas elizan. Eliza hau baserritar girokoa zen, erromanikoa, txikia. Sabaia erori zitzaionean hasi ginen bertan lanean, eta sekulako sorpresa hartu genuen, garai prerromanikoko (IX-X. mendeak) lekukotza garrantzitsu batzuk aurkitu genituelako. Aurkikuntza horri esker, eliza horrek oso garrantzi handia hartu zuen penintsulako arkitektura prerromanikoaren esparruan. Gure metodologian egiten duguna da, eraikinean ezer egiten hasi baino lehen, eraikinari buruzko ezagutzak sakontzea. Tobillasen lanean ari ginela, pentsatu genuen bikaina izango zela Andre Mariaren katedralean ere gure metodologia aplikatzea.

Esan eta egin. Katedralean lanean hasi zineten.

Esperientzia eredugarria da Europan. Andre Mariaren katedrala 1994an itxi zuten, zeharo narriatuta zegoelako. Gure iritzian, eraikin historikoak agiri historikoak bezalakoak dira. Beraz, agiri baten gainean idatzi, tatxatu, edo ezer jarri edo kendu ezin dezakegun bezala, eraikin batean ere ezin da hala-nola jardun, bere iragana ondo ezagutu gabe. Zergatik? Ba, eraikinaren historiaz gain, bere patologien jatorria ere ezagutu behar dugulako. Gure asmoa zen gaixo zegoen eraikin baten historial klinikoa egitea. Ordurako eginak zituzten katedrala kirofanora eraman eta bisturia sartzeko ahaleginak. Eta gure asmoa burutzeko denbora behar zenez, ia hiru urtez itxita egon zen katedrala.

Vitoria/Gasteizko katedrala bigarren mailako eliza gotikoa zela esan zuen historialari batek.

Bai. Berehala konturatu ginen katedralak, arazo fisikoak ez ezik, psikologikoak ere bazituela, bere autoestimari buruzkoak (Vitoria/Gasteizen beste katedral bat ere bazen, Katedral Berria, eta Andre Mariarena Alde Zaharrean dago kokatuta, bazterketa arazoak ematen diren inguruan...). Beraz, katedrala berreskuratzeko, ez genuen fisikoki konpondu bakarrik egin behar, autoestima ere itzuli behar genion. Eta, gainera, hirigune historikoaren berreskurapenaren ikono bihurtu behar genuen. Katedralaren ateak zabaltzea erabaki genuenean, jende asko liluratuta gelditu zen ikusi zuenarekin. Gasteiztar askok hogei urte zeramatzaten barrura sartu gabe! “Obrengatik irekita”. Katedrala itxi egin izan bagenu, jendeari sartzen ez utzi, aukera itzela galduko genukeen.

Bigarren mailako katedrala dela? Soil-soilik irizpide estetikoei jarraituz gero, Artearen Historiari begiratuta, egia da ezin dugula katedral hau Europako katedral nagusien parean kokatu. Zer du beraz katedral honek? Ba beste eraikin batzuen gainean eraikia dagoela, eta XV. mendean amaitutzat eman zutenez geroztik egonkortasun arazoak izan dituela. Katedralaren zorupean dauden elizen arteko zaharrena XI. mendekoa da. Baina ez da bakarra: bada beste eliza bat ere, XII-XIII. mendeetakoa. Kontua da eraikin horiek eraitsi egin beharrean, beste lekuetan egiten zen bezala, jendeak gorde egin nahi izan zituela, kontserbatu. Eta, horren guztiaren ondorioz, oraingo elizak oso arkitektura zail eta konplexua du; adabaki, benda, igeltsu eta makuluz betea dago. Beraz, formalki begiratuta lehen mailako eliza ez bada ere, eraikuntzaren historiaren aldetik eraikin hau oso aberatsa da, guztiz interesgarria hiriaren historia eta eraikuntza tekniken garapena ezagutzeko. Argazkia: FOAT S.L. Santa Maria Katedrala Fundazioak utzitakoa.

Zeintzuk dira ikerketa horrek hiriaren jatorriari buruz eskaini dizkizuen daturik interesgarrienak?

1181ean, Gasteiz izeneko lekua sortzeko hiri-gutuna eman zen. Ez daukagu inolako froga materialik; dakigun gauza bakarra da egon bazegoela, idatzi batzuek hala adierazten dutelako. Baina orain baiezta dezakegu muino horretan herrixka bat izan zela erromatarren garaian, nahiz eta ez dakigun nolakoa, oso aztarna gutxi dauzkagulako (zeramika erromatarra, etab.). Mende tardoantzinakoei buruz (aro erromatarretik geroztikoa) esan dezakeguna da VIII. mendeaz geroztik hemen beti egon zela nekazarien herrixka bat. Beraz, bagenekien “Nueva Victoria” izeneko Gasteiz primitibo bat egon zela, baina orain, gainera, ikusi dugu hasierako Gasteiz hura baserritarren herrixka bat zela, oso material arinez egindako arkitektura zuena (zurezko posteak, lastozko teilak, etab.). Eta beste gauza bat, oso garrantzitsua: jakin ahal izan dugu harresia XI. mendearen erdialdera egin zutela; alegia, Antso Jakitunak 1181ean hiri-gutuna eman baino mende bat lehenago, gutxienez.

Katedralaren inguruan oso ideologia ezberdineko alderdiak batzea lortu duzue.

Bai. Andre Mariaren Katedralaren konponketa lanak irizpide kontrajarririk, debaterik eta haserrerik pizten ez duten gutxietakoak dira Estatu osoan. Eta nola lortu dugu hori? Hasteko, metodologia aplikatuz, eta seriotasun zientifikoz jardunez. Bigarren, oso garbi izanez demokratikoki aukeratu diren erakunde politikoen zerbitzura dihardugula; alegia, ordezkari politikoei, diren kolorekoak direla, leialtasuna zor diegula. Eta, hirugarren, saiatu gara herritarrei egiten ari garen guztiaren berri zehatza ematen. Beraz, seriotasun zientifikoa, erakundeei leialtasuna eta hiritarrak kontuan hartzea: hiru faktore horiekin jardunez gero, edozein proiektuk ziurtatua izango du arrakasta. Sinesgarritasuna lortzen da mintzatzen dena ziur dagoenean esaten ari denaz.

Harresia aipatu duzu. Horrek izan beharko al luke Euskal Herriaren hiriburuaren Alde Zaharrean berreskuratu beharreko hurrengo elementuak?

Inolako zalantzarik gabe. Katedralaren barrualdea induskatzean sekulako sorpresa hartu genuen harresiaren neurriak ikusi genituenean, eta zein teknika erabili zuten hura eraikitzeko. Konturatu ginen oraindik ere jatorrizko harresiaren dorre bat eta ate handi bat kontserbatzen dituela. Alde Zaharrean ikus daitekeen harresi berbera da. Goialdean sekulako hormatalak dauzka. Baina, ikusgarriak izanik ere, jendeak ez zion begiratu ere egiten, ezkutatuta gelditzen zelako Correría kalearen atzealdeko baratzen, sasien, txabolen eta abarren artean. Gure helburuetako bat izango litzateke harresia herritarrentzat berreskuratu eta espazio berri bat sortzea, lorategi eta pasealekuz hornitua, batetik hirigune historikoari duintasuna emateko, eta, bestetik, bertakoentzat eta kanpokoentzat erakargarri bihurtzeko. Horrek, gainera, hobetu egingo luke Vitoria/Gasteizen bizi-maila. Esana dut, eta berriz esango, Alde Zaharraren etsairik handiena gasteiztarra bera dela. Paregabea da eta sekulako aukerak dauzka, baina Vitoria/Gasteizko jendeak ez du preziatzen. Beraz, ahalik eta gehien inplikatu beharra daukagu, eta beharrezko diren ahalegin guztiak egin. Plan estrategi bat behar da, indar politiko guztien artean adosturikoa, ezbairik sortuko ez duena. Alegia, ezin du politikarien artean borrokatzeko arma izan, ondare komuna delako. Argazkia: Quintas Fotógrafos. Santa Maria Katedrala Fundazioak utzitakoa.

Inguruko biztanleek auzo garbi, ziur eta erakargarria aldarrikatzen dute.

Berreskurapenaz mintzo naizenean, ez naiz arkitektura berreskuratzeaz bakarrik ari. Lehenik eta behin, hiritarrak bizitzeko modukoa bihurtu beharra dago. Europako hiri askotan akats larriak egin dituzte, esaterako alde zaharrak postal bihurtuz. Ez dut inor mindu nahi eta, beraz, ez dut adibiderik emango. Baina hiri horietan egunez turistak ibiltzen dira, artisautza eta oroigarriak erosiz, eta gauez, berriz, mamuen karrika bihurtzen dira, ez baita inortxo ere bizi. Bizitasuna eman behar zaie: merkataritza bultzatu, gazteentzako etxebizitzak sustatu, unibertsitateko ikasleentzako egoitzak sortu, etab. Orain bertan, Katedralari buruzko ikerketa zentro bat sortu nahian gabiltza. Beste gauza bat, garrantzitsua hau ere: alde zahar batean, ezin dira kale berean hiru meskita jarri, ehun metrotan. Badakit hau esatea ez dela politikoki egokia, baina benetan onartezina iruditzen zait kale batean hiru meskita egotea. Ez nago meskiten aurka, baina bai ghettoen aurka. Behar adina meskita eraiki daitezela musulmanentzat, baina ez elkarren ondoan.

Katedrala, harresia... Armentiako Basilika ere hankaz gora dago.

Arabako zaindariaren egoitza denez, lekua eta eraikina ez dira ahaztuta gelditu, baina bai bere historia eta garrantzia, eta hain zuzen ere horietxek berreskuratu nahian gabiltza. Armentiako Basilika gotzainaren egoitza izan zen garai batean, eta Euskal Herriko lehen katedrala. Gipuzkoako mendebaldea eta Bizkaia eta Araba biltzen zituen, Enkarterria eta Gobiaran izan ezik, hauek Valpuestaren menpe zeuden-eta. Eraikina erromanikoa da, baina aldaketa asko izan ditu denboran zehar. Hemen ere Katedraleko eskema berbera aplikatu dugu: zer eta nola egin erabaki baino lehen, eraikina ondo ezagutuko dugu, eta ezagutza horiek hiritarrekin elkarbanatuko ditugu. Lan horretan oso garrantzi handia daukate gidek, eurak direlako gure lanaren eta hiritarren arteko lotura. Katedraleko gidek zazpi hizkuntzetan ematen dituzte azalpenak, eta eguneratuta gainera, ez baitute beti gauza berbera errepikatzen. Kontua da ondareak ematen dituen aukerak galtzen ez uztea. Jende askok begi txarrez ikusten du ondarea, modu ezkorrean, zama bat edo arazoen iturri bailitzan: “ezin dugu nahi duguna egin”, “dirua xahutu behar dugu”, etab. Baina ondarea aktibo ekonomiko bat da, eta potentzial ekonomiko handiko enpresa bihurtzera ere iris daiteke.

Zure azken lanak oso ezagunak diren arren, Aldaietako nekropoliaren aurkikuntza, garrantzitsua denik ezin uka daitekeen arren, ez da hain entzutetsua.

Aldaietako nekropolia 1987an aurkitu nuen, eta 1988 eta 1993 artean egin genituen indusketak. Nekropoliaren zati bat besterik ez da kontserbatzen; pentsatzen dut bere bi herenak urtegiko urek eraitsi zituztela. Langara Ganboatik hurbil zegoen, baina gaur egun hor ez da ezer gelditzen, goitik behera induskatu genuelako. Aldaieta herrialde egonkor baten hilerria da. Indigenak zirela esango nuke. Adin guztietako jendea hilobiratu zuten: helduak, zaharrak, haurrak, jaioberriak, gazteak, emakumeak... denetarik. Indarkeriaren inolako arrastorik gabe zeuden. 130 bat gorpu aurkitu genituen, hornidura eta biltegi ikusgarriz inguratuta. Aldaietak eta aurkitu ditugun antzeko beste nekropoliek Katedralean, Armentian eta kontatu dizkizudan gainerako lekuetan egiten ari garen lanek baino askoz ere garrantzi historiko handiagoa daukate.

Zer demostratu zuen Aldaietak?

Historian inoiz ez da ezer demostratzen. Demostratu nahian dabilena oker dabil oso. Aldaietako aurkikuntzak ikuspegi berria eman zigun tardoantzinako mendeei buruz ikerturikoari buruz (Erromatar Inperioa desagertu zenetik VIII. mendera arte, gutxi gorabehera).

Argazkia: Navia. Santa Maria Katedrala Fundazioak utzitakoa. Asko idatzi da Euskal Herriaren historiako garai honi buruz, baina erroen ikuspegitik beti. Eta zertarako? Batzuek, baskoiak bisigodoen erreinuen menpe zeudela frogatzeko -lehendabizi Toledokoaren menpe, eta gero Oviedokoaren menpe-; beste batzuek, orduko agintari politikoengandik independiente zirela frogatzeko. Kontua da azkenean, batzuek zein besteek, baskoiaren mito berbera sortu dutela, gizaki basatiaren mitoa. Batzuek, baskoien ustezko independentzia justifikatzearren, esaten zuten gizaki hauek mendietan bizi zirela, lasai, harik eta inbaditzailea agertzen zen arte. Orduan, irrintzia entzun orduko, mendietatik jaitsi eta sekulakoak ematen zizkieten frankoei zein bisigodoei. Ikuspegi hau beti gustatu izan zaio historiografia sabiniarrari, nahastu egiten dituelako kondaira eta errealitatea. Beste alde batetik, lurralde baskoiak Toledoren eta, ondoren, Oviedoren menpe zeudela frogatzen saiatu direnak ditugu. Erresistentzia hori azaltzeko, baskoiak basatiak zirela esaten zuten, erromanizatu gabeak, Asterix eta Obelixen komikietan bezala bizi zirela, eremu txiki batean, eta, horregatik, jende hau ez zitzaiela franko eta bisigodoei gehiegi interesatzen. Baina harrigarria da baskoiek, ehorzketak egiteko unean, Hispania bisigotikoarekin zerikusirik ez zeukaten erritu eta materialak erabiltzen zituela. Lotura handiagoa zeukaten Pirinioen iparraldeko frankoek zerabiltzatenekin. Horra hor lehen sorpresa.

Beraz, orain arte esan zaigun guztia berridatzi beharko litzateke. Hasteko, mugak duela oso gutxiko fenomenoa dira, eta, bestetik, hemengo biztanleak ez ziren artzaintzatik bizi, ez zeukaten ekonomia kuasiprotohistorikorik, ez ziren jentilak, ez ziren mendietatik jaitsi eta beren lurretatik igarotzen zen orori jipoiak ematen bakarrik aritzen. Ez. Herrialde egonkor bat zen, gaitasun eta ezagutza teknologiko aurreratuak zituena, merkataritza ere ezagutzen zuena. Pirinioen iparraldeko eragina jaso zuten, eta beren kultura akitaniarrenaren antzekoa zen. Baina kontua da Aldaieta ez dela inguruotako nekropoli bakarra, gerora antzeko beste batzuk ere aurkitu baikenituen Buzagan (Nafarroa), Basaurin, Alegria-Dulantzin eta Iruñean. Azken hau bisigodoa zela pentsatu izan zen luzaroan, beraz beste interpretazio bat eman beharko zaio. Arkeologo eta historialariek sumatu ere egin ez zutena bat-batean aurre-aurrean agertu zitzaigun Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean, eta, ondorioz, birplanteatu egin behar dugu ordura arte pentsatzen zen guztia.

Zergatik ez zaizkio ikerketa hauek gizarteari ezagutzera eman?

Aldaieta (1987-93) induskatu genuenean, ni oraindik ez nintzen behar bezala konturatzen ezagutzak gizarteratzeak daukan garrantziaz. Aldaietak oihartzun handia du maila biografiko eta zientifikoan, baina askoz ere txikiagoa gizarte mailan; oso jende gutxik ezagutzen du. Bertan egiten den ikerketa oinarrizkoa da, garbia, ez hain aplikatua, baina, hala ere, nire ustez Aldaietako fenomenoa XX. mendeko ekarpen arkeologikorik garrantzitsuenetarikoa da, euskal lurraldeen historia ezagutzeko. Iruditzen zait Aldaietak lotura handia duela Euskal Herriaren jatorriarekin.

Erronka pertsonalik gelditzen al zaio Agustín Azkarateri?

Nola ez ba! Vitoria/Gasteizekin daukadan konpromisoa bete eta bere hirigune historikoa berreskuratzeaz gain, zorupearen eta eraikinen ikerketa arkeologikoen protokoloak bateratzea gustatuko litzaidake, ezin baita edozer gauza ontzat eman. Protokolo bateratu horien arabera aritu beharko genuke lanean, sinesgarritasun handiagoa lortzeko.

Maila pertsonalagoan, berriz, Euskal Herriko Unibertsitatearen ospea handitzea eta gizartearekin duen lotura estutzea nahiko nuke. Oso unibertsitarioa naizela uste dut, EHUzalea, unibertsitate publikoen zalea. Ez dakit ezkutuko interesik dagoen edo ez, baina azkenaldian lan akademiko eta zientifikoarekin zerikusirik ez duten gaiekin lotuta agertzen da EHU egunkarietan. Gainera, ikerketa zentro handi bat sortu nahiko nuke, eraikinen ondarearekin lotuta dauden gaietan nazioarteko erreferente bat izango dena. Eta azken erronka pertsonala izango litzateke niretzat denbora gehiago izatea, nire jendearekin eta nire bonsaiekin egoteko. Iazko udan Nafarroako herrixka batean izan nintzen, ezertxo ere egin gabe, eta esperientzia erabat berria izan zen niretzat. Agustín Azkarate “Ezertxo ere egin gabe izan nintzen, eta esperientzia erabat berria izan zen niretzat”. Horrela eman diogu bukaera Agustín Azkarateri Euskonews aldizkarirako egin diogun ordubetetik gorako elkarrizketari. Eta hitz horiek ondo baino hobeto islatzen dute duela 51 urte Elorrion jaiotako ikertzaile eta irakaslearen bizitza. Zaletasunak? Gutxi batzuk. Bere obra ikusi orduko jakingo duzue nolakoa den.