271 Zenbakia 2004-10-08 / 2004-10-15
Frankismoaren azkeneko urteak Erregimenarekin bat egiten ez zuten pertsonentzat ez ziren errazak izan. Egoera hartan ideiak azaltzeko bideak mugatuta zeuden, bereziki Euskal Herrian, eta idazle aurkariek barru-barruko pentsaerak beste modutan azaldu behar zituzten. Eta arazoa, orokorrean, larria bazen, Martin Ugalde bezalako idazleen kasuan, hau da, jomuga politikoekin lan egiten zuten disidenteenean kezkagarriago bihurtzen zen.
Martin Ugalde Hegoaldera 1969 urtean itzuli zen, politikan ez aritzeko baldintzarekin. Hemen euskal kultura eta hizkuntzaren egoera larriaz berehala jabetu zen, “Euskal Herria nola zegoen!1” idazlearen hitzetan. Horren aurrean Ugaldek bere herrikideei balio horien garrantzia erakusteko lan pedagogiko baten beharra ikusiko du. Baina, jakina, asmo horrek nahita nahiez zentsuraren ormarekin egin behar zuen topo. Halaber, andoaindarrak egunkarietan ezin zuen idatzi eta, bestetik, gai asko tratatzeko debekua zegoen, ideologia batzuk erabat kriminalizatuta zeuden... Aldi berean, klandestinitatean egiten zen lana ez zen nahikoa, publikazio haien bidez jende gutxiarengana ailegatzen baitzen. Beraz, ekimena ez zen erraza baina hala ere Martinek bere ideiak aurrera ateratzeko bide bat aurkitu zuen: prestigio handiko pertsonei egindako elkarrizketen bidez ideiak azaltzea. Argitalpen lana errazteko, gainera, hauek Euskal Herritik at ateratzea erabaki zuen. 1979. Arzalluz, Zabala eta Chillidarekin Bilbon. Argazkia: "Martin Ugalde, kazetariz idazle" Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako CDtik.
Planteamendu hauekin hiru liburu argitaratu zituen Ugaldek: Hablando con los vascos (1974), Síntesis de la Historia del País Vasco (1974) eta Hablando con Chillida, escultor vasco (1975). Liburu hauen sormenarekin batera denboraldi hartan Zeruko Argian argitaratutako elkarrizketak eta artikuluak ditugu. Liburu bat, ideia nagusi bat
Hasiera hasieratik Martin Ugaldek oso garbi utzi zuen liburu horietan bildutako lanak ez zirela lan sakabanatu baten ondorioa, proiektu batean kokatzen zirela baizik. Horrela, Hablando con Chillida liburuan onartuko du zein zen bere asmoa: “eludir el peligro de caer en la debilidad de la reiteración cómoda de una fórmula tan reciente con la que creía haber contestado a una pregunta esencial2”. Beraz, liburu horietan badaude oinarrizko galdera nagusi batzuen erantzunak. Hablando con los Vascos-en kasuan behintzat, oso garbi azaldu zuen asmo nagusia: “para presentar lo vasco en un ámbito de credibilidad capaz de sortear las inhabilidades propias de estos días”, “mirando hacia el futuro que llevan en germen los días de nuestro presente3”. Planteamendu hauek garatzerako, beti oso ondo aukeratutako adituen bitartez, arlo desberdinak aztertu zituen: antropologia, linguistika, artea... Azkenik, Ugalderen asmoa Euskal Herria errealitate propio bezala aldarrikatzea izan zen, galtzeko arriskuan zegoen errealitatea baina, hala ere, oraindik bizirik.
Chillidaren liburuan ere antzeko asmo bat aurkituko dugu baina, ikusi dugunez, beste ideia azaltzeko. Horrela, eskultorearekin izandako hitz aspertuan Euskal Herriko errealitatea aztertu bazuen ere, ordea, herria, hizkuntza eta artistaren elkarren arteko harremana eta eragina azaldu nahi izan zuen batez ere, finean Chillidaren barne mundua eta filosofiari garrantzi berezia emanez.
Azkenik, Síntesis liburuaren kasuan ideia nagusiaren mamia izenburutik beratik agertu zen garbi. Gure historiaren irakurketa periodistiko horretan Ugaldek Euskal Herrikoa Frantziako eta Espainiako historietatik bereiztuta bezala erakutsi nahi izan zuen. Zentzu askotan lan honek Hablando con los vascos liburuarekin lotura estua zuen, besteak beste, aurrekoan azaldutako zenbait elkarrizketa bigarrenean agertu ziren ere bai. Zirrikituen bila
Asmo hauekin Ugaldek trikimailu asko erabili zituen debekatuta zeuden ideiak azaltzeko. Adibidez, zenbait elkarrizketetan benetako malabarismoak egin zituen hizketaldia bere nahiaren arlora eramateko. Hau Aita Arruperekin, Jesusen Lagundiaren Preposito Orokorra, izan zuen elkarrizketan oso garbi ikusten da. Ikus dezagun adibide bat lurralde erlijiosoaz hitz egiterakoan:
MU: La provincia de Loyola, ¿es la que corresponde al País Vasco?
PA: Sí, incluye Álava, Guipúzcoa, Navarra y Vizcaya.
Eta hurrengoan Ugaldek gaia arlo politikora eraman zuen:
MU: ¿Nunca se decidieron a bautizarla: “de Vasconia”, por ejemplo, como las de Cataluña y otras, todas las demás?
Erantzunak ez du hainbeste garrantzirik, mezu nagusia galderan bertan baitago. Aita Arruperen kasu honetan Ugaldek bere asmoak aurrera eramateko aukera polita izan zuen, frankistek ezin baitzuten Elizaren goi kargu baten iritziak hain modu zorrotzez epaitu eta idazleak, benetan, ez zuen posibilitatea galdu. Gero ere kazetaria oso presente dagoela lan hauetan, ez dela ezkutatzen, esan behar dugu, eta, batzutan bere galderak erantzunak baino luzeagoak eta landuagoak izatea gertatzen zen ere bai. 1997. Andoaingo seme kutun. Argazkia: "Martin Ugalde, kazetariz idazle" Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako CDtik.
Lan multzo hauetan Ugaldek beste amarru asko erabili zituen. Adibidez, Síntesis liburuan bibliografiak balio berezia izan zuen, zeren eta bertan erbestean edo zentsuratik pasatu gabeko liburuak eta lanak aipatu zituen-eta: Agirre lehendakaria, Ekin argitaletxea, Ildefonso Gurrutxaga historiagilea, Isaac Lopez Mendizabal..., hau da, Erregimenak etsaitzat zituen izenak eta elkarteak. Bitxia da bereiziki behin baino gehiagotan aipatzen den izenburu bat: “El nombre Laurak-Bat y la unidad nacional vasca” artikulua; besterik ez bazen izenburuak berak Ugalderen mezua zabaldu zuen. Zentsoreek asmo horretaz berehala ohartu ziren eta Joan Mari Torrealdaik bildutako dokumentazioan behin eta berriro horrela agertzen da. Adibidez, hauxe zion A. Albisu zentsoreak Hablando con los vascos liburuari buruz: “Este libro está escrito con verdadera mala intención (...) las preguntas, mezcladas habilmente con otras anodinas, van llevando a los interviuvados a donde quiere el autor. A hablar del hecho diferencial vasco. El resultado es un libro tendencioso4”. Hala ere, zentsurak ezin izan zuen benetako best-sellers izango ziren liburu hauek geldiarazi eta horretan datza Ugalderen arrakasta eta garaipena, zeren eta, adierazpen askatasunarentzat zirrikituak bilatuz eta lan hauen bidez, euskal kulturaren berreskuratzeari bultzada handi bat eman baitzion. 1UGALDE, Martin eta TORREALDAI, Joan Mari: Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena, Jakin eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa, Donostia, 1998, 139.or. 2Hablando con Chillida, escultor vasco, Txertoa, Donostia, 1975, 11.or. 3Hablando con los vascos, Ariel, Bartzelona, 1974, 11. eta 13. or. hurrenez hurren. 4TORREALDAI, Joan Mari: La censura de Franco y el tema vasco, Kutxa Fundazioa, Donostia, 1999, 101.or.